Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 27ko 220/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abendua 27

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Inexistencia de preferencia para personas con discapacidad en la adjudicacion de destinos con carácter definitivo, en el ámbito docente

Exp: 10/796/F

: 220

Funtzio Publikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko urriaren 19an, [?] andreak sinatutako idazki bat sartu zen erakunde honetan; haren bidez, kexa bat aurkezten zuen irakaskuntza arloko lanpostuak betetzeko sistemari buruz, eta zehazki behin betiko destinoak esleitzean ezgaitasuna duten pertsonei lehentasunik ez emateari buruz.

    Kexa-egileak azaltzen zuenez, Nafarroako Gobernuko lanpostuak betetzerakoan, oro har, lanpostuak aukeratzerakoan lehentasuna ematen zaie ezgaitasuna duten pertsonei.

    Halere, hark zioenez, irakasle lanpostuak betetzen direnean –lanpostu horien berezitasun bat da destinoak behin-behinekoz eta behin betiko esleitzen direla–, lehentasun hori oso mugatuta dago; izan ere, behin-behineko destinoa esleitzen denean aplikatzen da, baina behin betikoa esleitzean ez da aplikatzen.

    Egoera bidegabea dela zioen, zeren, bere kasuaren gisako kasuetan horrek berekin ekar dezake bizilekutik gertu dagoen lanpostu bat hartu ezin izatea, eta kexa-egileak uste du “Administrazio Erroko” lanpostuekiko ezberdintasun hori zuzendu beharko litzatekeela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.

     

  3. 2010eko azaroaren 11n, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:

    “”[?] andrea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasle funtzionarioa, Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko Bigarren Hezkuntzako irakaslea da.

    Interesdunak Bigarren Hezkuntzako irakasle lanpostua lortu zuen, Hezkuntza Orientazioko espezialitatean, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 28ko 2752/2007 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdian, zeinetan minusbaliatuentzako txandan parte hartu baitzuen. Bere lehen destinoa San Adriango Ega Bigarren Hezkuntzako Institutuan lortu zuen.

    Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretu bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 98. artikuluak ezartzen duenez, “Unibertsitatez besteko irakaskuntzako funtzio publikoan, hautaketa, lanpostuen betetzea, lanbide-sustapena eta barne-sustapena, bai eta Kidegoen eta Mailen berrantolaketa ere, abuztuaren 2ko 30/1984 Legeko hamabosgarren xedapen gehigarriko 10. idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz eginen da, eta estatutu honetan jasotako printzipioen esparruan, foru lege bidez, hezkuntza-sistemaren egiturarekin eta beharrizanekin bat. Aipatu foru legea onetsi arte, Estatuan arlo horiei buruz indarrean dauden xedapenak aplikatuko dira.”

    Aurreikuspen horrekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak foru lege mailarekin onetsitako araudia da aplikatu behar dena irakaskuntzako funtzio publikoan lanpostuak betetzeko eta bertan sartzeko. Ezgaitasuna duten pertsonek lanpostu bat lortzeari dagokionez, hortaz, abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legean xedatutakoa hartu behar da gogoan, besteak beste Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko zazpigarren xedapen gehigarria aldatu zuena, ondoko testua izateko:

    1. Nafarroako administrazio publikoetako lan publikoaren eskaintzetan lanpostu hutsen %5 gorde eginen da %33ko ezgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat, betiere hautapen probak gainditzen badituzte eta, dagokion unean, aipatutako ezgaitasun gradua eta bete beharreko lan eta eginkizunekin bateragarria dela frogatzen badute.

      Pertsona horiek betetako lanpostuek deitutako lanpostuen %3 ez badute egiten, bete gabeko lanpostuen kopurua hurrengo lan eskaintzaren %5eko kupoari gehituko zaio, %10 gehieneko mugarekin.

    2. Hautapen probetan, %33ko ezgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat beharrezkoak eta zentzuzkoak diren egokitzapenak eta denbora eta baliabide doikuntzak eginen dira, hala eskatuz gero, ezgaitasuna duten pertsonek baldintza berdinetan parte har dezaten, ariketaren mamia aldatu gabe, betiere.
    3. Aurreko idatz-zatietan ezarritako ezgaitasun gradua izan eta, edozein txandatan, administrazioan sartzeko deialdi bateko lanpostua lortzen duten pertsonak, lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik egonen dira.

      Aurrerago, kasuan kasuko administrazio publikoko lanpostuak betetzeko deialdietan parte hartzeko, ezgaitasuna bateragarria izan beharko da bete nahi dituzten lanpostuetako lan eta eginkizunekin.

    4. %33ko ezgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek lehentasuna izanen dute aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan daudenei deitzerakoan, betiere hautapen probak gainditu badituzte eta, dagokion unean, aipatutako ezgaitasun gradua bete beharreko lan eta eginkizunekin bateragarria dela frogatzen badute
    5. Ezgaitasuna duten langileentzako txandarako 1. idatz-zatian ezarri den lanpostu kopurutik %20 gorde ahal izanen da, gehienez ere, adimeneko ezgaitasuna duten pertsonek betetzeko, baldin eta atzerapen mental arina edo moderatua eta %33ko ezgaitasuna edo handiagoa dutela frogatzen badute. Erreserba berezi hau ezartzeko, ezgaitasun mota hau duten pertsonen ezaugarrietarako egokiak diren lanpostu hutsak egon beharko dira lan publikoaren eskaintzan.

      Administrazioetan sartzeko deialdiak eta idatz-zati honetan aipatzen diren lanpostuak betetzeko deialdiak bereizirik eginen dira. Proben bidez, gehien bat, izangaiek lanpostuari dagozkion eginkizunetan aritzeko jokabide oinarrizkoak eta ezinbesteko ezagutzak dituztela egiaztatuko da.”

      Ikus daitekeenez, foru erkidegoko funtzio publikoaren esparruko lanpostuetan sartzeari eta lanpostu horiek betetzeari buruzko legediak ezgaituei dagokienez jasotzen duen lehentasun bakarra Administrazioan sartzeko hautapen prozesuetan lanpostua aukeratzeari dagokiona da, hau da, funtzio publikoan sartzeko. Ez da lehentasunik ezartzen lanpostuak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzen den kasuetarako, eta hori da, hain zuzen ere, interesdunak kexa-honen bidez lortu nahi duena.

      Estatuak onetsitako araudiak ere ez du jasotzen [?] andreak eskatzen duena –alegia, ezgaitasuna duten pertsonek lanpostuak aukeratzeko lehentasuna izatea– (horra 1364/2010 Errege Dekretua, urriaren 29koa, arautzen dituena irakasle kidegoetako funtzionarioen estatu mailako lekualdatze-lehiaketak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotzen direnak, bai eta funtzionario horiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk ere, zeinak, ikusi denez Nafarroan ere aplikatu behar baitira, gai hori berariaz arautzen duen foru legerik ez dagoelako). Estatuko araudiak ezartzen duena da lanpostuak gisa horretan betetzen direnean interesdunek egindako eskariei erreparatuko zaiela, baremoan bakoitzak lortutako puntuazioaren hurrenkera zorrotz beteta.

      Hortaz, destinoak behin betikoz aukeratzerakoan interesdunak baliatu nahi duen lehentasun hori ez dago jasota lanpostuak betetzeari buruzko prozedurak ezartzen dituen araudian, eta araudi hori da Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 5eko 2905/2010 Ebazpenaren bidez eginiko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharrekoa.

      Halere, interesduna funtzionario izendatu aurretik Nafarroako Mendekotasun Agentziak egindako bateragarritasun-txostenean aipatzen den beharrizan pertsonala ikusita, zerbitzu-eginkizunetan egotea onartu zaio [?] andreari, bere irakasle-eginkizunak behar bezala bete ahal izatea errazte aldera.

      Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren irailaren 2ko 148/2010 Ebazpenaren bide eginiko gomendioari jarraikiz, berriz, Hezkuntza Departamentuak ondoko neurria hartzeko konpromisoa hartu zuen:

      • [?] andreari aukera ematea Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko Hezkuntza Orientazioko espezialitateko lanpostu bati behin betikoz atxiki dakion Iruñeko “Andrés Muñoz Garde” Hezkuntza Bereziko Ikastetxe Publikoan, ikastetxe horrek bai baitauka zaintzaileen plantilla bat, ikasleekiko bere lana betetzeko aukera emateaz gain, [?] andrearen beharrizanak aintzat hartzeko aukera emanen duena.”

AZTERKETA

  1. Azaldu den bezala, eta kexa-egilearen kasuan gertatzen diren inguruabar zehatzak alde batera utzita, kexa irakaskuntza arloko lanpostuak betetzeko sistemari buruzkoa, eta zehazki behin betiko destinoak esleitzean ezgaitasuna duten pertsonei lehentasunik ez emateari buruzkoa da.

    Hezkuntza Departamentuak igorritako txostenean adierazten den legez, gaur egun ez dago foru lege bat irakaskuntzaren arloko lanpostuak betetzeko prozedura berariaz arautzen duena. Halako legedia berariazkorik ez dagoenez gero, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko zazpigarren xedapen gehigarria aplikatu behar da, abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legeak emandako testuari jarraikiz hain zuzen ere, ezgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez.

    Xedapen horretatik ondorioztatzen da, kasu honi dagokionez, ezgaitasuna duten pertsonek lehentasuna dutela funtzio publikoan sartzeko deialdietan lanpostu bat lortzeari begira, baina ez da gauza bera gertatzen funtzionarioak gero, lehiaketa bidez, lanpostu bat betetzeko prozeduretan parte hartzen duenean.

    Estatu mailako lekualdatze-lehiaketak arautzen dituen Estatuko araudiak ere ez du jasotzen horri buruzko espezifikotasunik, txostenean esaten den legez lehentasuna puntuazioaren araberakoa dela ezartzen baita.

    Hortaz, indarrean dauden xedapenak aplikatu behar dira Hezkuntza Departamentuaren egintzetan.

  2. Hori ez da eragozpen onartzeko ezen irakaskuntzaren esparruan sartzeko sistemak baduela espezifikotasun nabarmen bat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean oro har ezarritako sistemaren aldean, irakaskuntza publikoan sartzeko prozeduran lortzen den destinoa ez baita behin betikoa izaten. Halatan, nahitaez parte hartu behar da behin betiko destinoa lortzeko lekualdatze-lehiaketan, edo bestela esanda, behin betiko lanpostu bat lortzeko bi prozedura jarraitan parte hartu beharra dago.

    Ez da gauza bera gertatzen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko prozedura gehienetan, zeinetan hasieratik bertatik lortzen baita “behin betiko” lanpostua, eta, halatan, lekualdatze-lehiaketetan parte hartzea borondatezkoa da funtzionarioarentzat, eta ez nahitaezkoa. Testuinguru horretan bihurtzen da bereziki garrantzitsua lanpostu hutsak aukeratzeko lehentasuna, Langileen Estatutuko zapigarren xedapen gehigarriko hirugarren idatz-zatian aipatzen dena.

    Hortaz, erakunde honek, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 1.1 artikuluak esleitzen dion eginkizunarekin bat –Konstituzioak babesturiko eskubide eta libertateak defenditzeko eta hobeki babesteko eginkizunarekin bat– eta ezgaitasuna duten pertsonek enplegu bat lortzeari dagokionez botere publikoen jardunak bete beharreko printzipioei jarraikiz, Hezkuntza Departamentuari iradokitzen dio auzia azter dezan eta, kasua bada, izan beharreko maila izanen duen arau bat onestea susta dezan, bere kudeaketaren esparruan lehentasuna emate aldera ezagaitasuna duten pertsonei lanpostuak aukeratzerakoan, baita behin betiko destinoa lortzeko funtzionarioaren parte-hartzea derrigorrezkoa den prozeduretan ere.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Hezkuntza Departamentuari iradokitzea auzia azter dezan eta, kasua bada, izan beharreko maila izanen duen arau bat onestea susta dezan, bere kudeaketaren esparruan lehentasuna emate aldera ezagaitasuna duten pertsonei lanpostuak aukeratzerakoan, baita behin betiko destinoa lortzeko funtzionarioaren parte-hartzea derrigorrezkoa den prozeduretan ere.

     

  2. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari iradokizun hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, iradokizuna ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

     

  3. Kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia