Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoaren agerraldia Foru Araubideko Batzordean: 2011ko urteko txostena.

2012 maiatza 18

I. Aurkezpena. Laburpen orokorra.

Lehendakari jauna, jaun-andreok, egun on:

Beste behin Foru Araubideko Batzordearen aurrean egoteko aukera daukat, oraingoan Nafarroako Arartekoak 2011. urtean zehar garatu duen jarduerari buruzko urteko txostenaren berri emateko.

Aurreko urteetako txotenak aurkezterakoan adierazi izan dudan bezala, txosten honi buruz azalpenak eman behar izateak aukera ematen digu Parlamentuari eta hedabideei jakitera emateko, modu laburtuan bada ere, erakunde honek ekitaldi batean zehar eginiko lana.

2011n, Nafarroako Arartekoaren bulegoak 2.317 jarduketa egin ditu. Zenbaki horren barruan, honakoak daude: kudeatu dituen 1.042 kexa; artatutako kontsultak; ofizioz zabaldutako 35 jarduketa; herritarrek zerbitzu publikoak hobetzeko aurkeztutako 28 proposamen (administrazio eskuduneko organoei helarazi zaizkienak); eta gai bakarreko 3 txosten berezi, egin ondoren Nafarroako Parlamentuari aurkeztutakoak (txosten horietako bat Parlamentuak berak eskatua da).

Lan horrek guztiak aukera eman digu Nafarroako administrazio publikoei 691 iradokizun, gomendio eta legezko betebeharren gogorarazpen helarazteko, eta horiek guztiek frogatzen dute foru erakunde honek egiten duen lana, Nafarroako administrazio publikoen jarduketa dela-eta eta herritarren eskubideak aldezte aldera.

II. Herritarren kexak.

2011n, zortzi mila baino gehiago izan dira kexak aurkeztu dituzten edo kexen atzean dauden pertsonak, gizarte izaerako, ingurumenaren arloko eta abarretako entitateek ordezkatutako pertsonak kontuan hartu gabe.

Bizi garen krisialdi ekonomikoa herritarrek helarazten dizkiguten kezken edukian islatzen da. Horixe adierazten du gora egin izanak gizarte prestazio publikoekin lotutako kexek eta kontsultek –funtsean, lehenago oinarrizko errenta eta gaur egun gizarteratze errenta deitutakoa ematean nahiz berritzean gertatutako geroratzeekin lotutakoek–, edo funtzio publikoaren inguruko kexek ugari izaten jarraitzeak –gehienak sektore publikoan enplegu bat lortzeari buruzkoak, aldi baterako nahiz behin betiko–.

Halaber, nabarmen hazi dira ogasunari, bideetako trafikoari, ingurumenari, etxebizitzari, kontsumoari eta lanari buruzkoak.

2011ko kexa kopururik handiena funtzio publikoari buruzkoek osatzen dute (kexen % 13).

Alabaina, arlo horretan ezinbestez bi multzo bereizi behar dira, kexa-egile motaren arabera:

  • Alde batetik, administrazio publikoentzat lan egiten ez duten herritarrak daude. Haien kexek arlo honetan erregistratutako guztien % 57 egiten dute. Kexa horiek, gehien bat, Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko edo haietan lanpostuak betetzeko prozedurei buruzkoak dira, eta bereziki krisi ekonomikoak enplegu eskaintza publikoaren murrizketan izan duen eraginari buruzkoak eta administrazio publikoek deitutako prozeduretan gardentasuna areagotzeari buruzkoak. Multzo horren barruan, zortziehun inguru herritar dira kexak sinatu dituztenak.

    Herritarrek adierazitako arazoei buruz ikertuta, administrazio publikoei behin eta berriz gogorarazi diegu funtzio publikoetan sartzeak eragina duela Konstituzioak funtsezkotzat jotako eskubide batean, eta, horrenbestez, legeak, erregelamenduak eta deialdietako oinarriak betetzerakoan muturreraino joan beharra dagoela, eta, halaber, ahalegin guztiak egin behar direla segurtatzeko epaitegien jarduketa gardena, garbia, objektiboa eta inpartziala dela, izangaiei eskubideen defentsa bermatzeko erreklamazio eta berrikuspen mekanismoak eskaintzeaz gainera. Hemen, egokitzat jotzen dut azpimarratzea gure eginkizunetako bat dela administrazio publikoetan lanpostuetarako izangaiak hautatzeko prozeduretan eta lanpostu horiek betetzerakoan txukuntasuna nahiz garbitasuna eta parte-hartzaileen berdintasuna kontrolatzeko eta bermatzeko organoa izatea.

  • Bestalde, funtzionarioek edo administrazio publikoen zerbitzuan diharduten kontratupeko langileek –hau da, administrazio publikoetan lan egiten dutenek– aurkeztutako kexak daude. Multzo honetan erregistratutakoen % 42 egiten dute kexa horiek, eta langileen estatutu-araubideari buruzkoak izan dira nagusiki; hau da, haien eskubide eta betebeharren multzoari buruzkoak.

Bigarren multzo honek dakartzan arazoak aurrekoez guztiz bestelakoak dira, zeren eta, kasu honetan, kexak funtzionario publikoen eta haiek zerbitzatzen duten Administrazioaren arteko harremanen barruan gertatzen baitira, eta honakoak izaten dituzte xede, funtsean: kasuko lanpostuaren ordainsari osagarriak –baita epai bidez aitortutakoak ere– atzerapenik gabe ordaintzea, lana eta familia bateragarri egitea edo, kasu batzuetan, irekitako diziplina prozeduretako konstituzio bermeak.

Bigarren tokian, kexen kopuruari dagokionez, gizarte politikari edo gizarte gaiei buruzkoak daude (guztien ia % 12). Adierazi dudan bezala, multzo honetan, herritarrengandik heldu zaizkigun arazoek lotura zuzena dute krisi ekonomikoko egungo egoerarekin. Zehazki, kexa gehienek zerikusia izan dute oinarrizko errentaren prestazioari ezezkoa ematearekin edo hartan atzeratzearekin. Kexen beste multzo batek agerian uzten du herritarrak ez daudela ados mendetasunerako laguntzen kudeaketa zailarekin eta laguntza horien ordainketan geroratzearekin. Kexen beste ehuneko batek nabarmentzen ditu ezgaitasunaren arretaren arloko hutsak edo eskasiak. Kexen beste multzo bat lotuta dago adingabearen babesaren arlo prozedurekin, bereziki adingabearen interesa interes goren gisa kontuan hartu behar izatearekin. Beste multzo batek zerikusia dauka gizarte laguntzako prestazio mota desberdinekin; beste batek lotura du adineko pertsonak artatu eta babestu behar izatearekin, gero eta ahuldade handiagoa baitute mundu zailago honetan; beste multzo bat lotuta dago gaixotasun zeliakoa duten pertsonentzako laguntzekin; eta beste bat, azkenik, familia eta lana bateragarri egiteko zailtasunekin.

Gure jarduerak nabarmendu du, besteak beste, soildu egin beharra dagoela mendetasun sistemako prestazioetarako eskubidea aitortzeko eta haiek eskuratzeko aplikatzen den prozedura administratiboa, eta izapideen egiazko epeak murriztearen alde egin dugu. Izan ere, salatu ditugu Banakakoaren Arreta Plana onestean izan diren geroratzeak eta gomendatu dugu prozedura bakarrean eta ebazpen-ekintza bakarrean bil daitezela mendetasunaren sistemako prestazioak emateko behar diren ondoz ondoko izapideak. Adierazi dugu, halaber, mendetasuna duten pertsonak baloratzeko sistema hobetu beharra dagoela (esate baterako, adingabeen kasuan) eta sistema horrek egiazko mendetasunaren arloan dauden egoerak bildu behar dituela.

Nabarmendu behar izan dugun beste puntuetako bat izan da oinarrizko errenta emateko eta berritzeko prozeduretan gertatzen diren geroratzeak. Arazo hori ahal den guztian gutxitzeko, proposatu dugu aukera dagoen guztian erraztu dadila ezarritako prozedura; herritarrei egiten zaizkien eskakizun formalak berrazter daitezela, espedientea izapidetzeko eta ebazteko eskatzen diren dokumentuei dagokienez, eta interesdunei argi eta erraz informa dakiela betekizun horiei buruz, jarduketak oinarrizko gizarte zerbitzuekin koordinatuz, beharrezkoa bada. Sistemari buruz daukagun ezagutza zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago sinesten dugu oinarrizko gizarte zerbitzuek zerbitzu handiagoa eta arinagoa eman liezaiekeela ahulenei, bereziki konpontzeko zailtasun txikia duten gaietan.

Hori dela eta, planteatu dugu azter dadila ea aukerarik badagoen, kudeaketa arintzen laguntze aldera, oinarrizko prestazioaren ematea oinarrizko gizarte zerbitzuen titularrak diren entitate jakinen eskuetan uzteko –bereziki baliabide handienak dituztenen eskuetan– administrazioen arteko lankidetzarako legediak aurreikusten dituen tekniken bitartez.

Uste dut, merezi duela nabarmentzea, orobat, erakundeak adingabeen eskubideak babestearen arloan garaturiko jarduera, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak Haurren Eskubideen Konbentzioan xedatuarekin bat, bai eta eskubide horien aplikazioan garatutakoa ere, Adituen Batzordeak 2010ean eginiko txostenarekin bat. Batzorde horrek kezka erakusten du adingabeengan eragina duten prozesu administratibo eta judizialetan haien iritzia errespeta dadin, are gehiago hamabi urtetik gorakoen kasuan. Izan ere, horiek, abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeko 39. artikuluaren arabera, eskubidea dute beren iritzia emateko entzunak izateko ez ezik, haiengan eragina duten erabakietan parte hartzeko ere. Jarduera osatu dugu adingabeen babesaren arloko ofiziozko hiru jarduketa eginez eta Unicefekin eta Haurren eskubideen aldeko Plataformarekin lankidetzan jardunez, hain zuzen ere adingabeen eskubideak babeste aldera.

Hirugarren tokian, administrazio publikoek eduki beharreko gardentasunarekin eta informatzeko, legezko epean ebazteko eta herritarrei tratu egokia eta gizalegezkoa emateko daukaten betebeharrarekin lotutako kexak ageri dira (% 9,7). Puntu honetan, etengabe jardun dugu administrazio publikoen ez-betetzeak kontrolatzen.

Hartara, aurten, txostenean identifikatu ditugu arrazoi horiek tarteko kexak zuzendu zaizkien administrazio publikoak, eta honakoak eskatu dizkiegu, beharrezkotzat jo dugun guztietan: beren legezko betebeharrak bete ditzatela, herritarrek eskatzen duten informazio publikoa eskuratzeko eskubidea errazteari dagokionez; erantzun ditzatela beti herritarren eskariak eta errekurtsoak arrazoizko epe batean –nolanahi ere, legeek finkatzen dituzten gehieneko epeetan–; gardentasunez joka dezatela, eta herritarren partaidetzarako bideak jar ditzatela.

Bestalde, dakizuen bezala, Nafarroako Gobernuak Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Lege proiektua bultzatu du. Aurreproiektua izapidetu den garaian, proposatu dugu herritarren arlo judizialez kanpo mekanismoak indartzea, egiazko gardentasun efektiboa ez dadin soilik formala izan. Hartara, iradoki nuen testuan aurreikusitako bermeei gehi dakiela Nafarroako Arartekoaren aurrean erreklamazioak aurkezteko eskubidea, herritarrek informazio publikoa eskuratzeko eskubidea eragozteko ebazpenen aurka, halako moduz non erakunde independente honek aukera izanen duen herritarren eskubide hori modu arin eta lotesle batean babesteko.

Beheranzko hurrenkeran, kexen laugarren tokian hezkuntzarekin lotutakoak daude (guztien % 8,9). Esparru horretan, nabarmentzekoak dira gurasoek aurkezturiko kexak beren seme-alabak eskatutako ikastetxeetan ez onartzeagatik; zehazki, beren eskabideetan lehenengo tokian eskatutako ikastetxean posturik ez lortzeari buruzkoak izan dira kexa gehienak. Gai honekin lotuta, eta hezkuntzaren arloko araua bete dadin, hezkuntza administrazioei eta toki entitateei eskatu diegu kontrolak areago ditzatela, ikasleak onartzeko prozeduretan iruzurrezko jokabideak saiheste aldera, eta, zehazki, egiazta dezatela erroldako izen-ematea eta bizitokiaren egiazko egoera bat datozela.

Halaber, kexa batzuk jaso ditugu unibertsitate-ikasketetarako laguntzen deialdia hobetzeko beharrari buruz. Nagusiki zentratu ziren ondare-atalaseak beherantz aldatu izatean, eta horren ondorioz ikasle askori bekak ukatu izatean. Hezkuntza Departamentuak egin genizkion iradokizun gehienak onartu egin zituen.

Halaber, zenbait kexa iritsi zaizkigu agerian jartzen dutenak desadostasuna dagoela unibertsitate ikasketa batzuen antolaketarekin, hezkuntza premia bereziak dituzten haurrei ematen zaien laguntzarekin eta haur hezkuntzako lehen zikloaren (0-3 urte) antolamendu-alderdi batzuekin.

Haur hezkuntzako lehen zikloari dagokionez, Administrazioari iradoki diogu ebaluatu dezala ziklo hori Nafarroan ezartzeko aukera, eta iradoki diogu, halaber, jarduketa plan bat presta dezala, non zehaztuko baitira aurrera eramanen diren neurriak, behin martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuan aurreikusitako aldi iragankorra bukaturik.

Bosgarren tokian herritarren hizkuntza-eskubideekin lotutako kexak ageri dira (% 8,12).

Kexa horiek, gehien-gehienak Hizkuntza Eskubideen Behatokia fundazioak igorritakoak, funtsean herritarrek Administrazioarekiko idatzizko harremanak euskaraz ezin egiteari buruzkoak izan dira, are eremu euskaldunean ere, zenbait kasutan. Halaber, honako gaiei buruzko kexak aurkeztu dira: administrazio publikoen inprimakiak, liburuxkak eta zabalkundeko materiala gaztelania hutsez argitaratzea; errotuluak gaztelania hutsez egotea edo haietan euskara modu partzialean edo bigarren mailakoan agertzea; eremu euskalduneko eta eremu mistoko zerbitzu publikoetan ahozko harremanak euskaraz ezin izatea; eta administrazio publikoek zerbitzuak euskaraz ez ematea hizkuntza horretan artatuak izatea eskatzen duten herritarrei.

Kasu horietako askotan, administrazio publikoetara jo dugu, eta beste behin eskatu diegu eraginkor egin ditzatela Euskarari buruzko Foru Legeak eta hura garatzen duten udal ordenantzek herritarrei aitortzen dizkieten eskubideak.

Ogasunaren (5,2) eta bideetako trafikoaren (% 5) gaiek seigarren eta zazpigarren tokia hartzen dute, hurrenez hurren. Ogasunari buruzko kexek gora egin dute aurreko urteen aldean –agian krisi uneetan zergadunek sentiberatasun handiagoa duelako–, eta foru ogasunaren eta toki ogasunen tributuen kudeaketari eta bilketari buruzkoak dira; eta neurri txikiagoan, Estatuko Tributu Agentziarekiko izapideei buruzkoak.

Puntu honetan, aukera honetaz baliatu nahi dut zuei jakinarazteko gero eta kexa gehiago iristen zaizkigula praktikan eroslea izaten delako, ez saltzailea, plusbalioen gaineko zergak ordaintzen dituena. Egoera hau heldu da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legetik, zeinaren irizpideak Estatuko arauetan ezarritakoez bestelakoak baitira; izan ere, Estatuan saltzailea da zerga hori ordaindu behar duena.

Hori dela eta, proposatu dugu foru araua puntu horri dagokionez aldatzeko, eta legedi komunean erabiltzen denaren antzeko irizpide bat hartzeko, zeren eta, agerikoa denez, zuzenagoa baita, zergaren xedeari dagokionez.

Zortzigarren tokian, ingurumenari buruzko kexak ageri dira (% 4,5). Arlo honetan ugari izaten jarraitzen dute zaratengatiko kexak, bereziki etxebizitzei dagokienez. Eta gero eta gehiago dira erakunde kontserbazionisten kexak, administrazio publikoen eskuetan dagoen ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeko zailtasunari edo ezintasunari buruzkoak.

Zaraten immisioak arauak betetzen ez zituela antzeman dugun kasu guztietan, administrazio publiko eskudunari eskatu diogu babes neurri eraginkorrak har ditzala, haien bidez herritarren konstituzio-eskubideak bermatzeko; besteak beste, osotasun fisiko eta psikikorako herritarrek daukaten oinarrizko eskubidea eta norberaren bizitokian intimitate pertsonala eta familiarra izateko oinarrizko eskubidea.

Gehiegizko zaratengatik egin ditugun gomendio gehienak toki entitateei zuzendu zaizkie, eta, orokorrean, toki entitateek onartu dute kexa-egileek azaldutako arazorako aldeko konponbide bat ematea.

Gainerako arloei dagokienez, honakoak dira aurkeztutako kexen kopuruak, handitik txikira: etxebizitza (4,3%), osasuna (3,7%), hirigintza (3,7%), justizia (3,5%), zerbitzu publikoak (34%), barne arloa (2,8%), gizarte segurantza (2,1%), merkataritza (2%), lana (1,2%), toki entitateen funtzionamendua (1,1%), herri lanak (1,1%), juridiko-pribatuak (1,1%), atzerritartasuna (0,8%), gazteria eta kirola (0,8%), nekazaritza (0,4%), kultura (0,2%), industria (0,2%), eta turismoa (0,2%).

III. Kexaren arrazoia diren administrazio publikoak.

Herritarren kexa gehienak Nafarroako Administrazio Publikoari, haren erakunde publikoei eta haren sozietate publikoei zuzendu zaizkie. Horrelaxe izan da ia bi kexatatik batean. Kexa gehien jaso dituzten Nafarroako Gobernuko departamentuak Gizarte Gaietako/Gizarte Politikako Departamentua eta Hezkuntza Departamentua izan dira.

Aurtengo txostenean, bereizi ditugu, hobeki ezagut daitezen, 2011ko uztailera arte zeuden Foru Administrazioko departamentuei zuzendutakoak eta 2011ko uztailean gobernu berria eratu zenetik egituratutako departamentuei zuzendutakoak.

Bestalde, kexen ia % 30 Nafarroako toki entitateei edo haien menpeko erakundeei zuzendu zaizkie. Hamar kexa baino gehiago jaso dituzten entitateak Iruña (75 kexa) eta Tutera (20 kexa) izan dira. Mankomunitateen jarduketa eta kudeaketa direla eta, 28 kexa aurkeztu dira. Horietatik, bederatzi Erriberako Mankomunitateari buruzkoak izan dira. Haien arrazoia izan da zaborretarako tasak finkatzeko orduan erabilitako irizpidea, gure ustez okerra; izan ere, irizpide horren arabera, tasa horiek, zenbait kasutan, jarduera ekonomikoen gaineko zergarekin lotu dira, bidegabeki. Kontzejuen jokabideei buruz, berriz, bost kexa aurkeztu ziren.

Kudeatu ditugun kexetatik % 7 Espainiako Arartekoari igorri dizkiogu, zeren eta kexa horiek Estatuko Administrazioaren jarduketari buruzkoak baitziren.

Horietako bat zela eta –Sektore elektrikoaren tarifa-defizita zuzentzeko presako neurriak ezartzen dituen abenduaren 23ko 14/2010 Errege Dekretu Legeari buruzkoa zen, energia fotovoltaikoaren produkzioa mugatzen zuelako–, irizpen bat eman genuen, non gure zalantzak adierazten baikenituen lege dekretuko arau eta printzipio batzuk konstituzionalak izateari buruz –besteak beste, etorkizuneko araubide juridikoa ezartzeak presako izaerarik ez edukitzea–.

Espainiako Arartekoak, kexa hori aztertu ondoren, Industria, Merkataritza, Turismo eta Turismo Ministerioari iradoki zion errege dekretu legea zenbait puntutan alda zezan. Halaber, Europako Batzordeak adierazi zuen segurtasun juridikoaren printzipioan eragin zezakeen araudi baten kontra zegoela.

IV. Kudeatutako kexak.

2011n, 1.042 kexa kudeatu dira. Horietatik % 82 onartu dira.
Aitzitik, herritarrak planteatutako gaia ezin izan dugu aztertu eta ebatzi kexen % 11n. Ehuneko hori txikia da hain zuzen ere gure esku-hartzea eskatu duten pertsona guztiei beren arazoetarako bidezko konponbide guztiak eskaini nahi izan diegulako. Horren barnean dago, hain zuzen ere, kontziliazio- eta bitartekaritza-metodoak aktibatzea kexan azaldutako gaiari konponbidea emateko aukerak ikusten direnean.

Hala eta guztiz ere, Nafarroako Arartekoari buruzko Foru Legean aurreikusitako arrazoi batzuk badaude –besteak beste, liskar judiziala edo haren izaera argi eta garbi pribatua–, zeinek ez diguten biderik ematen herritarrek azaldutako gaietan esku hartzeko. Kasu horietan, herritarrei aholkua ematen diegu beren eskubideez baliatu ahal izateko dauden bide eta instantzia legalei buruz.

Onartutako kexei dagokienez, haien % 57,3an antzeman dugu ikuskatutako Administrazioaren jokabidea dela-eta iradokizun, gomendio edo legezko betebeharren gogorarazpenen bat egin behar izan dela, edo gaiaren konponbiderako bitartekari lanak egin behar izan ditugula.

Kasuen % 80an, erakunde honek esku hartu ondoren, administrazio publikoek beren jokabidea zuzendu edo birbideratu dute, edo, gutxienez ere, gure ikusmoldea onartu dute.

Kexak ebazteko epeei dagokienez, batez beste 82,2 egunekoak izaten dira. Epe hori, kexa aurkeztu duten hamar herritarretatik 8k adierazi duten bezala, arrazoizkotzat edo laburtzat jotzen da.

V. Gomendioak, iradokizunak eta legezko betebeharren gogorarazpenak.

Guztira, 691 izan dira administrazio publikoei zuzendu dizkiegun gomendio, iradokizun eta legezko betebeharren gogorarazpenak, herritarren kexak, ofizioz irekitako jarduketak, zerbitzu publikoak hobetzeko proposamenak edo landutako txosten bereziak tarteko.

Zehazki, herritarren kexei dagokienez, gure esku-hartzeak berarekin ekarri du legezko betebeharren 212 gogorarazpen, 245 gomendio eta 92 iradokizun; horietatik 8 normatiboak.

Alderdi kuantitatiboaz harantzago, kopuru hauek agerian jartzen dute, beren alderdi kualitatiboan, Administrazioaren eta herritarraren arteko harremana hobetu beharra dagoela, jarduketa publikoaren sektore desberdinetan, bai eta antolamendu juridikoak botere publikoei ezartzen dizkien bermeak betetzeko beharra dagoela ere, eta errespetatu behar direla pertsonek administrazio publikoekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, horietako batzuk oinarrizkoak.

Nafarroako administrazio publikoek, orokorrean, erakunde honek eginiko gomendioak eta bitartekaritza-lanak onartzearen ehunekoa handia izan da, zeren eta esan bezala, % 80ra iristen baita.

VI. Ofiziozko jarduketak.

Ofizioz egin diren hogeita hamabost jarduketak gisa guztietako gaiei buruzkoa izan dira. Hala eta guztiz ere, horietatik gehienen xedea izan da gizarte eskubideak babestea; zehazki, ezgaituentzakoa arreta, adingabeen babesa, familiaren babesa eta prestazioak eskuratzea.

Halaber, ofiziozko lau jarduketa egin ditugu osasunerako eskubidea dela eta. Horien artean, nabarmentzekoa da Gorte Nagusietako Arartekoari igorri izana txosten bat, zeinean eskatzen baitzaio esku hartu dezala lege organiko bat onesteko, hain zuzen ere buru-gaixotasunen bat duten pertsonak barneratzeari eta haiei nahitaezko tratamendu mediko-klinikoa emateari buruzko araupetze oso eta gaurko bat jasoko duen lege organiko bat. Arartekoak gure eskaria onetsi zuen eta Justizia Ministerioari planteatu zion.

Jarduketa horien guztien bitartez, Nafarroako administrazio publikoei 41 iradokizun igorri dizkiegu; horien bitartez, Foru Komunitateko Administrazioari honakoak proposatu dizkiogu, besteak beste:

  • Egoitza-baliabideak jar daitezela ezgaitasun mugatzaile bat izan eta gizarte eta lan bizitza autonomoa garatzen duten gazteentzat.
  • Behar diren jarduketak egin daitezela Ilundaingo adingabeentzako zentroa irekitzeko.
  • Etxebizitza duin eta egokiaz gozatu ahal izateko formulak artikulatzea, azken hamarkadetan tradizional izan den salerosketaz bestelakoak; esate baterako, alokairu araubideko etxebizitza babestua sustatzea.
  • Balora dadila aukerarik ba ote dagoen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko foru arauetan gaurkotu dadin subjektu pasiboarekin bizi den 65 urtetik gorako aurrekoengatiko kenkariaz –edo adin txikiagoa dutenen kasuan, minusbaliotasunarengatiko kenkariaz– baliatu ahal izateko urteko gehieneko errenta gisa aurreikusitako zenbatekoa.
  • Nafarroako Natu-guneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeko laugarren xedapen gehigarriak aipatzen duen natur parkeen antolaketa eta deklarazioa abiaraz dezan, natur parkearen figuran sakonduz balio naturalak antolatu eta kontserbatzeko tresna gisa, eta, aldi berean, deklaratutako eremuko eta inguruko herrien garapen sozioekonomikorako tresna gisa.
  • Egiazko eta efektibo egin dadila in vitro ugalketarako prestazioa, bigarren mailako antzutasuna izan eta seme edo alaba osasuntsua duten bikoteen kasuan.
  • Nafarroako Bikote Egonkorrentzako Erregistroa sor dadila .
  • Foru antolamendu zibilean sar dadila hartutako zor hipotekarioaren guztizkoarengatik familiaren etxebizitza ordainketa gisa ematea, Nafarroak Foru Zuzenbide Zibilaren arloan daukan eskumenaz baliatuta.

VII. Zerbitzu publikoak hobetzeko herritarrek eginiko proposamenak.

Bestalde, dakizuen bezala, Nafarroako Arartekoak sustatzen du herritarrek zerbitzu publikoen hobekuntzan parte har dezaten, eta haiek bultzatu nahi ditu proposamenak egitera. Proposamen horiek, izan ere, arrazoizkoak badira, Administrazioari bideratuko zaizkio gero.

Hartara, 2008tik, 188 hobekuntza proposamen aurkeztu zaizkio Nafarroako Arartekoari.

2011n iritsi zaizkigun 28 proposamenetatik hobekuntza batzuk eratorri dira; honako arloetan, besteak beste: hezkuntza etxebizitza, funtzio publikoa, gizarte gaiak, osasuna, ogasuna eta kontsumitzailearentzako babesa. Horrek aukera eman digu Administrazioari ondokoak bezalako gaiak helarazteko, besteak beste:

  • Etxebizitza babestu bat okupatuta egotearen betebeharra salbuestea ahalbidetzen duten kasuak eta baldintzak arau bidez garatu behar izatea, bereziki erreparatuz adjudikazio-hartzaileen inguruabar familiar eta pertsonalei.
  • Nafarroako Ospitaleguneko Alergologia Zerbitzua giza- eta gauza-baliabideez hornitzeko eskaria, alergia arazoak dauzkaten haurren kasuetan elikagaien tolerantziarako indukzioaren teknika aplikatzeko.
  • Familia aurrekariak direla-eta gaixotasuna izateko arrisku handia duten emakume gazteen bularreko minbiziaren antzemate goiztiarra hobetzea.
  • Azterlan bat egitea, non 0-3 ureko zikloan hizkuntza-eredu desberdinetan dagoen eskaintza eta eskaria alderatuko diren, eta lortutako emaitzaren arabera, eskola-postu publikoen eskaintza egin dezala, eredu batean zein bestean.

VIII. Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako txosten bereziak.

Hiru izan dira 2011n eginiko txosten bereziak, horietako bat Nafarroako Parlamentuak eskatua. Azken horretan aztertu zen zein den herritarren hizkuntza eskubideen egiazko egoera Nafarroako Foru Komunitatearen administrazio digitala dela eta. Beste bietatik bata ikasle immigranteak derrigorrezko bigarren hezkuntzan integratzeari buruzkoa izan zen, eta bestea Nafarroako oinarrizko gizarte zerbitzuen egoerari buruzkoa; azken horretan, agerian jarri zen gizarte arretaren sare horrek daukan garrantzia.

Gainera, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak, 2011ko azaroaren 21ean eginiko bilkuran, erabaki zuen Nafarroako Arartekoari eskatzea txosten bat egin zezala jakite aldera zein den herritarrek dituzten hizkuntza eskubideen benetako egoera gizarte komunikabideei dagokienez. Txosten hori aurrerago aurkeztuko dizuet.

IX. Kontsultak.

Erakundearen informazio bulegoak 1.209 kontsulta hartu ditu. Zail gertatzen da islatzea kontsultetan artatzen dugun kasuistika guztia islatzea, bai eta gure bulegora jotzen dutenek azaltzen dizkiguten egoera askotan dramatikoak ere. Nolanahi ere, haien muina gai sozialak izan dira bereziki, 2011n.

Esate baterako, ugari izan dira baliabiderik gabeko pertsonentzako prestazio ekonomikoei buruzko kontsultak, bereziki gizarte laguntzak eskuratzeari eta haiek emateko epeei buruzkoak.

Halaber, kontsulta ugari jaso ditugu ezgaitasunari arreta emateari buruz, hirugarren adinari buruz, familientzako laguntzei buruz edo adingabe eta nerabeak babesteari buruz; eta gora egin dute, halaber, datu pertsonalak babesteari buruzkoek. Azken puntu horretan antzeman dugu ez dagoela zerbitzu publiko bat, herritarrek bertara jotzeko modukoa, datu pertsonalen babesa bezain konplexua den gai batean beren zalantzak azaldu eta ebazteko, eta gure bulegoa eskaini dugu huts hori betetzeko.

Gure bulegoan planteatu eta pertsonalki artatu diren kontsulten % 51k agerian jartzen du herritarrek nahiago izaten duten kezkagarri zaizkien gaiak pertsonalki azaltzea, erakundearen hurbiltasuna eta berehalakotasuna direla eta.

Sinistuta nago, jaun-andreok, Nafarroako Arartekoak esleituta daukan eginkizunean, herritarren eta botere publikoen arteko bitartekaritza eginkizunerako zerbitzu publiko baten gisara egituratuta dagoela; izan ere, modu ez-formal eta zuenean laguntzen die herritarrei erabaki publikoak hobeki ulertzen, behar ez diren errekurtso administratibo eta judizialak aurkeztea saihesten du, epaitegien butxadura handiagoa eragozten du, kontziliazio-lana egiten du gatazka sozialetan, administrazioen erabakien zergatia azaltzen du haiek zuzenbidearen araberakoak direnean, eta lagungarri gertatzen da herritarrek beren eskubideen kontzientzia har dezaten hain zuzen ere eskubide horien legezko egituratzearen arabera. Hori dela eta, uste dute Nafarroako Arartekoa oraindik ere gehiago indar litekeela, bitartekaria izan dadin sekula aldeen arteko gatazkaren pentzutan utzi beharko ez liratekeen gaietan, zeren eta horrek, askotan, gizarteko bizikidetza modu bidegabean narriatzen baitu.

X. Herritarrek erakundearen erabilgarritasunari eta eraginkortasunari buruz daukaten iritzia.

Bukatzeko, aurreko urteetan egin dugun bezala, adierazi nahi dut herritarrek oso balorazio positiboa egiten dutela erakundearen baliagarritasunari buruz eta eraginkortasun sozialari buruz, oso ongi altuko kalifikazioa ematen baitiote: 10etik 7,8.

Herritarrek azpimarratzen dute, kexak ebatzi ondoren bidaltzen dizkiguten galdetegietan, jasotzen duten tratu pertsonalaren kalitatea eta berotasuna eta beren arazoak direla-eta erakutsitako sentiberatasuna. Kexa horien ebazpena, zalantzarik gabe, erakundeko langileek asmatu izateren emaitza dira –hori dela eta, haien ahalegina eta lana eskertu nahi dizkiet–, bai eta Nafarroako administrazio publikoek parlamentu-organo honek egiten dizkien iradokizun eta gomendioak direla-eta erakusten duten lankidetzaren eta harmenaren fruitua ere.

X. Agurra.

Bukatuko dut, jaun-andreok: zuen arreta eskertu besterik ez zait geratzen, eta zuen esku jarri nahi dut egokitzat jotzen dituzuen gaiak argitzeko edo osatzeko.

Eskerrik asko guztioi zuen arretarengatik.

Partekatu edukia