Partekatu edukia
Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaechea jaunak bere poza eta babesa agertu ditu laster haurren eta gazteen psikiatria espezialitatea sortuko delako.
Orain dela egun gutxi batzuk, Osasuneko eta Gizarte Gaietako Ministroak Diputatuen Kongresuan iragarri zuen urtea amaitu baino lehen haurren psikiatria espezialitate medikoa sortuko dela.
Duela zenbait urtetik hona buru-osasuneko arazoak dituzten haurren familiek planteatutako eskakizun bat da, Nafarroako Arartekoak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak babestu izan dutena.
2008an, Enérizek Osasun kontseilari María Kutz andreari helarazi zizkion “Haurren eta Gazteen Psikiatriako Espezialitatea sortzeko Familien Plataformak” erakutsitako kezka eta interesa; izan ere, plataforma horrek “Haurraren eta Gaztearen Psikiatria” espezialitatea sortzea proposatua zuen eta horretarako arrazoiak eman zituen.
Proposamena autonomia erkidegoetako arartekoek Gorte Nagusietako Arartekoarekin eginiko bilera batean aztertu zen, eta guzti-guztiek babestu zuten.
Lehenengo unetik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak oso balorazio positiboa egin zuen familien proposamenari buruz, hain zuzen ere Arartekoak jaso zuen hari buruz, eta azaldu zuen proposamena Osasun eta Hezkuntza ministerioei helaraziko ziela. Orain, Osasun Ministerioak ekimena bere egin eta urte bukaerarako abian jarriko duela iragarri du.
Nafarroako Arartekoak arloan diharduten kolektiboen kexen eta proposamenen bitartez jaso du haurren eta gazteen buru-osasunaren arloko laguntzan hobekuntzak ezartzeko betebeharraren berri.
Horren ondorioz, joan den urtean, Nafarroako Arartekoak ofizioz jardun zuen, eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari haurren eta nerabeen buru-osasuna hobetzeko zenbait iradokizun helarazi zizkion. Zehazki, honakoa iradoki zion:
Departamentuak susta dezala haur eta gazteen buru-osasunerako zerbitzu sozio-sanitarioen zorro baten prestaketa, eta hartan jaso dezala haur eta nerabeengan arreta eman beharreko patologiak; ebaluaziorako, diagnosirako eta psikodiagnosirako modu desberdinak; esku hartzeko mota desberdinak: farmakologikoa eta psikoterapeutikoa, hezkuntzakoa, gizarte laguntzakoa eta abarrekoa; prestazioen ezaugarriak eta intentsitateak (anbulatorioa, eguneko ospitalea eta abar); eta prestazio bakoitzerako gehieneko epeak.
Zerbitzuen zorroaren aldi beran, departamentuak jarduketa protokolo batzuk presta eta onets ditzala, organo guztien –eta, kasua bada, ukitutako departamentu eta erakundeen– jarduketak koordinatzeko.
Osasuna arloko profesionalentzako prestakuntza neurri berariazkoak bultza ditzala.
Hezkuntzaren arloko profesionalen eta gizarte zerbitzuen prestakuntza bultza dezala, haur eta gazteentzako buru-osasunaren laguntzaren arloan, estigma eta bazterkeria desagerrarazteko.
Haur eta gazteentzako buru-osasun espezializaturako egitura bat gara dezala, laguntza komunitarioko ereduaren arabera, familien elkarteak eta plangintzaren eta laguntza-baliabideen garapenaren, kontrolaren eta kudeaketaren arloko profesionalak aintzat hartuz. Ekintza hori gauzatuko litzateke Haur eta Gazteentzako Buru-osasuneko Zentroa sortuz.
Iradokizun horiei erantzuteko, Osasun Departamentua jakinarazi zuen haur eta gazteentzako planaren garapenean lan egiten ari zela, hain zuzen ere Arartekoak adierazitako ildotik, eta emaitza guztiz positiboak izaten ari zela.
Haurren eta gazten psikiatriako espezialitatea sortzeari dagokionez, Osasun Departamentuak jakinarazi zuen, populazioaren sektore horren premia berariazkoen errealitatea dela-eta zeukan sentiberatasunaren harira, espezialitate horri aitorpen ofiziala ematen ez zitzaion bitartean, bitarteko batzuk eskainiko zizkiela haurren eta gazteen familia guztiei, eta haietan langile guztiek –psikiatrak, psikologo klinikoa, erizainak, gizarte langileak, laguntzaileak eta bestelako profesionalak– kolektibo horren arretaren arloan jardunen zutela esklusiboki.
Partekatu edukia