Bilaketa aurreratua

Albisteak

Comparecencia de Patxi Vera ante la Comisión de Régimen Foral

Nafarroako Arartekoak ohartarazi du “gizarte-desberdintasunen arrakala geroz eta handiagoa dela”

2024 apirila 30

Patxi Vera Nafarroako Arartekoak astearte honetan hitz egin zuen Nafarroako Parlamentuaren Foru Araubidearen Batzordean eta Arartekoak idatzitako “2023ko Txostena” aurkeztu zuen. Verak Foru Ganberako alderdi politikoen ordezkariei jakinarazi zien “gizarte-desberdintasunen arrakala geroz eta handiagoa dela, hazten doala eta jendea atzean geratzen ari dela”.

Azaldu zuen bere helburua “administrazioek gaizki tratatu dituztela edo eskubideak aitortuta ez dituztela sentitzen dutenei edo berdintasun handiagoa eskatzen dutenei entzutea” dela. Horri lotuta, Verak berretsi zuen hirugarren sektorearekin lan egiteko prest dagoela, eta egiaztatu zuen “laguntzen dutenei lagundu nahi diela”.

Halaber, esan zuen ez garela behar beste aurrera egiten ari Garapen jasangarrirako helburuetan (GJH) eta 2030 Agendaren helburuetan. “Inor atzean ez uzteko konpromisoa bete nahi badugu, esfortzu handiagoa egin beharra dugu” azpimarratu zuen.

Patxi Verak geroago bere hitzaldiaren hizpide den eta Nafarroako Arartekoak iaz sortu zuen agirian jasotako 3.583 jarduketak zerrendatu eta zehaztu zituen. Horietan, 5.038 herritarrei lagundu zitzaien. Modu horretan, herritarrek egindako 1.869 kontsultak eta kudeatutako 1.436 kexak aipatu zituen. Gainera, ofiziozko 28 jarduketa egin ziren, 19 bitartekaritza-espediente eta 8 hobekuntza-proposamen, beste jarduketa batzuen artean.

Erakunde horren iritziz, 754 kasutan bideragarria zen kexan aipatutako arazoa oso-osorik edo partzialki konpontzea, eta izapidetzean zehar egin ziren ebazpenen eta irtenbideen onarpen-maila % 83,3koa izan zen eta 628 kexa herritarren alde ebatzi ziren.

Foru Araubideko Batzordera joan direnak

 

KOLEKTIBO KALTEBERAK

Zifra guzti horien artean, bereziki aipatu nahi izan zituen “Nafarroako kolektibo kalteberei laguntzen dieten elkarte, fundazio eta erakundeekin” izandako 34 bilerak. “Beste behin ere Foru Komunitateak” sare zoragarria duela egiaztatu dut, eta sare horrek gehien behar dutenei laguntzen die, hau da, “pobrezia-, kalteberatasun-, menpekotasun- edo desgaitasun-egoeran edo gizarte-bazterketa arriskuan daudenei”.

Horregatik, egoitzak, bulegoak eta erakundeen lokalak bisitatu eta gero, “zuzen-zuzenean” ezagutu ahal izan nituen egunerokotasunean borrokatzen dituzten arazoak. Azken horien artean aipatu zituen erroldarekin lotutako arazoak, etxebizitza-gabezia, askotariko desberdintasun-arrakalak pilatzea, adingabeen arreta, desgaitasuna eta nagusiei behar besteko arretarik ez ematea. “Egunero lan egiten dugu gai horien inguruan”, esan zuen. Ildo berari jarraikiz, Verak administrazioekin komunikatzeko oztopoak edo administrazioen artean koordinazio hobea behar dela aipatu zuen.

Horregatik, ez da harrigarria kexa gehien jaso dituen arloa Gizarte Ongizatea izatea, Nafarroako Arartekoa duela bi urtetik lan proaktiboa egiten ari baita hirurogeitik gorako gizarte-erakundeekin eta hirugarren sektorekoekin.

Verak esan zuen “gutxienez paradoxikoa dela” Nafarroako egoera, beste urte betez “estatuko kalitate hobereneko erkidegoa izan arren, aldi berean, pobrezia- eta bazterketa-arriskua gehien bertan handitzen delako”. Horregatik eskatu du “esfortzu gehiago egiteko” gizarte-desberdintasunen arrakala murrizten saiatzeko.

Patxi Vera Donazarren hitzaldia

 

BESTELAKO LAN-EREMUAK

Kexa gehien jaso dituzten gaien sailkapenean, bigarren posizioan Osasungintza zegoen (117). Itxarote-zerrendak azpimarratu zituen, baina egia da Osasun Departamentua erreklamazioei erantzuten ari zaiela. Hirugarrenik Hezkuntza (98) zegoen, eta Arartekoak arreta berezia eskaini zien “bullying” kasuei, “ikasgeletan eta inguruan gertatzen ari denaren izebergaren punta izan baitaitezke”, eta esan zuen “lan osoagoa egin behar dela, familiak eta irakasleak inplikatzeaz gain, adingabeekin kontaktua eta harremana duten bestelako eremuak ere barne hartzen dituena” eta lanerako hiru fase hauek gauzatzen dituena: egoerarekin bukatzea, erreparazioa eta berreskuratzea.

Etxebizitzari dagokionez, Verak azpimarratu zuen alokairuko babestutako etxebizitzen eskaera handia dagoela eta “logela batean bizi diren guraso bakarreko familien egoerak mingarriak direla, edo batzuek ez dutela etxerik ere”, eta “kale-egoeran” daudenak eta erroldatu gabeak ere aipatu zituen, bitartean milaka etxe hutsik daudelarik.

Administrazioei lotuta deitoratu zuen “administrazioko zenbait arlok sentikortasunik ez dutela, eta ez direla enpatikoak komunikatzeko bide bakarra digitala denean zenbait kolektibok izaten dituzten zailtasunekin”, eta aurretiazko hitzorduen sistema indargabetzeko eskatu zuen baita ere.

“Gure jarrera beti izan da herritarrek administrazio ona izateko duten eskubidea defendatzearena, eta horren alde lan egiten jarraituko dugu”, bukatu zuen Verak. Nafarroako Arartekoaren bulegoek eredugarriak izan nahi dute, eta horregatik “ez dugu aurretiazko hitzordurik eskatzen eta arreta presentziala eta pertsonalizatua eskaintzen dugu”.

Patxi Vera Donazarren hitzaldia

 

HERRITARRENTZAKO ESKURAGARRI DAGOEN MATERIALA

Patxi Vera Nafarroako Arartekoak egindako aurkezpenaren kopia jaso nahi dutenek Foru Araubidearen Batzordera jo beharko dute eta eskuragarri izango dute baita ere esteka honetan (gaztelaniazko bertsioa eta euskarazko bertsioa).

Halaber, HEMEN klik eginda Nafarroako Parlamentuan egin zen saioaren grabaketa osoa eskuratu daiteke. 

Partekatu edukia