Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak zenbait iradokizun egin dizkio Hezkuntza Departamentuari eskola jazarpena dela-eta

2008 maiatza 28

Nafarroako arartekoak, Francisco Javier Eneriz Olaecheak, iradokizun batzuk bidali dizkio Hezkuntza Departamentuari eta haren kontseilari Carlos Perez-Nievasi. Iradokizun horiek eskola jazarpenarekin ("bulling") eta "ciberbulling" izeneko fenomenoarekin lotuta daude, eta horien berri izan dezan eta baliozta ditzan egin dizkio.

Iradokizun zerrenda bat da, modu laburrean adierazia, baina nahikoa horietan azaltzen denaren ideia nagusia adierazteko.

Hezkuntza Departamentuari egindako iradokizunak honako hauek dira:

Nafarroako Arartekoak egindako iradokizunak

  1. Nafarroan eskola jazarpenak duen hedaduraren gainean Hezkuntza Departamentuak azterketa egitea komeni da. Hain zuzen ere, azterketa horren barnean beharbada komenigarria litzateke Nafarroako errealitatera egokitutako inkesta bat egitea, Gorte Nagusietako Arartekoak 2000. eta 2006. urteetan egin zituen bi txostenetako ereduari jarraituta. Bi inkesta horiek haren web orrian ageri dira.
  2. Ikasgeletan errespetua eta bizikidetza sustatzeko araua sortzea eta onartzea komenigarria dela aztertzea. Izan ere, Madrilgo Erkidegoan eta Andaluziako Autonomia Erkidegoan hori bera egin dute.
  3. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak kontzientzia harrarazteko egiten dituen kanpainak egiten jarraitzea eta, beharrezkoa denean, horiek hobetzea, arazoa detektatzean eta tratatzean okertzeko bidea eman dezaketen mito faltsuak baztertzeko.
  4. Gida didaktikoak kaleratzea eta zabaltzea gurasoentzat, irakasleentzat eta ikasleentzat, dauden heziketa etaparen arabera. Eskolako tratu txarren gaineko informazioa, zein jokaeraren bidez azaleratzen den, arazoa detektatzeko zein adierazle hartu behar diren kontuan eta nola aurre egin behar zaio adierazi beharko luke.
  5. Eskola jazarpenaren gaietan dauden gidak eta jarduteko protokoloak eskuragarriak izan daitezela egitea Hezkuntza Departamentuaren webgunearen bidez.
  6. Telefono linea edo Hezkuntza Departamentuaren webgunearen bidez sarbide gehiago egokitzea, bizikidetzaren aholkularitzako eskaerei erantzun ahal izateko.
  7. Zientzia izaera duten kongresuak, mintegiak, jardunaldiak egitea, eta horietan parte hartzea Nafarroako Eskola Kontseiluko organoek. Dagokienek parte hartzeko bilerak egitea ere komeni da: agintariak, ikastetxeetako arduradunak, familiak... Hartara, arazoa zertan den, abian jarri beharreko neurriak, hobetu beharreko neurriak... hausnartuko dituzte.
  8. Hezkuntza Departamentuko Bizikidetza Bulegoa (edo egokien jotzen den unitatea) giza eta ekonomia baliabide nahikoez hornitzea. Horren maila handitzea komenigarria ote den balioestea. Badirudi ez dela nahikoa eskola jazarpenak gizartean duen garrantziari erantzuteko hierarkia maila hain mugatua duen unitate hori.
  9. Eskola Jazarpenaren Behatokia sortzeko aukera aztertzea, hartara, topaleku iraunkorra izango baita esperientziak eta ekimenak trukatzeko, azterketak zabaltzeko, beste administrazio publiko batzuekin koordinatzeko... Bizikidetza Bulegoak edo egokien jotzen den unitateak lagunduko dio.
  10. Gogoan eduki behar da uneoro eskola bortizkeriaren aurka aritzeko sistema publiko eraginkorreko buruak hezkuntza administrazioan egon behar duela, eta desiratzekoa da aholkularitza eta baliabide nahikoak izatea.
    Eskola curriculumetan eta ikasturte hasierako lehen egunetan errespetuaren, heziketaren eta bizikidetzaren gaineko balio positiboak sartzea, eta eskola jazarpenak dituen forma desberdinak baztertzeko balioak. Gorte Nagusietako Arartekoak egindako honako iradokizun hau aintzat hartzea: "Bizikidetzarako hezkuntza" irakasgaian errespetu balioak eta horrekin lotutako beste batzuk irakastea eta bortizkeria eta eskola jazarpena alde batera uztea.
  11. Berariazko ikastaroen bidez, irakasleak trebatzen jarraitzea arazo honen gainean, aurrez aurre dituzten kasuetan zer egin behar duten jakin dezaten: nola detektatu eskola jazarpena, nola jokatu kasu bakoitzean, zer-nolako arreta eman erasoa hartutakoari, nola egin errieta modu eraginkorrean erasotzaileari... Gainera, komeni da irakasleei esatea nora deitu behar duten laguntza edo informazioa eskatzeko.
  12. Eskola jazarpen kasu larria detektatzen denean, erasoa hartutakoaren eta erasotzailearen senideei eman beharreko prestakuntza eta informazioa zabaltzea.
  13. Familien eta ikastetxearen arteko lankidetza bultzatzea, informaziorako eta erabakiak hartzeko bide bat egon dadin eskola jazarpena dagoela detektatzen den kasuetan.
  14. Psikopedagogia orientaziorako taldeak sortzea eta horiez hornitzea ikastetxeak, gizarte langileen laguntzarekin.
  15. Eskola bortizkeriari aurrea hartzeko plan oso bat egitea eta onartzea heziketa zentroek. Zenbait autonomia erkidegotan eskola bortizkeriari aurrea hartzeko plan osoez hornitu dituzte ikastetxeak.
  16. Eskola bortizkeriaren gaineko protokolo bat egitea -soila, baina ez xinplea- ikastetxe bakoitzean bertako langileek gauzatzeko: zer egin, nola jokatu, nola lagundu biktimari (funtsezko alderdia da hori, larritu ez dadin), nola zuzendu erasotzailea, aplikatu beharreko heineko neurriak...
  17. Ikastetxeetako barne araudietan, bai irakasleen eta ikasleen erantzukizunak argi eta garbi azaltzen dituzten aurreikuspenak, eta bai bortizkeriari aurrea hartzeko arauak ere sartzea.
  18. Ikasgelan eta ikastetxean aplikatu ahal diren oinarrizko jokaera arauak egiteko eta onartzeko prozesuan ikasleak nahastea, partaide senti daitezen eta arau horiek onar ditzaten.
  19. Irakasle tutorearen figura indartzea (gertukoa, hurbil-erraza izan dadila eta erasoa hartu duen ikasleari beldurra sortzen ez diona) eta bai autoritatea duen eta gainerako ikaskideei errespetua sortzen dien gelako ordezkariarena ere.
  20. "Bizikidetza batzordeen" eta "ikasle bitartekarien" figurak indartzea ikastetxeetan, eraginkorrak direla agerian gelditu baita. Gainera, besteak beste, garaiz nola jokatu behar duten irakastea ere komeni da.
  21. Eskola jazarpenaren arazoari funtsean ikastetxean bertan aurre egitea. Hainbat mintzaleku eta ahotsen arabera, postulatu gisa ez proposatzea ez neurri erradikalak, ez gogorregiak direnak, ez zigor eredugarriak, ez eta erasotzailea etxera bidaltzea edo ikastetxez aldatzea ere, oso larriak diren kasuetan izan ezik. Errepresioa berez ez da konponbidea, baizik eta denon heziketa denon alde. Egiten duena ongi ez dagoela irakastera eta hori egiteari berehala utzi behar diola ulertaraztera jo behar da, erasoa hartzen duenarentzat, erasotzailearentzat berarentzat eta ingururako izan ditzakeen ondorio txarrak uler ditzan saiatuta.
  22. Gaia hedabideetara heltzen bada, ikastetxeak ez dezala gorde eskola jazarpenaren arazoa, eta arrazoizko azalpenak eta nahikoak eman ditzala. Era berean, beharrezkoa ez bada, ez dezala hedatu, gehiegizko alarma egoerak ez sortzeko. Kasua ikastetxeak eta ikastetxean konpondu behar da; eta are hobea da ikasleek berek garaiz konpontzen badute.
  23. Ikastetxeetan tolerantzia eza praktikatzea eta gehiegikeria ernatu edo ekarri ahal duten jokaerak errotik ateratzea: izengoitiak, irainak, beste bati buruz gaizki esaka aritzea... Bullying-a justifikatzeko erabil daitekeen edozein ideia alde batera uztea: "txantxa da", "bizitzen ikasteko beharrezkoa da", ... Bortizkeriak ez ditu pertsonak hezten, hondatu egiten ditu.
  24. Gizarte hedabideak sentiberatzea, zenbait kasuren bidez sensazionalismoan eror ez daitezen.
  25. Ciberbullying-a dela-eta, arartekoak proposatzen dio Gobernuari azter ditzala bai fenomenoa bera teknologia berrien bidez, eta bai eman dakiokeen heziketa erantzuna ere. Teknologia berrien bidezko jazarpenari aurrea hartzeko gida bat kaleratzea eta zabaltzea proposatzen du, gainera. Hartara, larderia emateko modu hori azalduko da, nola azaleratzen den eta aurrea hartzeko eta tratatzeko zer egin daitekeen.

Partekatu edukia