Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Urtarrilaren 13ko 2/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urtarrila 13

Osasuna

Gaia: Incumplimiento de la Ley del Tabaco en el frontón Labrit

Exp: 08/522/S

: 2

Osasuna

AURREKARIAK

1. 2008ko urriaren 21ean, erakunde honetan [...] jaunaren idazki bat sartu zen. Haren bidez, kexa bat aurkezten du Tabakoaren Legea Labrit eta Euskal Jai pilotalekuetan ez betetzeari buruz. Azaltzen du, egunkarietan pilotalekuetan erretzeko debekua betearazteari buruz agertzen joan diren informazioak gorabehera, haietan erretzen jarraitzen dela.

2. Kexa aztertuta, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentura, Iruñeko Udalera eta Uharteko Udalera jo dugu, eta azaldutako gaiari buruzko txostenak eskatu dizkiegu.

a) 2008ko azaroaren 21ean, Iruñeko Udalaren txostena sartu zen erakundean, eta bertan, honakoa azaltzen da:
Labrit pilotalekua Iruñeko Udalarena da, baina haren kudeaketa eta ustiaketa Nafarroako Pilota Federazioari dagokio, hura izan baita, lehiaketa publikoan, haren adjudikazio-hartzaile gertatu zena.

Federazio horrek egiten duen kudeaketaren barruan, hark beste enpresa batzuei lagatzen ahal dizkie instalazioak, propio ezarritako baldintzetan, pilotarekin loturiko ekitaldiak antolatzeko. Enpresa adjudikazio-hartzaile horiek dira ekitaldi horiek antolatzeaz eta garatzeaz arduratzen direnak.

Iruñeko Udala pilotaleku horietan egiten diren ekitaldien antolaketaz eta garapenaz guztiz kanpo dago, eta ekitaldi horien erantzukizuna Nafarroako Pilota Federazioarena da guztiz, hark antolatzen dituen ekitaldietan, eta enpresa errentatzaileena enpresa horiek antolaturiko ekitaldietan.

Hala eta guztiz ere, Gizarte Ongizate eta Kirol zinegotziari jakinarazi zaionez pilota partida jakin batzuetan Tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legea urratu dela, Nafarroako Pilota Federazioa premiatu zen bai hark antolatzen dituen jardueretan, bai instalazioan egiten diren gainerakoetan, behar diren neurriak ezar ditzan aipaturiko foru legea zorrotz betetzen dela bermatzeko.

Horretarako, instalazio osoan kartel ugari jarri ziren, erretzeko debekua gogorarazteko; halaber, debeku hori modu jarraituan jakinarazten da megafoniaren bitartez partidak hasi aurretik. Era berean, komunikabideetan gaiari buruzko informazio kanpainak behin eta berriz egin dira. Bestetik ere, pilotalekuan bertan, lehiaketa batzuetan, azafatek zuzeneko informazioa eman dute gaiari buruz, eta, disuasio-elementu gisa, gozokiak banatu dituzte.

Ikuskatzeko eta zehatzeko ahalmenari dagokionez, nabarmendu behar dizut 2006-03-21ean, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Batzorde Eragileak txosten juridiko bat onetsi zuela, eta bertan arestian aipaturiko foru legea ez betetzetik ondorioztatzen diren zehapenak ezartzeko legezko ezintasuna aitortzen zuela; izan ere, txostenean jotzen zen Tabakismoaren aurkako osasun neurriak ezarri eta tabakoaren produktuen salmenta, kontsumoa eta publizitatea arautzeko abenduaren 26ko 28/Legeak zehatzeko ahalmena osoa Estatuko Administrazio Orokorrari eta autonomia erkidegoei aitortzen diela.

b) 2008ko azaroaren 21ean, erakunde honetan Uharteko Udalaren idazki bat sartu zen; harekin batera, Euskal Jai Erremonte Fundazioari zuzendutako idazkiaren kopia ageri da. Izan ere, idazki horretan gogorarazten zaio kirol instalazio itxietan erretzeko debekuari buruzko kartelak modu ikusgarrian jarri behar direla, eta debekuaren betetzea zaindu behar duela.

c) 2008ko azaroaren 21ean, Osasun Departamentuaren txostena sartu zen erakundean, eta bertan, honakoa azaltzen da:

2008ko urtarrilaren 9an, Tabakoari buruzko ekintzetarako Foru Planaren barruan, ikuskapeneko bisita bat egin zen Iruñeko Labrit Pilotalekura; A saileko 343 zk.ko aktan ageri da lokala zuzen seinalatuta dagoela, eta kirol ekitaldietan iragarkiak egiten direla erretzeko debekua gogorarazteko.

2008ko maiatzaren 23an, gutun bat igorri zitzaion Iruñeko Udalari, maiatzaren 17an telebistaz emandako pilota partidan atzeman baitzen pilotalekuan ez zela betetzen ari Tabakismoaren aurkako osasun neurriak ezarri eta tabakoaren produktuen salmenta, kontsumoa eta publizitatea arautzeko abenduaren 26ko 28/Legeko 7.e) artikuluan ezarritakoa.

Gutun horretan, Iruñeko Udalari jakinarazi zitzaion arlo horretan zehatzeko gaitasuna duela; izan ere, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, udal bakoitzeko alkatea da 2.000.000 pezeta (gaur egun, 12.020,24 euro) bitarteko isunak ezartzeko osasun agintari eskuduna.

Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate eta Kirol Alorreko zuzendariak, 2008ko urriaren 16an, ofizio bat igorri zuen, non adierazten baitu behar diren urratsak eginen direla Iruñeko Labrit pilotalekuan egiaztaturiko ez-betetzea dela-eta.

Bestalde, Uharteko Euskal Jai Berri Pilotalekuari dagokionez, Tabakoari buruzko ekintzetarako Foru Planeko koordinatzaileak, azaroaren 3an, ofizio bat igorri dio Uharteko Udalari. Haren bidez, jakitera ematen dio toki entitate horri dagokiola behar diren urratsak egitea pilotalekuan erretzeko debekua betearazteko.

AZTERKETA

1. Tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legeko aitzinsolasean jasotzen den bezala, gaur egungo gizarteetan tabakozaletasuna osasun publikoan eragilerik nabarmenetariko bat da. Gainera, gaizkitze eta hiltze tasetan aurrea har dakiekeenen artetik zergatikorik garrantzitsuena da. Horrez gain, badu berezitasun bat, menpekotasuna sortzen duela hain zuzen ere, eta haren sendakuntzak adikzioa eragiten duten beste gai batzuetarako erabiltzen denaren antzeko ekintza behar du.

Oso zabalduta dagoenez eta eragin handia duenez gizartean, osasunean eta ekonomian, kostu handia eragiten du, eta beharrezkoa ez den sufrimendua ere bai. Izan ere, osasuna lehen mailako balio bat da. Herritarrek hura exijitzen dute, banaka eta taldeka, botere publikoen bidez. Horregatik guztion eginkizuna da osasuna babestu eta sustatzeko neurriak hartzea.

2. Administrazio publiko arduradunek osasuna babesteko eta sustatzeko ekintzak antolatzea dela eta, aipatu foru legeko 4. artikuluak ezartzen du Nafarroako administrazio publikoek, zeinek bere eskumenak erabiliz, garatzen dituzten programak sustatu, garatu, bultzatu, koordinatu eta kontrolatzeko ekintzak bideratuko dituztela, besteak beste, tabakoaren kontsumoan eragiten duten baldintza soziokultural eta ingurunekoetan esku hartzeko. Eta tabakoaren kontsumoari behar diren mugak eta murrizpenak ezartzeko, 21. artikuluak, kontsumorako mugak berretsiz, xedatzen du erretzaileak eta ez-erretzaileak batera egon beharreko espazio publiko edo kolektiboetan, nagusituko dela erretzaile ez direnek tabakoaren kearen ondoriozko kutsadurarik ez duen airea arnasteko daukaten eskubidea, eta erretzeko eskubide osoa norbanakoarena dela, eremu pribatukoa, eta gizartearen eremuan arautu egiten dela hirugarrenei eragin diezaiekeen kaltearengatik. Irizpide horri jarraituz, legeak erretzeko debekua ezarri zuen, besteak beste kirol zentro eta instalazio itxietan (21.2.f artikulua.)

Aurrerago, 13. eta 14. artikuluetan, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen eskumenak eta eginkizunak finkatzen dira.

Nafarroako Gobernuari esleitutakoen artean, hemen interesatzen zaigunari begira, honakoak aipatu behar dira:

-Foru lege honetako arloan Nafarroako Foru Komunitateko administrazioek eta erakunde publikoek, pribatuek edo irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimenekoek egin behar dituzten eginkizun, jarduketa eta zerbitzuak koordinatu eta antolatzea.

-Ikuskatzeko eta zehapenak ezartzeko ahalmena erabiltzea, foru legean aurreikusiriko baldintzetan.

-Beste administrazio publiko batzuekin batera, foru legea zuzentasunez betetzeko behar diren neurri guztiak hartzea.

Toki entitateei esleitutakoen artetik, honakoak nabarmendu behar dira:

-Kasuan kasuko mugapean tabakoaren kontsumoari buruz egiten diren berariazko programak zuzendu eta beste programa batzuekin koordinatzea.

-Ikuskatzeko eta zehapenak ezartzeko ahalmena erabiltzea, foru legean aurreikusitako baldintzetan.

-Osasunerako hezkuntzaren arloan hezkuntza- eta osasun-sistemekin lankidetzan aritzea.

Ondoren, ikuskatzeko eta zehapenak ezartzeko eskumenei dagokienez, foru legeko 25. artikuluan, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen artean banatzen dira.

Beraz, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, udal bakoitzeko alkatea da 2.000.000 pezeta (gaur egun, 12.020,24 euro) bitarteko isunak ezartzeko osasun agintari eskuduna. Gainerako zehapenak legeak aipatzen dituen Nafarroako Gobernuko organoei dagozkie.

Azkenik, 30. artikuluak arau-hauste administratibo gisa sailkatzen du kasuan kasuko zentroko nahiz jarduerako arduradunek erretzeko debekua ez betetzea.

3. Bestalde, Tabakismoaren aurkako osasun neurriak ezarri eta tabakoaren produktuen salmenta, kontsumoa eta publizitatea arautzeko abenduaren 26ko 28/2005 Oinarrizko Legeak, guztiz debekatzen du erretzea, besteak beste, ikuskizun publikoak garatzen diren eta aire librean ez dauden kirol instalazioetan. 19. artikuluan, halaber, arau-hauste administratibotzat sailkatzen du erretzeko debekua ez betetzea, eta huts-egite larritzat jotzen du guztizko debekua dagoen tokietan erretzen uztea. Arduraduna lokaleko nahiz establezimenduko titularra izanen da, eta, besterik ezean, arau-haustea egiten den unean establezimenduaz edo zentroaz arduratzen ari den enplegatua.

4. Nafarroako eta estatuko legeen transkripzio horretatik, eta hemen ardura digunari begira, nabarmendu behar da legeetan jasotako neurriak ?prebentiboak, murriztaileak, mugatzaileak edo debeku-emaileak, eta, kasua bada, zehatzekoak? abian jartzeko arduradunak diren administrazio publikoei zuzendutako agindua, bai eta osasun publikoaren esparru garrantzitsu eta kezkagarri honetan behar den eraginkortasunez eta efizientziaz jarduteko beharra ere. Horrek, aldi berean, eskatzen du administrazio publikoak elkarrekin koordinatzea eta lankidetza estuan jardutea tabakismoaren aurkako borrokan.

Koordinazioko eta lankidetzako agindu horiek administrazio publikoen jarduera arautzen duten oinarrizko legeetan ere badaude. Esate baterako, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 9. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoko administrazioaren eta toki entitateen arteko harremanak toki araubidearen arloko oinarrizko legeen arabera gauzatuko dela. Bada, Toki araubidearen oinarriei buruzko Legeak honela arautzen du gaia:

?10.1 artikulua. Toki administrazioak eta gainerako administrazio publikoek beren elkarrekiko harremanak alde biko informazioaren, lankidetzaren, koordinazioaren eta bakoitzaren eskumen-esparruekiko errespetuaren betebeharren arabera egokituko dituzte.

2. Bidezkoa izanen da toki entitateek beren eskumenak direla-eta elkarrekin koordinatzea eta, bereziki, gainerako administrazio publikoekin koordinatzea, noiz eta toki jarduerek edo zerbitzuek gainditzen dutenean kasuan kasuko entitatearen interesaren muga, edo administrazio horien eskumenetan eragina dutenean edo baldintzatzen dituztenean, edo haien eskumenekin bat datozenean edo haien osagarri direnean".

Halaber, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko lehen tituluan, administrazio publikoei eta haien harremanei buruzkoan, oinarrizko antolamendu-irizpide batzuk ezartzen dira, eta administrazioen arteko harremanak elkartasun, koordinazio eta lankidetza printzipioetan oinarrituko direla finkatzen da. Erakundeen leialtasunaren printzipioa ere aipatzen du, inplikaturiko administrazio publikoen arteko lankidetza eta elkarlana errazteko irizpide nagusi gisa.

5. Bestalde, administrazioaren zientziak bi arlotan elkarlanean aritzeko erabil daitezkeen teknikak sistematizatzen ditu: teknika organikoa eta teknika funtzionala. Teknika organikoaren bitartez, inplikaturiko administrazioek eztabaidarako eta aholkurako organo administratiboak sortzen dituzte. Teknika funtzionalaren bitartez, berriz, akordioak edo hitzarmenak egiten dira, kasuan kasuko arloan jarduketa bateratuak eta bakarrak egiteko. Izan ere, eskumenen eta funtzioen lehia bat gertatzen deneko arloetan, elkarlan funtzionala izaten da teknika eraginkorretako bat. Haren helburua da batera jarduteko planak eta programak lantzea eta betetzea, helburu komunak lortzeko.

6. Nolanahi ere, aztergai dugun osasun publikoaren arloan, ezinbestekoa dugu barreiatutako eskumenak eta funtzioak elkargune batean biltzea, baterako ekintza batean batzeko. Hori, betiere, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren eta Iruñeko eta Uharteko Udalen arteko koordinazio eta elkarlan eraginkorraren bitartez lortu beharko da.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Ulertzea [...] jaunak Labrit eta Euskal Jai frontoietako tabako-kontsumotik ondorioztatzen diren arriskuetatik bere osasuna babestua izateko zeukan eskubidea urratu dela.

2. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari, Iruñeko Udalari eta Uharteko Udalari gomendatzea administrazioen arteko behar diren koordinazioko eta elkarlaneko eragiketak erabiliz, egokiak diren jarduerak bultza ditzaten, foru nahiz estatu mailako legeetan tabakoaren kontsumoa mugatzeko ezarrita dauden neurriak Labrit eta Euskal Jai frontoietan betearazteko, eta, kasua bada, lege horietan jasotako arau-hausteak sistematikoki zehatu ditzaten, administrazio bakoitzak esleituta dauzkan eskumenak erabiliz.

3. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari, Iruñeko Udalari eta Uharteko Udalari bi hileko epea ematea, gomendio honen onarpenari buruz eta kasua dela-eta jada ezarri diren eta ezarriko diren neurriei buruz informazioa eman dezaten; eta gomendioa onartzen ez badute, berriz, hura ez onartzeko arrazoiak eman ditzaten. Eta ohartarazten zaie hala egiten ez badute, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dugun urteko txostenean jasoko dugula kasua, arestian aipaturiko legean ezarrita dagoen moduan.

4. Ebazpen hau interesdunari, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari, Iruñeko Udalari eta Uharteko Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra ezin dela errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia