Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Denegación del reconocimiento del derecho a la jubilacion voluntario por fala de reconocimiento de periodo de prestación de servicios religiosos
Exp: 10/766/F
Nº: 217
Funtzio Publikoa
2010eko urriaren 7an, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan; haren bidez, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurkako kexa bat aurkezten zuen, borondatezko erretirorako eskubidearen aitorpena ukatzeagatik eta erabaki hori dela-eta jarritako gora jotzeko errekurtsoa ez ebazteagatik.
Interesdunak azaltzen zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa dela eta 2010eko apirilaren 21ean jakinarazi zitzaiola Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren apirilaren 21eko 941/2010 Ebazpena, zeinaren bidez ukatu baitzitzaion borondatezko erretirorako eskubidearen aitorpena. Ebazpen horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zion maiatzaren 17an Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari, eta, azaltzen zuenez, legez ezarritako epea iragan zen arren, Administrazio Publikoak ez zuen bete ebazpena eman eta hartutako erabakia jakinarazteko betekizuna.
Sortutako gatazkaren mamiari dagokionez esaten zuen Nafarroako Gobernuak 1977ko ekainaren 8tik aurrerako antzinatasuna onartua diola, eta horretaz gainera erlijio-gizona izan zela 1965eko abuztuaren 16tik 1973ko martxoaren 9ra bitarte, eta, epe horri dagokionez 8 urte, 2 hilabete eta 27 eguneko epea aitortzen diola Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak, Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatutako epe gisa. Epe hori zenbatu zitzaion eta Gizarte Segurantzako araubide berezian sartu zen, hain zuzen ere, urriaren 2ko 1512/2009 Errege Dekretua aplikatu zitzaiolako, atzerriko herrietan erlijio-eginkizunetan emandako denbora kotizatutako epe gisa aitortzea ahalbidetzen baitu. Aitorpen hori, interesdunak zioenez, administrazio-espedientean egiaztatu zen, lan-bizitzari buruzko txostena eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emandako ziurtagiria aurkeztuta.
Interesdunaren esanetan, kexa eragin zuen ebazpenak ondokoa du oinarri: sekularizatutako erlijio-gizon ohien kontzeptuarengatik Langileen Araubide Berezian kotizatutzat emandako epeak ez dira aitortzen, 1998ko zenbait errege dekretu aplikatzearen ondorioz, baina hori ez da oztopo izan Gizarte Segurantzak epe horiek aitortzeko.
Kexa-egilearen ustez, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren jokabideak Konstituzioak ezarritako berdintasun-printzipioa urratzen du; izan ere, ez ditu kotizatutzat aitortzen atzerrian erlijio-eginkizunetan emandako zenbait epe, eta ez du aintzat hartzen Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak bai zenbatzen dituela, entitate kudeatzaile horrek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu zen legez, nahiz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ziurtagiri hori onartu ez.
Interesdunak azaltzen zuenez, bere eskariari emandako ukoaren oinarrian dago 10/2003 Foru Legeko seigarren xedapen gehigarria dela-eta egindako irakurketa, zeinak xedatzen baitu “Eliza Katolikoko apaiz edo erlijio-gizon nahiz -emakume izan eta geroztik sekularizatu edo erlijio lanetik gelditu baziren, apaiz edo erlijio langile izandako aldiak ere aitortuko zaizkiela eskubide pasiboen kontaketarako, Gizarte Segurantzako araudian aurreikusten den moduan”. Interesdunak zioen Diruzaintza Nagusiak kotizatutako epe gisa aitortzen diola epe hori, hain zuzen ere Gizarte Segurantzako araudiari jarraikiz, eta, halere, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak oso bestelako ondorioa ateratzen duela.
Interesdunak zioen ezen abenduaren 4ko 40/2007 Legeko hamalaugarren xedapen gehigarriak berariaz arautzen duela kotizatutako epeen aitorpena, Gizarte Segurantzaren sisteman eta Nafarroako Administrazio Publikoen Montepioetan afiliatuta egon direnei dagokienez, eta aitorpen hori elkarrekikotasun printzipioan oinarritzen dela. Zioenez, Gizarte Segurantzari buruzko araudi indarduna da hain zuzen ere 10/2003 Foru Legearen ondorioei begira aintzat hartu behar dena, eta, horrenbestez, aldeetako bakoitzak aitortutako epeak zenbatu behar dira elkarrekikotasun printzipio horrekin bat. Halatan, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak epe horiek aitortzen baldin baditu eta hori egiaztatuta baldin badago, Nafarroako Gobernuak ezin du aitorpen hori saihestu, horretan datzalako kotizatutako epeen elkarrekiko zenbaketa sistema, 40/2007 Legeak ezartzen duena.
Zioenez, jokabide hori diskriminatzailea da eta muzin egiten dio 40/2007 Legetik heldu den agertoki juridikoari: sistema batean nahiz bestean (Gizarte Segurantzan eta Nafarroako Administrazio Publikoen Montepioan) emandako epeak aitortzea batak besteari, administrazio-fede publikoa oinarri, halako moduan non aldeetako batek ezin dien balioa ukatu bestearen egintzei.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraituz, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.
Kexa-egileak salatzen zuen, batetik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ez zuela bete legeak ezartzen dion betebeharra –berak aurkeztutako errekurtsoa araudi indardunean ezarritakoari jarraikiz ebatzi beharra–, ebazpena eman eta jakinarazteko epea agortuta egintza hori bete gabe zegoelako.
4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta errekurtsoak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betekizun hori epe jakin batean bete behar da, eta epe hori, lege horretako 115.2 artikuluan xedatutakoaren arabera hiru hilabetekoa da gora jotzeko errekurtsoen kasuan.
Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea dutela, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eremuan, betebehar hori berretsi zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodeak, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduaren bidez onetsitakoak.
Aztergai dugun kasu honetan, argi dago Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak legezko betebehar hori urratu duela; izan ere, errekurtsoa 2010eko maiatzaren 17an jarri zen, eta haren ebazpena ez zen 2010eko azaroaren 2ra arte eman; alegia, bost hilabete eta erdi igaro arte.
Horrenbestez, erakunde honek arrazoizkotzat jo behar du auzi horri buruzko kexa, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpena egin behar dio, hartu beharreko neurriak har ditzan langileei buruzko errekurtsoak legeak ezarritako epean ebatz ditzan, arestian aipatutako legezko xedapenek ezartzen duten moduan eta administrazio egokia izateari dagokionez legegileak herritarrei aitortzen dien eskubideak exijitzen duen moduan.
Kexan planteatzen den auziaren mamia da ea interesdunak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa denak eta martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legetik heldu den eskubide pasiboen araubide iragankorrari atxikirik dagoenak, eskubiderik duen borondatezko erretiroa aitor dakion.
Martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeko 26.b) artikuluak ezartzen duenez, erretiroa borondatezkoa izan daiteke. Interesdunak hala eskatuta deklaratuko da, betiere interesdunak hirurogei urte bete eta hogeita hamabost kotizazio urte egin baditu. Aurreikuspen hori foru lege bereko 37. artikuluan ere jasotzen da, borondatezko erretirorako baldintza gisa ezartzen baitu “hogeita hamabost urtez kotizatu duela frogatzea, eta horietatik bi, gutxienez, pentsio eskubidea sortu aurre-aurreko hamabost urteetan.”
Funtzionarioak Nafarroako Administrazio Publikoen eskubide pasiboen sisteman kotizatutako denbora ez da oraindik iristen hogeita hamabost urteko epera –egoera hori 2012ko ekainaren 7an gertatuko litzateke–, eta hark nahi duena da sistema horren barruan aitor dakion borondatezko erretiroa hartzeko eskubidea. Hortaz, argitu beharrekoa da ea, aurretiazko erretiroa hartzearen ondorioetarako, egiazko kotizazio-aldia osatzeko gehitu behar den interesdunak erlijio-lanetan emandako denbora, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak ziurtagiri bat eman baitu, zeinean Langile Autonomoen Araubide Bereziari kotizatutako denbora gisa ageri baita jasota denbora hori.
Horri dagokionez, 10/2003 Foru Legeko seigarren xedapen gehigarriak ondokoa ezartzen du “eskubide pasiboetarako, apaiz edo bestelako erlijio-langile izandako funtzionarioei jarduera horien aldiak ere kontatzea” izenpean:
“Foru lege honek indarra hartu ondoren Nafarroako administrazio publikoen montepioetan eskubide pasiboak sortzen dituzten funtzionarioei, eta bai lehenagotik montepio horietan erretiro pentsiodunak direnei ere, Eliza Katolikoko apaiz edo erlijio-gizon nahiz -emakume izan eta geroztik sekularizatu edo erlijio lanetik gelditu baziren, apaiz edo erlijio langile izandako aldiak ere aitortuko zaizkie eskubide pasiboen kontaketarako, Gizarte Segurantzako araudian aurreikusten den moduan.”
Xedapen gehigarrian adierazitakoari jarraikiz, aintzat hartu behar dena da ea zer ezartzen den Gizarte Segurantzaren esparruan apaiz edo erlijio langile izandako aldiak aitortzeari dagokionez. Horri buruz argi dago 10/2003 Foru Legean xedapen hori sartu dela foru legegileak jakin badakielako Gizarte Segurantzaren esparruan erlijio langile izandako aldiak arautzen direla, eta araubide hori berezitzat jo beharra dagoenez, araubide hori da bete beharrekoa.
Hain zuzen ere, Zerga, Administrazio eta Gizarte arloko Neurriei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legeko hamargarren xedapen gehigarrira jo beharra dago lehenengo eta behin, Gobernuari agintzen baitio onets ditzan “lege hau onesten denetik gehienez ere sei hileko epean, behar diren arau gisako xedapenak apaiz eta erlijio-gizon eta -emakume sekularizatuen kasuan, beren ministerioan edo erlijioan lanean aritu ziren aldia kontatzeko, aldi hartan kotizatzerik izan ez zutenean Gizarte Segurantzaren sisteman ez egoteagatik, zertarako-eta ukatutako erretiroko pentsioa jasotzeko eskubidea aitor dakien nahiz aitortuta daukaten zenbatekoaz gorako beste zenbateko bat aitor dakien.”
Aipatu lege-asimilazio hori, hortaz, egokitu nahi den errealitate batetik abiatzen da: Talde horiek berandu sartu izana Gizarte Segurantzaren sisteman, eta horrek bere garaian kotizatu ezina ekarri baitzuen (horri dagokionez, adierazi beharra dago Eliza Katolikoko erlijio-gizon eta -emakumeak abenduaren 9ko 3325/1981 Errege Dekretuaren bidez sartu zirela Gizarte Segurantzaren norbere konturako langileen edo langile autonomoen araubide berezian, abuztuaren 20ko 2530/1970 Dekretu bidez araututakoan). Asimilazio hori, legean berean adierazten denez gero, helburu jakin batekin egin zen, aipatutako xedapeneko azken lerrokadan azaldutako helburuarekin hain zuzen ere. Aurrerago itzuliko gara horretara.
13/1996 Legeko hamargarren xedapen gehigarrian Gobernuari ematen zaion aginduak ekarri zuen martxoaren 27ko 487/1998 Errege Dekretua eta abenduaren 11ko 2665/1998 Errege Dekretua onestea; lehenengoaren bidez, sekularizatutako Eliza Katolikoko erlijio-gizon eta -emakumeei Gizarte Segurantzari kotizatutako denboratzat aitortzen zaizkie apaiz edo erlijio langile izandako aldiak, eta bigarrena, berriz, aurrekoaren osagarria da. Urriaren 2ko 1512/2009 Errege Dekretuak, berriz, aldaketak egin ditu erregelamendu horietan, zeren Espainiako lurraldetik kanpo egindako erlijio-jarduerako aldiak ere kotizatutako denboratzat aitortzea ahalbidetzen baitu. Kexan adierazten denaren arabera, diruzaintzak azken aurreikuspen hori dela-eta –atzerrian egindako erlijio-zerbitzuen aitorpena– eman zuen ziurtagiria, interesdunak bere eskubidearen defentsan aldarrikatzen duena.
Aipatutako erregelamenduek, asimilazio-gaia legegileak zehaztutakoa dela abiaburu, asimilazioa baliatu ahal izateko beharrezkoak diren baldintzak zehazten dituzte, eta orobat arautzen dute zein diren interesdun onuradunei hortik heldu zaizkien pentsio-kapitalizazioko betekizunak.
Legegileak asimilazio horren bidez lortu nahi duen helburua da –eta hala dago jasota aipatutako erregelamenduetan ere– erretiro-pentsioa jaso ahal izatea edo aitortutako pentsioaren zenbatekoa handiagoa izatea sekularizatutako erlijio-gizon eta -emakumeek, zeinei kotizatutako denboratzat kontatuko baitzaie kotizazio hori egiterik izan ez zuten aldian egindako erlijio-lana, taldea ez zegoelako Gizarte Segurantzaren sisteman sartuta garai horretan.
Halatan, bilatutakoaren norainokoan sakonduz, Auzitegi Gorenaren 2009ko abenduaren 15eko epaiari jarraikiz, ondoriozta daiteke asimilazioaren helburua –eta, hortaz, ukitutako taldeena– bikoitza dela: Alde batetik, erlijio-lana egin zuten denbora kontatu ezean eskubidea sortzerik ez dutenek erretiro-pentsioa jaso ahal izatea –horretarako eskatzen den hamabost urteko epera ez iristeagatik–, eta, beste alde batetik, aitortutako pentsioaren zenbatekoa handiagoa izan ahal izatea, erretiroa hartzeko eskubidea dutenei –egiaz egindako kotizazioengatik, prestazioa arautzen duten xedapenekin bat–, erlijio-lanetan emandako denborarengatik asimilatutakoak gehituta.
Asimilazioaren helburua hori izaki (oraindik ere erretiroa hartu ez dutenei buruz berriro diogu: hamabost urteko gutxieneko epea bete ahal izatea), ezin da ondorioztatu legegileak bilatzen ez zituen ondorioak izan behar dituela asimilazioak. Bestela esanda, 13/1996 Legean jasotzen den asimilazioa –Nafarroako Administrazio Publikoetako pasiboen araubidean berdin-berdin aplikatzekoa dena– ez da pasiboen sistemaren zeinahi ondoriotarako egiten, baizik eta lege horretan adierazitakoaren ondorioetarako. Halatan, Gaztela-Leongo Auzitegi Nagusiaren 2009ko otsailaren 10eko epaiak ezetsi egin zuen ondorioak baliaezintasuneko pentsio baten kasuan ere aplikatzea.
Erakunde honen iritziz, ondorioen hedapena gertatuko litzateke baldin eta borondatezko erretiroari buruzko arauetan ezartzen den hogeita hamabost urteko kotizazio-epearen baldintza bete gabe onartuko balitz aipatutako erlijio-lanetako epeak ere kontatzea.
Horrenbestez, erakunde honek ez du uste Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren ezetzak antolamendu juridikoan aitortutako eskubideak urratzen dituenik.
40/2007 Legeko hamalaugarren xedapen gehigarrian aipatzen den elkarrekiko zenbaketaren araubideak, Gizarte Segurantzaren sistemaren eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Montepioen artekoak, ez dio orain arte arrazoitutakoari aurka egiten; izan ere, ikusi denez gero, kasu honetan duguna ez da gizarte segurantzaren sistemari ezein ondoriotarako edo lortu nahi diren prestazioetarako egindako egiazko kotizazio bat, baizik eta lege-asimilazio bat, adierazitako helburuarekin egiten dena. Halatan, baliatutako asmoa izaki borondatezko erretiroa aitortzea Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eskubide pasiboen sisteman, hain zuzen ere horretarako ez delako zenbatu Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emandako ziurtagiri bidez frogatutako erlijio-lanetan emandako denbora, aipatu araudiaren esparruan Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatutakotzat hartutakoa, ezin da ondorioztatu, ezta ere, Foru Komunitateko Administrazioa azken horren egintza bat berrikusten edo baliogabetzen ari denik.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen Foru Legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarrek jarritako gora jotzeko errekurtsoak ebaztera eta ebazpena jakinaraztera, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26eko 30/1992 Legeak ezarritako hiru hilabeteko epean hain zuzen ere, bai eta herritarrek dagozkien auziak ongi administratzeko duten eskubidea baliagarria egite aldera hartu beharreko neurriak hartzera ere.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta neurriak hartzen dituen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia