Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 11ko 251/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abendua 11

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Disconformidad con la denegación de un visado por no ostentar la condición de familiar monoparental

Exp: 09/605/U

: 251

Etxebizitza

AURREKARIAK

  1. Aurtengo irailaren 16an, [?] andreak kexa bat aurkeztu zuen, 2008ko kanpainako etxebizitza babestuak esleitzeko prozedura dela eta.

    Azaltzen zuenez, bi urte inguru egon zen bizitzen Erresuma Batuan, eta han bere bikotea ezagutu zuen eta alaba bat izan zuten. 2003an, berriz, banandu egin zen eta Espainiara itzuli zen alabarekin. Une horretan hasi zen babes ofizialeko etxebizitza bat eskatzen.

    Interesdunak uste zuen ez dela bidezkoa, atzerrian bi urte eskas bizitzeagatik, erroldaren ondorioetarako emandako puntuazioa erdia izatea, 35 urte baino gehiago eman dituelako Nafarroan bizitzen.

    Orobat aipatzen zuen ezen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren 2009ko irailaren 9ko 1427 Ebazpenaren bidez babes ofizialeko etxebizitza bat esleitu zitzaiola, baina kontratuaren bisatua ukatu ziotela, guraso bakarreko familia izatearen baldintza ez betetzeagatik.

    Interesdunak zioen bera dela alabarekin batera Espainian bizi dena, eta praktikan berak duela neskatoaren zaintza eta jagoletza, aitak Erresuma Batuan bizitzen jarraitzen baitu. Orobat zioen pentsiorik ere ez diola ematen neskatoaren aitak, eta, hortaz, berak ordaindu behar dituela mantenu-gastu guztiak. Inguruabar horiek kreditatu zituen bizikidetasun-ziurtagiriaren bidez, Gizarte Segurantzako txartelaren bidez –hartan, onuradun gisa ageri da alaba–, aitaren zinpeko aitorpenaren bidez –hartan ezartzen da amak duela alabaren zaintza eta jagoletza– eta PFEZren aitorpenaren bidez.

    Interesdunak zioenez, horri buruzko erabaki judizialik ez dagoen arren, berarena da praktikan alabaren zaintza eta jagoletza, eta, hortaz, guraso bakarreko familia izateagatiko puntuazioa eman beharko liokete, Etxebizitza Departamentuak aurreko kanpainetan egin ohi duen legez.

    Horregatik guztiagatik, guraso bakarreko familia izateagatiko puntuazioa emateko eta esleitutako etxebizitzaren kontratua bisatzeko eskatzen zuen.

  2. Kexa jasota, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. Departamentuak honakoa dioen txostena igorri zuen:

“Ez dago guraso bakarra izateari buruzko kontzeptu juridikorik. Erakunde horri beste batzuetan ere adierazi diogunez, halako definiziorik ez dagoenez, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak, “2008ko Etxebizitza Kanpaina” hasi aurretik, idatziz jakinarazi zizkion Viviendas de Navarra, S.A.ri puntuazio hori ematean aplikatu beharreko irizpideak. Hona jakinarazpen haren edukia:

  1. “Zaintza eta jagoletza elkarrekin banatzea (Kode Zibileko 92. artikulua)
    • Ez zaie punturik ematen, guraso bakarreko familia izateagatik, ez ezkontide (ohi) bati ez besteari.
    • Bien seme-alabak hartzen dira aintzat, hala amaren kasuan nola aitarenean.
  2. Bikote egonkorra haustea, ezkontzaz kanpoko seme-alabaren gaineko neurririk gabe
    • Elkarrekin banatutako jagoletza eta zaintzaren kasuko irizpide bera aplikatuko da: ez da punturik emanen guraso bakarreko familia izateagatik, baina bai seme-alabengatik.
    • Kreditatu egin beharko da betiere bikotea hautsi izana (zuzenbidearen arabera baliozkoa den edozein froga-baliabideren bidez).

  3. Guraso bakarreko familia
    • Arestian adierazitakoaren arabera, ondoko kasuetan soilik emanen dira puntuak guraso bakarreko familia izateagatik (baldin eta seme-alaba adingabeak badaude)
    • Alargunak.
    • Ebazpen judizial bidez banandu edo dibortziatutako eskatzaileak, baldin eta seme-alaben zaintza eta jagoletza nagusia esleitu bazaie (beste gurasoak bisiten araubidea izanen luke).
    • Bikote egonkorraren harremana bukatutzat eman duten eskatzaileak, ezkontzaz kanpoko seme-alabaren gaineko neurriak epai judizial bidez ezarriak dituztenak, baldin eta epaian zaintza eta jagoletza nagusia esleitu bazaie.
    • Seme-alabak dituzten emakume (aita) eskatzaileak, baldin eta Familia Liburuan aitaren (amaren) nortasuna jasota ageri ez bada.

      Arestiko kasuetan, halaber, eskatzaileak berak egin beharko du eskabidea, non eta eskatzailea ez den familiarteko bat”.

Aztertzen ari garen kexan ondokoak nabarmendu behar dira, aipatu irizpideak aplikatzeari dagokionez:

  • Kexa-egileari puntuak eman zitzaizkion, bere kargura duen alabarengatik.
  • Halere, ez da bidezkoa guraso bakarreko familiaburu izateagatiko puntuak ematea, ez duelako aurkeztu ezkontzaz kanpoko seme-alabaren gaineko neurriei buruzko epai judizialik, kexa-egileari zaintza eta jagoletza nagusia ematen dionik.

[?] andreak, ordea, izaera hori onar dakion nahi du, 2008ko abenduaren 18ko agiri pribatu bat aurkeztuta; agiri horretan, bere bikote ohiak onartzen du erabaki zutela kexa-egileak izanen zuela zaintza eta jagoletzaren ardura oso-osoa eta mantenu-gastu guzti-guztiak hartuko zituela bere gain [?] andreak.

Horri dagokionez adierazi beharra dago ezen ezkontzaz kanpoko seme-alabaren gaineko neurriei buruzko epai judizialaren eskakizuna heldu dela Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeko 1. artikuluan ezartzen den diskriminaziorik ezaren printzipiotik; horren arabera, izanez ere, “Nafarroako ordenamendu juridikoa interpretatu eta aplikatzerakoan, inor ez da baztertuko osatzen duen famili taldea osatzen duela ere, eta ez dira kontuan hartuko ez filiazioa, eta ezta ere famili talde hori ezkontza bidez osatu den edo antzeko afektibitate harremana izan eta elkarrekin bizi diren pertsona bi elkartuz osatu den –sexu-joera kontuan izan gabe”.

Kode Zibileko 90. artikuluak ezartzen du hitzarmen arau-emaileak bi gurasoen ahalpeko seme-alaben zaintza egikaritzako modua zehaztu behar duela, eta 92. artikuluak, berriz, epaileak, banantzearen edo dibortzioaren epaian, seme-alaben zaintza eta jagoletza esleitzerakoan jarraitu beharreko arauak ematen ditu.

Hartara, gure Zuzenbidearen araberako banantze- edo dibortzio-epai guztiek seme-alaba adingabeen gaineko neurriak jasotzen dituzte, baldin eta seme-alaba adingaberik badago, zeren nahitaezkoa baita hori hala izatea; izan ere, gurasoek hitzarmen arau-emailean hartutako erabakiak judizialki berretsi beharra dago, eta epaileak ezartzen ditu adingabearen mesedetan egokien jotzen dituen neurriak.

Halatan, epaileak erabakitzen edo ezartzen duen zaintza eta jagoletza araubidea hirugarrenentzat baliagarria izate aldera (kasu honetan, Etxebizitza Departamentuarentzat, guraso bakarreko familiaburu den ala ez ezartzerakoan), beharrezkoa da araubide hori jasotzen duen banantze- edo dibortzio-epaia lortzea, hitzarmen arau-emaileak, agiri pribatua den aldetik, inter partes soilik duelako eragina.

Hori dela eta, banandu edo dibortziatuko diren ezkontideen seme-alabei buruzko erabakiak ez direnez baliodunak harik eta epaile batek ontzat jo arte, uste dugu kexa-egileak erantsi duen dokumentazioa onartzea ezkontzekiko diskriminazio nabarmena izanen litzatekeela; izan ere, haiei ere eskatzen zaie guraso-ahalaren menpe dauden seme-alaben zaintza eta jagoletza araubidea jasotzen duen epaia eranstea.

Ezin dugu ahantzi, ezta ere, lehen aipatutako 6/2000 Foru Legeko 10. artikuluak ezkontzen araubidearen antzekoa ezartzen duela bikote egonkorrak iraun duen bitartean izaniko seme-alaben zaintza eta bisita araubideari dagokionez; izan ere, 2. idatz-zatiak ezartzen duenez, adostasunik ezean, epaileak hartuko du erabakia. Hona 10. artikulua:

“Elkarrekin izandako seme-alaben zaintza eta bisita araubidea.

  1. Bikote egonkorra bertan behera gelditzen bada bi kideak bizirik daudela, haiek erabaki ahal izanen dute zer den egokiena haien iritziz, gai hauen inguruan: elkarrekin izaniko seme-alaben zaintza, eta bisita, komunikazio eta egonaldien araubidea. Nolanahi ere, epaileak adostutakoa neurri egoki eta zuzenera ekartzeko ahalmena izanen du, haren iritziz kideren batentzat edo seme-alabentzat arras kaltegarria denean.
  2. Adostasunik ezean, epaileak hartuko du erabakia, adin txikikoen hobebeharrez, eta seme-alabei entzun ondoren, behar adina ezagutza baldin badute, edo 12 urtetik gorakoak badira.
    Azkenik, adierazi behar dugu ezen irizpide hori aplikatu zitzaiela 2008ko Etxebizitza Kanpainako eskatzaile guztiei, eta zaintza eta jagoletza esleitzerakoan agiri pribatuak onartuz gero hautsi eginen litzatekeela Konstituzioak bermatzen duen berdintasun printzipioa.

    Azaldutako guztiaren arabera ondorioztatu dugu ezin dela inolaz ere onartu agiri pribatu bat, zeinaren bidez bikote egonkor ohi bateko kideetako bati adingabe baten zaintza eta jagoletza ematea hitzartzen baita, guraso bakarreko familiaburu izateagatik etxebizitza babestu bat lortzeko baremo bakarrean aurreikusitako puntuak ematearen ondorioetarako.

  3. Bestalde, interesdunak uste du ez dela bidezkoa, atzerrian bi urte eskas bizitzeagatik, erroldaren ondorioetarako emandako puntuazioa erdia izatea, 35 urte baino gehiago eman dituelako Nafarroan bizitzen.

Lehenik eta behin adierazi beharra dago ezen kexa-egileak ez duela horri buruzko ezer alegatzen etxebizitza babestua salerosteko kontratua ukatzen dion ebazpenaren aurka jarritako errekurtsoaren idazkian.

Adierazi behar dugu, dena den, erakunde horretan izapidetutako hainbat espedientetan azaldu izan dugula zer irizpide baliatzen duen departamentu honek, erroldako antzinatasunari buruzko baremoan puntuak ematearen ondorioetarako, Nafarroako udalerriren bateko erroldan etenik gabe erroldatuta egotea kontuan hartzeari dagokionez. Kexaren atal horren erantzuna ikusteko, beraz, ikus 09/93/U espedientea.

AZTERKETA

  1. Interesdunak bi auzi planteatu ditu kexaren idazkian: guraso bakarreko familia izateagatik dagokion puntuak eman ez izana eta erroldarengatik puntu gutxi eman izana.
  2. Lehenengo auziari dagokionez, erakunde honek ez du ikusten Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak interesdunaren eskubideak urratu dituenik; izan ere, guraso bakarreko familia izateagatik puntuak lortzeko beharrezkoa da ezkontzaz kanpoko seme-alabaren gaineko neurriak jasotzen dituen epai bidez kreditatzea harremana bukatu dela eta zaintza eta jagoletza berari eman zaizkiola.

    Kasu jakin honetan, interesdunak aitaren zinpeko aitorpen bat aurkeztu zuen, baina agiri hori ez da epai baten baliokidea, eta, hortaz, ez da bidezkoa guraso bakarreko familiaren puntuak ematea, bai ordea bere kargura dagoen alabarengatik dagozkionak.

  3. Bigarren auziari dagokionez –erroldarengatik puntu gutxi ematea, bi urtez bakarrik bizitzeagatik atzerrian–, erakunde honek aurreko ebazpenetan eman izan du horri buruzko iritzia.

    Zehazki, Espainiako Konstituzioaren 42. artikuluak honakoa ezartzen du politika sozial eta ekonomikoaren printzipio zuzendari gisa: “Estatua bereziki arduratuko da atzerrian diren langile espainiarren eskubide ekonomiko eta sozialak zaintzeaz, eta langile horiek itzultzea izango du jomuga bere politikan”.

    Atzerrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legeak, Konstituzioaren aipatu artikulua betetzeko, emigrazioari eta itzulerari buruzko politika integral bat ezarri zuen, emigranteen eskubide ekonomiko eta sozialak zaintzeko eta haien gizarteratzea eta laneratzea errazteko.

    Legea, azken xedapenetako bigarrenean ezarri bezala, Espainiako Konstituzioko 149. artikuluko 1. idatz-zatiko 2. zenbakiaren babesean egin zen, hain zuzen ere, Estatuari emigrazioaren arloko eskumen osoa aitortzen baitio.

  4. Horrenbestez, lege horren xedea da Estatuak, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta toki korporazioekin batera, politika integral bat sustatzea atzerrian bizi eta Nafarroako jatorria dutenen itzulera errazteko (26.1 artikulua), eta, aldi berean, 26.4 artikuluan botere publikoei (Nafarroako Gobernua) agintzen die itzuli diren emigranteen etxebizitzarako sarbidea susta dezaten, kolektibo horretakoen berariazko premia kontuan hartuta.

    Halaber, lege horren 1.1 artikulua argia da horri buruz ari dela, eta printzipio gisa ezartzen du “atzerrian diren herritar espainiarrei bermatzea Konstituzioko eskubideez eta betebeharrez baliatu ahal izatea Espainiako lurraldean bizi diren espainiarrekiko berdintasun baldintzetan”. Konstituzioko eskubide horien artean, etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea dago (Espainiako Konstituzioko 47. artikulua).

    Atzerrian dagoen espainiarra eta nazioko lurraldean geratzen dena berdin tratatzeari buruzko printzipio hori bera Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 5.2 artikuluan jaso zen. Agindu horren arabera, atzerrian bizi eta azken etxebizitza administratiboa Nafarroan eduki duten espainiarrek Nafarroan bizi direnen eskubide politiko berberak (eskubide politiko subjektiboak uler bedi) eduki beharko dituzte.

  5. Bestalde, azpimarratu beharra dago erakunde honen ustez Atzarrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legearen edukia, Estatutuko legedi esklusiboa den aldetik, autonomia erkidego guztietan zabaltzekoa eta aplikatzekoa dela, Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan Etxebizitzari Babes Publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legeko bederatzigarren xedapen gehigarriaren tokia ere hartzeraino.
  6. Azken batean, babes ofizialeko etxebizitza bat izateko aukera emanen dion puntuazioa emateari begira, Nafarroan azken bizitoki administratiboa izan duen espainiar bati atzerrian eman duen denbora erroldako antzinatasunaren ondorioetarako ez zenbatesteak, Londresen bizitzen (zentzu zabalean uler bedi) egon izate hutsarengatik, antolamendu juridikoak konstituzio-eskubideez baliatzeko orduan atzerrian den espainiarraren eta nazioko lurraldean bizi den espainiarraren artean ezarritako berdintasun printzipioa urratzen du, eta, horrenbestez, Espainiako Konstituzioko 14. artikuluak aldarrikatutako berdintasun printzipioa urratzen du. Era berean, Espainiako Konstituzioko 47. artikuluak etxebizitza duin eta egokia izateko ezarritako eskubidea ukatzen du.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoraraztea legez Atzerrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legeko 1.1 artikulua eta harekin lotutakoak zorrotz bete behar dituela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari egindako legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko egokitzat jotzen dituen arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dugula kasua, aipatu legeko bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia