Bilaketa aurreratua

Albisteak

“Zertaz kexatzen dira Erriberako herritarrak”. Nafarroako Arartekoak abenduaren 1ean Tuteran eginen duen hitzaldia.

2010 abendua 02

Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaecheak, herritarrek Administrazioarekiko dauzkaten kexak ezagutu nahi baititu, hitzaldi bat egin zuen atzo, Tuterako “Castel Ruiz” kulturgunean, honako izenburuarekin: Zertaz kexatzen dira Erriberako herritarrak?

Hitzaldiaren xede nagusia zen jendaurrean azaltzea Erriberako herritarrek nolako kexak aurkezten dituzten, eta haiekin eta udaletako ordezkariekin kexa horiei buruz hitz egitea.

Arartekoaren eskumeneko eginkizunak azaldu ondoren, Javier Enérizek azterketa xehea egin zuen Nafarroako Erribera osatzen duten 26 udaletako herritarrek –111.466 biztanle, guztira– 2008tik 2010era bitarteko hirurtekoan aurkeztutako kexei buruz.

Erakundeak eginiko azterketatik ondorioztatzen da kexa guztien % 10 heldu zaizkiola Arartekoari Erriberatik; hain zuzen ere, 239 kexa. Nafarroa osotik, berriz, 2.450 kexa heldu zaizkio.

Honakoak dira, azaldutako hurrenkeran, kexa gehien aurkeztu dituzten herriak: Tutera, Cintruénigo, Castejón eta Martzilla. Cadreita eta Milagro dira kexa gutxien aurkeztu dituzten herriak, eta Arguedastik, Tulebrastik eta Villafrancatik, berriz, ez da kexa bakar bat ere heldu azken hiru urte hauetan.

Kexei dagokienez, gehienak toki entitateen aurkakoak dira; hain zuzen ere, aurkeztutakoen % 42 egiten dute. Ondotik, Nafarroako Gobernuaren aurka aurkeztutakoak heldu dira: % 41 dira. Azkenik, Estatuko Administrazioaren aurka aurkeztutakoak ageri dira, % 8 hain zuzen ere. Foru Komunitateko Administrazioari buruz jasotako kexen barruan, honakoak dira kexa gehien jaso dituzten departamentuak: Osasuna, Gizarte Gaiak, Landa Garapena eta Ingurumena, Hezkuntza eta Etxebizitza.

Kexen gaiari erreparatuta, berriz, Erriberako biztanleen kexa gehienak gizarte ongizateari buruzkoak dira (% 12,6), administrazio-prozeduretan herritarrek dituzten bermeei buruzkoak (% 12,1), osasunari buruzkoak (% 9,2), Funtzio Publikoari buruzkoak (% 7,5) eta Ingurumenari buruzkoak (% 7,1).

Aurkeztutako datu guztien aurrean, Javier Enérizek ondorioztatu zuen Erriberako biztanleek erakundea ezagutzen dutela, badakitela zer motatako zerbitzua ematen duen eta zertarako izan daitekeen baliagarria, eta, azkenik, hartaz baliatzen direla beren eskubideen alde egiteko.

Partekatu edukia