Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Relaciona diversas deficiencias en el mantenimiento de las infraestructuras
Exp: 09/731/O
Nº: 260
Herri lanak
2009ko abenduaren 1ean, interesdunaren idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Iruñeko Udalaren aurka, Arrosadian inbertsiorik egiten ez duelako.
Kexa-egileak azaltzen du udalak ia inbertsiorik bat ere ez duela egiten auzoan, eta, beraz, Arrosadia auzoa baztertu egiten dela gainerako auzoen aldean. Esate baterako, kexa-egilearen esanetan, BEPBrik ere ez du. Auzoko azpiegituretako gabeziak ere azaltzen ditu; honakoak, besteak beste:
Joaquín La Regla kalean txabiske gehiegi daude, eta aparkatzeko arazoak sortzen dituzte.
Halaber, kexa-egileak proposatzen du Larrabide estadioa, zeina oso gutxi erabiltzen baita, parke bihur dadila.
Amaieran eskatzen du Arrosadia auzorako plan integral bat egin dadila.
Adierazi beharra dago, lehenbizi, idazkietan edo 010era egindako abisuetan (telefono zenbaki hori horrelako arazoei erantzuteko udal zerbitzu iraunkorra da), ez dela [?] jaunak egindako kexarik ageri.
Aipatutako gai zehatzei dagokienez, honakoa adierazi behar dugu:
Espaloiak inklinatuta daude, estuak dira eta mailak dauzkate (Goroabe eta Jesús Guridi kaleak); minusbaliatuentzako arrapalarik ez dago, eta espaloiak egoeran txarrean daude (Zangoza kalea).
Espaloi batzuetako inklinazioak (Goroabe eta Jesús Guridi kaleak, besteak beste) ez dira gehiegizkoak; nolanahi ere, ezin saihestuzkoak dira, eremua nolakoa den ikusita. Izan ere, desnibel handiak eta malda longitudinal eta zeharkako malda nabarmenak daude. Inguruabar horietan, guztiz ezinezkoa da, eta jada aztertua izan da, irisgarritasuna errazteko elementuak (arrapalak, beherapenak) jarri auzoko eremu publiko guzti-guztietan, irisgarritasunari buruzko arau indardunak hertsiki betetzeko. Hala eta guztiz ere, zehaztu beharra dago irisgarritasunaren arazoari bai eman zaiola konponbidea Gayarre eta Isaac Albéniz kaleen kantoia bezalako toki estrategikoetan. Halaber, igogailua paratu da Arrosadia auzoa eta Abejeras kalea lotzeko, Zaragoza etorbidetik.
Baldosen egoera hain txarra da non maiz istripuak izaten baitira.
Galtzaden, espaloien, hiri altzarien, argiteriaren eta lorategien mantentze lanak, Arrosadia auzoan hiriko gainerako auzoetan erabiltzen diren irizpide berdinekin egiten dira.
Tokiko Inbertsioetarako Estatuko Funtsen bitartez 2009an zenbait jarduera egin dira; esate baterako, Queiles Ibaia kaleko eta Zaragozako etorbideko espaloiak berritu; arkitektura-oztopoak kendu, banku berriak jarri, zuhaitz txorkoak jarri, bankuak berritu eta zoladura guztia berriztatu Queiles Ibaia, Blas Laserna eta Urederra kaleen artean dagoen plazan; eta Santa Zezilia Plazako erreforma integrala. Era berean, Zaragozako etorbideko tarte batzuk eta Guelbenzu kalea asfaltatu dira.
Zirkulazio gehiegi dago Monjardín eta Goroabe kaleetan.
Hiri guztietan bezala, zirkulazioaren arteriek herritarrek duten mugigarritasuneko premiari erantzuten diote. Sare horrek, aldi berean, hiriaren garapen ekonomikoa errazten du. Eraikuntza ezaugarrien arabera eta bidaiak erakartzeko eta sortzeko puntuekin batera, bideen hierarkia edo kategoria batzuk ezartzen dira: batzuk bide nagusiak dira, beste batzuk bigarren mailakoak eta beste batzuk, berriz, bizitoki hutsak.
Monjardin kaleko bidea zirkulaziorako arteria nagusi bat da. Hauxe da bide horren egitura: aparkalekuak daude, zirkulaziorako errei bikoitza norabide batean, mediana, zirkulaziorako errei bikoitza beste norabidean eta aparkalekuak. Bide nagusi horrek aukera ematen du bigarren mailako adarrekin lotzeko eta, era berean, beste auzo batzuetako edukiera bereko bideekin lotuta dago. Gaur egun, Arrosadia eta Santa María la Real auzoetan hirigintza-garapen berrietako obren eragina pairatzen ari da.
Hori dela eta, hiri-egitura berria sortzen ari da eta ibilgailuen joan-etorriak ere banatu egiten dira. Ekialdean bide berriak zabaltzearekin (Joan Paolo II.a, Eguesibar, Badoztaingo errepidea...) eta Taxoare kalea aldi baterako ixtearekin, areagotu egin da Monjardín kaleko zirkulazioa. Bestalde, kale horretako ibilgailuen kopurua antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuen oso antzekoa da. Egoera horrek, zalantzarik gabe, hobera eginen du hirigintza garapen berriak betetzen doazen neurrian eta zirkulazio bide berriak zabaltzen diren heinean.
Goroabe kaleak honako egitura dauka: lineako aparkalekuak, norabide bakarreko zirkulazioa Zangoza kalerantz eta erdi zeharkako aparkalekuak. Kale hori, daukan egiturarengatik eta lotzen dituen zirkuituengatik, ez da komunikaziorako bide nagusitzat hartzen, eta hartan, ibilgailuen zirkulazioak ez du munta handiegirik.
Gune berde gutxi daude eta gaizki zainduta daude (Gayarre kalearen eta Zangoza kalearen kantoian).
Auzo horretako gune berdeak egiazki ez dira ugari. Horren arrazoia da haiek ezartzeko behar diren espazioak falta direla. Egoera horren oso antzekoa da, neurri batean, Iruñeko Alde Zaharrean dagoena, hartan ere eremuak oso mugatuta baitaude. Errealitate hori onartuta, Iruñeko Udal Planean aurreikusi da espazio askeak eta gune berdeak sortzea Arrosadia auzoaren perimetroan, eta horretarako hirigintza-garapen berriak aprobetxatu dira. Esate baterako, Felisa Munárriz plaza berria eraiki da Zaragozako Etorbidean. Hegoaldeko hertzean, Arrosadian, antzeko beste plaza bat eraikitzen ari da. Blas de Lasernako antzinako orubean (Galleren orubea) 8.000 m2 baino gehiago dituen plaza berri bat egin da. Hemendik gutxira Ilargi Enea Parkea berrantolatu eta zabalduko da, NUPeraino luzatuz. Isaac Albéniz kalea oinezkoentzat egokitu da. San Rafael plaza eta beste batzuk berrurbanizatu dira, eta, nolanahi ere, gune berdeak hiriko gainerako tokietan bezalatsu mantentzen dira.
Zangoza kaleko postontzi bat tokiz aldatu dute eta lehengoa zegoen tokian gelditu den zuloa ez da estali: arrisku handia dago oinezkoentzat.
Oso arazo puntuala da hori. Zehatz-mehatz definitu ez denez, udal zerbitzuek ezin izan dute arazoa kokatu. Hala eta guztiz ere, adierazitako arazoa egiaztatu eta, kasua bada, konponbidea emanen zaio.
Goroabe kalean ez dago paperontzirik eta astelehen batzuetan ez dute kalea garbitzen.
Paperontzien eta hiri altzarietako beste elementu batzuen dentsitatea, bai eta kaleak garbitzeko maiztasuna, Iruñeko beste auzo batzuetan aplikatzen diren berberak dira.
Santa Zezilia plazan egin beharreko inbertsioa osatu gabe dago. Bankuak falta dira.
Bereziki harrigarria da Santa Zezilia plazari buruzko aipamena. Gorago adierazi dugun bezala, plaza horretan elementu guztiak sakonki berritu dira. Banku gehiago eskatzea ohikoa da hiriko toki guztietan, eta irizpide teknikoei eta erabilgarritasuneko irizpideei jarraituz erantzuten da. Horrenbestez, kontuan hartzeko zerbait da, baina gure iritziz ez du adierazten “inbertsiorik ez dela egiten”.
Joaquín La Regla kalean txabiske gehiegi daude, eta aparkatzeko arazoak sortzen dituzte.
Ez dugu ulertzen kexan “txabiske” hitza esaten denean zer esan nahi den.
Esan nahi bada bide publikoa obretarako hesiekin aldi baterako okupatzea, obra pribatuak nahiz publikoak egin behar direlako, eta horrek kale horretan aparkatzea zailago suertatzea eragiten duela, kale horretara ikuskapen bisita egin dugu, eta atzeman dugu ikuskapenaren unean obretarako okupazio bat dagoela aparkatzeko bi tokitan eragina izan dezakeena.
Esan nahi bada “gazteen lokalak” daudela, eta haien aurrean, agian, autoak aparkatzen direla, egia da Larregla kalean bi lokal badaudela, biltzeko tokiak izateko lizentzia indarrean dutenak. Lizentzia horiek jarduera horretarako eman ziren hain zuzen ere, exijitzekoak diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren. Lokal horien funtzionamenduak, hiriko beste toki batzuetan gerta daitekeen bezala, eragin dezake haien erabiltzaileek ibilgailu pribatuarekin bertaraino joan nahi izatea eta alde horretan aparkatu nahi izatea. Horretarako, zalantzarik gabe, eskubidea dute. Besterik da autoak bigarren ilaran aparkatzea (Joaquín Larregla kaleak linean aparkatzeko bi eremu dauzka eta zirkulaziorako errei bakarra), baina hori udaltzainek kontrolatu ohi duten afera da.
Larrabide estadioa parke bihurtzea, gutxi erabiltzen baita.
Larrabide estadioa kirol dotazio publiko bat da eta Nafarroako Gobernuak kudeatzen du. Nolanahi ere, hura parke publiko bilakatzeko egun duen hirigintza kalifikazioa aldatu beharko litzateke, justifikatu ondoren planeko dotazioen oreka ez dela aldaraziko. Bada, udal planaren aurreikuspenen arabera, beharrezkoa izanen litzateke hura ordezteko beste dotazio publiko bat aurkitu, eta haren erabilera ere guztiz justifikatu beharko litzateke plana aldatzeko hirigintza-dokumentuan.
Bestalde, bilatzen dena baldin bada instalazioak parke publiko gisa erabiltzea aldi baterako eta erabilera hori kirol erabilerarekin bateragarria izatea (erabilera hori bai izanen litzateke bidezkoa hirigintzaren ikuspuntutik), instalazioen egungo funtzionamendua sakonki berraztertu beharko litzateke, baina ez dirudi hori une honetan posiblea denik.
Badirudi auzorako plan integral bat egiteko eskaria idazkiaren eduki osoaren ondorio bat dela, eskatzaileak ulertzen baitu auzoak gaur egun gabezia handiak dituela.
Eta horrek lotura dauka idazkiaren hasieran baieztatutakoarekin, alegia, Arrosadiak ez duela BEPBrik, eta hiriko gainerako auzoek, berriz, bai.
Horri buruz esan beharra dago auzo hori ez dela planeamendu-figura hori falta duen bakarra, ezta gutxiagorik ere. Are gehiago, hiri lurzoru finkatuetan horrelako planak, auzo mailakoak, Alde Zaharrak (BBBPBa, kasu honetan) eta Lehen Zabalguneak eta Bigarren Zabalguneak baizik ez dituzte.
Egia da bai zenbait eremutan plan bereziak badaudela, baina sekula ez auzo oso baterako BEPB batek izaten duen norainokoarekin.
Are gehiago, Arrosadia auzoak eskala partzialeko BEPB bat badauka, zeinari hain zuzen ere “Arrosadia auzoaren BEPBa” esaten baitzaio. Plan berezi horrek eragina du Zaragozako etorbidean eta Zangoza etorbidean, eta aukera eman du, esate baterako, arestian aipatu dugun Felisa Munárriz Plaza eraikitzeko, lur azpian egoiliarrentzako aparkalekuak eta guzti.
Halaber, antzeko norainokoa izan duten planak egin dira; esate baterako, jada aipatu dugun Galleren orubearena. Edo norainoko txikiagoko planak ere bai; esate baterako, antzinako zurgindegi bat zegoen toki batean, Guelbenzu eta Manuel de Falla kaleen eta Urrobi Ibaia zeharkalearen kantoian plaza berri bat eraikitzea bideratu duen plana. Edo Cidacos Ibaiaren kalean eraiki den plaza txikia, arestian bertan zeuden eraikinak eraitsi ondoren.
Eta norainoko handiko neurri gisa, aipa daiteke plan bereziaren prestaketa, auzoan igogailuak ezartzeko. Neurri hori Iruñeko Udalak bultzatu du auzokideen eskari garrantzitsu horri konponbidea emateko.
Gainera, beste ekintza batzuk egiten ari dira edo abian dira; esate baterako:
Eta hori guztia ahaztu gabe energia aurreztearekin lotutako jarduera ugari egin direla; esate baterako:
Azaldutako guztia dela eta, uste dugu Arrosadia auzoan bai egin direla eskatzaileak eskatutakoaren ildotik jarduera ugari, nahiz eta haiei ez zaien berariaz “plan integrala” izendapena eman. ”
Kexaren xedea da agertzera ematea Arrosadia auzoko hirigintzaren eta dotazioen arloko gabeziak, eta salatzea udalak auzo horretan ez duela inbertsiorik egiten. Horrek, kexa-egilearen esanetan, bazterkeriazko jokabide bat dakar udalaren aldetik, auzo horri ez zaiolako ematen Iruñeko beste auzo batzuei ematen zaien arreta bera.
Bere aldetik, udalak, kexaren xedeari buruz igorritako txosten luze batean, justifikatu nahi du –eta neurri handi batean justifikatzen du– horrelako bazterkeriarik ez dagoela; izan ere, txostenean esaten den bezala, udalak auzoan inbertsioak egiten ditu eta auzoa Iruña hiriko gainerako auzoak zaintzen dituen bezala zaintzen du. Besterik da, txostenean esaten den bezala, auzoaren ezaugarri batzuk direla medio materialki ezinezkoa dela hobekuntzak egitea kexa-egileak eskatzen duenaren ildotik.
Emandako eta aztertutako datu guztiak kontuan izanda, ezin da atzeman Arrosadia auzoko bizilagunek herritar gisa dituzten eskubideak nabarmenki eta zehazki urratu direnik. Hala eta guztiz ere, aurrekoa ezertan ere kendu gabe, egia da, era berean, auzo horretan hirigintzaren eta dotazioen arloko zenbait hobekuntza egin daitezkeela. Horietako batzuk kexa-egileak iradokitzen ditu eta udalak berak ontzat jotzen ditu.
Hori dela eta, uste dugu txalogarria dela Iruñeko Udalari iradokitzea kontzientzia har dezan kexa-egilearen eta Arrosadia auzoko bizilagunen kezkak direla eta, eremu publikoen mantentzeari eta hobekuntzari buruzko udal politika gauzatzerakoan, lehentasuna emateko hirigintzako, dotazioetako edo beste arlo batzuetako gabeziak ahal den guztian arintzera zuzendutako jarduerei, horrelakoak bai baitaude aipatutako auzoan. Halaber, bidezkoa da iradokitzea udalak kontrol exhaustiboagoa egin dezala bizilagunei gehiegizko eragozpenak eragin ahal dizkieten jardueren gainean.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Iruñeko Udalari iradokitzea ezen eremu publikoak mantentzeko eta hobetzeko udal politika betetzerakoan, lehentasuna eman diezaiela Arrosadia auzoan dauden hirigintza-gabeziak, dotazioen arlokoak nahiz beste arlo batekoak, ahal den guztian arintzera bideratutako jarduerei, eta kontrol exhaustiboagoa egin dezala bizilagunei gehiegizko eragozpenak eragin ahal dizkieten jardueren gainean.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari iradokizun honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia