Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Imposibilidad de ser atendido en euskera
Exp: 09/56/C
Nº: 65
Elebitasuna
2009ko urtarrilaren 28an, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Osasun Departamentuaren aurka.
Bertan azaltzen duenez, abenduaren 16an, herritar batek Iturrama auzoko osasun etxera deitu zuen telefonoz, 12:50 inguruan, eta euskaraz kasu egiteko eskatu zuen. Alabaina, ezin izan zuen bere eskubidea erabili, funtzionario edo langileetako inork ez baitzekien hizkuntza horretan mintzatzen.
2009ko martxoaren 12an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:
“Iturramako osasun etxea, Iruñean kokatua baitago, eskualde mistoari dagokio. Eremu horretan euskaraz jakitea ez da nahitaezkoa, baina betekizun gisa baloratzen da osasun etxeetan lan egiten duten estamentuetako lan eskaintza publikoetan.
Gaur egun, zentro horretan bada euskaraz dakien administrari bat.
Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusia hainbat jardun egiten hasi da, Gobernuak herritarren parte-hartzearen eta artapenaren esparruan egiten duen jarduketa hobetzeko asmoz. Alde horretatik, Iruñeko eta eskualde mistoko gainerako herrietako bulegoetan euskara erabiltzen duen norbaiten deirik jasoz gero, herritarrari arreta hobea emate aldera, baldin eta hango unitateetako baliabideekin solaskideari hark erabilitako hizkuntza berean kasu egiterik ez bazaio, bada barne prozedurako protokolo bat komunikazioa eten beharrik izan gabe deiari euskaraz erantzuteko modua ematen duena: Herritarrak Informatzeko Bulegora eta Erregistrora bideratzen da deia, 848-42 71 00 telefonora (barnekoa: 27100), eta hor egingo diote kasu".
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko II. tituluak, zeinak ezartzen baititu herritarrek Administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, arreta egokirako eskubidea arautzen du, eta 6.2 artikuluan honakoa dio: “era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz”.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak aitortzen du eskualde mistoko herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko. Horrenbestez, herritar guztiek, legez, eskubidea dute ahoz euskara erabiltzeko Nafarroako Gobernuaren telefonogunean, zeina eskualde mistoan baitago, eta Administrazioak eskubide hori nahitaez ezagutu behar du.
Arreta ematen duen funtzionarioak edo enplegatuak hizkuntza horretan ez baldin badaki, Administrazioak ezinbestez itzultzaile bat eduki beharko du ahozko harreman horretan laguntzeko. Ezin baitio herritarrari eskubide duena ukatu, euskaraz hitz egitea erabaki badu, zeren eta horrekin abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 1., 2. eta 3. artikuluetan xedatua urratuko bailuke.
Foru Komunitateko Administrazioak, bere burua antolatzeko daukan ahalmenaz baliatuta, erabakitzeko tarte zabal bat dauka, aplikatu beharreko bideei eta baliabide osagarriei dagokienez, herritarrak eskualde mistoan dauden zerbitzuetan hitzezko harremanetan euskara erabiltzeko duen eskubidea eraginkorra izan dadin. Baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea Administrazioak erabaki beharreko kontu bat da, baina, edonola ere, herritarrek nahi dutenean euskara erabiltzeko eskubidea eraginkorra izan dadin bermatzeko behar adinakoak eta egokiak izan beharko dute.
Erantzuteko idazkian iragarritako baliabideak egokiak izan badaitezke ere, kontua da kasu honetan herritarrak euskaraz hitz egin nahi izan duela Iturramako osasun etxearekin eta komunikazio hori ezin izan dela hizkuntza horretan gauzatu. Horrenbestez, herritarraren eskubidea urratu da. Urraketa hori gertaturik, legezko betebeharrak zein diren gogorarazi beharrean gaude, bidezkoa baita.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea, legez, eskualde mistoko bulego, zerbitzu eta zentroetan herritar guztiek euskaraz hitz egiteko duten eskubidea bete behar duela.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia