Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: valoración con 0 las publicaciones aportadas a la fase de méritos del concurso oposición de profesores de enseñanza secundaria
Exp: 10/574/F
Nº: 141
Funtzio publikoa
2010eko uztailaren 13an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurka, irakaskuntza ertainetako irakasle lanpostuak betetzeko oposizio-lehiaketan “beste merezimendu batzuk” atalerako aurkeztutako merezimenduak oker barematzeagatik.
Azaltzen du argitalpen zientifikoak eta unibertsitatean irakasle lanetan emandako zerbitzuak ez zaizkiola ez baloratu, ez puntuatu. Argitalpenei dagokienez, aipatzen du aldizkari zientifikoetan eginiko argitalpenei buruzko dokumentazioan originalak, separatak, fotokopia konpultsatuak eta abar aurkeztu zituen arren, zero puntu eman zizkiotela argitalpenen atalean. Eta unibertsitateetan irakasle lanetan emandako zerbitzuei dagokionez, berriz, Nafarroako Unibertsitateko idazkari nagusiak unibertsitate horretan eginiko irakasle-lanari buruzko ziurtagiri bat aurkeztuta ere, ez zaiola esperientzia hori ez baloratu, ez puntuatu.
Azaltzen du, halaber, aurkeztutako dokumentazioak akatsak zituela edo haren balioa zalantzazkoa zela joz gero, epaimahaiak halakoak zuzentzeko eskatu beharko ziola, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluaren arabera.
2010eko abuztuaren 17an, Hezkuntza Departamentuaren txostena sartu zen. Bertan, honakoa azaltzen da:
“Arartekoak eskatutako txostenari dagokionez, hain zuzen ere Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketako “beste merezimendu batzuk” atalean eta “Irakasle lanetan emandako zerbitzuak” atalean egindako barematzea dela-eta [?] andreak aurkeztutako idazkiari buruz ari garela (10/574/F espedientea), honakoa adierazi behar dizut, kontseilari honi helarazitako informazioaren arabera:
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 2470/2009 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateren Zerbitzuko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko deialdia onetsi zen.
[?] andreak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko Biologia eta Geologia espezialitatean, euskarazko adarrean, parte hartu du. Parte hartzeko eskabidearekin batera, aldizkarietan eginiko argitalpenei buruzko dokumentazioa aurkeztu zuen, separata eta fotokopia konpultsatu batzuen bitartez. Halaber, separata eta fotokopia ugaritan I.S.S.N. delako datua eskuz idatzia ageri da. Bestalde, Nafarroako Unibertsitateko idazkari nagusiak eginiko ziurtagiri bat aurkeztu du. Haren kopia erantsi dugu.
Lehenbizi, argitalpenen balorazioari dagokiona aztertuko dugu.
Deialdiko I. eranskinean, merezimenduen baremoa ageri da, eta argitalpenei dagokienez, honakoa esaten da:
“III. Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 2 puntu).
Atal honetan merezimendu hauek baloratuko dira, 2 puntu bitarte:
Lanen bat egile batzuen artean egiten bada, argitalpenari emandako puntuazioak egile kopuru osoarekin zatituko dira.
Frogagiriak: Argitalpenen (ISBN edo ISSN direlakoak dituzten argitalpenak baizik ez dira baloratuko), programen eta abarren jatorrizko aleak, egindako kritikak eta, bidezkoa bada, sariak lortu izanaren frogagiria.
Euskarri berezietan (bideoetan, CD-ROMean, eta abarretan) argitaratutako materialei dagokienez, dagokion aleaz gain argitalpen horiek osatzen dituzten dokumentu inprimatuak aurkeztu beharko dira (azalak, azalpen liburuxkak, inprimakiak eta abar).
Argitalpenak bakarrik formatu elektronikoan izan badira, argitalpenaren kopia inprimatu batez gain txosten bat aurkeztuko da, non erakunde emaileak ziurtatuko baitu argitalpena datu base bibliografikoan ageri dela. Agiri horretan datu basea, argitalpenaren izenburua, egileak eta urtea adieraziko dira.
Kexaren atal desberdinei dagokienez, honakoa esan beharra daukagu:
Merezimenduen baremoari buruzko atalak ezartzen du argitalpenak baloratzeko aurkez daitekeen ziurtagiri bakarra jatorrizko ale bat dela, non ISBNa edo ISSNa agertuko den. Halaber, formatu elektronikoko argitalpenetan dokumentazioaren kopia bat aurkeztu beharko da, bai eta hura ematen duen erakundearen ziurtagiria ere, merezimenduen baremoan ageri diren ezaugarriekin.
Baldintza horiek deialdiko oinarrietan ezartzen dira berariaz, eta jurisprudentziak behin eta berriz aitortu duen bezala, oinarri horiek hautapen-prozesua gidatu behar duen legea dira; behin irmoak eta onartuak direnean, lotzen dituzte bai deialdia egiten duen administrazioa, bai izangaiak eta hautaprobak baloratu behar dituzten epaimahaiak ere.
Horrenbestez, balorazio batzordeak ez ditu baloratu argitalpenen fotokopia konpultsatuak, ez ISBNrik edo ISSNrik ageri ez duten argitalpenak, ez eta euskarri elektronikoko argitalpen kopia inprimaturik gabekoak eta behar diren zehaztapen guztien gaineko ziurtagiririk ez dutenak.
Deialdiko baldintza guztiak biltzen dituzten argitalpenak daukaten garrantziaren, dauzkaten orrialdeen kopuruaren, edizioa egiten duen argitalpenaren, aleen kopuruaren edo edizio-kopuruaren, bai eta izen aitortua duten aurkibideetan agertzearen arabera edota abarren arabera, betiere batzordeak bere iritziaren arabera jokatzeko daukan aukeraren barruan, kontuan izanda izangai guztiei irizpide berdinak aplikatu zaizkiela.
Halaber, lanen bat egile batzuen artean egiten bada, argitalpenari emandako puntuazioak egile kopuru osoarekin zatitu dira.
Atzerriko hizkuntzetan eginiko argitalpenen kasuan, haien zinpeko itzulpena aurkeztu beharko da. Zehaztu beharra dago, batzordeak atzerriko hizkuntza batean idatzirik aurkeztu diren argitalpen guztiak baloratu dituela, nahiz eta zinpeko itzulpenik aurkeztu ez, betiere jatorrizko alea aurkeztu bada eta ISBN edo ISSN erreferentziak baldin bazuten, deialdian ezarritakoaren arabera. Halaber, batzordeak aldizkarien jatorrizko separatak baloratu ditu, baldin eta jatorrizko ISSNa jasotzen badute.
[?] andrearen kasuan, eta adierazitako irizpideak aplikatuz, balorazio batzordeak ez zuen baloratu aurkeztutako argitalpenetatik bakarra ere, separata formatuko aldizkariak direlako, non ISSNa eskuz idatzirik ageri baita, eta fotokopia konpultsatuak direlako –horietako batzuetan, ISSNa eskuz idatzirik ageri da–.
Bigarrenik, Nafarroako Unibertsitatean emandako zerbitzuei buruzko kexa aztertu behar dugu.
Deialdiko I. eranskinean, merezimenduen baremoa ageri da, eta irakasle lanetan emandako zerbitzuei dagokienez, honakoa esaten da:
“Frogagiriak: ...
Unibertsitateko irakasle esperientzia frogatzeko ikastetxearen ziurtagiria beharko da. Bertan ondokoa adieraziko da: zerbitzuak noiz hasi eta bukatu ziren, data zehatzak adierazita, eta zerbitzu horiek irakasle lanekoak izan zirela.”
Kexa-egileak aurkeztutako ziurtagiria aztertuta, atzeman dugu hartan ez dela ageri izandako esperientzia irakasle gisa izan duenik, deialdian berariaz eskatzen den bezala.
Azken batean, Hezkuntza Departamentuak, Giza Baliabideen Zerbitzuak emandako informazioaren arabera, ulertzen da [?] andreak eginiko argitalpenei eta irakasle lanetan aurrez izan duen esperientziari buruzko balorazioa deialdiko oinarrien araberakoa eta izangai guztiei berdintasunez aplikatu zaizkien irizpideen araberakoa izan dela.
Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak printzipio orokor bat ezarri du behin eta berriz, alegia, “deialdiko oinarriek lotzen dituztela ez soilik hautapeneko epaimahai edo batzordeak, baizik eta, baita ere, haietan parte hartzen dutenak”. Horrek esan nahi du, deialdia aurkatu ez denez, hura eta haren oinarriak direla lehiaketari buruzko legea, eta bai lehiatzaileak, bai hautapenaz eta, kasua bada, adjudikazioaz, arduratzen den organoa ere.
Horrenbestez, abiapuntu gisa hartzen badugu deialdiko oinarriak direla oposizio-lehiaketaren legea, eskatutako baldintza bat betetzen den ala ez den betetzen ezartzerakoan, azterketa zuzenean oinarrietan zentratu beharko da. Oinarri horiek, izan ere, aurkatu ez direnez, oposizio-lehiaketaren legearen funtzionalitate osoari eusten diote.
Bada, deialdiak, argitalpen zientifikoei buruzko frogagiriak aurkezteari dagokionez, honakoa xedatzen du.
Frogagiriak: Argitalpenen (ISBN edo ISSN direlakoak dituzten argitalpenak baizik ez dira baloratuko), programen eta abarren jatorrizko aleak, egindako kritikak eta, bidezkoa bada, sariak lortu izanaren frogagiria.
Euskarri berezietan (bideoetan, CD-ROMean, eta abarretan) argitaratutako materialei dagokienez, dagokion aleaz gain argitalpen horiek osatzen dituzten dokumentu inprimatuak aurkeztu beharko dira (azalak, azalpen liburuxkak, inprimakiak eta abar).
Argitalpenak bakarrik formatu elektronikoan izan badira, argitalpenaren kopia inprimatu batez gain txosten bat aurkeztuko da, non erakunde emaileak ziurtatuko baitu argitalpena datu base bibliografikoan ageri dela. Agiri horretan datu basea, argitalpenaren izenburua, egileak eta urtea adieraziko dira.
Halaber, unibertsitatean irakasle lanetan emandako zerbitzuak ziurtatzeko moduari dagokionez, honakoa xedatzen du:
Unibertsitateko irakasle esperientzia frogatzeko ikastetxearen ziurtagiria beharko da. Bertan ondokoa adieraziko da: zerbitzuak noiz hasi eta bukatu ziren, data zehatzak adierazita, eta zerbitzu horiek irakasle lanekoak izan zirela.”
Kexa-egileak argudiatzen du ezen zail gertatzen zaiola bere lanak argitaratuta dauden aldizkarietako jatorrizko aleak eskuratzea, zeren eta harpidetza pribatiboa baita (urteko 3.000 euro inguru bakoitzean), eta soilik unibertsitateak, ospitaleak eta liburutegiak izaten direla gastu horri aurre egiteko moduan daudenak. Gainera, adierazten du azken urte hauetan jada ez del separatarik banatzen paperezko euskarrian, ezta egileei ere, eta pdf gisako bertsio elektronikoak erabiltzen direla, nahiz eta aldizkari horiek paperean inprimatzen jarraitzen den. Eta askotan, unibertsitateek, liburutegiek eta abarrek berek ere ez dietela paperezko harpidetzei eusten, eta soilik “on line” harpidetzak dauzkatela.
Egoera horren aurrean, ulertu zuen egin zezakeen gauza bakarra zela eskura zeuzkan separatak aurkeztea eta ahal zen jatorrizko ale gehien eskuratzea, haien kopia konpultsatuak aurkeztu ahal izateko. Horrela, Hezkuntza Departamentuaren menpeko organo batean (Iturramako Institutua), jatorrizko aleak aurkeztu ondoren kopia batzuk konpultsatu zizkioten (aurrez, jatorrizko ale horiek Nafarroako Unibertsitatean edo Nafarroako Klinika Unibertsitarioan eskatu behar izan zituen), argitalpenen egiazkotasuna demostratzeko. Argitalpen askotan, portadaren beraren kopia ere konpultsatu zioten, aldizkariaren ISSNa erakusteko. Beste batzuetan, portada konpultsatzea ezinezkoa zenez (portadarik gabe koadernaturik baitzeuden urte osorako liburuki batean), ISSNa eskuz idatzi zuen, baina aurkeztutako agirietan aldizkari guztien karatulen fotokopia konpultsatuak ageri ziren.
Bestalde, deialdiak honakoa ezartzen zuen: “Argitalpenak bakarrik formatu elektronikoan izan badira, argitalpenaren kopia inprimatu batez gain txosten bat aurkeztuko da, non erakunde emaileak ziurtatuko baitu argitalpena datu base bibliografikoan ageri dela. Agiri horretan datu basea, argitalpenaren izenburua, egileak eta urtea adieraziko dira”. Bada, horren aurrean, jo zuen eskuratzerik izan ez zuen aldizkarien kasuan –unibertsitateek edo liburutegiek “on line” harpidetza baizik ez zutelako– aldizkari elektronikoak zirela ulertuko zela. Eta bere iritziz, pentsaezina da aldizkari zientifiko batek ziurtatzea “on line” argitalpen bat badagoela, aldizkariaren existentzia aldizkari zientifikoen aitortutako doako edozein datu basetan egiazta baitaiteke.
Gainera, gehitzen du harrigarri egiten zaiola Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien garai hauetan, on line bertsioekin lan egitea desabantaila suertatzea, aurrerapen bat izan beharrean. Berdin pentsatzen du ingelesez argitaratutako artikulu zientifikoen zinpeko itzulpenak eskatzeari dagokionez, zientziaren hizkuntza unibertsala ingelesa baita.
Halaber, adierazten du ez zaizkiola kontuan hartu eta puntuatu, ezta ere, bere jabetzako originalak, beren ISSNarekin, bazeuzkan eta aurkeztu zituen argitalpenak.
Azkenik, adierazten du Nafarroako Unibertsitateko idazkari nagusiak unibertsitate horretan eginiko irakasle-lanari buruzko ziurtagiri bat aurkeztuta ere, ez zaiola esperientzia hori ez baloratu, ez puntuatu.
Hezkuntza Departamentuak honako argudioekin justifikatzen du puntuatu ez izana:
Merezimenduen baremoari buruzko atalak ezartzen du argitalpenak baloratzeko aurkez daitekeen ziurtagiri bakarra dela jatorrizko ale bat aurkeztea, non ISBNa edo ISSNa agertuko den. Halaber, formatu elektronikoko argitalpenetan dokumentazioaren kopia bat aurkeztu beharko da, bai eta hura ematen duen erakundearen ziurtagiria ere, merezimenduen baremoan ageri diren ezaugarriekin. Horrenbestez, balorazio batzordeak ez zituen baloratu argitalpenen fotokopia konpultsatuak, ez ISBNrik edo ISSNrik ageri ez zuten argitalpenak, ez eta euskarri elektronikoko argitalpen kopia inprimaturik gabekoak eta behar diren zehaztapen guztien gaineko ziurtagiririk ez dutenak.
Atzerriko hizkuntzetan eginiko argitalpenen kasuan, haien zinpeko itzulpena aurkeztu behar izateari dagokionez, batzordeak atzerriko hizkuntzetan idatzirik aurkeztu diren argitalpen guztiak baloratu zituen, nahiz eta zinpeko itzulpenik aurkeztu ez, betiere jatorrizko alea aurkeztuz gero eta hartan ISBN edo ISSN erreferentziak jasoz gero.
Halaber, batzordeak aldizkarien jatorrizko separatak baloratu zituen, baldin eta jatorrizko ISSNa jasotzen bazuten.
Kexaren kasu zehatzean, eta adierazitako irizpideak aplikatuz, balorazio batzordeak ez zuen baloratu aurkeztutako argitalpenetatik bakarra ere, separata formatuko aldizkariak zirelako, non ISSNa eskuz idatzirik ageri baitzen, eta fotokopia konpultsatuak zirelako –horietako batzuetan, ISSNa eskuz idatzirik ageri zen–.
Azkenik, unibertsitatean irakasle lanetan emandako zerbitzuak frogatzeari dagokionez, argudiatzen du kexa-egileak aurkeztutako ziurtagiria aztertuta, atzeman zela hartan ez zela ageri izandako esperientzia irakasle gisa izan zuenik, deialdiak berariaz eskatzen zuen bezala.
Aldeen argudioak azaldu ondoren, aurrera daiteke ezen, erakunde honen iritziz, balorazio batzordeak deialdiaren oinarriei buruz egin dituen interpretazioa eta aplikazioa murrizgarriegia eta “zorrotzegia” izan dela, eta, horrenbestez, ez duela errespetatu kexa-egileak funtzio publikora sartzeko zeukan eskubidea, merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera.
Izan ere, argitalpenei dagokienez, arestian transkribatu dugun deialdiko oinarriak exijitzen du argitalpenaren ISSNa ager dadila, baina ezer ere ez dio datu hori agertzeko moduari buruz. Horrenbestez, garrantzia duena da datu hori agertzea, eskuz nahiz modu inprimatuan izan. Eta egia da aldizkarietan argitaratutako lanen separatetan datu hori ez dela ageri; soilik aldizkariaren karatulan agertzen baita. Horrenbestez, separata bat errefusatzea ISSNa eskuz idatzirik agertzen delako, oinarri horren interpretazio murrizgarriegia egitea da, zeren eta ez baita exijitzen datua inprimaturik egotea eta balorazio batzordeak zailtasun handirik ez baitzuen eskuz jarritako datu hori egiaztatzeko.
Gauza bera esan daiteke fotokopia konpultsatuak ez baloratzeari buruz. Egia da oinarriak “jatorrizko alea” aipatzen duela, baina egia da, era berean, batzuetan zail gerta daitekeela jatorrizko ale bat eskuratzea, eta zailtasun hori gaindi daitekeela erakunde publiko batek behar bezala konpultsaturiko kopien bitartez, konpultsa horrek egiazkotasuna bermatzen baitu. Bada horixe izan zen interesdunak erabili zuen sistema aurkeztu zituen argitalpen batzuetan.
Euskarri elektronikoko argitalpenak ere ez ziren baloratu, izangaiak erakunde igorlearen ziurtagiririk –behar ziren zehaztapen guztiekin– ez zuelako aurkeztu. Baina, kexa-egileak arrazoiz azaltzen duen bezala, normalean horrelako aldizkari zientifikoek ez diete erantzunik ematen “ziurtagiriak” egiteko eskabideei, aldizkari guztiek egiaztatze elektronikoaren aukera eskaintzen baitute. Eta ezin da ahaztu egiaztatze elektronikoa administrazio elektronikoari buruzko legeetan onartuta dagoela. Egiazki, egiaztatze elektronikoaren aukera eskaintzen duten argitalpen elektroniko horiek aipatutako ziurtagiria ez aurkezteagatik errefusatzea Nafarroako Foru Komunitatean Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean ezarritakoaren aurkakoa da.
Gainera, aipatu beharra dago ezen, atzerriko hizkuntza batean eginiko argitalpenei dagokienez, zeinetan zinpeko itzulpena aurkeztu behar baita, balorazio batzordeak atzerriko hizkuntzetan aurkeztutako argitalpen guztiak barematzearen aldeko hautua egin zuela, nahiz eta zinpeko itzulpenik aurkeztu ez. Orduan, baldintza horren interpretazioan eta aplikazioan administrazioak malgutasunez jokatu baldin bazuen, berdin joka zezakeen argitalpen elektronikoaren “ziurtagiria” aurkezteko baldintzari zegokionez, haren egiaztatze elektronikoa ontzat joaz.
Azkenik, unibertsitatean irakasle lanetan emandako zerbitzuak frogatzeari dagokionez, balorazio batzordeak jo zuen kexa-egileak aurkeztutako ziurtagirian ez zela berariaz agertzen izangaiak izandako esperientzia hori “irakasle” gisa izan zuenik eta, horrenbestez, ezin zela merezimendu hori baloratu.
Hala eta guztiz ere, ziurtagiria irakurrita, nahiz eta “irakasle” terminoa berariaz ez den agertzen, argi eta garbi ondorioztatzen da interesdunaren “irakasle” jarduera hori, hain zuzen ere, praktiketako irakasle gisa izan zela. Ondoriozta daiteke, horrenbestez, horren azpian deialdiko oinarriaren interpretazio eta aplikazio murrizgarriegia ageri dela.
Gainera, aurrekoa ezertan ere kendu gabe, bidezkoa da gaia aztertzea akatsak zuzentzeko aukeraren ikuspegitik, zeren eta, edonola ere, horretantxe baitatza kasu hau, hau da, merezimenduak frogatzeko agirian akatsak izatean. Eta kexa-egileak aipatutako kexetako bat da, hain zuzen ere, balorazio batzordeak ez ziola inongo eperik eman aurkeztutako agirietan atzemandako akatsak zuzentzeko.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 artikuluak, 1. eta 2. idatz-zatietan, honakoa ezartzen du:
1. Prozedura hasteko eskabidean betetzen ez badira aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak, interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena 42. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.
2. Eskatutako agiriak aurkezteko zailtasun berezirik baldin bada, interesdunak eskaturik edo organoaren ekimenez beste bost egun eman daitezke, hautaketa-prozesu edo norgehiagoka-prozeduretan izan ezik.
Horrela, bada, lege horren 2. zenbakiak onartzen du “a contrario sensu” zuzentzea hautapen prozesuetan eta norgehiagokako hautapen prozesuetan aplikatzekoa dela, eta horixe onartu du Auzitegi Gorenak legearen interesetan emandako 2003ko otsailaren 3ko epaiaren bitartez –RJ 2003/1565–, honako argudioak erabiliz:
“Aztertutako gaian, aurkaturiko epaian, instantziako epaian erabilitako irizpidearen aurka, aldezten da 30/92 Legeko 71. artikulua –lege hori 4/99 Legearen bitartez aldatu zen– ezin dela hautapen prozeduretan aplikatu, zeren eta horiek ez baitira hasten interesdunak eskatuta, eta prozedura horietan hain zuzen ere deialdiko oinarriak direla araua; horrenbestez, arau horietan epe bat ezartzen bada lehiatzaileen merezimenduen frogagiriak aurkezteko, ezin da biderik eman epe hori amaitu ondoren beste agiri batzuk aurkezteko, eta epaimahaiak ezin izanen du, ezta ere, zuzentzeko eperik eman. Beraz, epaimahaiak alegatutako merezimenduak zirela-eta beste epe bat zabaldu zuenean, oinarrietan ezarritakoa urratu zuen.
“Doktrina prozesalaren ikuspuntutik, aurkaturiko epaiaren izaera larriki kaltegarri eta akastuna heldu da eztabaidatutako gaiari 30/92 Legeko 71.2 artikulua –4/99 Legearen bidez aldatu zen lege hori– ezin aplikatzetik. Irizpide horren aurrean, uste dugu “legeko 71. artikuluan ezarritako zuzentzeko printzipioa nagusitu behar dela bere zabaltasun osoan, eta interesdunari eskatu behar zaiola eskabidean egon daitezkeen akatsak zuzentzeko. Eta hori sala horrek behin eta berriz aipatu duen jurisprudentzia da, zeinetatik honako irizpideak azal baitaitezke: -a) Oposizio edo lehiaketa bateko akatsak guztiz zuzentzekoak izateari buruzko tesia Auzitegi Gorenaren 1990eko azaroaren 6ko epaian aitortu da –Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 54. eta 71. artikulu indargabetuak aipatzen dira– hutsegitea zuzentzeko modukoa dela jo baitzuen; horrek ez du hausten jurisprudentziak lehiaketaren 2669 oinarrien izaera lotesleari buruz ezarritako doktrina, hura ere aurkatutako epaian aipatzen baita.
Egiaztagiri bat ez aurkezteari buruzko akatsa zuzentzeko aukera arazorik gabe onartzen da 1976ko urriaren 18 epaian, 1987ko uztailaren 13ko epaian , 1988ko azaroaren 8ko epaian, 1989ko apirilaren 12ko epaian eta 1989ko maiatzaren 26ko epaian; nabarmentzekoa da 1983ko maiatzaren 16ko epaia, guztiz aplikatzen baitu 71. artikulua, 1958ko uztailaren 17ko testuaren arabera, onartuz, gainera, Administrazioak aukera ematea sinatzaileei hamar eguneko epean atzemandako hutsegitea zuen dezaten; gauza bera gertatzen da 1985eko ekainaren 28ko epaiarekin, non jotzen baita egokia dela apelatutako epaiaren erabakia, erabaki horretan adierazten baita ezin zaiola soilik begiratu irizpide zorrotz formalista bati, zeina legegileak bilatzen duen egiazko borondatearen aurka baitago”.
Argudio horien ondotik, epaiak errekurtsoa baietsi eta honako lege-doktrina finkatzen du: “Akatsak zuzentzeko izapidea, Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluan aipatzen dena, guztiz aplikatzekoa da Espainiako unibertsitateetako irakasle elkartuen hautapen prozeduretan”.
Antzeko argudioak erabiltzen dira Auzitegi Nagusiaren 2004ko irailaren 14ko eta azaroaren 26ko epaietan.
Halaber, Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiaren zenbait epai aipa daitezke –horien erakusgarria da 2008ko urtarrilaren 18ko epaia (JUR 2008/87399)–, non zehazten baita bereizi beharrekoak direla, batetik, alegatutako merezimendua ez aurkeztea, eta, bestetik, merezimendu bat akatsekin edo gabezia batzuekin aurkeztea. Hain zuzen ere, soilik bigarren kasu horretan izanen luke tokia merezimenduak zuzentzeko aukerak. Horri dagokionez, aipatutako epaiek hauxe diote: “Interpretazioaren ikuspuntu horretatik, tituluren bat ez aurkeztea edo falta izatea akatsak zuzentzeaz bestelako kontu bat da, zeren eta tituluak aurkezteko zama parte hartu nahi duenak hartu behar baitu bere gain. Bide batez, esan dezagun, parte hartzeko eskariarekin ez duela deialdia sortzen; aitzitik, deialdian parte hartzeko hautua egiten du. Bestetik, gainera, hori ez dator bat 30/1992 Prozedura Legeko 71. artikuluko 2. idatz-zatiaren hasieran aipatzen denarekin. Gainera, norgehiagokako prozedura horietan, bereziki garrantzitsua da parte-hartzaile guztien arteko berdintasun printzipioa bermatzea. Izan ere, printzipio hori ez litzateke errespetatuko baldin eta lehiaketan parte hartzeko beharrezkoa den dokumentu bat aurkezten ez duenari aukera ematen baldin bazaio hura aurkezteko eskabideak aurkezteko epea iragan eta ondoren, zeren eta hori hari mesede-tratua ematea balitzateke, deialdiko oinarriak bete dituzten gainerakoen kaltetan. Hori esanik, zehaztu beharra dago sala honek. eta batez ere merezimenduak frogatzeari dagokionean, orain arte bereizi izan dituela dokumentaziorik ez aurkeztea eta dokumentazio akastuna aurkeztea; bada azken kasu horretan, oro har, onartzen da zuzentzeko aukera izatea, Administrazioari exijitzekoa zaion diligentziaren betebeharra dela-eta (1999ko urriaren 5eko epaia, 2.575/95 errekurtsoari buruz emana, eta 2002ko azaroaren 12ko epaia, 63/02 apelazio errekurtsoari buruz emana).”
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Hezkuntza Departamentuari gomendatzea jarraibideak eman diezazkion balorazio batzordeari, kexa-egileak “argitalpenak” eta “unibertsitatean irakasle-lanetan emandako zerbitzuak” ataletan aurkeztutako merezimenduak berriz baloratzeko, oinarrien interpretazio murrizgarriegia egin gabe, eta, kasua bada, zuzentzeko epe bat eman diezaion, dokumentazioan ageri diren eta zuzentzeko modukoak diren akatsak zuzentzeko.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia