Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak zenbait iradokizun egin dizkio Gizarte Gaietako Departamentuari, adingabeek Nafarroan duten egoerari buruz

2011 martxoa 24

Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaechea jaunak zenbait iradokizun egin dizkio Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, departamentu horrek igorritako txosten bat aztertu ondoren. Txosten horretan, izan ere, Foru Komunitateko Administrazioaren jarduera aztertzen da, haurtzaroa eta nerabezaroa sustatu, artatu eta babestearekin lotutako arloei dagokienez.

Txosten hori Nafarroako Arartekoaren erakundearen eskariz egin zen, foru legeak erakundeari berari haurtzaroaren arloan esleitzen dizkion eginkizunak betetze aldera.

Gainera, eskaria egin zen, halaber, honako xedearekin: Administrazioari eskatzea modu eraginkorrean bete ditzan legean aurreikusitako programak eta jarduketak, horrela adingabeek Nafarroako Foru Komunitatean duten egoera baloratu ahal izateko eta erakundearen urteko txostenean hura jaso ahal izateko.

Behin Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak emandako informazioa aztertu ondoren, Nafarroako Arartekoaren erakundeak honako balorazio eta iradokizunak egin ditu:

“4.1. NAFARROAKO HAURREN ETA NERABEEN EGOERARI BURUZKO INFORMAZIOA

Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeko 14. artikuluak ezarri zuen Nafarroako Arartekoak haurren eta nerabeen eskubideak babesteaz arduratu behar duela, eta horretarako behar diren neurriak hartu behar dituela. Besteak beste, urteko txostenean haurrek eta nerabeek duten egoera ebaluatzea.

Lege-aurreikuspen hori betetzeko, atal honetan arlo material honi buruzko zenbait datu eta balorazio eskaintzen ditugu, betiere funtsezko erreferentziatzat hartuta aipatu foru legean adierazitakoa, horixe baita adingabearen babesaren arloko esku-hartze administratiboaren arloko araua.

4.4.1. Nafarroako administrazio publikoek eginiko jarduketen deskribapena eta ebaluazioa

A) Arau- eta plangintza-lana.

2009ko urteko txostenean adierazten genuenez, urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako Gobernuak abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea zati batean garatzeko erregelamendua onetsi zuen. Arau horrek legearen erregulazioa osatzen du zenbait alderdi garrantzitsutan; esate baterako: arloan esku hartzen duten langileen lanbide profil espezializatuak, Balorazio Batzordea, Administrazioak zenbat jarduera, baliabide eta produktutan izanen duen esku-hartzea, kautelazko neurriak, babesgabetasuneko egoerak, familiako babesa eta babes neurrien jarraipena, aldaketa eta iraungipena.

Hala eta guztiz ere, 2009ko urteko txostenean adierazten genuen bezala, oraindik ere garatu gabe jarraitzen dute 15/2005 Foru Legean jasotako alderdi batzuek. Arau horretan, izan ere, 2010ean zenbat aldaketa egin dira azaroaren 8ko 18/2010 Foru Legearen bitartez, funtsean adopzioari dagokionez.

Bidezkoa da adieraztea ezen, gaur egun, oraindik ere eztabaidatzen ari dela Nafarroako Foru Komunitatean adopziorako prozedura administratiboa erregulatuko duen araua, eta gomendagarria dela haren izapidetzea ahal bezain laster amai dadin.

Bestalde, esan beharra dago maiatzaren 31ko 36/2010 Foru Dekretuaren bitartez, Haurren eta Nerabeen Arretarako Kontseilua sortu zela, eta haren osaketa eta funtzionamendua ere arautu zela, horrela 15/2005 Foru Legeko seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa inplementatuz. Alabaina, aurrekoa aldatzen duen azaroaren 8ko 18/2010 Foru Legeak Nafarroako Adingabearen Kontseilua sortu zuen. Organo kolegiatu bat da hori, zeinak eginkizunak dauzkan haurrak eta nerabeak sustatzeko, artatzeko eta babesteko arloetan aholkua emateko, parte hartzeko eta kontsultak egiteko. Horrenbestez, ulertu beharra dago azken organo horrek hura ordeztu duela eta, horrenbestez, aipatutako foru dekretua tazituki indarrik gabe geratu dela.

Plangintza- eta programazio-jarduerari dagokionez, oraindik ere indarrean jarraitzen dute 2009ko txostenean aipatzen ziren tresnek: Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa (2008-2012) eta Gizarte Zerbitzu Orokorren zorroa, zeinek adingabeak babestearen arloko jarduketak, prestazioak eta zerbitzuak jasotzen baitituzte.

Nabarmentzekoa da 2010eko abenduan, Gizarte Gaietako Departamentuaren barruan, “Oinarrizko Laguntzako Batzordea” deitutakoa sortu dela. Batzorde hori zerbitzu desberdinetako ordezkariek osatzen dute eta haren xedea da oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuei dagozkien programa guztiak egoki gara daitezela; horien artean, familiaren eta haurtzaroaren arloko programak.

B) Adingabeen eskubideen sustatzea eta zabaltzea.

15/2005 Foru Legeak adingabeen eskubideak eta betebeharrak jasotzen ditu, eta haiek sustatzeko eta haien zabalkundea egiteko agintzen du. Eginkizun horri dagokionez, adierazi beharra dago ezen, orain arte ohikoa izan den moduan, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak Haurren Eskubideen Eguna ospatu zuela, eta UNICEFek sustatutako zabalkundeko jarduera batean parte hartu zuela.

Aurreko txostenean adierazi genuen bezala, eta ikusita nabarmena dela populazio sektore horrek hain zuzen ere bere eskubideak eta betebeharrak –banakakoak zein sozialak– ezagutzeko dauzkan arazoak, erakunde honek komenigarritzat jotzen du azpimarratzea gazteen eta adingabeen eskubideen zabalkundea egin behar dela, ekintza koordinatuen bitartez; funtsean, adingabearen arloko organo eskudunek eta hezkuntza administrazioaren arteko ekintza koordinatuen bitartez.

C) Prebentzio jarduerak.

Prebentzio jardueren funtsezko helburua da babesgabetasuneko eta gizarte-gatazkako balizko egoerak saihestea edo ahal den guztian gutxitzea. Administrazioek 2010ean izan duten esku-hartzea honako alderdi hauetan zentratu da:

  • Haurren babesgabetasunerako arriskuko egoerak hautematearen eta haietan esku hartzearen arloko profesionalei zuzendutako prestakuntza ekintzak antolatzea: oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalak, ikastetxeetako bizikidetasunaren arduradunak eta ekimen sozialeko entitateetako langileak (Xilema, kasu honetan). Guztira, bederatzi ekintza eraman ziren aurrera; haietan, guztira, 307 pertsonak hartu zuten parte eta 52 prestakuntza-ordu eman ziren.

  • Babesgabetasuna edo gizarte-gatazka pairatzeko arriskua duten adingabeekin lan egiten duten irabazi asmorik gabeko entitateen sustapena, diru-laguntzen bitartezkoa, prebentzio programak egiteko (115.954 euro, zazpi entitateren artean banatuak).

  • Lanbide-prestakuntzako programak tailer egokituen modalitatearen bidez garatzeko irabazi asmorik gabeko entitateen sustapena. Tailer egokitu horiek, izan ere, bereziki zuzenduta daude hezkuntzan eta gizartean integratzeko zailtasunak dauzkaten adingabeentzat (355.361 euro, hamar tailer egiteko bideratuak eta lau entitateren artean banatuak).

Egindako ahalegina aitortuta, erakunde honek azpimarratzen du komenigarria dela prebentzio neurriak areagotzea, hain zuzen ere 15/2005 Foru Legeak lehentasunezkoak jotzen dituenak, saiheste aldera adingabeengan eragina duten arazoek azkenean beraiekin ekar dezatela babes sisteman esku hartu behar izatea.

Bereziki, nahiz eta arrazoizkoa izan prestakuntza-ekintza gehienak berariaz zuzenduta egotea arrisku edo babesgabetasun egoeran dauden adingabeekin esku hartzeko esparruan lan egiten duten profesionalei, egokia dirudi, halaber, jarraitzea familiaren esparruari (gurasoak) eta arazoak prebenitzeko eta hautemateko lanetan garrantzizko eginkizuna izan dezaketen beste sektore batzuei (hezkuntzaren eta osasunaren arloak, bereziki) zuzendutako ekintzekin, bai eta jarraipena ematea ere haurren eta nerabeen gizarte-harremanen eta aisialdiaren arloko prebentzioko ekintzei.

D) Babes sistemako jarduerak.

  1. Arrisku-egoerak.

    Babesgabetasuneko egoeren artean, arriskukoak dira intentsitate handiena edukitzen dutenak eta, horrenbestez, esku-hartze txikiagoa exijitzen dutenak. 2010ean, egoera horietan eguneko zentroen bitartez eman da arreta (31 adingabe) bai eta Familietan Esku Hartzeko Programaren bitartez ere (72 familia eta 153 adingabe), eta haurrei eta nerabeei laguntza emateko ekipoek ere esku hartu dute (103 familia eta 169 adingabe).

    2009an, 26 adingabe joan ziren eguneko zentroetara, eta familietan esku hartzeko programaren bitartez 76 familia eta 165 adingabe artatu ziren. Bestalde, haurrei eta nerabeei laguntza emateko ekipoen bitartez, 110 familia eta 195 adingabe artatu ziren.

    Orokorrean, aurreko ekitaldian ez bezala, beherakada txiki bat atzeman da arrisku egoeran daudela jotzen diren adingabeen kopuruan, zeren eta, eguneko zentroetara joaten direnen kopuruak bostetan gora egin badu ere, familietan esku hartzeko programaren bitartez eta haurrei eta nerabeei laguntza emateko ekipoen bitartez kasu gutxiago artatu dira.

    Nabarmentzekoa da, alderdi positibo gisa, haurrei eta nerabeei laguntza emateko ekipoek esku hartu duten kasuetatik bakarrean ere ez dela beharrezkoa izan adingabeak familietatik bereiztea; horrenbestez, komenigarria dirudi babes-sistemaren tresna horiek indartzea.

  2. Babesgabetasuneko egoerak.

    Babesgabetasuna intentsitate handiagoaz agertzen den eta adingabearen zaintza hartu beharra dakarten babesgabetasun egoerak dira. 2010ean, 44 adingabe babesgabetasun egoeran deklaratu ziren. Kopuru hori 2008koa (20) eta 2009koa (29) baino nabarmen handiagoa da. Bestalde, 4 adingaberen babesgabetasun egoeraren deklarazioa deuseztatu zen, eta gurasoen zaintzaren menpera itzuli ziren.

    Adierazitako bilakaerak berarekin dakar komenigarria izatea indartzea prebentzio eginkizunak, arriskuko egoeren hautematea eta aurreko fase horretan dauden familien eta adingabeen kasuan sozialki esku hartzea, ahal den guztian adingabeen babesgabetasuna deklaratzeko beharra ekartzen duten inguruabarrak saihesteko.

  3. Familiei laguntzeko jarduerak.

    Puntu honetan, Administrazioaren babesak jaso dituzten familiak aipatzen dira (babes teknikoa nahiz ekonomikoa), alde batera utzita zain jarduera mota izan den. Administrazioaren babes horren helburua izan da bereiztea saihestea, eta bereizte kasuetan, adingabearen itzultzea bilatzea. Datua aipagarria da, zeren eta ongi islatzen baitu zenbat familiak izan dezaketen Administrazioaren laguntzaren beharra, eta, horrenbestez, zenbatek dituzten zailtasunak, gutxi-asko trinkoak eta era askotakoak, adingabeei behar bezalako arreta emateko.

    Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren arabera 1.952 izan ziren erreferentziako ekitaldian inongo laguntzarik jaso ez zuten familiak (prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten familiak; familietan esku hartzeko programaz baliatzen diren familiak; seme-alabak eguneko zentroetara joaten diren familiak, harrerako familia batekin dituztenak edo egoitza batean dauzkatenak; Behaketa eta Harrera Zentroak esku hartu dueneko familiak; seme-alabak Nerabeentzako Hezkuntza Programan dauzkaten familiak; Topaguneetan eta Familia-orientazioko eta Bitartekaritzako Zerbitzuetan laguntza hartzen duten familiak...).

    Kopurua ez da oso desberdina 2009koarekin (1.908 familia) alderatzen badugu: ehuneko 2,3 egin du gora. Gorantzako joera txikiari heldu zaio, beraz, zeren eta 2009an igoera % 3,3koa izan baitzen 2008ko urtearen aldean (1.847 familia).

    Berriz esan beharra dago, halere, igoera nabarmena dagoela arrazoi desberdinengatik, beren adingabeen egoerarengatik, laguntza publikoa behar duten familia guneen kopuruan (babesgabetasunarengatik nahiz babesgabe gelditzeko arriskuarengatik). Datu horrek justifikatzen du botere publikoek ahalegin bat egin dezatela arlo horretan diharduten agenteei (Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzua, oinarrizko gizarte zerbitzuak, laguntzaile gisa diharduten ekimen sozialeko entitateak eta abar) behar dituzten baliabideak emateko –pertsonalak zein materialak– beren lanetan arrakasta izan dezaten.

  4. Zaintza egoeran dauden adingabeak.

    Zaintza da babesgabetasun egoerei aurre egiteko aurreikusita dagoen neurri bat, eta harreraren figuraren bitartez gauzatzen da. 2010ean, 458 adingabe egon ziren egoera horretan; kopuru hori handixeagoa da aurreko urtekoa baino, eta gora egiten joan da azken urteetan (452 2009an eta 442 2008an).

  5. Tutoretzapean dauden adingabeak.

    Tutoretza, administratiboa nahiz arrunta, beste babes-neurri bat da. 2010ean, 202 izan dira tutoretzapean egon diren adingabeak; kopuru hori txikixeagoa da 2009koa baino (220 izan ziren orduan) eta 2008koa baino (207 izan ziren).

  6. Harrera indardun eta formalizatuak.

    Geriza-gabetasuneko egoeran dauden adingabeen tutoretza eta zaintza harreraren bidez formalizatzen dira. 2010ean, 118 adingaberen harrera formalizatu zen (155 izan ziren 2009an). Ondoren adierazitakoak dira harreran dauden adingabeen guztizko kopuruak:

    • Harrera egoeran dauden adingabeen kopurua, guztira: 463 (452, 2009an).

    • Familia harrerak: 247 adingabe (242, 2009an).

    • Adingabeak harrera etxeetan hartzea: 216 adingabe (210, 2009an).

    • Familia zabalean eta beste familia batzuetan gauzaturiko harrerak: 169 (164, 2009an) eta 78 adingabe (78, 2009an), hurrenez hurren.
    • Harrera soilak, iraunkorrak eta adopzioaren aurrekoak: 70 (82, 2009an), 172 (160, 2009an) eta 7 (4, 2009an) adingabe, hurrenez hurren.

      Horri dagokionez, 15/2005 Foru Legeak familia harrerari ematen dio lehentasuna egoitzako harreraren gainetik; halaber, lehentasuna ematen zaio adingabeak familia zabalean hartzeko aukerari, beste familia batzuetako harreraren gainetik.

      2009ko txostenean jasotzen zen bezala, urte horretan –eta 2008ko datuekin alderatuta– gora egina zuen egoitza-harreren kopuruak eta, aldi berean, behera egina zuen familia-harreren kopuruak. 2010ean, atzeman daitekeen bezala, familia-harreren (bost gehiago 2009an baino) eta egoitza-harreren (sei gehiago) arteko erlazioa antzeko kopuruetan mantentzen da. Hala eta guztiz ere, esan daiteke 2010ean formalizatutako 118 harreretatik, 84 egoitza instituzionaletan gauzatu zirela eta 34, berriz, familietan. Datu hori, kontuan izanda foru legeak familia-harrerari ematen diola lehentasuna, negatibotzat jo beharra dago ezinbestez, zeren eta aurrekoaren bilakaera okerrari eusten baitio.

      Erakunde honek beste behin adierazi beharra dauka, horrenbestez, komenigarria dela neurriak ezartzea familia-harreraren modalitatea errazteko, ahal den guztian adingabeen instituzionalizatzea saihestuz; horretarako, Administrazio Publikoaren ikuspegitik, familia hartzaileentzako (egun daudenak zein etorkizunean ezar litezkeenak) babesa eta pizgarriak (zentzu zabalean uler bedi).

      Halaber, aipatu beharra dago ezen, berriki, Senatuak, “Adopzio nazionalaren eta horrekin lotutako beste gai batzuen inguruko arazoak aztertzeko batzorde bereziaren” txosten batean (2010eko azaroaren 17ko Gorte Nagusien Aldizkari Ofiziala), azpimarratu duela egoitza-harrera, nolanahi ere, subsidiarioa izanen dela, eta proposatu du legez adingabe txikienentzat figura hori kentzea, halako moduz non neurria eraginkorra izanen baita, lehenengo une batean, 0-3 urteko tartean, eta arrazoizko epe batean, sei urtera bitarteko tartean.

      Familia-harreren esparruan, familia zabalean gertatzen direnen eta kanpoko beste familia batean gertatzen direnen arteko erlazioari dagokionez, lehenengoak bigarrenen bi halako dira. Bada, jo beharra dago alderdi hori positiboa dela eta bat datorrela legegileak adierazitako lehentasunarekin.

  7. Nazioko eta nazioarteko adopzioak eta egokitasun-deklarazioak.

    2010ean, 4 adopzio nazional eta nazioarteko 54 adopzio gauzatu ziren. Halaber, egokitasuneko 137 deklarazio eman ziren (horren barnean, eskaera berriak, aldaketak eta luzapenak daude). Konparazioz, 2009an, kopuruak honakoak izan ziren: 4 adopzio nazional, nazioarteko 65 adopzio eta egokitasuneko 128 deklarazio.

    Nazioarteko adopzioari eta egokitasuneko deklarazioei dagokienez, azaroaren 8ko 12/2010 legeak nabarmentzeko moduko berrikuntzak sartu ditu, prozedurak malgutzeko eta arintzeko lehentasunezko helburuarekin. Horrenbestez, eskatzen dugu behar diren neurriak har daitezen xede horretarako eta foru legearen edukia osa dadin, behar den erregelamendu-garapenaren bitartez.

  8. Gatazka egoeran dauden adingabeak.

    Puntu honetan babes sisteman egon eta ez-egokitzapen larriko egoeran daudelako beren buruei edo besteei kalte egiteko arriskuan izan daitezkeen adingabeak aipatzen ditugu. 2010ean, 236 adingabe aurkitu ziren egoera horretan. 42 izan ziren urte horretan talde hori osatzera sartu zirenak. Zenbateko horrek, aurreko urtekoa (328) baino txikiagoa bada ere, oraindik ere handia izaten jarraitzen du, eta berriz eskatu beharko da zenbateko hori gutxitu dadin, prebentzio neurriak, hezkuntza neurriak, kultur neurriak eta gizarte neurriak aplikatuz.

  9. Autonomia pertsonaleko programak.

    Halakotzat jotzen dira 16 eta 18 urte bitarteko adingabeei zuzendutakoak, baldin eta neurri judizial edo administratiboren bat ezarri bazaie, haien gizarteratzea edo laneratzea errazteko.

    Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak emandako datuen arabera, 2010ean laguntza ekonomikoen 22 espediente zabaldu dira, beste hainbeste adingaberi dagozkienak, autonomia prozesuen eta desinstituzionalizatze prozesuen ondorioz.

    Beste behin, iradokitzen da arlo horretako jarduerak indar daitezela, neurri ekonomiko eta teknikoekin. Eta erakunde honek lehen ere nabarmendu du komenigarria dela emantzipatze programak nahiz helduarora iragatekoak indartzea.

E) Erreforma sistemako jarduerak.

Erreforma sistema deitzen denari dagokionez, 217 adingabe haren barrenean daude, dela araubide irekian, dela barneratze-araubidean. Guztira, 359 neurri judizial bete dira.

Aurreko urteko datuei dagokienez, nahiz eta zenbateko orokorra nabarmen txikiagoa den (313 adingabe 2009), oraindik ere kezkagarria da azken urteetan atzeman den joera bat: nabarmen gora egin du barneratze araubideko “alten” kopuruak (10 izan ziren 2008an, 23 2009an eta 45 2010ean), nahiz eta araubide hori izan murriztapen handiena dakarrena eta larritasun handieneko jokabideei dagokiena.

Beste behin esan beharra dago, horrenbestez, ahaleginak berrindartu behar direla gatazka eta zehatzeko moduko jokabideak ekar ditzaketen egoerei aurrea hartzeko eginkizunetan eta hautemate-eginkizunetan, eta inplikatutako instantzien (familiaren arloa, arlo soziala eta hezkuntzaren arloa, batez ere) artean jarduerak koordinatu behar direla.

4.4.2. Iradokizunak

Aurrekoa batera bilduz, erakunde honek uste du komenigarria dela honako iradokizunak egitea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari:

  1. Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen erregelamendu bidezko garapena osatzea, kontuan izanda azaroaren 8ko 18/2010 Foru Legearen bidez hartan eginiko aldaketak, bereziki adopzioari dagokionez.

  2. Adingabeei babesa ematearen arloan diharduten agenteei (Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzua, oinarrizko gizarte zerbitzuak, laguntzaile gisa diharduten ekimen sozialeko entitateak eta abar) behar dituzten baliabideak ematea (giza-baliabideak, baliabide materialak edo baliabide teknikoak, kasuaren arabera), esleituta dauzkaten eginkizunei behar den bezala ekin ahal izateko.

  3. Adingabeen eskubide eta betebeharren zabalkunde lanean sakontzea, ekintza koordinatuen bitartez, batez ere Gizarte Gaietako Departamentuaren eta Hezkuntza Departamentuaren artekoen bidez.

  4. Prestakuntza- eta informazio-ekintzak zuzentzea, adingabea babestearen arloko eginkizunak dituzten profesionalentzat ez ezik, familia-ingurunearentzat eta arazoak atzematearen arloan zeregin erabakigarriren bat (hezkuntzakoa eta sanitarioa, bereziki) izan dezaketen gainerako sektoreentzat ere.

  5. Arrisku egoerak atzemateko dauden tresnak indartzea eta, kasua bada, goiz esku hartzea eta, bereziki, haurrei eta nerabeei laguntze emateko ekipoen ezarpena eta baliabideak indartzea.

  6. Adingabeen babesgabetasuna deklaratu den kasuetan, jatorrizko familiekiko esku-hartze sozialarekin jarraitzea, eta behar diren baldintzak ezartzea bideragarri egiteko deklarazioa eta itzulketa berriz azter daitezela.

  7. Familia-harrera errazteko eta egoitza-harrera edo harrera instituzionala gutxitzeko neurriak hartzea, harrerako familientzako –egun daudenak zein etorkizunean ezar daitezkeenak– laguntzak eta pizgarriak areagotuz. Bereziki, ahaleginak egitea egoitza-harreraren modalitatea deuseztatzeko, haur txikienen kasuan (zero eta sei urte bitarteko haurrak).

  8. Neurriak hartzen jarraitzea familia zabaleko harrera errazteko, kanpoko familiako harreraren gainetik, eta lehenengoen garrantzi erlatiboa areagotzen saiatzea.

  9. Behar diren neurriak ezartzea adopziorako eta egokitasuneko deklarazioak emateko prozedurak malgutzeko eta arintzeko, azaroaren 8ko 18/2010 Foru Legean bilatzen diren helburuekin bat.

  10. Gatazka sozialeko egoeran dauden edo egoera horretan egoteko arriskuan dauden adingabeekiko prebentzio-, hezkuntza, kultura- eta gizarteratze-neurriak areagotzea.

  11. 16 eta 18 urte bitarte izan eta neurri judizial edo administratiboak jaso dituzten nerabeei zuzendutako autonomia pertsonaleko programak indartzea, haien gizarteratzea eta laneratzea bilatuz, laguntza ekonomiko zein teknikoekin, eta adingabe horien emantzipatzea edo helduarora pasatzea erraztea.

  12. Ahaleginak berrindartzea zehatzeko moduko jokabideak ekar ditzaketen egoerei aurrea hatzeko eginkizunetan eta hautemate-eginkizunetan, eta arlo horretan instantzia desberdinek (familia, gizartea, hezkuntza arloa, osasun arloa eta abar) egiten dituzten jarduerak koordinatzea.

Partekatu edukia