Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak proposatu du hipoteken gaineko legeria Europako Justizia Auzitegiaren epaira ahalik eta azkarren egokitzeko eta hipoteka maileguetako neurriz kanpoko klausulak desagerrarazteko.

2013 martxoa 22

Francisco Javier Enériz Olaecheak, Nafarroako Arartekoak, zenbait neurri proposatu ditu hipoteken gaineko legeriari lotuta, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2013ko martxoaren 14ko epaia ikusi eta gero.

Horretarako, Soledad Becerril y Bustamanteri, Herriaren Defendatzaileari, idazki bat bidali dio eta proposamen horiek ikertu ditzan eskatu dio. Halaber eta, hala badagokio, Espainiako legeria epaian ezarritakoari egokitze aldera, berehala lege baten izapidetzea abian jartzeko eskaera helarazi dio.

Epai horrek honako gizarte arazo hau dauka hizpide: milaka pertsonari ohiko eta behin betiko bizilekutzat zuten etxea kendu izana, modu pertsonalean edo familiaren bitartez, gehiegizko zorpetzearen eta horren ondoriozko hipoteka betearazpenaren ondorio gisa.

Aipatutako epaian, hauxe adierazi da Espainiako araudiaren inguruan:

  1. Hipoteka betearazpenaren prozeduraren testuinguruan ez da aukera hau barne hartu: aurka egiteko arrazoiak azaltzeko aukera, betearazpen tituluaren oinarria osatzen duen kontratuzko klausula baten neurriz kanpoko izaeran oinarritutakoak.
  2. Deklarazio prozesuaren berri duen epaileari, aipatutako kontratuzko klausularen izaera neurrigabea baloratzeko eskumena duenari, ez dio aukerarik ematen kautelazko neurriak har ditzan, horien artean, bereziki, hipoteka betearazpen prozedura bertan behera uztea, amaierako erabakiaren erabateko eraginkortasuna bermatze aldera neurri horiek guztiak hartzea beharrezkoa bada ere.

Horrenbestez, epaiak ondorioztatu du Espainiako araudi hori kontsumitzaileekin sinatutako kontratuetan neurriz kanpoko klausulak hizpide dituen 1993ko apirilaren 5eko Kontseiluaren 93/13/CEE Zuzentarauaren aurkakoa dela.

Modu berean, epai horretan zenbait gertari frogatutzat eman dira eta Nafarroako Arartekoaren ustez, Espainiako araudiak babesten dituen arren, bidegabeak dira; hala nola, salatzaileak eta salatutako erakundeak sinatutako mailegu kontratuan (azken finean, atxikimendu-kontratu bat) urtean modu automatikoan sorgarriak diren % 18,75ko berandutzako interesak barne hartzen dituen klausula gaineratzea, hori guztia, kontratua amaitzen denean ordaindu gabeko zenbatekoei lotuta eta inolako erreklamaziorik egiteko beharrik gabe. Hortaz, esan dezakegu kasu horretan interes alderdikoiak eta lukurreria agerikoa direla.

Sinatutako mailegu kontratu horretako beste klausula batek banku erakundeari mailegua bere osotasunean galdagarritzat jotzeko ahalmena esleitu dio, adostutako eperen bat amaitzen bada eta zordunak ez badu kapitalaren edo maileguetako interesen zati bat ordaintzeko eginbeharra bete.

Azkenik, kontratuaren beste klausula batek, likidezia hitzarmena arautzen duena hain zuzen ere, ezarri du banku erakundeak hipoteka betearazpena gauzatzeko aukera duela zorra posible bat kobratu ahal izateko, baita ondorio horietarako likidazioa modu zuzenean aurkezteko aukera duela ere, exijitzen den zenbatekoa islatzen duen dagokion ziurtagiriaren bidez.

Halaber, egitateetan agerian jarri da mailegatutako kapitala 138.000 eurokoa zela (33 urterokoetan amortizatu beharrekoa, 396 hileroko kuotekin) eta zorraren likidazioak, -ondorioztatutakoaren arabera- lau hileroko ordaindu ez izanagatik, 139.674,02 euroko zorra galdagarria eragin zuela -printzipala- (emandako maileguaren zenbatekoa baino askoz handiagoa), gehi 41.902,21 euro interesengatik eta kostuengatik eta 90,74 euro mugaeguneratutako interesengatik. Hau da, denbora tarte labur batean, erakunde mailegu-emaileak 43.000 euroko errentagarritasuna lortu du 138.000 euroko kapitalaren gainean, bere garaian une honetan zorduna den pertsonaren esku kobratu zuena alde batera utzita, izan ere, hileroko kuoten bitartez, mailegua ohiko moduan itzultzen zuen.

Egitateen zerrenda amaitzeko honako datu hau daukagu: higiezina saltzeko enkante publiko bat egin ostean, ez zen inolako eskaintzarik aurkeztu, beraz, Prozedura Zibilaren Legearekin bat eginez, zegokion epaitegiak onartu zuen ondasuna bere balioaren % 50ean erakunde mailegu-emaileari esleitzea eta, jabetza eskualdatu ostean, mailegu-hartzailea bere etxebizitzatik bota zuten. Baina hori gutxi balitz, bere etxebizitza galdu ostean, erakundeari 110.000 euro baino gehiago zor dizkio oraindik ere.

Nafarroako Arartekoarentzat egitate horiek guztiak gure herrialdean modu masiboan gertatzen ari denaren adibidea besterik ez dira. Gizarte mailan, arazo horri "hipoteka kaleratzeak" izena jarri diote eta, zenbait komunikabidek egin dituzten kalkuluen arabera, krisi ekonomikoa hasi zenetik, 400.000 kaleratze jazo dira. Dena den, arartekoaren iritziz, arazo horiek hipoteka maileguen legezko sistemaren funtzionamendu eskasa eta etxebizitzetako jabeek dituzten legezko berme urriak ere agerian jarri dituzte, nahiz eta jabe horiek etxebizitza duina eta egokia izateko eskubide konstituzionalaren titularrak izan (konstituzioaren 47. artikulua) eta, kontsumitzaileak diren heinean, prozedura eraginkorren bidez euren legezko interesak eta segurtasuna defendatzeko eskubidea eduki (konstituzioaren 51.1. artikulua). Sistema hori oparoaldietarako pentsatuta dago, hipoteka-kreditu bat modu errazean eskuratzeko aukera ematen baitu baina, krisi garaietan, tranpa hilgarria da hilabete batean edo gutxi batzuetan zehar maileguari aurre egin ezin dioten pertsonentzat.

Nafarroako Arartekoak nabarmendu du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren orain dela gutxiko epai horrek kontsumitzaileen eskubideak bermatzen dituela, nazio mailako araudiak berak baino gehiago eta Espainiako hipotekei buruzko lege-sistema bidegabea dela, kontratu jakin batzuek neurriz kanpoko klausulak dituztela eta kontsumitzailearen babesik eza agerian jarri ditu.

Nafarroako Arartekoak aitortu du egia dela Espainiako Gobernuak erreakzionatu duela epaiaren berri eduki duenean eta Europar Batasuneko justiziaren epaia aintzat hartu duen ekimen legegile azkar bat aditzera eman duela, baina legezko araudi berri hori berehala onartu behar du albait lasterren indarrean egon dadila. Horrez gain, atzeraeraginezko ondorioak eduki behar ditu eta Europar Batasuneko epaileak emandako epaiaren lehenengo puntuan jasotakoaz gain, beste alderdi batzuk ere barne hartu behar ditu.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Arartekoak Herriaren Defendatzaileari honako proposamen hauen berri eman dio. Proposamenok mugatuak daude eta bakarrik kasu hauek dituzte hizpide: hipoteka bermeari erantzuten dion ondasuna zordunaren etxebizitza denean eta bere bizileku pertsonala edo familiaren bizilekua denean. Dena den, negozio-lokalak ere sar daitezke, zordunak bizirik irauteko gauzatzen duen jarduera bertan garatzen bada.

  1. Espainiako Gobernuak zein Gorte Nagusiek legezko arau bat izapidetu dezaten ahalik eta azkarren, beharrezkoa den mailarekin (errege dekretu-legea edo legea premia eta eginkizun prozeduraren bidez), hipoteka betearazpenari lotutako legerian aukera hau sartze aldera: kontsumitzaileak aurka egiteko arrazoiak aurkezteko aukera, kontratuetan jasotako klausulen neurriz kanpoko izaeran oinarritutakoak, eta epaileari kautelazko neurriak hartzeko aukera ematea; horien artean, hipoteka betearazpenaren prozedura bertan behera uztea, epailearen autonomia sustatuz, bere esku jartzen den kasu bakoitzean inguruabar pertsonalak, familiarrak edo beste mota batekoak modu librean baloratu ditzan.

  2. Legeria berri hori martxan dauden hipoteka betearazpen prozesuetan aplikatzeko aukera, 1993ko apirilaren 5eko Kontseiluaren 93/13/CEE Zuzentaraua bete dadila eta derrigorrezko ondorio zuzena (Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak baieztatu duen moduan, zuzentaraua argia eta xehea da eta herritarrei zenbait eskubide esleitu dizkie) eta, batez ere, erdietsi nahi den helburua alde batera utz ez dezaten.

  3. Legezko araudi berria orain arte burututako hipoteka betearazpen prozesuetan aplikatzeko aukera azter dezaten. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia ikusita ondorioztatu daiteke nazio mailako araudiak ez dituela Kontseiluaren 1993ko apirilaren 5eko 93/13/CEE Zuzentarauak ezarritako eskubideak eta bermeak aintzat hartu eta, horrenbestez, kontsumitzaileekin sinatu diren kontratuetan neurriz kanpoko klausulak aplikatu direla. Klausula horiek, Espainiako ordenamendu juridikoarekin bat eginez, legeen, moralaren edo ordena publikoaren aurkakoak dira eta kontratatzaileek ezin zituzten ezarri (Kode Zibilaren 1255. artikulua). Klausula horiek zuzenbide osoz deusezak izan zitezkeen, aginduzko arau debekatzaileen aurkakoak baitira (Kode Zibilaren 6.3. artikulua) eta, eskubide-abusuari edo hori gizartearen aurka gauzatzeari dagokionez, ez daukate inolako babesik. Horrenbestez, dagokion kalte-ordaina eta gehiegikeriaren iraunkortasuna eragozteko neurri judizialak edo administratiboak hartzea eragin beharko lukete (Kode Zibilaren 7.2. artikulua). Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteko Lege Orokorrarekin bat eginez, neurriz kanpoko klausula horiek zuzenbide osoz deusezak izan beharko lirateke eta ez lirateke ezarri behar.

    Horregatik guztiagatik, Nafarroako Arartekoaren ustez, legezko araudi berriak azken urteetan nazio mailako hipoteken gaineko legeriari jarraiki eman diren epaiak berrikusteko aukera eman beharko luke, dagokion instantziaren bidez. Kasu horietan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren kasuan gertatu den bezala, epaia mailegu kontratuaren klausuletan oinarritu da eta klausula horiek une honetan zuzenbide osoz deuseztzat jo daitezke, beraz, ez lirateke aplikagarriak. Gainera, hipoteka betearazpen prozesuan ezin izan zen argudiatu kontratuko klausulen neurriz kanpoko izaera epailearen aurrean, barruko legeriak ez baitzuen aukera hori onartzen.

    Espainiako ordenamendu juridikoak, oro har, epai irmoen aurka berraztertzeko ezohiko errekurtsoak aurkezteko aukera ematen du baina berraztertzeko arrazoien artean ez dago Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epai baten indarra bezalako egitate garrantzitsurik, Europar Batasuneko Zuzenbidea alde batera utzi dela dioena. Izan ere, judizio aurreko kontuei dagokienez, azken zuzenbide horrek nazionalak baino garrantzi handiagoa dauka.

    Horregatik, neurriz kanpoko klausulak barne hartu dituen eta salatua horien aurrean babesik gabe utzi duen nazio mailako legeria bati jarraiki emandako epaiak berraztertzeko bide judizial hori baliatu ez izanak esan nahi du Europar Batasuneko Zuzenbidea ez dela aintzat hartu eta alde batera utzi dela eta, kasu horietan, zuzenbide horrek zuzenbide nazionala baino garrantzi handiagoa dauka (1954ko Enel-Costa Justizia Auzitegiaren epaitik), horrenbestez, esan daiteke batasuneko ordenamendu juridikoaren aurkako zuzenbidea aplikatu dela. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko jurisprudentziak aitortu duen moduan, batasuneko zuzenbidea da kide diren estatuetako barruko zuzenbidearen arauak alde batera uzten dituena, eta ez alderantziz (1963ko Van Gend-Loos epea eta beste batzuk).

  4. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko legeriak zenbait klausula neurriz kanpokotzat jo ditu, hain zuzen ere, mailegu kontratuetan honelako berandutzako interesak ezartzen dituztenak: urtean diruaren legezko interes gisa (% 4) ezarritako interesa gehi hiru puntu edo legezko berandutza interesa (% 5) gehi bi puntu.
  5. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko legeriak berak neurriz kanpoko klausulatzat jo ditu mailegu kontratuetan hauxe ezarri duten horiek: mailegu-emaileak mailegua osotasunean galdagarritzat jotzeko eskubidea daukala, adostutako epeetako bat amaitzen bada eta zordunak ez badu kapitalaren edo maileguaren interesen zati bat ordaintzeko eginbeharra bete. Modu horretan, baloratu behar da ea bidezkoagoa den benetan zor dituen zenbatekoak eskatzea, gutxienez, adostutako hiru epe amaitu ostean.
  6. Ordainean ematea, osotasunean edo neurri batean, hipotekei lotutako ordenamendu juridikoan sar dadila, betiere, zordunaren borondatearen araberakoa eta tasatutako kasu jakin batzuetan legez ezarritako zenbateko batera heldu arte (ohiko eta behin betiko etxebizitzari lotutakoak eta diru-sarrera apalagoak dituzten zordun jakin batzuei dagokienez). Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren kasuan ikusi ahal den moduan, zordunaren etxebizitza enkantera atera ostean eta hartzekodunaren alde esleitu ostean, zordunak oraindik ere eskatutako mailegutik gertu dagoen zenbatekoa zor du. Erakunde mailegu-emaileak, aldiz, etxebizitzaren titulartasuna eskuratzen du (enkanteko prezioaren % 50ean) eta maileguaren zenbatekoaren zati handienaren hartzekoduna izaten jarraitzen du.
  7. Enkanteetan, ez bada eskaintzarik egiten, % 50eko portzentajea gorantz berrikus dadila, Prozedura Zibilaren Legean aipatu bezala. Portzentaje baxu horren ondorioa da zordunak ezin duela zorra kitatu baina, hala ere, etxebizitza galtzen duela eta hori kaltegarriegia eta garestiegia da bere ondarearentzat. Gainera, aintzat hartu behar da erakunde mailegu-emailea aberastu egiten dela maileguaren zenbatekoari eta esleitutako etxebizitzari esker.

Partekatu edukia