Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Inadminisión de los alumnos de la Ikastola de Tafalla al centro Iturrama para cursar bachillerato
Exp: 09/244/E
Nº: 84
Hezkuntza
2009ko otsailaren 13an, [?] andreak eta [?] andreak Garces de los Fayos ikastolako [?] eta [?] gisa izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurka, Tafallako Garces de Fayos ikastolako DBHko 4. mailako ikasleei batxilergoko 1. maila D ereduan ikasteko izendatu zien institutua zela eta.
Zehazki, adierazi zuten gaur arte ikastola horretako ikasleak beti onartu izan dituztela Iturrama institutuan, baina orain, baremazioari buruzko arau berriaren ondorioz, ikasleek 0 puntu dituztela eremu horretan, Tafallan bizi direlako. Hala, adierazi zuten aldaketa horrek nabarmen egiten diela kalte ikasleei; izan ere, nahiz eta esleitutako institutuan euskaraz ikasten jarraitzeko aukera izan, aukera hori ez da benetakoa, denbora asko behar baitute hara joateko.
Adierazi zuten euskaraz ikasteagatik eskola ordu gehiago dituztela ikasleek; izan ere, Iruñera joan behar dute, Tafallan ez baitago euskaraz ikasten jarraitzeko ikastetxerik; gainera, orain, Tafallatik Iruñeko autobus geltokira iristean, Sarasate pasealekuraino joan behar dute, esleitutako institutura eramanen dituen hiriko autobusa hartzera. Hori horrela, arau berri horrek ikasleentzat dakarren ahalegin gehigarri hori kontuan hartuta, ezin gaindituzko traba da, de facto, euskaraz ikasten jarraitzeko. Funtsean, Iturrama ez beste institutu bat izendatzen bazaie, ikastetxean egiten duten lanarekin jarraitzeko aukera kentzen zaie, eta, hala, ikasleen eta haien familien oinarrizko eskubideak urratzen dira.
Kexa aztertuta, txosten bat eskatu genion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, hartan planteaturiko bi gaiei buruz. Txosten hori jaso genuen, eta, bertan, honako hau adierazten zen:
Garces de los Fayos, Tafallako ikastola, ikastetxe pribatu itundu bat da, eta, bere izaeragatik, ez dago ezein ikastetxe publikori atxikia; beraz, ezin aplika daiteke unibertsitatez besteko irakaskuntza ematen duten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko 8. artikulua, ikastetxe publikoetako atxikipen baldintzei eta onarpen prozesuko baldintza espezifikoei buruzkoa.
Beraz, ezinezkoa da Garces de los Fayos ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleak modu automatikoan Iturramako BHIko batxilergoko 1. mailara bidaltzea; izan ere, modu horretan urratu eginen litzateke 31/2007 Foru Dekretua, bai eta beste ikasle eskatzaile batzuen eskubideak ere. Aurreko urteetan Iturrama BHIn ikasle horiek onartu badira, soil-soilik nahiko leku bazegoelako onartu dira; beraz, onarpen prozesuaren barruan ez zen izan baremazioa egiteko beharrik.
Gurasoak edo tutoreak bizilekua edo lantokia hurbil izatearen ondoriozko lehentasun irizpidearen baremazioari dagokionez, adierazi behar da, ikastetxe publikoen eta pribatu itunduen eragin esparruak ezartzen dituen Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 11ko 12/2009 Foru Aginduaren arabera, Garces de los Fayos ikastola ez dagokiola ez lehenengo eremuaren barruan eta ez Iruñeko eta Iruñerriko eremuaren eragin esparruaren mugan dagoen udalerri bati (Tafalla). Beraz, 31/2007 Foru Dekretuko 11. artikuluan xedatutakoarekin bat, 0 puntu dagozkio bizilekuaren hurbiltasun irizpideari dagokionez.
Hau da, emandako puntuazioa legezkoa eta zuzena da, eta horixe dagokio ikastetxea dagoen udalerriaren kokapenagatik. Eta puntuazio hori ez dagokio eremu ez-euskalduna izateagatik; izan ere, eremu ez-euskalduneko udalerri asko daude lehenengo eragin esparruaren barruan (Aranguren, Beriain, Noain-Elortzibar) eta 4 puntu dauzkate; aldiz, eremu euskalduneko beste zenbait udalerrik (Baztan, Altsasu, Garralda), beren kokapenagatik, 0 puntu dituzte. Gainera, adierazi behar da puntuazio hori (0 puntu eremuari dagokionez) hala izan dela eskolatze prozesua hasi zenetik. Adibide gisa, azken hiru ikasturteetan eragin esparruen gainean izandako erregulazioak azter daitezke (otsailaren 11ko 12/2009 Foru Agindua, otsailaren 19ko 17/2008 Foru Agindua eta apirilaren 16ko 31/2007 Foru Agindua), horietan guztietan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako irizpidea aplikatu baita; eta, hain zuzen ere, lege horrek 86. artikuluan ezartzen du udalerri edo lurralde esparru bateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduek eragin esparru berberak izanen dituztela. Garces de los Fayos ikastolako ikasleen eskolatze praktikoari dagokionez, alde batera utzita nahitaezkoa ez den irakaskuntza bat eskatzen duten eremu ez-euskalduneko ikasleak direla, Hezkuntza Departamentuak eskola plaza bat bermatzen die Iruñeko eta Iruñerriko institutu batean, Batxilergoko 1. maila D ereduan ikasteko.
Azkenik, onarpen prozesu horren emaitza gisa, adierazi behar da ikasleren bat onartu dela Iturrama BHIn, gurasoen lantokiaren irizpidea aplikatuta, eta gainerako kasuetan adierazitako bigarren aukera onartu dela.
Auziari erdiz erdi heltzeko, komeni da ohartaraztea planteatutako kexak hezkuntza plagintzaren eskumena baliatzeari egiten diola erreferentzia, eta kexaren sustatzaileak ez datozela bat ikastetxe publiko eta pribatu itunduen eragin esparruak ezartzen dituen otsailaren 11ko 12/2009 Foru Aginduak, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko 7. artikulua aplikatu eta garatzeko emandakoak, ezarritako antolaketa berriarekin.
Hemen planteatutako kasuan, Hezkuntza Departamentuak justifikatu egiten du beste institutu batzuk esleitzeko beharra, uste baitu apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko 8. artikuluaren arabera legez bidegabea eta irregularra litzatekeela ikastolako DBHko 4. mailako ikasleak modu automatikoan Iturrama BHIko Batxilergoko 1. mailara bidaltzea; izan ere, behar beste leku ez bada, beste ikasle batzuen lehentasunezko eskubideak urratzen dira. Hori esanik, aurten, behar beste leku izan ez denez, beharrezkoa izan da ikasle eskatzaileei baremoa ezartzea. Hala, ikastola Tafallan dagoenez eta ez dagoenez Iruñeko eta Iruñerriko eragin esparruaren mugan, 31/2007 Foru Dekretuko 11. artikuluan xedatutakoarekin bat, ikastolako ikasleei 0 puntu dagozkie bizilekuaren hurbiltasun irizpideari dagokionez. Departamentuak ohartarazi du, gainera, baremazio horixe egin dela aurreko urteetan ere. Horren ondorioz, azkenean, alde batera utzita nahitaezkoa ez den irakaskuntza bat eskatu duten eremu ez-euskalduneko ikasleak direla, Hezkuntza Departamentuak soil-soilik eskola plaza bat berma diezaieke Iruñeko eta Iruñerriko institutu publikoren batean Batxilergoko 1. maila D ereduan ikasteko, ikasleak egindako aukera eta aplikatzekoa den baremazioa kontuan hartuta.
Erakunde honen iritziz, Hezkuntza Departamentuak ikastolako ikasleei beste institutu batzuk esleitzeko eman duen justifikazioa guztiz bat dator aplikatzekoa den legeriarekin, ondoren emanen ditugun arrazoiengatik.
Ikastetxea hautatzeko eskubidea ezin jo daiteke mugarik gabekotzat. Konstituzio Auzitegiak uste du “onarpen” irizpideak izateak ez duela urratzen hautatzeko askatasunerako eskubidea: “Izan ere, aurreikusitako irizpideak ez dira ikasleak ikastetxe jakin batzuetara nahitaez atxikitzeko edo bidaltzeko, baizik eta lekurik ez dagoenean eta, beraz, ezin saihestuzkoa denean hautatzeko” (Konstituzio Auzitegiaren 77/1985 Epaia, ekainaren 27koa).
Muga horren jakitun, legegileak ikastetxe publikoetan eta itunduetan ikasleak onartzeko modua arautu du, horrekin batera sarbidean berdintasunerako eskubidea bermatzeko asmoz. Hala, berdintasuna bermatzen da onartzeko modua zehaztuko duen eta, logikoki, ikastetxe bakoitzean eskainitako leku baino eskabide gehiago dagoenean erabiliko den irizpide multzo bat ezarrita. Alde horretatik, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko 84.2 artikuluak xedatzen du behar beste leku ez dagoenean onarpen prozesua lehentasunezko irizpide hauek arautuko dutela: ikastetxean anai-arrebaren bat matrikulatuta edukitzea edo gurasoek edo legezko tutoreek bertan lan egitea; guraso edo legezko tutoreetako baten bizilekua edo lantokia ikastetxetik hurbil egotea; familia unitateak dituen urteko errentak, hori kalkulatzeko familia ugariei aplikatzen zaizkien berezitasunak kontuan hartuta; eta ikasleak edo guraso edo anai-arrebetako batek ezintasunen bat izatea. Irizpide horiek ez dira baztertzaileak. Beraz, lehentasunezko irizpide horiek, legeak xedatutakoari jarraiki, batera hartu behar dira kontuan, eta ez modu baztertzailean. Bestela ezin baitzitekeen izan, irizpide horiek agertzen dira unibertsitatez besteko irakaskuntza ematen duten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan ere (9. eta 11. artikuluak). Irizpide horiek ikastolako ikasleei aplikatuta, horietakoren bat onartu dute Iturrama BHIn, gurasoen lantokiari dagokion puntuazioa emanda. Baina, hurbiltasun irizpideari dagokionez, ikasleak Tafallan bizi direnean, 31/2007 Foru Dekretuko 11. artikuluarekin bat, ezinbestean 0 puntu eman behar zaizkie. Iruñeko institutu bat aukeratu duten Tafallako ikastolako ikasleei hurbiltasun irizpideagatik 4 puntu eman nahi izateak indarrean dagoen araudia modu irregularrean eta arbitrarioan aplikatzea ekarriko luke. Bestalde, komeni da gogoratzea ikasle horiek jadanik ez direla eskolako garraio zerbitzuaren onuradunak (190/2008 Ebazpena, ekainaren 11koa, 2008ko uztailaren 25eko NAOn argitaratua).
Espediente honetan planteatutako arazoa Iruñea eta Iruñerria eremu bakar gisa hartzearen ondorio da. Alabaina, Administrazioak zonifikazioaren inguruan hartutako erabakia, otsailaren 11ko 12/2009 Foru Aginduan jasotakoa, aukerako eskumena baliatzearen ondorio da, hala baitagokio harik eta legegileak zehazten ez duen arte zenbat eremu behar diren eta zein izanen den ikastetxeen eragin esparrua. Gisa honetako eskumen gehienekin gertatzen den bezala, a priori hainbat konponbide baliozko daude ikuspegi juridikotik. Nolanahi ere, Administrazioaren plangintza irizpideekin ados ez egoteak —desadostasun legitimoa— ez dakar berez Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak esku hartu beharra, ez baita ezinbestean Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak babestutako eskubiderik urratu.
Horiek hala, erakunde honek ezin gomenda dezake indarreko araudia ez aplikatzeko ikasle jakin batzuei, baldin eta horrek kalte eginen badie ikastetxea hautatzeko antzeko eskubideak edo hobeak dituzten beste ikasle batzuei.
Nolanahi ere, guztiz da ulergarria ikastolako ikasle gehienei esleitutako institutura joateko beste garraiobide bat erabili beharra benetako eragozpena dela, otsailaren 11ko 12/2009 Foru Aginduak ekarritako antolaketa berriak eragin duen eragozpena; izan ere, Iruñea eta Iruñerria eremu bakartzat jo du, eta, horren ondorioz, ez dago behar beste leku Iturrama BHIn.
Ikasleei D ereduan ikasten jarraitzea benetan zailtzen dien traba hori kentzeko edo, bestela, albait gehiena arintzeko, ondo legoke Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publiko eta pribatu itunduen eragin esparruari buruzko araua aldatzeko aukera aztertzea, edo, halakorik egiten ez badu, aintzat hartzea Iturrama BHIko batxilegoan beharrezko plazak jartzea, ikastolako ikasleak institutu horretan onar daitezen, edo, konponbide hori posible ez bada, ikasle horien gurasoekin ikastetxea eta hara joateko garraio sistema negoziatzea eta adostea, ikasleak denbora gehiago galdu beharrik izan ez dezan.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari iradokitzea azter dezala ikastetxe publiko eta pribatu itunduen eragin esparruari buruzko araua aldatzeko aukera edo, halakorik egiten ez badu, aintzat har dezala Iturrama BHIko batxilegoan beharrezko plazak jartzea, ikastolako ikasleak institutu horretan onar daitezen, edo, konponbide hori posible ez bada, negoziatu eta adostu dezala ikasle horien gurasoekin ikastetxe bat eta hara joateko garraio sistema bat, ikasleek denbora gehiago galdu beharrik izan ez dezaten. Beste irtenbide bat izan liteke Hezkuntza Departamentuak garraioa partzialki edo guztiz diruz laguntzea ikasle horiek beren herritik esleitu zaien ikastetxera zuzenean eramanen dituen garraiobidea.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia