Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoaren 2014ko otsailaren 11ko EBAZPENA. Beraren bidez, aurkakotzat eta oztopagarritzat jotzen da Burlatako alkate den Juan Carlos González Muñoz jaunaren jarrera negatiboa.

2014 otsaila 11

Nafarroako Arartekoaren 2014ko otsailaren 11ko EBAZPENA. Beraren bidez, aurkakotzat eta oztopagarritzat jotzen da Burlatako alkate den Juan Carlos González Muñoz jaunaren jarrera negatiboa, eta hala azpimarratzen da erakundeak Nafarroako Parlamentuari urtero egiten dion txostenean (2013koan), beste publizitate bitarteko batzuk gorabehera.

Hau xedatzen du Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24.2 artikuluak: hasierako txostena edo dokumentazioa bidaltzeko edo horiek eskuratzeko eskaera egin ondoren, administrazio publikoko langileek edo haien nagusi edo arduradunek jarrera negatiboa edo zabarra agertzen badute, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak oztopotzat har dezake jarrera hori. Hala, Arartekoak berehala publiko egin dezake gertatutakoa, eta kalifikazio hori ezar dezake Nafarroako Parlamentuari bidaltzen dion urteko txostenean edo txosten berezian, balego.

Lege-manu beraren 3. zenbakian azaltzen denez, modu berean jokatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren jarduera oztopatzen edo zailtzen duen edozein jarrerarekin.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Lege beraren 31. artikuluan xedatzen denez, edozein erakundek edo administrazio publikoen zerbitzutan dagoen langile izaerako pertsona batek Nafarroako Foru Komunitateko Herri Defentsariaren ikerketa-lanaren aurkako jarrera edo jarrera oztopagarria iraunkorra izanez gero, txosten berezia egin ahalko zaio, eta gainera urteko txosteneko atal egokian nabarmendu ahal izango da. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak, era berean, bere ebazpenak betetzeari behin eta berriro muzin egiten diotenak edo Arartekoaren funtzioak betetzea oztopatzen dutenak identifikatu ere ahalko ditu, agintari gorenari hori guztia jakinarazi ondoren.

Erakunde honetan […] andreak Burlatako Udalaren aurka aurkeztutako idazkia dela-eta hasi zen 13/579 kexa-espedientean. Andre horrek, kalean erori zelako, aurkeztu zuen ondare-erantzukizuneko eskaera bat artxibatu zitzaiolako egin zuen kexa. Espedientean, Nafarroako Arartekoak Burlatako alkateari eskatu zion, idatziz lau aldiz (2013ko irailaren 11n, 2013ko urriaren 24an, 2013ko abenduaren 20an eta 2014ko urtarrilaren 20an), eta beste behin ahoz (2014ko urtarrilaren 8an, eta 2014ko urtarrilaren 27an telefono deia egin zen, baina ez zuten erantzun), uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24.1 artikuluan aipatzen den hasierako txostena bidal zezala. Gainera, hiru aldiz eskatu zion Burlatako Udalak kalte-ordain eskaerari buruz egin zuen jardunari buruzko administrazio espedientearen kopia bat.

Burlatako alkateak behin eta berriro errefusatu du kexaren egilearen eskaerari buruzko txosten hori bidaltzea, baita administrazio espedientea bidaltzea ere. Bidalketa modu bidegabean luzatu du, harik eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebazpena eman arte.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebazpena eman duenean soilik (zehazki, 2014ko otsailaren 5ean, hau da, ia bost hilabete beranduago) bidali du Burlatako alkateak eskatu zitzaion administrazio dokumentua. Horrek esan nahi du kontrolatzen den administrazio agintaritzaren irizpidea de facto inposatu duela, eta hori uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoaren kontrakoa da, erakunde honek Burlatako Udalaren jardunaz dituen kontrol-funtzioak kontuan izan gabe.

Alkateak, bere jokabidearekin, Nafarroako Arartekoaren ikerketa-lana oztopatu du, herritarren eskubide konstituzionalak defendatzeko Nafarroako Parlamentuko goi mandataria den arren eta Nafarroako tokiko erakundeen jarduna gainbegiratzeko ahalmena duen arren (aipatutako foru legearen 1. artikulua). Gainera, modu kontzientean ez du kontuan izan legeak Arartekoaren independentzia bermatzen duela, Arartekoak ez duela beste agintari batzuen agindurik hartzen, eta erakunde honek bere funtzioak autonomiaz eta bere irizpideen arabera betetzen dituela (5. artikulua).

Era berean, Burlatako alkateak modu kontzientean eta nahita urratu du administrazio agintari gisa uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 26. artikuluak ematen dion legezko betebeharra, hau da, Nafarroako Arartekoari lehentasunez eta premiaz laguntzea bere ikerketa eta ikuskapenetan. Gainera, Arartekoari ezin zaizkio ukatu administrazio espedienteak edo dokumentazioa, ezta ikerketaren gaiarekin zerikusia duen edozein dokumentazio ere.

Aurreko guztia dela bide, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean xedatutakoaren arabera, ondokoa

EBAZTEN DUT:

  1. Burlatako alkateari gogoraraziko zaio Nafarroako Arartekoari Burlatako Udalaren eta haren mendeko erakundeen administrazio jardunari buruz egiten dituen ikerketa eta ikuskapenetan laguntzeko legezko betebeharra daukala, lehentasunez eta premiaz. Hartara, Nafarroako Arartekoari berak eskatzen dizkion hasierako informazioa eta dokumentazioa igorri behar dizkio, legeak ezartzen dituen epeetan, bidegabeko berandutzarik gabe eta gainbegiratutako organoaren onurarako pautarik bere aldetik finkatu gabe, herritarren eskubideak defendatzen dituen Parlamentuaren goi mandatariaren autonomiaren eta irizpide askatasunaren aurka, edo administrazio informazioa edo dokumentazioa eskuratzea galaraziz.

  2. Foru Legearen 24 eta 31. artikuluaren arabera, aurkakotzat eta oztopagarritzat joko da Juan Carlos González Muñoz Burlatako alkatearen jarrera Nafarroako Arartekoaren funtzioei dagokienez, erakunde honek eskatu dizkion hasierako txostena eta dokumentazioa bidaltzea errefusatu duelako eta bidegabe berandutu duelako, eta jarrera horretan mantendu delako.

  3. Kalifikazio hori (aurkakoa, negatiboa eta laguntza-ukatzailea) erakundearen 2013ko urteroko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dena, nabarmenduko da.

  4. Ebazpen hau jendaurrean erakutsiko da, eta aurkako jarreraren eta jarrera oztopagarriaren kalifikazioa Nafarroako Arartekoari laguntzen ez dioten erakundeen erregistro publikoan sartuko da, egoki irizten zaizkien gainerako publizitate bitartekoez gain.

  5. Ebazpen hau Burlatako alkateari eta kexaren egileari jakinaraziko zaie, ondorio egokietarako.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 35.4 artikuluaren arabera, adierazten da Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erabakien aurka ezin dela inolako errekurtsorik egin.

Partekatu edukia