Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Falta de reconocimiento de méritos en fase de concurso en procedimiento selectivo de ingreso y acceso a los Cuerpos Docentes de Enseñanzas Medias
Exp: 10/751/F
Nº: 209
Funtzio publikoa
2010eko irailaren 29an, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan izandako irakasle-esperientzia guztiz aintzat ez hartzeari buruz aurkeztu zen oposizio-lehiaketa bateko merezimendu puntuagarrien artean.
Azaltzen du Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren peko kudeaketa-esparruko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegora sartzeko oposizio-lehiaketa bidezko hautapen prozeduran hartu zuela parte, “musika, gaztelaniaz” espezialitatean. Oposizio-lehiaketara hori Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 2470/2009 Ebazpenaren bitartez egin zen.
Adierazten du 6,657 puntu lortu zituela oposizio fasean. Alabaina, merezimenduak baloratzeko fasean ez zioten aitortu Hezkuntza Departamentuaren zerbitzura 1995eko urriaren 1etik izandako irakasle –esperientzia guztia.
Aipatzen du musikako irakasle espezialista gisa lan egin zuela Iruñeko “Vázquez de Mella” haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoan, 1996ko irailaren 1etik 2003ko abuztuaren 31ra arte. Bada, esperientzia hori irakasle esperientzia gisa aitortu ez ziotenez, erreklamazio bat aurkeztu zuen, eta erreklamazio hori Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 14ko 1860/2010 Ebazpenaren bidez ezetsi zen; izan ere, ebazpen hartan ondorioztatu zen interesdunak irakasle esperientzia gisa erreklamatzen zituen zerbitzuak ezin zirela “irakasleen kidegoetako espezialitatetzat” hartu, deialdiko baremoak exijitzen zuen bezala.
Hala eta guztiz ere, kexa-egilearen arabera, Hezkuntza Departamentuak, aurreko beste baremazio batzuetan, derrigorrezko bigarren hezkuntzan musikako irakasleak aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak egiterakoan, eta aurretiko irakasle esperientziaren balorazio-irizpideak erabiliz, Hezkuntza Administrazioak bai baloratu zuen gisa horretako esperientzia irakasle-esperientzia gisa.
Kexa-egileak harridura azaltzen du egoera horren aurrean, zeren eta ikastetxean zazpi ikasturtez egin zuen lana, irakasle-esperientzia gisa baloratu ez ziotena, 1995eko urriaren 1etik 1996ko abuztuaren 31ra eta 2005eko urriaren 21etik 2006ko abuztuaren 31ra egin zuen bera izan baizen (guztira, urtebete, bederatzi hilabete eta hamaika egun), eta azken horiek merezimenduen baremoan kontuan hartu egin zizkioten.
Interesdunak zioen bere funtzioak, aldi horietan guztietan, bai irakasle-merezimendu gisa aitortu ez dizkioten zazpi urtetan, bai merezimenduen balorazioan aitortu dioten urtebete eta bederatzi hilabeteko aldian, berak izan zirela: klarineteko eta talde instrumentaleko eskolak ematea lehen hezkuntzako bigarren eta seigarren mailako haurrei, guardiak egitea, patioak zaintzea, tutoretzak egitea, tresnen errondak egitea, klaustroetara joatea, autobuseko irteerak eta sarrerak antolatzea eta, are gehiago, eskola kontseiluko kidea ere izan zen irakasle-esperientzia gisa baloratu ez zioten aldian. Hori dela eta, logikotzat jotzen zuen aldi hori guztia, salbuespenik gabe, irakasle-esperientzia gisa baloratzea. Bi aldi horien arteko ezberdintasun bakarra da, baieztatutakoaren arabera, ezen irakasle-merezimendu gisa aitortu dioten epean maisu gisa kontratatu zutela eta aitortu ez dioten aldian musikako irakasle espezialistaren kontratua egin ziotela.
Gehitzen du irakasle-esperientziaren aitorpenak, guztira, kontuan hartu ez dizkioten zazpi ikasturteak barne hartuz, suposatuko lukeela lehiaketa fasean lortutako puntuazioa handiagoa izatea, hain zuzen ere 0,35 puntu urtebete bakoitzeko (2,45 puntu), eta guztira 7,9258 puntu lortuko zituela, eman zizkioten 5,4958 puntuen ordez. Puntuazio horri gehituz gero oposizio fasean lortutako 6,657 puntuak eta aginduzkoa den ponderazioa aplikatuz gero (% 40 lehiaketa fasean eta % 60 oposizio fasean), bere iritziz guztira 7,17252 puntuko nota lortuko luke amaieran, eta interesduna zerrendako zortzigarrena izanen litzateke, eta 12 lanpostu zeuden guztira.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, txosten bat eskatu genion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.
2010eko urriaren 20an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:
[?] jaunak, zeinak Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko musika espezialitatean parte hartu baitu, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 2370/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako oposizio-lehiaketan, eskatzen du kontuan har dakiola Vázquez de Mella ikastetxe publikoan musikako irakasle espezialista gisa 1996ko urriaren 1etik 2003ko abuztuaren 31ra izandako irakasle-esperientzia.
Deialdian ezarritakoari jarraituz –merezimenduen baremoko I. idatz-zatia–, ikastetxe publikoetan izandako esperientziarengatik, baremoaren ondorioetarako, kontuan har daitekeen esperientzia edo irakasle-kidego berean izandakoa ( baremoko I.1 idatz-zatian jasotako merezimendua), edo sartu nahi den kidegokoak ez diren espezialitateetan izandakoa, betiere beste kidego batzuetakoa baldin bada.
Interesdunak eskatzen du bere zerbitzu-orrian “irakasle espezialista” lanbide-kategoriako esperientzia gisa jasotakoa kontuan har dakiola irakasle-kidego batean izandakoa balitz bezala, hain zuzen ere maisu-maistren kidegoan; horrenbestez, bere ustez, baremoko I.2 idatz-zatian ezarritakoaren arabera kontatu beharko litzaioke, edo, subsidiarioki, I.1 idatz zatian ezarritakoaren arabera.
Irakasle espezialistaren figura Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legean (LOGSE) lanbide heziketaren esparruan dago jasota, 33. artikuluan, eta arte-irakaskuntzen esparruan, hamabosgarren xedapen gehigarriaren arabera.
Zehazki, azken xedapen horrek ezartzen du “administrazio eskudunek irakasle espezialistak kontratatu ahalko dituztela musikaren eta arte eszenikoen irakaskuntzetarako, hain zuzen ere lege honetako 33.2 artikuluan ezarritako baldintzetan”. Horrela, ezartzen da ezen ikastetxe publikoetan “profesional horiekin” aldi baterako kontratuak egin ahalko direla, zuzenbide administratiboaren araubidearen pean.
Abuztuaren 2ko 260/1999 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitaterako arautzen da profesional espezialisten kontratazioetarako eta izendapenetarako araubidea, beren esperientzia eta aritzen direneko produkzio sektorean dauzkaten ezagupenak ezagutzera eman ahal ditzaten, lanbide heziketaren arloan, arte plastikoetan, musikan eta arte eszenikoetan.
Irakasle espezialistek laguntza eman dezaketen arloa, gaiak edo moduluak Hezkuntza Departamentuak zehaztuko ditu, arloaren, gaiaren nahiz moduluaren izaera berritzailearen arabera, edo, bestela, arloan, gaian edo moduluan behar den espezializazio gehigarriaren mailaren arabera, hain zuzen ere kontratazioa justifikatzen duenaren arabera.
Nolanahi ere, foru dekretuak, LOGSEk bezalaxe, inoiz ere ez du kontratu mota hori irakasle kontratu gisa definitzen, horrelakotzat ulerturik irakasleen kidegoetakoak direnak, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako 1/1990 Lege Organikoan definitzen diren bezalaxe; izan ere, arau hori da indarra zuena errekurtso-egilearen kontratazioa gertatu zenean. Izan ere, foru dekretuak ezartzen du sektore pribatuko profesional horrek ikastetxe publikoetan gai edo modulu batzuetan parte hartuko duela, “lankidetza” gisa, eta haren kontratazioaren xedea honelaxe definitzen da, berariaz, xedapen horretako 1. artikuluan: “bere esperientzia eta ezagupenak ezagutzera ematea”.
Inoiz ere ez da irakasle gisako zerbitzu-prestazioaz hitz egiten, eta, horrenbestez, ezinen litzateke ulertu errekurtso-egilea maisu gisa kontratu zenik berak erreklamatzen duen aldian; bai, ordea, hartu behar dira horrelakotzat bere zerbitzu-orrian jasotako beste lan-aldi batzuk: maisuaren, bigarren hezkuntzako irakaslearen eta musika eta arte eszenikoetako irakaslearen lanbide kategoriakotzat jasotakoak.
Horrenbestez, azken irakasle-figura horiek bereizi behar dira errekurtso-egileak 1996ko urriaren 1etik 2003ko abuztuaren 31ra musikako irakasle-espezialista gisa –hau da, profesional espezialista gisa– egin zuen hartatik, eta esan beharra dago azken hori ezin dela kontuan izan maisu-maistren kidegoan emandako esperientzia gisa, nahiz eta interesdunak zeregin horretan haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publiko batean jardun.
Hori guztia dela eta, jotzen dugu, ezen, musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketarako deialdiaren arabera, ezin dela ontzat jo interesdunaren asmoa.”
2010eko azaroaren 2an, erakunde honek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu zion igorritako informazioa zabal zezan. Eskatutako txostena 2010eko azaroaren 19an iritsi zen, eta hauxe zioen, hitzez hitz:
“Giza Baliabideen Zerbitzuari eta orduan Vázquez de Mella ikastetxeko ikuskatzailea zenari kontsulta egin ondoren, informatu ziguten [?] jauna musikako irakasle gisa kontratatu zela maisu gisa kontratatu beharrean, hain zuzen ere arrazoi batengatik: ez zuen betetzen maisu gisa kontratatua izateko baldintzetako bat: maisu titulua edukitzea.
Kexaren xedeari buruzko aipamen orokor gisa, gogoratu beharra dago ezen, behin eta berriz eman den jurisprudentziaren arabera, deialdiko oinarriak direla kasuko hautapen-prozesua egokitu behar zaion legea. Kasu honetan, musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoan sartzeko merezimenduen baloraziorako baremoko I. eranskinak, aurrez izandako irakasle-esperientziari buruzko epigrafean, 1.1 atalean, honakoa puntuatzen da: “izangaia aurkezten deneko kidegoko espezialitateetan ikastetxe publikoetan izandako irakasle esperientzia”. Horrenbestez, atal horri dagokion puntuazioa lehiaketa aplikatu ahal izateko bete behar den baldintza da kexa-egilearen irakasle-esperientzia, 1996ko irailaren 1etik 2003ko abuztuaren 31ra bitarteko aldian lortutakoa, musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoko espezialitateetako batean lortua izatea.
Aldez aurretik, merezimenduen baremoa aintzat hartzeari dagokionez, musikako irakasle espezialista gisa emandako zazpi urteak “bestelako merezimenduen” artean baloratzeari dagokionez hain zuzen, zehazki “hezkuntza-proiektuetan izandako parte-hartze” gisa, deialdiko I. eranskineko III. atalean aurreikusten den bezala, erakunde honen iritziz, ezin da atal horretan berariazko puntuaziorik aplikatu aztergai dugun kasuan, hain zuzen ere honako arrazoiengatik:
III. atalean, besteak beste, “hezkuntza-proiektuetako parte-hartzea” puntuatzen da. Deialdiko baremoaren ikuspegi hermeneutiko batetik, hezkuntza-proiektuetan parte-hartzea honakoan datza: hezkuntzarekin zerikusia duten proiektuak lantzea, ikertzea, aztertzea edo proposatzea; baina ez da ezer aipatzen horrelako proiektuak betearazteari buruz, zeren eta betearazte hori ez baita irakaskuntza-lana gauzatzeaz besterik.
Horrenbestez, ezin da kexa-egilearen irakasle esperientzia deialdiko I. eranskineko III. atalak “beste merezimendu batzuei” esleitzen dien puntuazioarekin.
Horrenbestez, deialdiko oinarriak direnez lehiaketaren garapen osoak bete beharreko arau juridikoa, haren aginduari aurka egiteak oinarri horietan jasotako arau juridikoen aurkako urratze bat izanen litzateke.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak musikako irakasle espezialista gisa kontratatu zuen kexa-egilea Iruñeko Vázquez de Mella ikastetxe publikoan, zazpi ikasturtez, 1996ko irailetik hasi eta 2003ko abuztuaren 31ra arte.
Zazpi ikasturte horietan, haren lanbide-jardunean, klarineteko eta talde instrumentaleko eskolak emanez lehen hezkuntzako bigarren mailako eta seigarren mailako ikasleei, ikastetxeko gainerako maisu-maistren eginkizun berak sartzen ziren: guardiak egitea, tutore lanak egitea, jolastokiak zaintzea, kasuko klaustroetara joatea, musikako irakasleen eta klaustroko gainerako irakasleen arteko koordinazio eginkizunak betetzea eta, are gehiago, eskola kontseiluko kidea izatea ere. Are gehiago, Hezkuntza Departamentuak, bere txostenean, berariaz adierazten du maisu gisa eta irakasle espezialista gisa bete izan zituen eginkizunak eta emandako eskola-orduak egiazki berak izan zirela. Gainera, jarraitzen du esanez “[?] jauna musikako irakasle gisa kontratatu zela maisu gisa kontratatu beharrean, hain zuzen ere arrazoi batengatik: ez zuen betetzen maisu gisa kontratatua izateko baldintzetako bat: maisu titulua edukitzea”. Alabaina, aipatutako irakaslearen zerbitzuen orrian ageria da 1995eko urriaren 1etik 1996ko abuztuaren 31ra maisu gisa kontrataturik egon zela Vázquez de Mella ikastetxe publikoan, eta gero musikako irakasle espezialista gisa kontratatu zutela 2003ko abuztuaren 31ra arte.
Are gehiago, Hezkuntza Departamentuak aitortu izan du aurreko beste baremazio batzuetan, bigarren hezkuntzako musikako irakasleak aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak egiteko garaian, kexa-egileak izan zuen irakasle-esperientzia.
Ezin da kongruentetzat jo, bada, konfiantza legitimoaren printzipioa urratzen baitu, Hezkuntza Departamentuak, egoera berean –hau da, interesdunak Vázquez de Mella ikastetxean 1996ko irailetik 2003ko abuztura bitarte izandako lan-esperientzia–, prozedura batean irakasle-esperientziatzat hartzea eta beste batean halakotzat ez hartzea. Ez da kongruentea, ezta ere, hasiera batean maisu gisa kontratatu izatea, 1995eko urriaren 1etik 1996ko abuztuaren 31ra, eta, gero, 1996ko irailaren 1etik 2003ko abuztuaren 31ra musikako irakasle espezialista gisa kontratatu izatea.
Aurreko lerrokadetan adierazitakoaren indargarri, adierazi beharra dago Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako 1/1990 Lege Organikoko (LOGSE) 33. artikuluaren babesean kontratatutako irakasle espezialistarena lan-esperientzia den ala ez erabakitzea, jada ebatzita dagoela Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Legean Organikoa garatzeko lege autonomikoetan, hain zuzen ere Andaluziako Hezkuntzari buruzko abenduaren 10eko 17/2007 Legean, hauxe ezartzen baitu 13.3 a) artikuluan: maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari jarraituz, “irakasle espezialistaren” irakasle-eginkizunak beteko dituela. Ildo beretik, Kataluniako Hezkuntzari buruzko uztailaren 10eko 12/2009 Legeko 113. artikuluak irakasle espezialista irakasleen funtzio publikoaren barruan sartzen du, eta esaten du irakasle hori lan kontratuduna nahiz administrazio-kontratuduna izan daitekeela.
Azken batean, erakunde honen iritziz jotzen denez kexa-egilearen lan esperientzia, Vázquez de Mella ikastetxe publikoko musikako irakasle espezialista gisa izandakoa, “aurrez izandako irakasle esperientzia” bat dela, bidezkoa litzateke hura puntuatzea egindako irakasle lanekin hobekien uztartzen den baremoko atalean, hau da, deialdiko I. eranskineko 1.2 atalean: “Izangaia aurkezten den kidegoaz beste kidego batzuetako espezialitateetan, ikastetxe publikoetan, izandako irakasle-esperientziako urte bakoitzeko: 0,350 puntu”.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoan sartzeko izangaia den kexa-egilearen irakasle-esperientzia balora dezala, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 2470/2009 Ebazpenaren bitartez deitutako oposizio-lehiaketako merezimenduen baremoaren arabera; zehazki, gomendatzen diogu balora dezala Vázquez de Mella ikastetxe publikoan 1996ko irailetik 2003ko abuztura bitarteko ikasturteetan egindako lana, hain zuzen ere interesduna aurkeztu deneko kidegoaz bestelako espezialitateetan ikastetxe publiko batean izandako irakasle-esperientziako urte bakoitzeko 0,350 puntu emanez.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia