Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoaren agerraldia Foru Araubide Batzordean.

2014 iraila 04

NAFARROAKO ARARTEKOAREN AGERRALDIA FORU ARAUBIDE BATZORDEAN

I. Sarrera.

Buenos días, señora Presidente y señores parlamentarios forales.

Egun on, jaun-andreak.

Eskerrik asko.

Gogoratuko duzuen moduan, 2014ko apirilaren 7an egindako bilkuran, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak honako erabakia hartu zuen, Bildu Nafarroa eta Aralar-Nafarroa Bai parlamentu-taldeek hala eskatuta:

Nafarroako Arartekoari Nafarroako Gobernuaren eta Osasun Kontseilaritzaren erantzukizunen gaineko txosten bat egin dezan eskatzea, Nafarroako osasun arreta jarraitua eta premiazkoari eta ondorio juridikoei buruzko otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legea ez delako bete.

Nafarroako Arartekoaren erakundeari 2014ko apirilaren 10ean bidalitako Eledunen Batzarreko erabakia (erregistroan sarrera eman zitzaion). Erabaki horrek zenbait agiri zituen erantsita.

Erakundean egin zen lehendabiziko gauza hauxe izan zen: Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarraren eskaera aztertu, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 16 d) artikuluan xedatutakoarekin bat datorren ikusteko. Manu horri jarraiki, Arartekoak, bere eskumenen esparruaren barruan, txostenak egin ditzake Nafarroako Parlamentuak hala eskatuta. Izan ere, haren eskumena Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko lege organikoak ezarritako eskubideen eta askatasunen babesa eta hobekuntza da.

Kontuan hartuta eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko osasun zerbitzu publikoetako funtzionamendua hizpide zeukala eta osasunaren babeserako herritarren eskubideei lotuta zegoela, Nafarroako Arartekoaren jarduera gainbegiratzeko eskumenen barruan zegoela ulertu zen, Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak barne hartutako eskubideak eta askatasunak defendatu eta babestean, foru komunitatearen eskumenen esparruan (LORAFNAko 18 ter 1 artikulua).

Txostenaren edukiari dagokionez, sarreraren ostean, txostena bost ataletan banatuta dago:

  • egiteko kontuan hartutako metodologia eta herri-administrazio eskudunari eskatutako informazioa eta hark emandakoa,

  • mahaigaineratutako gaiari aplika dakiokeen esparru juridikoa, osasun arreta jarraitu eta premiazkoari buruzko otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legeak xedatzen duena da,

  • aplika daitekeen foru legean jasotako aginduen betetzearen balorazioa,

  • eta ustezko ez-betetzearen ziozko ondorio juridikoak eta ez-betetze horren ziozko ustezko erantzukizunak.

II. Txostena egiteko jarraitutako metodologia.

Metodologiari dagokionez, Nafarroako Parlamentuko erabakia betetze aldera, 2014ko apirilaren 11n Osasun kontseilariari eskatu zitzaion 2014ko maiatzaren 15a baino lehen mahaigaineratutako kontuen berri eman zezan, otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legeko artikulu bakarraren betetze-maila baloratzeko.

Alderdi horiek 7 puntutan bildu ziren, Nafarroako Parlamentuari bidalitako txostenean jaso eta aipatutakoak.

2014ko maiatzaren 20 eta 21ean erakundeak Osasun Departamentuko txostena jaso zuen, beste hiru agirirekin batera.

  • bat, 2008ko martxoaren 13ko erabakiaren berrikuspena. Horren bidez, osasun administrazioak sindikatuetako zentralekin landa eremuko lehen mailako arreta jarraituaren inguruan sinatutako ituna eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen beste lan-baldintza batzuk onartu dira.

  • beste bat, Nafarroako osasunaren oinarrizko eremuetarako premien azterlana izenekoa, Osasun Departamentuko Lehen Mailako Arretako Zuzendaritzak egindakoa (Iruñea 2013).

  • Hirugarrena, Nafarroako lehen mailako arretan arreta jarraitua eta premiazkoa aldatzeko gomendioak izenekoa. Aipatu denaren arabera, Laguntza Batzar Teknikoak eta Lehen Mailako Arretako Aholku Batzordeak 2013ko martxotik urrira arte egindako bileretan lortutako gehiengoaren adostasunaren emaitza da.

Osasun kontseilariaren txosten horren edukia erakundeak Nafarroako Parlamentuari bidalitako txostenaren testuan oso-osorik jaso da.

Erakundeak Nafarroako Parlamentuak eskatutako txostenaren behin-behineko testua egin ostean, Osasun Departamentuari 2014ko maiatzaren 26an bidali zitzaion, departamentu horrek, egoki iritziz gero, 2014ko ekainaren 17a baino lehen bidezkotzat jotako gogoetak edo alegazioak egin zitzan, Nafarroako Parlamentuari ohar horien berri emango zitzaiola azalduta, jakinaren gainean egon zedin, baita ekainean Nafarroako Parlamentuari txostenaren behin betiko testua bidal ziezaioten ere, Eledunen Batzarraren erabakia betetzeko asmoz.

Ekainaren 20an, Osasun Sailaren oharrak jaso ziren (kopia txosten honi erantsita).

III. Esparru juridiko aplikagarria: 2/2013 Foru Legea, otsailaren 14koa, osasun arreta jarraitua eta premiazkoari buruzkoa. Edukia, manuak eta hartzaileak.

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuaren eta Osasun Kontseilaritzaren erantzukizunen gaineko txosten bat egin dadin eskatzea, Nafarroako osasun arreta jarraitua eta premiazkoari eta ondorio juridikoei buruzko otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legea ez delako bete.

Hortaz, beharrezkoa da aurretik foru lege horrek xedatzen duena ezartzea, Nafarroako Gobernua edo, bestela, Osasun Kontseilaritza haien manuen hartzaileak badira, horrek edo haietako batek foru legea bete ez badu eta, hala badagokio, eska dakizkiekeen ondorio juridikoak eta erantzukizunak zeintzuk diren eta horretarako zer bide ezarrita dauden.

Otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legearen artikulu bakarrak –bertan foru legearen eduki nuklearra biltzen da- honako manuak ezartzen ditu:

  1. Bat eta lehena, Osasun Departamentuari, Nafarroako landa eremuetako biztanleen premiak ebalua ditzan (erabilitako lokuzioa da egingo da, termino inperatiboa) osasun arretari dagokionez, baita arreta jarraitu eta premiazkoaren ereduaren eraginkortasunik eza ere.

  2. Beste bat eta bigarrena, Osasun Departamentuari, lehen mailako arretarako osasun zentroen eta arreta jarraituaren eta osasun arloko profesionalen, tokiko erakundeen eta gai honekin zerikusia duten gizarte taldeen premiazkoaren modalitateen funtzionamendu plana egin dezan (egingo da espresioa erabili da), ahal den adostasunik handiena lortuz.

  3. Beste bat eta hirugarrena, Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Parlamentuari gehienez ere urtebeteko epean aurreko paragrafoan aipatutako plana –alegia, lehen mailako arretarako osasun zentroen eta arreta jarraitu eta premiazkoaren modalitateen funtzionamendu plana- bidal diezaion (bidaliko dio), eztabaidatu eta onar dadin.

Edukitik ondorioztatzen denaren arabera, legezko hiru manu dira eta, beraz, termino inperatiboetan idatzitako aginduzkoak, manu exekutibo batenak (egingo da, landuko da eta bidaliko da). Manu horiek hartzaileentzako ondorio juridiko lotesleak eragiten dituzten arauzko ekintza juridikoak dira. Kasu horretan, manu inperatiboek arau bakoitzaren hartzailea behartzen dute, haren betetzea saihesteko aukerarik utzi gabe. Horregatik, manuak behin-behinean ez betetzeak ondorio juridikoak eragingo ditu.

Hala, lehen ondorio juridikoa aurreratu daiteke, legegileak berariaz aipatutakoa eta foru legearen xedapen iragankor bakarrean jasotakoa: artikulu bakar horrek aipatzen duen plana onartzen ez den bitartean, eta indargabetutako 131/2012 Foru Dekretua baino lehen araudiaren indarraldia aldatu edo indargabetzen ez bada, aipatu araudia aplikatzen jarraituko da, abenduaren 19ko 131/2012 Errege Dekretua indarrean jartzean zegoena. Logikoki, badirudi legegileak esan nahi zuela indarreko erregelamendu-araudia izango dela aplikatzen jarraituko dena, abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretu hori indarrean jarri baino lehen, xedapen iragankor bakarraren bidez indargabetu baita. Horrez gain, xedapen iragankor bakarrak gehitu du abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretuari jarraiki hasi diren eta behin betiko ebazpena jaso ez duten prozedurak indarrean jarri aurretik zegoen araudiari lotuta ebatziko direla.

Ikus daitekeen moduan, legezko hiru manu zehatz daude eta lehenengo bietan hartzailea Osasun Departamentua da eta hirugarrenean, berriz, Nafarroako Gobernua. Nafarroako Gobernutzat jotzen da kide anitzeko organoa eta bertako presidentearen baimena aintzat hartuta, politika orokorra ezartzen da eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa zuzentzen da. Halaber, funtzio betearazlea, erregelamenduzko ahalmena eta legez ezarritako gainontzeko funtzioak baliatzen ditu, Nafarroako Gobernuaren eta bertako presidentearen abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (Nafarroako Gobernua presidenteak eta kontseilariek osatua).

IV. Otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legean jasota dauden manuen betetzearen balorazioa.

Jarraian, bildutako eta lortutako datuak oinarri hartuta, hartzaileek osasun arreta jarraitu eta premiazkoari buruzko otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legearen artikulu bakarrean jasotako manuak baloratuko dira.

Erakunde honen ustez:

  1. Osasun Departamentuak otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legearen artikulu bakarreko lehen manua bete du, Nafarroako landa eremuetako biztanleek osasun arretaren inguruan dituzten premiak eta arreta jarraitu eta premiazkoaren ereduaren eraginkortasunik eza ebaluatuta. Aipatu ebaluazioa Nafarroako osasunaren oinarrizko inguruetarako premien azterlanean jaso da.

  2. Osasun Sailak ez du egin lehen mailako arretarako osasun zentroen funtzionamendu planaren eta arreta jarraitu eta premiazkoaren agiria. Erakunde honen ustez, ez dago, termino juridiko eta formaletan Nafarroako landa eremuetako lehen mailako arretarako osasun zentroen funtzionamendua jorratzen duen plana izeneko agiririk, ezta plantzat jo daitekeen beste agiririk ere, edukia kontuan hartuta.

Egia da, Osasun Departamentuak dioen moduan, foru legeak ez duela ezarri egitea agindu duen plan horren edukia, ezta egitura ere. Hala ere, Espainierako Hiztegiaren planean jasotako definizioari jarraiki, plan hau jarduera publiko baten eredu sistematikoa jasotzen duen idatzizko agiritzat jo daiteke, aurretik egiten dena zuzendu eta bideratzeko.

Horrez gain, egia da agiri-liburu bat egon badagoela, Osasun Departamentuak aurkeztutakoa, lehen mailako arretan arreta jarraitua eta premiazko aldatzeko gomendioei buruzkoa.

Eta aipatu agiriaren xedea da, 5. orrialdetik 10. orrialdera azaldutakoa ikusirik, premiak eta egungo egoera aztertzea, hamar ondorio ateratzeko (9. orrialdetik 10. orrialdera) eta hamabi gomendio egiteko (21. orrialdetik 22. orrialdera).

Dena den, erakunde honen ustez, agiri hori ezin da kontzeptualki plantzat jo, azterlan-izaera baitu eta gomendioak proposatzen dituelako. Horrez gain, ez ditu lehen arretako osasun zentroen eta arreta jarraitu eta premiazkoaren modalitateen funtzionamendurako Nafarroako Gobernuaren xedeak biltzen, eta ez da agintaritza eskudunaren egintza –bertan gomendioak berariaz onartzeko eta kontuan hartzeko asmoa adierazi du- eta ez ditu biltzen, plan batean egin behar den moduan, gain hartutako eta lortu nahi diren xedeak, jarraitu beharreko estrategiak eta irizpideak, ezarri nahi den eredua, planaren garapenerako baliatutako bitartekoak, behin-behineko aurreikuspenak eta, hala badagokio, adierazleak, ekonomia- eta finantza-azterlanak, etab.

Erakunde honen ustez, ezin da kontuan hartu landa eremuko lehen mailako arretan arreta jarraituaren eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen lan-baldintzen inguruan osasun administrazioak eta sindikatu zentralek sinatutako aurreko ituna berrikusten duen sindikatuaren erabakia.

Eskumenen ikuspegitik, erabaki hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak sinatu zuen eta ez Osasun Departamentuak, ezta Nafarroako Gobernuak ere, foru legeak xedatzen duen moduan.

Izaerari dagokionez, erabakiaren agiria antolamendu- eta lan-izaera duen sindikatuaren erabaki bat da eta ez da plan bat hitza hertsiki kontuan hartuta.

Edukiari dagokionez, erabakiak 2008ko martxoaren 13ko erabakiaren bidez sortutako landa eremuetako larrialdi zerbitzuen antolamendua eguneratzea du xede, Nafarroako lehen mailako arretaren arreta jarraitu eta premiazkoari dagokionez. Horretarako, aipatu erabakiak landa eremuetako larrialdi zerbitzuen mantentzea ezartzen du, jarduera bereziko eremuak definitzen ditu (horietan arreta jarraitua lokalizatuta guardiak antolatuz emango da), osasunaren oinarrizko eremuaren kasuan kasuko zuzendarien landa eremuetako larrialdi zerbitzuetako langileen dependentzia organikoa eta funtzionala xedatzen du, landa eremuetako larrialdi zerbitzuetako langileen lanaldia definitzen du, profesionalak fisikoki egon badaudela bermatuz osasunaren oinarrizko eremuetan arreta jarraitua nola bideratu definitzen du, arreta jarraituaren puntuak zehazten ditu, fisikoki bertaratuta egindako guardien gehienezko muga ezartzen du, enpleguari lotutako neurriak biltzen ditu (6 mediku eta 6 erizain gehitu, behin-behineko kontratuetako lanaldiaren % 50ean gutxieneko iraupena ezarri, etab.), landa eremuetako larrialdi ekipoetako garraioan eta ekipamenduan hobekuntzak gehitzen ditu eta testua batzorde paritarioak egingo duen jarraipenerako alderdi batzuk aipatuz eta 2014ko martxoaren 1etik aurrerako ondorioen aurreikuspenarekin amaitzen da. Beraz, lan- eta antolamendu-erabakia da.

Azken batean, erakunde honek uste du ez dagoela planaren agiri bat bere horretan eta kontzeptu horrek ezin du barne hartu batzorde teknikoaren premien azterlana, ondorioak eta gomendioen proposamena, ezta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta sindikatuen lau erakundek sinatutako erabakia ere.

Ondorio hori ikusirik, erakunde honek ez du Osasun Departamentuak arreta jarraitu eta premiazkoa hobetzeko egindako prozesua deskalifikatu nahi (hausnarketa- eta partaidetza-prozesua izan da). Erakunde honek agerian jarri nahi du ez duela antzeman plan bat, alegia, hitzaren definizioa aintzat hartuta eta foru legeak eskatzen duenarekin bat etorriz. Are gehiago, ikuspegi materialago batetik baina ez hain formaletik eta dokumentaletik, Osasun Departamentuak bideratutako prozesua Nafarroako lehen mailako arretan arreta jarraitu eta premiazkoaren plangintzara gerturatu daiteke edo zenbait elementu izan ditzake. Hori da hain zuzen Osasun Departamentuak baliatzen duena plan bat dela esateko. Dena den, planaren defentsa hori termino materialetan bakarrik egin daiteke. Izan ere, plangintza baten elementuak izan ditu, adibidez, partidaren egoera aztertu, hori eta hainbat proposamen ebaluatu eta, azkenean, aurrera eraman behar diren neurriak -baina ez, ordea, termino juridiko, kontzeptual edo formaletan- artikulatu dira. Aipatu plana aurkeztutako agirietatik atera daiteke: premien azterlana, egindako ebaluazioak, bildutako proposamenak, ondorioak, gomendioak, administrazioak onartutako eta zenbait sindikatu erakunderekin sinatutako lan- eta antolamendu-erabakia, erakunde honen ustez, honakoa aipatuz osatu behar bada ere: xedeak, ekintza zehatzak, horiek egiteaz arduratuko diren organoak, behin-behineko aurreikuspenak, esleitutako baliabideak, ekintzen eta plantzat jotzeko edukiak eta elementuak identifikatzeko aukera emango duten beste elementu batzuen gutxi gorabeherako gastuaren ebaluazioa.

Ebaluazio eta antolamendu prozesu horretan, jasota dago osasun profesionalek parte hartu dutela lehen mailako arretarako aholku batzordearen eta asistentziako batzorde teknikoaren eta erakunde sindikalekin bidez. Aipatu gaiari lotuta dauden gizarte taldeen eta tokiko erakundeen partaidetzari dagokionez, bai Osasun Departamentuak erakunde honi emandako erantzunean bai Osasun kontseilariaren agerraldian, hala eskatuta, 2014ko martxoaren 11ko Osasun Batzordearen aurrean, adierazi da adostasuna lortzeko bi bide berri abiarazi zirela –horietan ere tartean sartuta gaude-. Lehenengo eta behin, departamentuaren proposamen gisa partaidetza profesionalaren bi foroetatik ateratako ondorioak onartuz gero kaltetu zitezkeen udalerri horietako udal ordezkariekin elkarrizketak izan ditugu eta, bigarrenik, zenbait erakunderekin elkarrizketak izan ditugu, hala nola, profesionalen elkargoekin edo sozietate zientifikoekin, erakunde gisa horietako ordezkariek banan-banan une horretara arte izandako bileretan hartutako erabakiak berresten ote zituzten ikusteko.

Ahalik eta adostasun handiena lortzeari dagokionez, Osasun Departamentuak adostasuna lortu du lan-antolamendurako erabakia onar dadin aipatutako lau erakunde sindikalekin (UGT, CC OO, SATSE eta AFAPNA); ez du lortu, ordea, beste erakunde sindikal batzuekin (Sindicato de Médicos, LAB, ELA…). Logikoki, artikulu bakarraren 2. zk.n legegileak aipatzen duen ahalik eta adostasun handiena lortuz adierazpenak ez du ezinbestean exijitzen tarteko agente guztiekin -esaterako, osasun arloko profesionalak, tokiko erakundeak eta gizarte taldeak- ahal den adostasunik handia lortzea; izan ere, Osasun Departamentuak agente horien partaidetza sustatu behar du landa eremuetako arreta jarraitu eta premiazkoaren zerbitzuetako plangintzan eta edukiarekin oso-osorik edo zati batean ados dauden horien eskutik ahal den babes handiena lortu behar du.

  1. Lehen mailako osasun zentroen eta arreta jarraitu eta larrialdiko modalitateen funtzionamendu planaren agiri hori ez zegoenez, jakina, Nafarroako Gobernuak ezin izan zuen bere gobernu-bilkuretan onartu, ezta Nafarroako Parlamentuari horrek eztabaidatu eta onar zezan gehienez ere urtebeteko epean bidali ere.

Erakunde honen aburuz, otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legearen artikulu bakarreko 3. zenbakia Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 202. artikuluarekin lotu behar da, azken horrek Nafarroako Gobernuaren plan bat onartzeko prozedura parlamentarioa ezartzen baitu. Eztabaidatzeko eta onartzeko prozedura parlamentario horretarako, lehenengo eta behin, Nafarroako Gobernuak plana bidali behar du, gobernuko kide batek osoko bilkuran edo kasuan kasuko batzordean eztabaidatzeko aurkeztu behar du, ebazpen-proposamenak aurkezteko epe bat ireki behar da, proposamenak eztabaidatu behar dira, plana baztertu behar da, proposamenak bozkatu behar dira eta plana osoko bozketa bakarrean onartu behar da.

Beraz, ez da Nafarroako Gobernuaren planik egon eta ez da Nafarroako Parlamentura bidali eztabaidatu eta onartzeko.

V. Ondorio juridikoak.

Funtsean, otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legea ez betetzearen ondorio juridikoak bitan laburbil daitezke:

  1. Aginduzko mandatuak ezartzen dituen lege bat ez betetzeak haren zehaztapenak ahalik eta lasterren betetzera behartzen du, legezkotasun printzipioa nagusi den zuzenbideko estatu batean, administrazio jarduera beti legearen menpe eta legeak herriaren borondatearen menpe jartzen dituen batean, logikoa den moduan. Horregatik, Osasun Departamentuak foru-lege batek eskatutako plan bat formalki egin ez badu eta Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentura bidali ez badu, mandatuen jasotzaileek egitera behartuta egoten jarraitzen dute. Hortaz, Osasun Departamentuak plan horren proiektu bat egin beharko luke administrazio agiri bakar batean, Nafarroako Gobernuan aurkeztu eta horrek onartu beharko luke, ahalik eta lasterren Nafarroako Parlamentura bidaltzeko, foru-legea erabat bete dadin, epeari buruzko salbuespena izan ezik, dagoeneko igaro baita.

  2. Bigarren ondorio juridikoa hauxe da: Nafarroako Parlamentuak plana onartzen ez duen bitartean, Nafarroako Foru Erkidegoko administrazioak eta haren erakunde publikoek une oro otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrean ezarritakoa bete behar dute. Horren arabera, plana onesten ez den bitartean, indargabetutako abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretuaren aurretiko erregelamendu mailako araudia aplikatzen jarraituko da, aldatzen edo indargabetzen ez den bitartean. Zehazki, administrazio prozeduraren bat abenduaren 19ko 131/2012 Foru Dekretuaren arabera abian jarrita badago eta behin betiko ebazpenik jaso ez badu, prozedura hori foru-dekretua indarrean sartu aurretiko araudiaren arabera ebatzi behar da. Araudi berri bat aplikatu ahal izateko, funtzionamendu planaren onespena sine qua non betekizuna izango litzateke. Horrenbestez, aipatutako plana onetsi gabe gai horri buruz ematen den edozein araudi erabat deuseza izan liteke, foru-legearen aurka egoteagatik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 25eko 30/1992 Legearen 62.2. artikulua aplikatuz. Era berean, xedapen iragankor bakar horren edukiaren kontra egiten den edozein egintza deuseztagarritzat edo deuseztzat eta aurkaratutzat jo liteke bulego judizial eskudunen aurrean, azaroaren 26ko 30/1992 Lege horren 63.1. eta 62.1. artikuluak aplikatuz.

VI. Erator litezkeen erantzukizunak.

Aginduzko mandatuak dituen lege bat ez betetzeak hainbat motatako erantzukizunak sorrarazi ditzake. Hala, oro har, horrelakoak ondoriozta daitezke: gobernarien erantzukizun politikoak, arduradunen erantzukizun penala kasu jakin batzuetan, funtzionarioen diziplina-erantzukizuna, administrazioaren erantzukizun administratiboak, agintari eta funtzionario erantzuleen kontabilitate-erantzukizunak, agintarien eta funtzionarioen erantzukizun zibilak edo, subsidiarioki, administrazioarenak, etab.

Otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legearen aginduzko mandatuen kasuan, erakunde honen iritziz, horiek ez betetzeak erantzukizun politikoak soilik ekarriko lituzke, hala balegokio Nafarroako Parlamentuak eskatu ahal izango lituzkeenak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren arabera eta, hori garatuz, Ganberaren Erregelamenduaren eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera, haren irizpideari jarraiki.

Eta horixe da erakunde honek Nafarroako Parlamentuari jakinarazten diona haren txosten-eskaerari erantzunez.

Eskerrik asko zure arretagatik.

2014ko irailaren 4a

Partekatu edukia