Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 20ko 216/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abendua 20

Ogasuna

Gaia: Disconformidad con periódo de concesión administrativa por utilización de nicho en el cementerio y de tasas

Exp: 10/873/O

: 216

Ogasuna

AURREKARIAK

  1. Aurtengo azaroaren 17an, [?] jaunak kexa bat aurkeztu zuen erakunde honetan; haren bidez, Tuterako Udalaren aurkako kexa bat aurkeztu zuen, nitxoen kontzesioa luzatzearen tasa baten kitapena dela eta.

    Azaltzen zuenez, bere ama, [?] andrea, Tuterako hilerrian 1982an eraikitako aldeko 18. nitxoan dago ehortzirik, eta Tuterako Udalak titulartasuna lagatze aldera bere aitari 1983ko maiatzaren 18an emandako administrazio-dokumentuan ez zen jasota ageri nitxoaren gaineko inolako denbora-mugarik.

    Zioenez, Tuterako Udalaren Tokiko Gobernu Batzarraren erabaki bat jaso zuen iaz, nitxoen titulartasunaren kontzesioa hamabost urtez luzatzeari buruzko kitapena onesten zuena. Hartara, erabaki horrekiko desadostasuna erakusten zuen, Udalak 1983an emandako dokumentuan ez zelako zehazten hamabost urteko muga hori. Interesdunaren ustez, bere ama ehortzi ondoren Udalak denbora-muga bat ezarri baldin badu, muga hori ezin zaie atzeraeraginez aplikatu lehenago egindako ehorzketei.

    Hortaz, ez zenez inolako denbora-mugarik ezarri, haren ustez Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 123. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko litzateke, zeinak ezartzen baitu administrazio-kontzesioak ez direla laurogeita hemeretzi urtetik goitikoak izanen.

  2. Kexa jasota, Tuterako Udalera jo nuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko.

2010eko azaroaren 30ean, Udalak egindako txostena sartu zen erakundean, eta bertan, honakoa azaltzen da:

“Nitxoen kontzesioa luzatzeko tasaren kitapenarekin ados ez egoteagatik [?] jaunak 2010eko azaroaren 17an Arartekoari aurkeztu zion kexa ikusita (10/873/0 espedientea), ondokoa adierazi behar dut:

BAT.- Tuterako Udala iaz hasi zen hilerriko zerbitzuei buruzko datuak informatizatzen eta gaurkotzen, zerbitzu horiei dagokienez xede publikoak betetzean eraginkortasuna hobetze eta areagotze aldera. Informatizazio horri esker, nitxoen titulartasunaren lagapenaren nahiz epeen betetzearen kontrola ezarri ahal izan da. Epea gehienez ere hamabost urte luzagarrikoa dela ezarrita dago.

Tokiko Gobernu Batzarrak 2009ko maiatzaren 22an hartutako erabaki bidez onetsi zen kitatzea hilerriko nitxoen titulartasunaren kontzesioen luzapena, hamabost urtekoa, Hilerriko Zerbitzuen Tasak arautzen dituen Ordenantza Fiskalean ezarritakoari jarraikiz.

BIGARRENA.- Tuterako Udalak hamabost urte luzagarriko eperako eman ohi du nitxoen titulartasuna, titulartasuna lagatze aldera alkateak eta udal idazkariak sinatutako administrazio-dokumentu baten bidez.

Halatan, Gobernu Batzarraren erabaki horretan zehaztuta ageri ziren 2008ko abenduaren 31n hamabost urteko epea agorturik zuten kontzesio guztiak, kontzesio-hartzaileek kontzesioa luzatzeari ekin ziezaioten horretarako ezarritako tasa ordainduta edo, bestela, kontzesioari uko egin ziezaioten.

HIRUGARRENA.- [?] jaunak dio nitxoaren titulartasuna eman zitzaionean ez zela 15 urteko epea ezarri, eta, haren ustez Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 123. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko litzatekeela, zeinak ezartzen baitu administrazio-kontzesioak ez direla laurogeita hemeretzi urtetik goitikoak izanen.

Udalak 1983an emandako dokumentuan jasota ageri dira nitxoaren titulartasunaren lagapena eta 22.000 pezeta ordaindu izana; zenbateko hori bat dator 15 urteko epea jadanik zehazten zuten kontzesioengatik hurrengo urteetan ordaindutako zenbatekoarekin.

Halere, hori ez da eragozpen interesdunek modu partikularrean okupatzeko eskubidea izaten jarrai dezaten; alegia, nitxoa erabiltzen jarraitzeko eskubidea izan dezaten, baldin eta kasuko tasa ordaintzen badute, hamabost urteko epeetako luzapenarekin.

Adierazi beharra dago Tuterako Udalak 1979tik aitzina egiten dituela nitxoen titulartasunaren kontzesioak. 1984tik aitzina, nitxoen titulartasunaren kontzesioa egite aldera ematen den administrazio-dokumentuan jasota ageri da kontzesioaren epea 15 urtekoa dela. Lehenago egindako kontzesioetan informazio hori ez agertzeak ez du esan nahi, inondik ere, kontzesioa administrazio-kontzesioetarako ezarritako gehieneko eperako egiten denik.

Betiere, administrazio-kontzesioaren epea gorabehera, kontzesio-hartzailea ez dago salbuetsita kontzesio hori dela-eta kasuko administrazioak ezar litzakeen kanonak edo aldizkako zenbatekoak ordaintzetik, bai 15 urterako izan bai beste epe baterako izan.”

AZTERKETA

  1. Kontzesioa Administrazio Publikoak emandako titulu bat da, zeinaren bidez jabari publikoaren atal baten erabilera osoa ematen baitzaio hirugarren bati aldi baterako, titulartasunari eutsita.

    Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 123. artikuluak ezartzen duenez, administrazio-kontzesioak ez dira laurogeita hemeretzi urtetik goitikoak izanen, non eta berariazko xedapen batek ez duen epe txikiagoa ezartzen. Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuko 99. artikuluak ezartzen duenez, berriz, kontzesio bat ezin izanen da inolaz ere eman denbora mugarik gabe. Kontzesioaren gehieneko epea laurogeita hemeretzi urtekoa izanen da, non eta berariazko xedapen batek ez duen epe txikiagoa ezartzen.

    Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 124. artikuluak ezartzen duenez, administrazio-kontzesioek xede zehatz bat izan beharko dute, ordaindu beharreko kanona eta iraupena ezarriko dira, kontzesiotik salbu geldituko da jabetza eskubidea eta ez ditu beste eskubide batzuk eragotziko.

    Hortik ondorioztatzen da ezen, kanonaz gain, iraupena ere ezarri beharra dagoela, eta epe hori ez ezin dela 99 urtetik goitikoa izan, nahiz eta udalek, berariazko xedapenen bidez, epe txikiago bat ezarri ahalko duten.

  2. Kexaren arrazoia da hamabost urteko muga atzeraeraginez aplikatu dela bere familiakoak ehortzita dauden nitxoaren kontzesioaren kasuan. Interesdunaren ustez, bere ama ehortzi ondoren Udalak denbora-muga bat ezarri baldin badu, muga hori ezin zaie atzeraeraginez aplikatu lehenago egindako ehorzketei.

Tuterako Udalak igorritako informazioaren arabera, 1979tik aitzina egiten ditu nitxoen titulartasunaren kontzesioak. Halere, ematen diren administrazio-dokumentuetan 1984ra arte ez da jasota agertzen nitxoen titulartasunaren kontzesioa hamabost urterakoa dela.

Tuterako Udalaren Hilerriko Zerbitzuen Tasak arautzen dituen Ordenantza Fiskala aztertuta, besteak beste ikus daiteke badela nitxoen kontzesiorako tarifa bat, zeinean ez den kotzesiorako eperik ezartzen, eta beste tarifa bat nitxoen kontzesioa luzatzeko, zeinean “bakoitzerako 15 urteko epea” ezartzen den.

Ez dakigu ea Tuterako Udalaren beste xedapenik ote dagoen, nitxoen kontzesioen epea hamabost urtekoa dela jasotzen duena, baina Udalak igorritako informazioan ere ez da horri buruz deus adierazten.

Hortaz, honetara ezkero, ez nitxoen titulartasunaren kontzesioa kexa-egilearen familiakoei egiteko emandako administrazio-dokumentuan, ez Tuterako Udalaren Hilerriko Zerbitzuen Tasak arautzen dituen Ordenantza Fiskalean ez da espresuki ezartzen, eta hortaz ezin da ondorioztatu, nitxoen kontzesioaren iraupenak muga bat duenik.

Jurisprudentziak antzeko auzi bat aztertu du. Halatan, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren martxoaren 31ko 272/2005 epaian (JUR 2005/124706), Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia aipatzen baitu, ondokoa adierazten da:

“Auzitegi Gorenaren 2004ko maiatzaren 26ko epaiak dioenez, «onartu beharra dago zaila dela planteatutako auzia, jurisprudentziak denboraren bilakaeraren arabera jorratu izan duena. Izan ere, herriaren uste sendoa izan da familiakoen gorpuak ehorzteko hilobiak betiko erosten zirela, eta terminologia hori erabili ohi da. Auzia da, zuzenbide arloko kalifikazio zuzen batetik abiatuta, kasuko negozio juridikoak ezi zirela jabetzapeko eskuratze gisa hartu, kontuan hartu behar baita merkataritzatik kanpoko ondasunak direla eta jabetza publiko batean eduki edo baliatu dela balizko jabetza, kasu honetan udal hilerrian. Hori dela-eta, emandako jurisprudentziak ez du beti irizpide bera baliatu; halatan, gisa honetako kasu batzuetan, non kontzeptu juridikoak data urrun samar batean artean taxutu gabe zeudenean ehorzketa betiko eskuratu baitzen, titulartasunaren aldaketa egin nahi zen halako moduan non hilobiaren jabetzaren oinordetza zekarren berekin. Horrek eskatzen zuen eskubidea jabetzakotzat hartzea eta lagapena betikotzat hartzea. Jurisprudentziaren bilakaera horren ondorioz heldu dira 1997ko ekainaren 2ko epaia (RJ 1997, 5171) eta 1998ko abenduaren 14ko epaia (RJ 1998, 153) –kalifikazioari dagokionez, epai horietatik aldentzen da 1999ko urriaren 11ko epaia (RJ 1999, 7815)–, zeinetan adierazten baita hilobien jabari publikoaren gaineko kontzesio-negozio juridiko bat dela lagapena, eta “betiko” adierazpidea ezin dela hitzez hitz interpretatu, zeren jabari publikoaren gaineko eskubideak ezin baitira 99 urtetik goitiko epe baterako eman, eta zuzenbidearen araberakoa dela Udalek epe txikiago bat ezartzea».

Doktrina hori kasu honi aplikatuta, auzi-jartzailearen titulua 1955eko abuztuaren 6koa denez gero, jurisprudentzia-doktrina horren arabera ezin zaizkio aplikatu ondoren emandako erregelamendu-xedapenetan ezarritako denbora-mugak; izan ere, gure autonomia erkidegoan, Toki Entitateen Ondareari buruzko Erregelamenduak –urriaren 17ko 336/88 Dekretua (LCAT 1988, 394 eta LCAT 1989, 20)–, 61. artikuluko c) letran 50 urteko iraupena ezartzen du jabari publikoko kontzesioetarako. Erregelamendua 1988ko abenduaren 3an sartu zenez indarrean –alegia, tituluaren kontzesioa eman eta zenbait urte geroago–, ezin da atzeraeraginez aplikatu, titulu horrren titularrek eskuratutako eskubide subjektiboen kaltetan, erregelamendu horrek ez baitu ez xedatzen ez biderik ematen atzeraeraginez aplikatzeko. Legezko doktrina horrekin bat, titulua eman zenean –1955– ez zegoenez administrazio-kontzesio horri denbora-muga ezartzen zion legerik edo erregelamendurik, jabetza-titulu horri aipatu jurisprudentziak ezartzen duen 99 urteko gehieneko epea ezarri behar zaio, hortik aitzina denbora-muga hori ezarri baitzien gure Auzitegi Gorenak gisa honetako kasuei, epe hori igaroz gero ulertu beharko bailitzateke partikularrak jabetzan eskuratzen duela nitxoa, eta hori ezin da legez horrela izan, nitxoak jabari publikoko ondasunak diren neurrian; horrenbestez, epe hori igarotakoan, udal agintariek hilobiaren erabilera librea berreskuratzen dutela ulertu beharko da”.

Horrekin guztiarekin bat etorriz, erakunde honen iritziz, ez denez frogatuta gelditu udalak berariazko xedapen baten bidez ezarri duenik nitxoen erabileraren kontzesio-epea hamabost urtekoa dela, eta interesdunei eman zitzaien dokumentuan ez denez horri buruz deus ere ezartzen, kontzesioaren epea Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 123. artikuluan ezarritako bera izan beharko litzateke.

Horrenbestez, erakunde honen aburuz, ez da bidezkoa [?] jaunari ordainaraztea nitxoen kontzesioa luzatzeko tasa bat.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Tuterako Udalari gomendatzea baliorik gabe utz dezan nitxoen kontzesioa luzatzeagatik [?] jaunari ordainarazitako tasa.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Tuterako Udalari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Tuterako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia