Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak Nafarroako Parlamentuko Foru Araubidearen Batzordearen aurrean 2013ko bere jarduerari dagokion urteko txostena aurkeztu du.

2014 apirila 09

Nafarroako arartekoak, Francisco Javier Eneriz Olaecheak, 2013ko bere jardueraren urteko txostena azaldu du Nafarroako Parlamentuko Foru Araubidearen Batzordearen aurrean.

Hurrengo testuan bere agerraldian adierazitakoa kontsulta dezakezu.

NAFARROAKO ARARTEKOAREN AGERRALDIA FORU ARAUBIDEAREN BATZORDEAREN AURREAN.

2013KO URTEKO TXOSTENA

I. Aurkezpena. Laburpen orokorra.

Lehendakari andrea, jaun-andreak, egun on denori.

Aurreko urteetan bezala, atsegin handiz agertzen naiz Foru Araubidearen Batzordearen aurrean Nafarroako Arartekoaren erakundeak iaz garatutako jardueraren berri emateko.

2013. urtean, erakundeak 2.446 ekintza burutu zituen, elkarrizketak, batzarrak edo ekitaldi instituzional edo publikoetara joatea kontuan hartu gabe. Zenbateko hori honela banakatzen da: kudeatutako 1.168 kexa (954 urtean bertan), artatutako 1.217 kontsulta, ofiziozko 28 jardun edo ikerketa ditu zabalik eta herritarrek aurkeztutako eta eskumendun administrazio-organoetara bideratutako zerbitzu publikoen 19 hobekuntza-proposamen.

2012. urtearekin alderatuta, kexa gehiago egon dira 2012an langile publikoek abenduko aparteko ordainsariagatik egindako kexak gehitu baitziren. Dena den, 2013. urtea erakundeak jarduera handiena izan duen hirugarrena izan da 2010 eta 2012 urteen atzetik, azken urteotako joerarekin jarraituz.

Herritarren kexa, kontsulta eta hobekuntza proposamenak kontuan hartuta, 4.114 pertsona hurbildu dira erakundera 2013an. 2013an aurkeztutako kexen atzean, herri-administrazioen eta zerbitzu publikoen titularren egintzen edo gelditasunaren aurrean eta beren eskubideak baliatzeko erakundera zuzendu diren 1.883 pertsona zenbatu ditugu. Eta kontsultei dagokienez, 2.212 pertsona zuzendu dira erakundera dauzkaten eskubideei, erabiltzeko modurik onenari edo administrazio-jarduerari buruzko informazioa eskatzera.

Nafarroako Arartekoak burutu duen Herri Administrazioen gainbegiratze-lana herritarren eskubideak defendatu eta hobetzeko 750 ikerketa baino gehiagotan (736 kexengatik bakarrik, 2012an, berriz, 698 izan ziren) eta 437 ebazpen, 500 aholku eta iradokizun eta lege-betebeharren 192 gogorarazpenetan gauzatu da.

II. Herritarren kexak

Herritarrek aurkeztutako 954 kexen edukiak agerian jartzen du dituzten ardura edo nahigabeak batez ere arazo ekonomiko edo sozialei buruzkoak direla.

Erakundearen iritziz, egoera larriagotu egin da, ez herritarrek adierazten dituzten behar eta arazoengatik bakarrik, baita Administrazioaren erantzuteko gaitasun txikiagoagatik ere, baliabide ekonomiko eta giza baliabide gutxiago baititu behar eta arazo gehiagori erantzuteko.

Beraz, herritarren kexa gehienak hamar gai hauei buruzkoak izan dira 2013. urtean, kexa gehien jaso dituztenetatik gutxien jaso dituztenetara: gizarte ongizatea, hezkuntza, enplegu publikoa eskuratzea, herritarren segurtasuna, herritarren bermeak herri-administrazioekin dituzten harremanetan, osasuna, ogasuna, etxebizitza eta ingurumena. Ez dira arazo bakarrak, benetan garrantzitsuak diren beste gai batzuei dagozkien arazoak ere badaude, hala nola, justizia, kontsumitzaileen defentsa, trafikoa, erakundeen funtzionamendua, lokalak, gizarte segurantza, zerbitzu publikoak, euskara, atzerritarrak, obra publikoak, nekazaritza, kirola edo kultura.

Lehenengo gaiari dagokionez, hots gizarte ongizateari dagokionez, nabaria da, aurreko bi urteetan bezala, arlo honetan herritarrek egindako kexak luzaroan jasaten ari garen krisialdi ekonomikoarekin lotura zuzena dutela.

Aurten, jasotako kexa gehienak familiarentzako babesa eta laguntzarekin zerikusia izan dute, batez ere seme-alabak zaintzeko lan-eszedentziagatiko laguntzen ordainketa ukatzearekin. Adingabeen babesa eta arretarekin lotutako kexak ere gehitu egin dira, eta aurreko urteetan ez bezala, gizarteratzeko errentei buruzko kexak gutxitu egin dira, ematerakoan dauden atzerapenei buruzko kexak jarraitu egiten dute, bizitzeko beharrezko laguntza den arren, eta laguntza emateko baldintzen interpretazioan gehiegizko zorroztasunari buruzko kexak gehitu egin dira, baita atzeraeraginezko efektuarekin ere. Honako gai hauei buruzko kexak ere jaso dira: desgaitasuna duten pertsonen babesa eta gizarteratzea, pertsona nagusien babesa eta arreta, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arreta, eta, azkenik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren %0,7 helburu sozialetarako erabiltzea. Azpimarratu behar da, aurten gehitu egin direla egoitzetan pertsona nagusien egonaldi-baldintzei buruzko kexak.

Errealitate honek administrazioak behar beste aurrekontu-baliabidez laguntza-baliabidez eta baliabide pertsonalez hornitzearen beharra agerian jartzen du, zalantzarik gabe Nafarroako gizarteko talderik ahulenetakoa osatzen dute, eta aurrekontu-arazoengatik edo defizit ekonomikoagatik , ez beste mota bateko arazoengatik ezin daitezke babesik gabe geratu, ezta Konstituzioak ezarri zuen eta botere publikoek mantendu eta hobetu behar dituzten gizarte-estatuaren beharrezko estaldurarik gabe ere. Iraupen luzeko langabezia, bat batean gertatutako familien pobrezia, adingabeen babesik eza, prestazio eta zerbitzu publikoen murrizketa, baliabide ekonomiko eta giza baliabide publikoen gabezia, eta sarritan Administrazioak berak eta bere burokraziak premiazko edo berehalako egoera pertsonal edo familia-egoerei erantzuteko sortzen dituen zailtasunen astinaldia gizarte-arlo honetan igartzen da indar handienaz.

Bigarren gaia hezkuntza da. Kexa ugari haur-eskolen eta ikasketetarako laguntzak eta bekei buruzkoak dira. Kexa horiek hezkuntza-eskubideari lotutako alderdi ekonomikoak duen garrantzia nabarmentzen du, are gehiago gurasoek zailtasun ekonomikoak dituztenean. Ikastetxe publikoetan eskola-jardun etengabearen ezarpenari buruzko kexak ere azpimarratu behar dira, kexen egileek diskriminatzailea dela uste baitute ikastetxe batzuentzako beste batzuekin alderatuz gero, eta eskola-jardunei buruzko aurretiko eztabaidarik gabe onetsi delako. Aurreko urteetan bezala, gurasoek lehenengo aukera bezala jarritako ikastetxean ez onartzearekin zerikusia daukaten kexa ugari egon dira. Hizkuntza-eskola ofizialekin edo desgaitasuna duten umeen Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak (CREENA) eskainitako zerbitzuren bat kentzearekin zerikusia duten kexak ere aurkeztu dira.

Hirugarren gaiari enplegu publikoa eskuratzea izena eman diogu eta enplegu publikoa eskuratu nahi duten herritarren kexak barne hartzen ditu. “Funtzio publikoa” kontzeptu tradizionala banakatu dugu eta langile publikoek herri-administrazioekin dauzkaten lan-harremanetan edo harreman profesionaletan aurkeztu dituzten kexak bildu dira hemen. Aurten, enplegu publikoaren eskaintzaren murrizketa dela-eta, kexa gehienak aldi baterako kontratazio-zerrendei buruzkoak dira. Herritarrak batzuetan zerrenden gardentasun-eza salatzen dute, bestetan, lehentasun-ordena ez betetzea.

Hainbat alditan adierazi dudan bezala, Nafarroako Arartekoaren zeregina aukeratze-prozesuak berdintasun, publizitate, meritu eta gaitasuneko printzipioen arabera gara daitezela bermatzera eta aldi baterako zerrenden kudeaketa gardentasun-printzipioaren arabera gauzatzera bideratzen da, nolanahi ere, hautagaien lehentasun-ordena kontuan hartuz. Beraz, enplegu publikoa eskuratzeko prozesuan garbitasuna kontrolatzeko elementua eta administrazioek printzipio horiek behar bezala kontuan hartzen ez dituztenean salaketa publiko eta zorrotzerako tresna bihurtzen da erakundea.

Laugarren lekuan aipatu ditudan eta aurreko ataletik bereizi ditudan funtzio publikoko kexak daude. Kexek osagai edo laguntza zehatzen aitortze edo ordainketa falta eta ordaindutako lizentzia edo baimenen baldintza zehatzekiko ezadostasuna erakusten dute batez ere. Kexa gehienak funtzionario irakasleek , Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideako langileek eta Nafarroako Unibertsitate publikoko langileek aurkeztu dituzte.

Arlo honetan erakundearen esku-hartzeak administrazio-jardunaren legezkotasuna egiaztatu nahi du, eta hala balegokio, baita enplegu publikoek aitortuta dituzten eskubideak Administrazioak errespetatzea ere.

Bosgarren gaia herritarren segurtasuna da. Kontzeptu honen barnean bildu ditugu lehenago “barnekoak” deitzen genituen kexak. Gai honetan poliziaren jarduera zehatzekin, ordena publikoko bi arazorekin (gomazko piloten erabilera eta haurdunaldia eteteko klinikara doazen emakumeek jasaten duten jazarpena), espetxeko Administrazioarekin izandako arazoekin (Iruñeko espetxe berriaren abiarazteak sortutakoak) eta joko edo ikuskizun publikoekin lotutako kexak aurkeztu dira. Zezenen ikuskizunetako animalien tratu txarrak salatzeko kexa ugari egin dira: hainbat herritako jai herrikoietan burutzen diren jarduerei buruzko kexak dira, edo zabalago, “festa nazionala” deitutakoari buruzko kexak. Erakundeak bildu eta txostenean jasotzen ditu. Zehatzago, adingabeentzako antolatutako jaiak ikusgai jartzerakoan mugak gomendatzeko esku hartu du erakundeak.

Seigarren gaian “herritarren bermeak herri-administrazioekin dituzten harremanetan” izeneko atalarekin lotutako gaiak biltzen dira. Herri-administrazio batzuek beren esku daukaten informazioa eskuratzeko bidea errazteko edo herritarrek legeek ezarritako gehienezko epearen barnean egiten dituzten eskaera eta errekurtsoak ebazteko beren lege-betebeharrak ez betetzeari buruzkoak dira. Halaber, langile publikoek eskainitako tratu ezegokiari buruzko kexak ere gai honetan sartzen dira. Lehenengo taldeari dagokionez, administrazio batzuek herritarrek bidaltzen dizkieten idazkiak ez erantzuteko jarrerarekin jarraitzen dute, lege-betebehar saihestezina dela kontuan hartu gabe. Hortaz, erakundearen esku-hartzea herritarrei arrazoituz erantzutera eta Administrazioaren erantzuna jasotzeko duten eskubidea errespetatzeko eskatzera bideratzen da. Egiaztatu da, baita ere, administrazio batzuek arrazoi justifikaturik gabe herritarrei informazio publikoa eskuratzeko duten eskubidea ukatzeko jarrera, botere publikoei jarduera publikoan gardentasunez lan egiteko etengabe ohartarazi arren. Tratu ezegokiari dagokionez, elkarrengandik aldentzen diren bertsioak badaude, Nafarroako Arartekoaren esku-hartzea agintari eta funtzionario publikoei herritarrei arreta egokia eskaintzeko duten lege-betebeharra gogoraraztera zuzentzen da, beti behar besteko errespetuz eta adeitasunez tratatuz.

Zazpigarren lekuan osasunarekin lotutako kexak daude. 2012ko urtean bezala, itxarote-zerrendarekin lotutako kexak aurkeztu dira aurten ere. Horixe da, hain zuzen , arlo honetan agertzen den lehenengo arazo kolektiboa, eta berehala konpondu beharreko arazoa da (batez ere traumatologian). Halaber, jasotako arreta klinikoarekin eta berehalako osasun arretaren gabeziarekin (larrialdi-zerbitzuak, bereziki, landa-zerbitzu batzuk) bezeroek duten desadostasuna nabarmentzen duten kexa batzuk aurkeztu dira. Kexa ugari sortzen dituen beste gai bat Estatuko Osasun Sistemaren jasankortasuna bermatzeko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Dekretu Legea da, prestazio farmazeutikoen koordainketaduna. Neurri honekin sortutako haserreaz gain, koordainketa farmazeutiko hau diru-sarrera txikiak dituzten gaixoentzat izan den bidegabekeria salatu dugu. Halaber, historia kliniko informatizatua eta errezeta automatikoaren funtzionamendu eskasarekin zerikusia duten kexak egon dira, eta baita Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoarekin lotutakoak ere, datu pertsonaletara baimendu gabeko sarbideengatik.

Hobetu beharreko beste gai bat Osasun-administrazioak duen ondare-arduraren zehaztapena da, egon daitekeen salbuespenen bat kenduta, Administrazioak auzibidera jotzen baitu, herritarrarentzako horrek dakarren atzerapenarekin eta bere ondarearentzako dakarren gastuarekin.

Zortzigarren lekuan ogasunari buruzko kexak daude. Kexa horiek hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, lurraren kontribuzioa, jarduera ekonomikoen zerga edo zirkulazio-zergari buruzko desadostasunarekin lotutakoak dira, beren eraketan arau-aldaketak ere eskatuz, pertsona ahulenen kasu bereziak kontuan hartzeko. Nabarmendu beharra dago, zerbitzu publikoak jasotzeagatik eskatutako tasa eta prezioei buruzko kexak jaso direla, erabiltzailea dagokion udalerrian bizi den edo ez oinarritzat hartuta. Erakundearen irizpidea kontrako adierazpena egitea da zerbitzuaren eskaintzan bertan desadostasun ekonomikoak daudenean. Nafarroako Foru Ogasunaren zergei dagokienez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko kexak nabarmentzen dira. Halaber, kexa batzuek herritarrek ezin dituztela beren zerga-zorrak ordaindu erakusten dute, jasaten ari diren zailtasun ekonomikoak direla-eta. Horrek zerga-betebeharrak betetzeko gero eta biztanleria-sektore zabalagoak dituen zailtasunak eta beren urduritasuna erakusten ditu.

Ogasunaren arloan erakundeak duen zeregina bikoitza da: alde batetik zerga-legezkotasuna gainbegiratzen du, ogasunei zergapekoen eskubideekin legeak errespetuz aplika daitezela bermatzeko beharrezko alderdiak ohartaraziz; eta bestetik, bitartekaritzan, zergapekoei beren zerga-betebeharrak betetzen laguntza ematen die (batez ere ordainketak zatituz), zergapekoen zerga-berdintasunaren printzipioari lotuz.

Etxebizitzaren arloan kexen aldaketa nabarmendu behar da. Aurreko urteetan babestutako etxebizitza eskuratzeko baremazioak sortutako arazoak ziren batez ere, orain berriz, babes ofizialeko etxebizitzen alokairuak sortutakoak. Gizarte-etxebizitzen alokairua eta bere arazoak dira arlo honetako egungo joera ondorengoek erakusten duten bezala: errenta altuengatiko kexak (batzuetan etxebizitza libreetakoak etxebizitza babestukoak baino altuagoak dira), batzuetan errenta urria ordaintzeko diru-laguntzak, egoera sozioekonomikoak bat-batean eragindako egoerarengatiko ez-ordaintzeak, Sustapen Departamenduak kontuan hartutako PFEZren arteko eta alokairurako aukera duen familia-unitatearen egungo diru-sarreren arteko desfasea, etab. Horri guztiari esker, alokairua sustatzeko politikan jarraitzeko beharra dagoela ondoriozta daiteke, diru-sarrera baxuak dituzten edo beren gain pertsonak dituzten defendatu ezin diren familiei emandako laguntzak azpimarratuz. Halaber, erakundeak administrazioek arintasun eta malgutasunez erantzun ahal izatea gomendatu du, kasu bakoitzera egokitutako neurriak hartuz pertsonek, eta bereziki adingabeek etxebizitza duina izateko eskubidea arriskuan jartzen duten bat-batean hasitako egoera ekonomiko zailak gertatzen direnean. Era berean, erakundeak etxegabetzeengatik kexak jaso ditu, bai jabetzako etxebizitzetan hipoteka-betearazpenagatik, bai alokairua ez ordaintzeagatik. Arazo hau gehitu egin da.

Ingurumenaren arloan, aisialdirako etxabeetako gazteen lokaletatik, fabriketatik, tabernetatik edo beste jarduera batzuetatik datozen zaratak etxebizitzetan sartzen direlako auzokoek egindako kexak eta salaketak jarraitu egiten dute. Arlo honetan gure esku-hartzea Administrazioari zarata ahalik eta lasterren geldiarazteko eta etxebizitzan intimitateari lehentasuna emateko esku hartu dezan eskatzera zuzendu da. Bestalde, ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eskubidea ezin erabiltzearekin lotutako kexak aurkezten jarraitzen dute. Erakundeak informazio hori eskuratzen laguntzen du, herritar guztiek duten eskubidea dela gogoraraziz, interes zehatzen bat egiaztatu beharrik gabe.

III. Kexak hartzen dituzten herri-administrazioak.

Aurkeztutako kexa gehienak Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioarentzako ziren, bere erakunde publikoak eta sozietate publikoak barne hartuz. guztizkoaren %56. Kexa gehien jaso dituztenak Hezkuntza eta Gizarte Politiketako departamentuak izan dira, eta ondoren Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua, Osasuna eta Sustapen Departamentua.

Aurkeztutako kexen %21,5 tokiko erakunde eta beren menpeko erakundeei zuzendutakoak ziren. Kexa gehien jaso dituzten udalak hauek izan dira: Iruña. Tutera, Egues eta Cintruénigo.

Hirugarren lekuan Estatuaren Administrazioaren jardunari buruzko kexak daude, guztizkoaren %11,1 dira.

Administraziotik kanpoko sozietate publikoei buruzko kexak hogeita zortzi izan ziren, batez ere telefono-konpainia, banketxe eta energia-konpainiei egindakoak (%3 baino pixka bat gutxiago).

Justizia Administrazioaren aurrean %2,7 aurkeztu ziren.

Kexen %2,3 Nafarroako Unibertsitate Publikoarentzako izan ziren.

Pertsona gehien biltzen dituzten kexak Iruñeko 407 herritarrek, , aparkaleku gisa mugatutako eremua erabiltzeagatik dendariek bertan bizi direnen aldean ordaindu behar duten zenbateko altuagatik egindako kexa, eta Huarteko 229 herritarrek, Martiket urbanizazioan bizi direnak, hurbilen zeukaten hiri-autobusaren geltokia kendu zenez, sarbide arriskutsuagoa duen urrutiko geltokira Joan behar direlako aurkeztutako kexa dira.

IV. Kudeatutako kexak.

2013. urtean 1.168 kexa kudeatu dira. Zenbateko honen barnean urtean jasotako 954 kexa eta aurreko urtean izapidetutako 214 kexa daude, bai aurreko urtean itxi gabe geratu zirelako, bai herritarrek eskatuta berriz ireki direlako.

Nafarroako Arartekoak izapidetzeko onartutako kexak 926 izan ziren, hau da, kudeatutako kexa guztien %79,3.

926 kexetatik 736 ikerketa egin ziren. Gainerako kexetatik ekitaldia ixterakoan 81 izapidetu gabe zeuden, eta 109 hasierako fasean artatu ziren eta herritarrek aurkeztutako arazoa ikerketa hasi beharrik gabe konpondu ziren.

Ikerketaren ostean, Nafarroako Arartekoak kexa aurkeztu zutenen helburua aintzakotzat hartzeko arrazoiak zeudela ondorioztatu zuen 404 kexatan. Gainera, ikerketa irekitzea nahikoa izan zen, herritarren nahia aintzakotzat hartzeko 181 kasutan.

Beraz, Nafarroako Arartekoaren esku-hartzeari esker, proposatu eta ikertutako 585 kasu konpondu ziren, herritarren kexak guztiz edo zati batean aintzat hartuta geratuz (ikertutako kexen %79,5).

Nafarroako Arartekoak emandako 404 ebazpenetatik, administrazioek 235 onartu eta 165 ukatu zituzten. Kexengatiko ebazpenen onarpen-portzentajea administrazioen adierazpena egon den ebazpen guztien %58,5ekoa da.

Kexaren izapidetzearen batez besteko denbora, berriz, 83,2 egunekoa izan da. Baina epea, hein handi batean Administrazioak erantzuteko, txostena egiteko edo egindako gomendioa edo iradokizunaren aurrean hartzen duen denboraren araberakoa izango da.

V. Ofiziozko jarduna.

Erakundeak 28 ofiziozko jardun burutu ditu aurten. Nafarroako Arartekoak ikusita irekitako espedienteak dira Ikerketa, hasierako fasean erakundearen jarrera hartzea behar duten egitateak ikusiz gero, Administrazioari edo Nafarroako Parlamentuari egindako iradokizun bidez edo beren eskumen-eremuan Herriaren Defendatzaileari jarduteko eskatuz.

Ofiziozko jardun hauetatik zazpi osasunari buruzkoak izan dira. Honako hauek dira azpimarragarrienak:

  • itxarote-zerrendak;
  • errezeta elektronikoaren sistemaren funtzionamendua;
  • ospitaletako otordu-zerbitzua;
  • ospitaleko botiken koordainketa;
  • anbulatorioko prestazio farmazeutikoen koordainketa;
  • Nafarroan bizi diren pertsonei Nafarroako osasun-sistema publikoaren doako laguntza izateko eskubidea aitortzen dien otsailaren 25eko 8/2013 Foru Legeari Estatuko Gobernuak jarritako errekurtsoa onetsi ostean administrazio-egoera irregularrean dauden atzerritarren egoera.

Ofiziozko lau jardun gizarte-eskubideen babesari buruzkoak izan dira, gai hauei buruzkoak zehazki:

  • buruko gaixotasuna duten pertsonentzako lanerako ikastegietan dagoen leku falta;
  • aurrekontu-murrizketengatik seme-alaba adingabeak zaintzeko eszedentziarako laguntzak ukatzea;
  • haurtzaro eta nerabezaroko egoera baloratzea;
  • desgaitasuna duten pertsonen eskubideak.

Hezkuntzaren arloan, ofiziozko lau jardun burutu ziren. Horien artean nabarmentzekoak dira ikastetxe batzuetan lanaldi etengabea ezartzeari buruzkoak, haur-eskolaren udalerrian erroldatuta ez egoteagatik haur-eskoletako erabiltzaileek ordaindu behar dituzten tarifen arteko desberdintasunari buruzkoak eta beste bat beken deialdian egondako atzerapenari buruzkoa.

Etxebizitzaren gaian erakundeak ofiziozko lau jardun burutu zituen. Horietatik bik Sustapen Departamentuak etxebizitza babestuak alokatzeko diru-laguntzak ematerakoan kontuan hartzen dituen diru-sarrerak zenbatzeko erreferentzia-dataren arazoari buruzkoak ziren. Horiek izapidetu ondoren, Departamenduari etxebizitza babestuak alokairuko erregimenean eskuratzeko lagungarriak diren neurriak hartzen jarraitzeko beharra errepikatu genion, eta bereziki zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonak laguntzeko neurriak, etxebizitza eskuratzeko eskubide konstituzionala bermatu ahal izateko. Halaber, Herriaren Defendatzaileari bidalitako beste ofiziozko jardun bat burutu zen, Sustapen Ministerioak izan zuen jarrerari buruzkoa, emantzipatzeko errentaren onuradun izan ziren gazteei oker jasotako kopuruak itzultzeko eskatzerakoan, berandutzearekin itzulketa-espedienteetan. Laugarren jarduna gainzorpetzea eta horrek dakarren hipoteka-betearazpenaren ondorioz, milaka pertsona, norbanakoak edo familiak, ohiko etxebizitza iraunkorrik gabe geratzearen arazo soziala Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aginduaren arabera eta banku-maileguen interes izugarriak debekatuko dituen legedi moderno eta sentikor baten arabera bideratzeko beharrari buruzkoa zen.

Justiziaren arloan, erakundeak ofiziozko bi jardun bidali zizkion Herriaren Defendatzaileari. Jardunetako bat Justizia Ministerioari atxikitako Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaletik autopsia-txostenen bidalketan bi urte baino gehiagoko atzerapenari buruzkoa zen. Bestea, Iruñeko espetxeko presoak beste espetxe batera eramatearekin, espetxe berria uztearekin eta Gazteriaren departamentua kentzearekin zuten zerikusia.

Gainera beste ofiziozko bi jardun bidali zitzaizkion Herriaren Defendatzaileari: bat Esako urtegiaren egoerari buruzkoa, antzemandako segurtasun arazoak direla-eta; bestea langabeziagatiko prestazioak jasotzen dituzten pertsonei Espainiatik irteteko eskatzen zaizkien baldintza zorrotzei buruzkoa; eta azkena Hipoteka zordunaren babesa indartzeko premiazko neurrien azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege Dekretuari buruzkoa, erakundeak Errege Lege Dekretua aldatzeko proposamen batzuk egin zituen, horien artean, adingabeen eta baliabide ekonomiko gutxien zituzten pertsona eta familien babesa.

Halaber, honi buruzko ofiziozko jardunak egin ziren: 2012. urtean Nafarroan trafiko-istripuetan hildako pertsona-kopuruaren hazkundea, herri-administrazioetako mutualitateen funtzionarioen klase pasiboko pentsio-sistemaren eguneratzea, eta herri-administrazioetan sartzeko Araudiaren 35. artikuluaren balizko aldaketa, lanpostua betetzeko unean oposiziogile bati emandako borondatezko eszedentzia-egoerari buruzko erantzuna berbera izan dadin, lan egingo duen jatorrizko Administrazioa kontuan hartu gabe.

Aurreko urteetan bezala, erakundeak Nafarroako haur eta nerabeen egoera baloratu du. Ez da balorazio orokorra edo soziologikoa, egoera hori egiaztatzeko balorazioa baizik, Nafarroako herri-administrazioei Haur eta nerabeak bultzatu, artatu eta babesteko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak ezartzen dizkien eskakizunen arabera. Azterketaren emaitza gisa, iradokizun arauemaile bat (abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen arauzko garapena osatzeko) eta beste alderdi batzuen artean honako hauek sustatzeko hamaika iradokizun egin ziren: baliabide publikoak, adingabeen eskubideen hedapena esku-hartze goiztiarra arrisku-egoeretan, jatorrizko familiei laguntza eta gizarte-gatazka egoeran dauden adingabeentzako eta euren autonomia pertsonalerako programak.

Ofiziozko jardun hauetan, erakundeak 24 ebazpen egin zituen, zegozkien lege-betebeharren gogorarazpenekin (1), iradokizunekin (40, eta horietatik zazpik arau-aldaketak proposatzen dituzte) eta gomendioak (4). Horietatik herri-administrazio eta erakundeek 18 kasutan onartu zuten ebazpena (horietatik lau zati batean) eta lau kasutan ukatu egin zituzten. Ofiziozko jardunetan emandako ebazpenen onarpen-maila %81,82ra igo da (onarpen eta ukapenen batura kontuan hartuz).

Bestalde 10 jardunetan, antzemandako egoera Espainiako Herriaren Defendatzaileari jakinarazi zitzaion, Estatuaren eskumeneko gaitzat hartu baitziren. Herriaren Defendatzaileak Estatuko Administrazioaren organoei zuzendutako sei ikerketa ireki zituen.

VI. Zerbitzu`publikoak hobetzeko herritarrek egindako proposamenak.

Nafarroako Arartekoak herritarren partaidetza ere sustatzen du, zerbitzu publikoak hobetzeko, proposamenak aurkeztera animatuz, ondoren Administraziora bidaliko ditu, eta bere bidezkotasunaren arabera bultzatu eta edonola ere, aztertu egiten ditu.

Beraz, 2008. urtetik Nafarroako Arartekoaren aurrean 253 hobekuntza-proposamen aurkeztu dira.

2013an egon diren 19 proposamenek ogasuna, hezkuntza, eta enplegu publikoaren arloan proposatu dituzte hobekuntzak.

Beste gai batzuen artean herritarrek proposamen hauek egin dituzte: trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen araudiaren, lurraren kontribuzioaren zergaldia eta sortzapenaren eta babes ofizialeko etxebizitzei aplika dakieken Balio Erantsiaren gaineko tasaren alderdi batzuk aldatzea; Lanbide Heziketako urrutiko ikastaroen edo ikastaro erdipresentzialen eskaintza handitzea; hezkuntzaren arloan ordaindu behar diren ordainarazpen publiko edo tasetan desgaitasuna duten pertsonentzako hobari edo salbuespenak ezartzea; gazteek aisialdirako erabiltzen dituzten etxabeen erabilera arautzea eta ordutegia ezartzea; eta Iruñeko espetxean dauden buruko gaixoa duten pertsonen arretan koordinazioa hobetzea.

Erakundeak, aurkeztutako proposamenak eskumendun Herri Administrazioari edo Estatuaren eskumena bada Espainiako Herriaren Defendatzaileari bidaltzen dizkio, eta ahal den neurrian defendatu egiten ditu.

2013an aurkeztutako 19 proposamenei 2012an gauzatu gabeko beste bost gehitu behar zaizkie. Hortaz, 2013an kudeatutako 24 proposamenetatik eskumendun Administrazioak zuzenean lau onartu eta zortzi ukatu zituela ikusi zuen. Beraz, Administrazioen proposamenen zuzeneko onarpen-maila %33,33koa da. Gainerako proposamenekin Nafarroako Arartekoak zazpi iradokizun (horietatik lauk arau-aldaketak proposatzen dituzte) eta bi gomendio biltzen zituzten zortzi ebazpen eman zituen. Zortzi ebazpen horietatik herri-administrazio eta erakundeek bost kasu onartu zituzten (horietatik bat zati batean) eta hiru kasutan ukatu egin zituzten. Proposamenetan emandako ebazpenen onarpen-maila %62,50era igo da (onarpen eta ukapenen batura kontuan hartuz).

VII. Kontsultak.

Erakundearen Herritarrentzako Arreta bulegoak herritarren 1.217 kontsulta artatu ditu.

Gehienak gizarte ongizatearen arloko kontsultak dira, eta horien artean gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonentzako laguntzei buruzko kontsulta nabarmentzen dira, bereziki gizarteratzeko errentaren ukapena edo atzerapena edo errenta berritzeari buruzkoak edo bigarren edo hirugarren seme-alabarengatiko eszedentziarako laguntzaren ukapenari buruzkoak. Zahar-etxean sartzeari edo bertako egonaldiari buruzko kontsultak ere aurkeztu dira, eta baita mendekotasunerako laguntzei buruz eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasunari buruzko kontsultak ere.

Kontsultek helburu soziala duten prestazio eta laguntzen aurrekontu-eskasia eta aurrekontu-mugapena azpimarratzen dute, eta baita laguntza hauek ematerakoan dauden murrizketak ere, eskakizunak zorrotzago interpretatzen baitira eta, batzuetan era oso formalistan, antzematen den egoeraren larritasuna alde batera utzita. Desgaitasuna duten pertsona eta hirugarren adineko pertsonentzako egoitzen tarifak igo egin direla ere ikusi da, familiek diru-sarrera gutxiago duten unean. Halaber, adingabeen babesik ezari buruzko kontsultak nabarmentzen dira, sarritan familiak eskaera ekonomikoak beren baliabideekin ase ezin dituztelako.

Kontsulten bigarren taldea kontsumoari buruzkoa izan zen. Talde honetan kontsumitzaileek egindako kontsultak sartzen dira, batez ere telefono-konpainiei, elektrizitate-konpainiei eta gas-konpainiei eta banketxeei buruzkoak, eta baita beren eskubide eta interesak defendatzeko ezarritako mekanismoen funtzionamenduari buruzkoak ere. Zehazki, gehien errepikatu diren kontsultak, hurrenez hurren, zerbitzu osagarriak edo kontratatu gabeak kobratzeagatik bidegabeko fakturazioa dela-eta edo zerbitzua baja emateko zailtasuna dela-eta telefono-konpainien kontratuetatik ondorioztatutako arazoak, banketxeekin kontratatu gabeko zerbitzuak kobratzeagatiko arazoak eta ur eta argiaren horniketa-konpainiekin gehiegizko fakturazioagatiko arazoak dira.

Hain zuzen, kontsulta kopuru honek eta horri buruz aurkeztutako kontsultek, eta baita ere kontsumoari buruz egindako ikerketek Nafarroan dagoen kontsumitzaileak babesteko sistema publikoaren eraginkortasuna egiaztatzea ahalbidetu dute. Hortaz, Konstituzioak eta legeek kontsumitzaile eta erabiltzaileei aitortzen dizkien eskubideak babesteko balioko duen benetako sistema publiko eraginkorra ezarri behar da, bereziki interes orokorreko zerbitzu-konpainien aurrean edo banketxeen aurrean, beste kasu batzuk baztertu gabe.

Hezkuntza arloan, kontsulta nagusiak ikasteko bekak eman eta ukatzeko irizpideei eta eskola-elkarbizitzak sortzen dituen mota askotako arazoei buruzkoak izan dira.

Halaber, herritarrek herri-administrazioekiko harremanetan dituzten eskubideen bermeei buruzko (informazio-eskubidea, erantzuna jasotzeko eskubidea, behar bezala tratatua izateko eskubidea...) gizarte-segurantzari buruzko, ingurumenaren arloko eta tokiko erakundeen funtzionamenduari buruzko kontsulta ugari egin dira.

Ikusi daitekeen bezala, kontsulten azterketari esker, sarritan kexetan islatzen ez diren herritarren beste arazo batzuk ikus daitezke, adibidez, hirugarren adineko pertsonentzako egoitzei buruzkoak, oinarrizko gizarte-arretaren sareko prestazio publiko edo sozialen eta giza baliabideen urritasuna gizarteko talde zehatzentzako eta behar handiko balizkoetarako, kontsumitzailearen babesik eza, eskola-elkarbizitzako eguneroko arazoak, gizarte segurantza eta prestazioen berrikuspena edo prestazioen gehiegizko kontrola batzuetan, atzerritarrak eta atzerritarrei Espainian egon edo bizitzeko jarritako arazoak, etab.

VIII. Beste eduki batzuk.

Txostena honako atal hauekin amaitzen da: gutxien lagundu duten Administrazio eta agintarien atala, herritarrek inkesta anonimoetan adierazi diguten iritzia eta 2013ko urte honi dagokion erakundearen aurrekontuaren likidazioari buruzko eranskina.

IX. Agurra.

Jaun-andreok: besterik gabe, eskerrik asko zuen arretagatik eta zuen esanetara naukazue egokitzat jotzen dituzuen gaiak argitu edo osatzeko.

Eskerrik asko denei zuen adieragatik.

Partekatu edukia