Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Contratación del servicio de transporte escolar incumpliendo la normativa sobre contratos públicos
Exp: 09/740/E
Nº: 253
Hezkuntza eta irakaskuntza
2009ko urriaren 28an, [?] andreak, “[?]” enpresako ordezkari gisa, aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, kontratuei buruzko arauak ez betetzeagatik.
Azaltzen zuen jakin duela “[?]” enpresari eta “[?]” enpresari Zangozako “Luis Gil” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoko eskola-garraioaren zerbitzua (Lerga, Eslaba eta Aiesa herrietatik) adjudikatu zaiela.
Azaltzen du zerbitzu hori egun ematen duen enpresa den arren eta interesduna den arren, ez zaiola jakinarazi kontratazio-espediente hori formalizatu denik. Izan ere, espediente horren onuradunak aipaturiko bi enpresa horiek dira.
Amaieran eskatzen du Zangozako “Luis Gil” ikastetxerako aipatutako herrietako eskola-garraioa kontratatzeko egintza administratiboak berrazter daitezela.
Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako zuzendari nagusiaren irailaren 1eko 477/2009 Ebazpenaren bitartez, 17/06 espedienteari zegokion eskola-garraioko kontratua –Zangozako “Sierra de Leyre” BHIa– [?] Enpresen Aldi Baterako Batasunari adjudikatu zitzaion. Espediente horretako 2. ibilbideak Lerga, Eslaba, Aiesa, Zare, Oibar, Zangoza eta Irunberri herriak hartzen zituen.,
Irailaren 22an, Zangozako “Luis Gil” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoaren zuzendaritzaren idazki bat jaso genuen. Haren bidez, jakinarazten zen Lergan bizi ziren bi ikasle berrik matrikula egina zutela ikastetxe horretan. Lerga herritik Zangozako “Luis Gil” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikorako eskola-garraioko zerbitzua, 7 tokiko ibilgailu monobolumen batekin egiten zen. Ibilgailu horrek, ordea, ez zeukan behar besteko tokirik premia berriei erantzuteko.
Ezusteko egoera horren aurrean, eta arauei jarraituz, 17/06 espedientea aldarazteari ekin zitzaion, halako moduz non 2. ibilbidean, beste hainbeste kasutan bezala, lehenengo joan-etorri bat eginen zen “Sierra de Leyre” BHIko ikasleekin, eta, ondoren, bigarren joan-etorri bat “Luis Gil” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoko ikasleekin. Izan ere, batzuen eta besteen ordutegiek garraio horrela antolatzeko aukera ematen dute. Hori dela eta, komeni da argitzea ez dela beste adjudikazio-prozesurik behar izan.
17/06 espedientea adjudikatzeko prezioa hasiera batean eguneko 1.283,13 eurokoa izan zen, eta egindako aldaketarekin, berriz, egunero 278 euro gehiago dira; hau da, % 21,68 gehiago. Horrenbestez, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeko 105.4 eta 106.3 artikuluei jarraituz, kontratua aldatu egin da. Kontratua, berriz, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako zuzendari nagusiaren behar den ebazpenaren bitartez gauzatuko da datozen egunetan.
Inplikaturiko aldeek erakunde honi aurkezturiko dokumentazioarekin aztertu eta ebatzi dugu kexa hau. Hauexek dira dokumentuak: kexaren idazkia, kexa-egileak aurkeztua, eta Administrazioaren txostena, aurreko lerrokadetan transkribatu duguna.
Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako zuzendari nagusiaren irailaren 1eko 477/2009 Ebazpenaren bitartez, “[?]” Enpresen Aldi Baterako Batasunari kontratu bat adjudikatu zitzaion, Lerga, Eslaba, Aiesa, Zare, Oibar, Zangoza eta Irunberri herrietako ikasleak Zangozako “Sierra de Leyre” Bigarren Hezkuntzako Institutura eramateko. (2. ibilbideari dagokio).
Departamentuaren txostenaren arabera, datozen egunetan, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez, kontratua aldaraziko da, halako moduan non kontratuaren xedea izanen baita 2. ibilbideko (Lerga, Eslaba, Aiesa, Zare, Oibar, Zangoza eta Irunberri) ikasleak Zangozako “Sierra de Leyre” Bigarren Hezkuntzako Institutura garraiatzea eta, geroago, beste bidaia bat eginez eta beste ordutegi batekin, 2. ibilbideko herrietako ikasleak Zangozako “Luis Gil” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikora garraiatzea.
Kontratu administratiboaren aldaketa Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeko 105. artikuluan eta hurrengoetan araututa dago. Arauen arabera, jada burututa dagoen kontratu bat aldatu ahalko da baldintza jakin batzuk betetzen badira. Horietako bat Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeko 105. artikuluko 2. idatz-zatiari dagokiona da, hauxe ezartzen baitu, hain zuzen ere: “Kontratuaren aldaketak ezin izanen du haren xedea aldarazi”.
Erakunde honen ustez, argi dago kontratuaren xedea aldarazi dela, kontratuaren funtsari dagokionez. Burututako kontratuaren hasierako xedea (Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako zuzendari nagusiaren irailaren 1eko 477/2009 Ebazpena) aldatu da, hain zuzen ere haren definizioa bera galtzeraino: bidaia batekoa izatetik bi bidaiatakoa izatera pasatzen da (kilometroak hasierakoen bi halako dira); ordutegi bakar batetik bi ordutegitara pasatzen da; jomuga batetik (Sierra de Leyre Institutua) bi jomugatara pasatzen da (Sierra de Leyre Institutua eta Luis Gil Ikastetxea).
Gure ustez, hemendik gutxira eginen den aldaketa formalak ez du ekarriko hasierako kontratuan jasota ez zeuden unitate berriak sartzea, baizik eta banakako bi kontratu-xede bereizgarri batean biltzea.
Europar Batasunaren Auzitegiaren doktrinak –bereziki Europako Erkidegoetako Auzitegiaren 2004ko apirilaren 29ko epaiak (C-496/99 P gaia)–, “[?]-k” dioenaren aurka, honakoa ezartzen du: “entitate adjudikatzaileak, arrazoi jakin batzuengatik, lizitazioaren baldintza batzuk aldatu nahi baldin baditu adjudikazio-hartzailea hautatu ondoren, kontratua egokitzeko aukera hori eta egokitzapena aplikatzeko moduak berariaz jasota ageri beharko dira lizitaziorako iragarkian, horrexek ezartzen baitu prozedura nola garatu behar den; horrela lizitazioan parte hartzeko interesa duten enpresa guztiek hasieratik jakinen dute hori, eta berdintasun baldintzetan egonen dira eskaintza egiteko tenorean”. Horretatik inferitu daiteke kontratazioa arautzen duten baldintza-orrietan kontratuaren klausulak aldatzeko aukera eta aldaketa horiek egiteko baldintzak aurreikusi behar direla.
Epai horrek berak honakoa ezartzen du: “bestalde, aukera hori berariaz aurreikusi ez bada, baina entitate adjudikazio-hartzaileak kontratua adjudikatu eta ondorengo fasean ezarritako funtsezko modalitateetatik batetik askatu nahi badu, ezin du prozedurarekin aurrera jarraitu modu baliagarrian, hasieran ezarritakoez bestelako baldintzak aplikatuz”. Horrek esan nahi du aldaketa aurreikusi ez bada, ezin direla kontratuaren funtsezko baldintzak aldarazi. Doktrina hori aztertutako kasu zehatzean aplikatuz gero, Hezkuntza Departamentuak ezin du kontratuaren xedea (funtsezko elementua) aldarazi, hain zuzen ere irailaren 1eko 477/2009 Ebazpenaren bitartez adjudikatu zen 17/06 espedienteko baldintzen orrietan halakorik aurreikusi ez zelako. Eta horren arrazoia da lizitatzaileen eta haien korolarioaren berdintasunaren printzipioak eta gardentasunaren printzipioak eskatzen dutela lizitatzaile guztiek aurretik jakitea kontratua alda daitekeen ala ez.
Erakunde honen iritziz, Hezkuntza Departamentuaren jarduerak interes publikoa defendatzeko xede laudagarriari erantzuten dio, baina hori, arau indardunei eta doktrinari erreparatuta, ez da nahikoa kontratu baten xedea aldatzeko, zeren eta lizitatzaileen arteko berdintasunaren printzipioa eta administrazio publikoen arteko gardentasunaren printzipioa hartu behar baitira lehentasunezko balio gisa.
Azken batean, ez da bidezkoa eskola-garraioaren kontratua aldatzea departamentuaren txostenean adierazitakoaren bidetik. Izan ere, kasua bada, beste kontratu behar egin beharko da, lizitatzaileen arteko berdintasunaren printzipioa betez.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeko 105. artikulua eta hurrengoak beti bete behar dituela, eta Europar Batasuneko Auzitegiaren doktrinak markaturiko interpretazioari jarraitu behar diola.
Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia