Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak Nafarroako Parlamentuko presidenteari 2015eko Urteko Txostena eman dio

2016 martxoa 18

Ainhoa Aznárez Nafarroako Parlamentuko presidenteak gaur hartu du bere bulegoan Francisco Javier Enériz Olaechea Nafarroako Arartekoa. Arartekoak formalki eman dio bere zuzendaritzapeko erakundearen urteko txostena, 2015eko ekitaldiari dagokiona, non 2.791 jarduketa jaso baitira.

2015ean egindako lanari esker, 104 iradokizun, 338 gomendio eta lege-betebeharren gaineko 86 oroitarazpen helarazi zaizkie Nafarroako Herri Administrazioei (guztira, 560 ebazpen). Hori guztia, herritarren laguntzari esker. Izan ere, 7.933 herritarrek jo dute erakunde honetara, besteak beste, 1.193 kontsulta egiteko eta 1.546 kexa aurkezteko (972 espediente bideratu dira). Horietako % 84,2 izapidetzera onartu dira eta % 81,9 bidezkoak izan dira.

Oro har, 652 ikerketa burutu dira, horietako 607 jasotako kexen ondorioz, 31 ofizioz, 11 herritarrek hala proposatu dutelako, eta 3, egindako txostenak direla eta.

Jasotako kexa gehienek hamaika arlo hauekin zerikusia izan dute, hurrenkera honetan: euskara, trafikoa, enplegu publikorako sarbidea, gizarte ongizatea, funtzio publikoa, hezkuntza, osasuna, ingurumena, ogasuna, hirigintza eta etxebizitza.

Lehen arloari –euskarari– dagokionez, 610 kexa aurkeztu dira. Horien artean nabarmentzekoak dira 592 kexa, Etxarri Aranatzeko osasun-zerbitzuak “nahi duenei hizkuntza koofizial horretan ere emateko” eskatzen dutenak.

Bigarrenik, trafikoari buruzko 188 kexa aurkeztu dira. 146 kasutan, Nafarroako Probintziako Trafikoko Buruzagitzan gidabaimena ateratzeko probaren aztertzaile gutxi egotea eta proba horiek gehiegi atzeratzea salatu dute kexagileek.

Hirugarren tokian, enplegu publikorako sarbidearen gaineko kexak daude. Kexa horiek, gehienbat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko modua dela eta aurkeztu dira, edo bestela, Hezkuntza Departamentuak maisu-maistren kidegoan sartzeko betekizun gisa ingeleseko C1 maila eskatzearekin ados ez egotea adierazi dute.

Laugarrenik, gizarte ongizatearen, gizarte-gaien edo -eskubideen gaineko kexak daude; kasu honetan, gehienek haurren, nerabeen eta adinekoen babesarekin dute zerikusia. Arlo honetan, berriz ere, gizarteratzeko errentari buruzko kexak jaso dira, “administrazio batzuek oraindik ez baitute onartu prestazio horren enbargaezintasuna”. Beste kexa batzuek ezinduen babesarekin dute zerikusia.

Bosgarren tokian, funtzio publikoari buruzko kexak daude. Horien bidez, batez ere, berariazko osagarri batzuk aitortu eta ordaindu ez izana salatu da, eta Nafarroako Herri Administrazioetako Montepioetako funtzionarioak Osasun Sistema Nazionalean sartzearekin ados ez egotea adierazi da.

Kexen kopurua kontuan hartuz gero, seigarren arloa hezkuntza da. Horien artean, nabarmentzekoak dira hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei emandako arretarekin loturiko kexak, baita eskolako bizikidetzaren arloko diziplina-zigorrekin eta ikasketak egiteko, garraiorako edo egoitzarako bekak ukatzearekin ados ez egotea adierazten dutenak ere.

Halaber, nabarmendu behar da guraso-talde baten kexa, Sarrigurengo ikastetxe publikoko instalazio berrietan 2015-2016 ikasturteari begira haur hezkuntzako bigarren zikloko taldeak banatzeko modua dela eta. Izan ere, gurasoen ustez, banaketa horrek oztopatu egiten du ohiko funtzionamendua eta ez du bermatzen ikasleen segurtasun fisikoa. Kexa hori 4.142 lagunek sinatu dute, change.org plataformaren bidez.

Osasunari dagokionez, itxaron-zerrendarekin loturiko kexak aurkeztu dira batez ere (gehienbat traumatologia espezialitatean), baita pazienteek jasotako arreta klinikoarekiko desadostasuna adierazten dutenak ere.

Ingurumenaren arloan, kexa gehienak askotariko jarduerek sortutako zaratagatik aurkeztu dira eta gazteen etxabeetako eta ostalaritza negozioetako kutsadura akustikoak eragindako eragozpenak salatu dituzte kexagileek. Halaber, hondakinekin, ingurumenari buruzko informazioa ukatzearekin edo parte hartzeko trabak jartzearekin loturiko kexak aurkeztu dira.

Bederatzigarren tokian, ogasuna dago, eta arlo horretan, nagusi dira Nafarroako Foru Ogasunaren zergen gaineko kexak, (batik bat, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoak), baita balore katastralak aldatu ondoren hiri-lurren kontribuzioa igotzearekin loturikoak ere.

Hamargarren arloa hirigintza da, eta horretan, zenbait udalen jarduerarik ezari buruzko kexak nabarmendu beharra dago. Izan ere, kexa horiek herritarrek salaturiko balizko arau-hausteen aurrean udalek legezkotasuna babesteko neurririk hartzen ez dutela agerian uzten dute, edo herritarrak hirigintzako plangintzarekin edo kudeaketarekin bat ez datozela adierazten dute.

Hamaikagarren tokian, etxebizitza dago. Arlo honetako kexa gehienek etxebizitza erosteko edo alokairuan hartzeko diru-laguntza publikoak ukatzearekin dute zerikusia. Kexa horiek agerian uzten dute hainbat herritarren desadostasuna, babes ofizialeko etxebizitzak erosteko diru-laguntza itzultzeko eskaera dela eta, laguntza hori ez baitzitzaien beraiei zuzenean ordaindu, etxebizitzen sustatzaileari baizik.

Kexak aztertu ondoren, 320 ebazpen eman dira, hau da, 6 gutxiago, 2014. urtearekin alderatuta. Arartekoaren erabakiak onartzeko maila % 62,3koa izan da (ia 8 puntu gutxiago, 2013. urtearekin konparatzen bada). Izan ere, iazko joerari eutsi zaio, ebazpen ez onartuen kopurua aurreko ekitaldian baitzen handiena.

Kontsultei dagokienez, gehienak gizarte ongizatearen arlokoak dira, hain zuzen, adingabeen babesari, gizarteratzeko errentari eta adinekoentzako zentroetan eta egoitzetan sartzeko bideari eta baldintzei buruzkoak. Osasunaren arloan, itxaron zerrenden gaineko kontsultak jaso dira, baita emandako osasun laguntzarekiko desadostasuna adierazten dutenak ere. Ogasuna dela eta, Nafarroako Gobernuak eta toki-erakundeek ezarritako zergen inguruko kontsultak aurkeztu dira. Gainera, honako gai hauekin zerikusia duten kontsultak jaso dira, hurrenkera honetan: hezkuntza, hirigintza, eskubideak bermatzea (erantzuna jasotzeko eskubidea, informazioa lortzeko eskubidea, gardentasuna, etab.), justizia, ingurumena eta kontsumoa.

Bestalde, herritarrek 6 hobekuntza-proposamen aurkeztu dituzte (dagoeneko 287 dira, ekimena duela zazpi urte abian jarri zenetik). Gehienek etxebizitza arloan babesteko moduko jarduerekin dute zerikusia, baita ama izateko, familia eta lana uztartzeko eta ezgaituentzako laguntzekin ere.


Deskargatzeko fitxategiak

Informe_Anual_2015.pdf (1.6 MB)

Partekatu edukia