Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Disconformidad con la negativa al reconocimiento de un mayor grado de discapacidad
Exp: 11/287/B
Nº: 107
Gizarte gaiak
2011ko apirilaren 13an, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu da gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten du Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurka, ezgaitasun gradu handiagoa aitortzeari ezezkoa emateagatik.
Azaltzen du zenbait patologia badituela, eta, horrenbestez, 2008an, % 23ko ezgaitasun gradua aitortu ziotela, baina, halere, bere gaixotasuna larriagotu zenez, bi urte iragan ondoren, gradua berraztertzeko eskatu zuela, eta azterketa egiteko garaian Balorazio Taldeari epai bat aurkeztu ziola, non aitortzen zaion lan egiteko ezgai dela guztiz. Alabaina, Balorazio Taldekoek adierazi zioten dokumentazio hori ez zela beharrezkoa, eta hartu ere ez zioten egin. Gaixotasunaren larriagotzea egiaztatu bazuen ere, ezgaitasun gradu bera aitortu diote.
Halaber, jotzen du ezen, 51/2003 Legeko 1.2 artikuluari jarraituz, guztizko ezgaitasuna duela kontuan izanda, automatikoki % 33ko ezgaitasun-gradua aitortu beharko litzaiokeela.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.
2011ko ekainaren 8an, Familia, Gazteria, Kirol ea Gizarte Gaietako Departamentuak emandako txostena jaso genuen. Harekin batera, 2011ko maiatzaren 2an eginiko txosten teknikoa ageri da, hain zuzen ere Mendekotasun Agentziako Balorazio Atalak emandakoa.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 1. artikuluaren arabera, Arartekoaren egitekoa da herritarren konstituzio-eskubide eta -askatasunen maila babestea eta hobetzea, eta haren eginkizun garrantzitsuena da herritarrak Administrazioaren Publikoaren balizko abusu eta akatsen aurrean babestea.
Planteatutako kasuan, Nafarroako Mendekotasun Agentziako Balorazio Atalak emandako informazio teknikoa ikusita, ezin da atzeman administrazio jarduketa irregularrik izan denik, lege- edo erregelamendu-arauren bat haustearen eraginez. Izan ere, txostenaren edukitik ondorioztatzen da ezen Balorazio Atalak ezgaitasunaren ehunekoa finkatzeko erabili zituen irizpideak ez direla ez arrazoigabeak, ez inkoherenteak aplikatzekoa den araudiari erreparatuta eta ezgaitasunaren arloko balorazioen esparruko jardun medikoaren arabera.
Ezgaitasun gradua ezartzeko erabili diren txostenak sendagileek osatutako organo batek eman ditu. Erakunde honek, dena den, ezin du eztabaidan jarri organo horren erabaki teknikoa, zeren eta arloko espezialistek –teknikoak eta inpartzialak direnek– baloratutako proba kontuak direlako.
Hori dela eta, gainbegiratu ondoren, ezi da inongo daturik hauteman bidea ematen duenik ondorioztatzeko kexa-egilearen eskubideak urratu direnik, ezgaitasun gradua Balorazio Atalak aplikatu beharreko irizpideen arabera baloratzeari dagokionean.
Hala eta guztiz ere, kexa-egileak salatzen du, era berean, Nafarroako Mendekotasun Agentziako Balorazio Atalari 2010eko abenduaren 13ko epaia aurkeztu ziola, Iruñeko Lan arloko 2. Epaitegiarena, non guztizko ezgaitasun iraunkorra aitortzen baitzaio, eta hartan oinarrituta automatikoki % 33ko ezgaitasun gradua aitortu beharko litzaiokeela.
Horri Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak erantzun dio abenduaren 2ko 1414/2006 Errege Dekretuaren arabera % 33aren ezgaitasun gradua egiaztatzeko erabil daitezkeen agirien zerrenda emanez. Agiri horien artean, ez dira epai judizialak ageri.
Administrazioak emandako erantzunari erreparatuta, hauteman daiteke, gai zehatz horri dagokionez, herritarrei informazioa emateko betebeharrak betetzeari dagokionez eta administrazio-jardunbide egokiak garatzeko betebeharrari dagokionez ez-nahikotzat jo daitekeen jarrera bat ageri dela.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, herritarren eskubideen zerrendan, 35. artikuluan jasotakoan, a), b) eta g) letretan informazioaren eginkizun orokorraren lotura zuzena duten hiru eskubide jasotzen ditu bereziki, informazioa bere bi esanahiekin ulertuta. Informazio orokorra den aldetik eta informazio partikularra den aldetik. Gisa berekoak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 14. eta 15. artikuluak.
Aipatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35. artikuluko g) lerrokadak, herritar guztiei nahitaez eman beharreko informazioari buruzkoak, beste arlo batzuen artean, prozedurak izapidetzeari dagokionez herritarrei eta interesdunei eman beharreko informazioa aipatzen da, bai eta herritarrek administrazio publikoekiko –oro har nahiz jarduketa-esparru jakinetan– beren harremanetan ezagutu beharreko informazioa ere.
Plantatutako kasuan partikulartzat edo berariazkotzat jo daitekeen informazio bat ageri denez, eta, noski, informazio hori garrantzitsua denez kexa-egileari egoki dakiokeen ezgaitasun gradua lortzeko, Administrazioak –ezgaitasun iraunkor osoa aitortzen dion epaiari erreparatuta– behar zuen informazioa eman behar zion azkenean % 33ko ezgaitasun gradua aitortu ahal izateko behar zezakeen dokumentazioa lortzeko egin beharreko urratsei buruz.
Beste ikuspegi juridiko batetik, gogora ekar daitezke, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak Administrazioaren eta herritarren arteko harremanen buru-buruan egon behar duten printzipioak (3.2 artikulua). Printzipio horietako batzuk erabat dira aplikatzekoak aztergai dugun kasuan, eta haiek direla-eta legeak Administrazioari ezartzen dio bere jardunean, behar diren neurrien bitartez, eraginkortasunez jokatzeko betebeharra duela (5.2 artikulua). Printzipio horiek, oro har, “jardunbide administratibo egokia” garatzera bideratzen dira. Horrela, esate baterako, fede ona eta konfiantza legitimoa babestekoa eta herritarrei arreta egokia ematekoa aipa daitezke. Printzipio horiek Administrazioaren betebehar korrelatiboak dauzkate; horien artean, hemen interesatzen zaigunari begira, interesdunei Administrazioarekiko harremanetan informazioa eta laguntza emateko betebeharra.
Kasu honetan, Nafarroako Mendekotasun Agentziak, ofizioz, kexa-egileari informazioa eta aholkua eman behar zizkion nahi zuena lortzeko egin beharreko urratsei buruz; azken batean, erakunde honek uste du materialki lagundu behar ziola behar zuen dokumentazioa eskuratzen.
Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eta Nafarroako Mendekotasun Agentziari gogoraraztea parte hartzen duten prozedura administratiboetan interesdun direnei informazioa emateko legezko betebeharra duela, eta, era berean, jardunbide administratibo egokiak garatzeko legezko betebeharra duela.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea ezen Nafarroako Mendekotasun Agentzia premia dezala kexa-egileari informazioa, aholkua eta laguntza eman diezazkion % 33ko ezgaitasun gradua aitortzeko egin beharreko urratsei buruz, guztizko ezgaitasun iraunkorra aitortzen dion epaia abiapuntu hartuta.
Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia