Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: No contestan a instancia presentada hace más de cuatro meses
Exp: 10/476/D
Nº: 107
Eskubideen Sustapena
Aurtengo ekainaren 9an, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Uxueko Udalean aurkeztutako eskabide bati ez erantzuteagatik.
Azaltzen zuenez, 2010eko urtarrilaren 28an eskabide bat aurkeztu zuen, bere emazte [?] andrearen izenean. Sarrera-erregistroan seigarren zenbakia jarri zioten idazkiaren bidez, herriko Carlos II.a kaleko gabeziak konpon zitezela eskatu zuen.
Zioenez, lau hilabete baino gehiago iraganda, ez diote eskabideari erantzun.
Bukatzeko eskatzen zuen egin beharreko obrak egin zitezela, Carlos II.a kaletik normal ibili ahal izateko.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Uxueko Udaleko alkateari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
Alkateak, joan den ekainaren 18an, txostena igorri zuen. Hartan, ondokoa dio hitzez hitz:
“Uxueko Udalak, 2010eko martxoaren 4an egindako Osoko Bilkura arruntean, ondotik hitzez hitz ageri den erabakia hartu zuen besteak beste:
"6.4. [?] andreak aurkeztutako eskabidea.
[?] andreak aurkeztutako eskabidearen berri eman da; eskabide horretan adierazten du Carlos II.a kaleko asfaltoa gaizki dagoela; izan ere, altxatuta dago, eta horri gehituz gero kale horretako argiztapena eskasa dela, oinezkoak arriskuan daude inondik ere. Eskabidearekin batera zoladuraren egoera frogatzeko argazkiak aurkeztu ditu. Eta eskatzen du eman beharreko aginduak eman daitezela, ahalik eta azkarren konpon daitezen anomalia horiek.
Zinegotziek auzia azkar aztertu eta eztabaidatu ondotik aho batez erabaki dute interesdunari jakinaraztea obra horiek ez daudela jasota udal aurrekontuan, eta hortaz, une honetan ezin direla ez egin ez lizitatu ere, eta haren eskabidea aintzat hartuko dela obra horiei buruzko balorazio bat egin eta hurrengo aurrekontuetan jasotze aldera”.
Interesdunak azaldutako gaia da Uxueko Udalak ez diola erantzun 2010eko urtarrilaren 28an aurkeztutako eskabideari.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, Administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio Administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat.
Kexaren xede den kasuan, Uxueko Udalak ez dio bere erabakia jakinarazi, nahiz eta espresuki erabaki duen eskabidea ezestea, auziaren muinari buruzko zioak behar bezala aztertuta.
Azken batean, Uxueko Udalak ez du aintzat hartu interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.
Udalaren txostenak erantzun antolatu, zehatz eta laburra ematen dio erakunde honek igorritako idazkiari, bai eta interesdunaren emazteak 2010eko urtarrilaren 28an aurkeztutako eskabideari ere.
Erakundeak, aurreko puntuan adierazitako ildoari jarraituz, uste du txostena ebazpen honetan hitzez hitz transkribatzeak ez duela kentzen Administrazioak haren edukia interesdunari, kexa-egilearen emazte [...] andreari, helarazteko duen betebeharra, hain zuzen ere eskabideetako erantzunak jakinarazteko ohiko moldean.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Uxueko Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua betetzeko legezko betebeharra duela eta, horrenbestez, [?] andrearen izenean aurkeztutako idazkiari erantzun behar diola.
Uxueko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2010eko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia