Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako herriaren defendatzailea Foru Erregimenaren Batzordearen aurrean aurkeztu da Nafarroako kirol-federazioentzako diru-laguntza politiken inguruko txosten juridikoa azaltzeko.

2014 abendua 04

Egun on, Lehendakari andrea, foru parlamentari jaun-andreak.

Foru Erregimenaren Batzordearen aurrean aurkezten naiz, Bozeramaileen Batzordeak eskatu bezala, ohorez ordezkatzen dudan erakundeak Nafarroako kirol-federazioentzako diru-laguntzen inguruan emandako erantzuna azaltzeko.

Horri dagokionez, iragan den 2014ko urriaren 17an, ostiralean, Nafarroako 41 kirol-federazioren 3 ordezkarirekin bilera bat izan nuela jakinarazten dizuet. Bilera hartan, federazioei diru-laguntza horiek esleitzeko sistema eta federazioen beraien egoera azaltzen duen dokumentu bat eman zidaten.

Hizketaldian, federazioetako ordezkariek haien nahiaren helburua gehiago zehaztu zuten; Nafarroako herriaren defendatzaileak haien kontsulta bati idatziz erantzun ziezaion nahi zuten. Kontsultaren bitartez: jakin nahi zuten ea Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren urriaren 1eko 311/2009 Foru Agindua, 2012ra arte Nafarroako kirol-federazioei diru-laguntzak esleitzeko oinarri arautzaileak onesten dituena, bat zetorren gaur egun indarrean dagoen diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearekin.

Kontsulta kirol-federazioetako ordezkarien izenean egin zen, eta 2009an ezarritako diru-laguntzen erregimena legala eta egokia zela defendatzen zuten Gizarte Politikako Departamentuaren aurrean. Aldiz, Gizarte Politikako Departamentuak foru agindu hura legearen aurkakoa zela arrazoitzen zuen, eta gaur egun onetsiko balitz, autoritateek euren arduretan huts egin zezaketela.

Kontsulta, beraz, gai jakin eta zehatz baten ingurukoa zen. Nafarroako Herriaren Defendatzaileari eskatzen zioten gauza bakarra, bere irizpideekin bat eginda, 2009ko Foru Agindua eta hark zehaztutako diru-laguntzen erregimena diru-laguntzei buruzko foru legearen markoarekin bat zetozen analizatzea zen; eta aldi berean, baita federazioek eginiko proposamenak legalak ziren ala ez aztertzea ere.

Herritarrek edo elkarteek egindako kontsulta idatzien kasuan (kasu honetan, zenbait kirol-federazio, beste askoren artean, funtzio publikoak dituztenak), eta haien eskubideen erabileraren ingurukoak direnetan, erakundeak zuzenean erantzuten dio kontsulta egin duenari, gero herritarrek dagokion administrazioaren aurrean hartutako jarrera kontuan hartu gabe.

Administrazio-jardueraren legezkotasunaren azterketa azkar bat da. Administrazio-egintza identifikatzea, gero hori lege aplikagarriarekin alderatzea eta azkenik erakundearen balorazioa jakinaraztea besterik ez du suposatzen.

Modu horretara, 2014ko urriaren 31n, Nafarroako Herriaren Defendatzaileak ondorengo erantzuna eman zion egindako kontsultari:

“Jaun-andre agurgarriak:

Iragan den urriaren 20an helarazi zenidaten idatziaren bitartez, martxoaren 4ko 207/2013 Foru Aginduan eta Gizarte Politikako kontseilariaren martxoaren 26ko 163/2014 Foru Aginduan ezarritako diru-laguntza sistemaren ondorioz Nafarroako kirol-federazioek bizi duzuen egoera azaldu didazue. Horrez gain, federazio horien konponbide-proposamen batzuen inguruan galdetu duzue, eta beraz, ondorengo gogoetak jakinaraztea dagokit:

  1. Helarazitako idatzian adierazten duzuen diru-laguntzak esleitzeko sistema, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean jasota dago, aplikatzeko lege sektoriala eratzen duen horretan.

    Lege horrek 33. artikuluan xedatzen duenaren arabera, Foru Komunitateko administrazioak laguntza eta diru-laguntzetarako araubide bat ezarriz bultzatuko du kirola, eta marko horretan, adierazten duenez, Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du Nafarroako kirol federazioei eta Nafarroako unibertsitateei diru-laguntzak ematea. Hartarako, diru-laguntza horien oinarrietan ezarri bezalako lankidetza itun edo hitzarmenak erabiliko dira.

    Lege erreferentzia horrek kirol-federazioei zehaztapenak egiten dizkie, eta jasotakoaren arabera, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 42. artikuluak eta ondorengoek erregulatutako elkarte mota horien berezitasunarekin bat egiten du. Berezitasuna dute, izan ere, federazioak irabazi asmorik gabeko oinarri asoziatibodun elkarte pribatuak izanik (42.1 artikulua), berezi egiten dituzten hainbat ezaugarri biltzen dituzte: euren funtzio propioez gain, administrazio izaerako funtzio publikoak betetzen dituzte; kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren kolaboratzaile gisa jokatzen dute (Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 42.4. artikulua, 49.2. artikuluarekin lotura duena). Horrez gain, esku-hartze eta babes administratiboko erregimen baten eraginpean daude (bere arau gehienek botere horiei egiten die erreferentzia), eta onura publikorako elkarteen izaera eta zerga-erregimen berezia dute (58. artikulua).

    Kirolari buruzko Foru Legean xedatutakoaz gain, aipatutako diru-laguntzak diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe daude, hau da, Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioaren diru-laguntza jarduerei aplikagarri den araudi orokorraren eraginpean.

  2. Lege-marko horretan onetsi zen Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren urriaren 1eko 311/2009 Foru Agindua, Nafarroako kirol-federazioei diru-laguntzak esleitzeko bete behar diren oinarri arautzaileak onesten dituena.

    Aipatutako foru aginduaren arrazoien azalpenak honakoa adierazten zuen:

    “Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak 6.1 artikuluan ezartzen du Foru Komunitateko kirol administrazioari –Nafarroako Kirolaren Institutuaren bitartez, erakunde autonomotzat eratua– dagokiola Nafarroako Gobernuaren kirol politikak planifikatzea eta betetzea. 6.2.e) artikuluan adierazten da, administrazio horren eskumenen artean dagoela, Nafarroako kirol-federazioak koordinatzea eta babestea haien esku utzitako funtzio publikoak betetzerako orduan, jarduera pribatu propioei kalterik egin gabe, betiere.

    Aipatutako 15/2001 Foru Legeak 33.a) artikuluan xedatzen duenaren arabera, Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du Nafarroako kirol federazioei diru-laguntzak ematea. Hartarako, diru-laguntza horien oinarrietan ezarri bezalako lankidetza itun edo hitzarmenak erabiliko dira.

    Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, Nafarroako Aurrekontu Orokorrek ordaindutako diru-laguntzen erregimen juridiko orokorra arautzen du. Bestalde, 17.1 artikuluan, diru-laguntzak banakako ebaluazioaren erregimenaren bitartez esleitzeko aukera xedatzen da, Nafarroako Gobernuak justifikatu eta baimendutako kasuetan.

    Batetik, Nafarroako kirol-federazioen funtzioaren berezitasunak –aurrez, 15/2001 Foru Legearen zenbait ataletan azaldua–, eta bestetik, Nafarroako Foru Komunitatearen kirol-administrazioaren eta kirol-federazioen artean lankidetza-hitzarmenak egin ahal izateak –hori ere legean zehaztua–, federazio guztien artean norgehiagokako erregimena ezin erabiltzea dakar. Horregatik, hobeto da aurkeztutako eskaera bakoitzaren banakako ebaluazio prozedura erabiltzea, eta hala, federazio bakoitzaren jarduera-programaren azterketa indibidualaren arabera emango litzaieke dagokien diru-laguntza.

    Nafarroako Gobernuak, 2009ko uztailaren 20an egindako bileran, Nafarroako kirol-federazioei esleitzeko diru-laguntzen deialdiaren izapidea banakako ebaluazioaren erregimenean egitea baimendu du".

    Foru agindu horretatik ondoriozta daitekeenez, diru-laguntzei buruzko foru legeak xedatutako diru-laguntzak esleitzeko ohiko prozedura (eskatzaileen arteko norgehiagokako erregimena) ez zitzaion aplikagarria iruditu Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioari 2009an (eta foru agindu hori aplikatuko zen ondorengo urteetan), kirol-federazioen berezitasuna dela-eta. Administrazio hark erabaki zuen, alderdien arteko lankidetza-hitzarmen baten bitartez esleituko zela diru-laguntza. Foru aginduaren banakako ebaluazioaren erregimen hori, Nafarroako Gobernuak berak ere babestu eta baimendu zuen. Hala, federazioen berezitasunak direla-eta, hainbat aurrekontu-ekitalditan zehar modu baketsuan indarrean egon da.

    Erakunde honen ustez, diru-laguntzak prozedura bereziaren (banakako ebaluazioaren erregimenaren) arabera ematea, ordenamendu juridikoarekin bat dator, izan ere, kirol-federazioen izaera bereziagatik eta bakoitzari dagokion kirol-modalitateen jarduerak garatzeagatik, norgehiagokako erregimena (proiektuen konparaketan eta elkarren arteko nagusitasunean oinarritzen dena) ez aplikatzea justifikatuko luke. Bestalde, Kirolari buruzko Foru Legearen 33. artikuluak jasotzen du, lankidetza-hitzarmen bat formalizatu ondoren itxiko dela diru-laguntzak emateko espedientea.

    Foru aginduak diru-laguntzen oinarri arautzaileak onetsi zituen: helburua, baldintzak, eskatutako diru-laguntzak, eskabideen aurkezpenak, dokumentazioa, antolamendua eta izapidea, diru-laguntzaren zenbatespena eta zenbatekoa, zenbatespenaren komisioa, ebazpena, beste jardueretarako eskaerak, ordainketa, justifikazioak, betebeharrak, gertakariak eta betebehar-hausteak, administrazio-errekurtsoak, eta lege aplikagarriak.

    Urriaren 1eko 311/2009 Foru Aginduaren edukia arretaz aztertu da, eta erakunde honek ez du hauteman legez kanpoko inolako arrazoirik diru-laguntza sistema horretan, kirolari eta diru-laguntzei buruzko foru legeen eskakizunekin bat egiten baitu.

  3. Helarazi didazuen dokumentazioko Comptos Ganberaren bi gomendioek ez dute aurrez azaldutako ondorioa hutsaltzen.

    Dokumentazio horren arabera, Comptos Ganberak honakoa gomendatzen du: Kirol-federazioei euren gastuak finantzatzeko esleitu zaien diru-laguntzen portzentajea zehazteko aplikatu diren irizpideak justifikatzea. Burututako programen kostu errealari dagokion behin behineko diru-laguntza ordaintzea.

    Lehen gomendioa, oinarrietan (diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuei dagozkien gehieneko portzentajeak) zehaztutako diru-laguntzak kuantifikatzeko moduaren ingurukoa da, eta, erakunde honek ulertzen duenaren arabera, kudeatzaileak hartutako erabakiak modu egokian arrazoitu behar dituela azaltzen du, hau da, esleitutako portzentajea zehazteko kontuan izan diren irizpideak azaldu behar dituela. Laburbilduz, esleitutako diru-laguntza portzentajea erabat zehaztu gabe agertzen denez, Ganberak egoki ikusten du aplikatutako irizpideak justifikatzeko gomendioa ematea.

    Bigarren gomendioak, ordaindutako diru-laguntzak burututako programen koste errealari erantzun behar diola adierazten du. Alderdi hori, lankidetza-hitzarmenetan jada jasoa zegoen, eta diru-laguntza dinamikaren logikari erantzuten dio, baita jasotako funtsak justifikatzeko beharrari ere (diru-laguntzei buruzko foru legearen 27. artikulua eta ondorengoak).

    Gomendio horiek, beraz, ez dute urriaren 1eko 311/2009 Foru Aginduak xedatutako diru-laguntza sistema zalantzan jartzen, are gehiago, indartu egiten dute balioa zehazteko irizpideak justifikatzeko beharraren inguruko bi hobekuntza proposatuz eta erabateko gastuarentzako diru-laguntzaren beharrezko egokitzapena egin beharko litzakeela adieraziz.

    Gainera, zuek helarazitako dokumentazioaren arabera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak diru-laguntza sistemako bi puntu horien arrazoiaren justifikazio zentzuduna egin duela ikus daiteke, diru-laguntza jaso duen kirol-jardueraren ezaugarriak kontuan hartzen baditugu eta administrazioaren ordez federazioek egiten duten funtzio publikoaren garrantzia aitortuta. Horrez gain, diru-laguntzen erregimen bereizi bati egiten diote men.

  4. Idatzian proposatutako irtenbideei dagokienez, erakunde honek ulertzen duenaren arabera eta aurreko gogoetetatik ondorioztatuta, ezerk ez du oztopatzen banakako ebaluazioaren erregimenean eta hitzarmen arautzaileen bitartez (kirolari buruzko foru legeak xedatua) diru-laguntza berreskuratzea. Gehieneko portzentajeen sistema ere ez da oztopatuko, ez baitira horretarako legez kanpoko eragozpenak hautematen.

    Aipatutako diru-laguntzak esleitzeko sistemaren malgutasunari dagokionez, diru-laguntzei buruzko foru legeak marko orokorra ezartzen duela materian adierazi behar da. Hala, diru-laguntzen esleipenerako, kudeaketarako eta justifikaziorako printzipio eta oinarrizko arauak zehazten dira marko horretan. Hala ere, lege orokor bati datxekionez, ez du eragozten oinarri arautzaileek dituzten maila apalagoko bitarteko, arau erregulatzaile edota deialdiak eremu materialera egokitzea; ezta, aipatutako marko horren baitan, egokienak izan daitezkeen irtenbideak hartzea ere. Marko horretan, organo deitzaileei dagokie diru-laguntzak esleitzea eta kudeatzea, kirolari buruzko foru legeak babesten duen jendearen interesean.

    Sistemaren malgutasun hori presente dago foru legeak oinarri arautzaileei ematen dien paperean (4. artikulua), haiek baitira orokortasun, zabaltasun eta zehaztasun gehiago edo gutxiagorekin lortu dezaketenak, are gehiago, doikuntza-mekanismoak xeda ditzaketenak, betiere diru-laguntzarekin lortu nahi den helburua errespetatzen bada.

    Laburbilduz, guztiek diru-laguntzak lortzerako orduan eskubide berak izatea bermatu nahi du legeak, baita diru-laguntzak aurreikusitako helbururako erabili direla ere. Baina, ez duena nahi da horma zeharkaezin edo kortse batean bihurtzea, horrek, batetik eskudun organoei, eta bestetik, diru-laguntzen onuradunei laguntza horiek segurtasun juridikodun baldintzetan lortzea galaraziko duelako.

    Azkenik, federazioen defizitaren estaldura mekanismoak ezartzeko aukerari dagokionez ere, ez da inongo eragozpen legalik hautematen. Modu berean, diru-laguntzak baliatuko diren erabilera publikoko jarduerari egozgarriak izango dira aipatutako defizitak.

  5. Edozein kasutan, erakunde honek uste du Nafarroako kirol-federazioei esleitzeko diru-laguntzen marko juridikoak herritarren segurtasun juridiko, ziurtasun eta konfiantza legitimoari erantzun behar diela, edozein jarduera administratiboren gisan. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 8. artikuluak xedatu bezala, administrazio horren betebeharra da herritarrek beregan jarritako konfiantza eta fedea hutsik egin gabe babestea.

Informazio hau zuei helarazita, eta erabilgarria izango zaizuelakoan, amaiera ematen diot nire esku-hartzeari, baina, behar duzuen argipen oro erantzuteko prest izango naiz".

Beraz, eskatzaileei erantzuna emanda, gure esku-hartzea amaitu da.

Hori da eman diezazuekedan informazio guztia, eta, beti bezala, edozein zalantzaren aurrean erantzuteko prest izango naiz.

Eskerrik asko.

Partekatu edukia