Bilaketa aurreratua

Albisteak

Palacio de Navarra

Nafarroako Arartekoak Nafarroako funtzionarioen nahitaezko erretiro-adina kotizaziopeko pentsioa eskuratzeko adinera egokitzeko proposatu du

2024 iraila 06

Patxi Vera Nafarroako Arartekoak Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari iradoki dio “Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrera afiliatutako funtzionarioen nahitaezko erretiro-adina aldatu dadila, kotizaziopeko pentsioa eskuratzeko adinarekin koordinatzeko”. Halaxe jasotzen da Q24/618 eta Q24/669 kexen harira oraintsu eman duen ebazpenean (esteka honetan eskuragarri).

Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen arabera, funtzionarioen nahitaezko erretiro-adina 65 urtekoa da. Muga hori aplikatzen zaie, era berean, administrazio-araubidean kontratatutako langileei. Nafarroako Arartekoaren iritziz, “korrelazio-falta” dago foru-legediaren zehaztapen horren eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko kotizaziopeko pentsioa arautzen duen araudiaren artean. Hori dela eta, “bidegabeak eta disfuntzionalak diren ondorioak” sor litezke.

Horregatik, Arartekoari gomendagarria iruditu zaio foru-legedia aldatzea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren kasuan egin zen antzera. Bertan, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzen diren langileen nahitaezko erretiro-adina kotizaziopeko erretiro-pentsioa eskuratzeko araubidea xedatzen duten arauetara egokitzeko aurreikusten da, koefiziente murriztailerik gabe.

Nafarroako Arartekoaren ebazpena iragan ekaineko bi kexaren zioz eman zen. Lehen kasuan, kexagilea (1958an jaioa) 2009tik egon zen lanean Hezkuntza Departamentuan. 65 urte betetzean, nahitaezko erretiroa hartu behar zuela jakinarazi zitzaion, baina ez zuen pentsioa eskuratzeko gutxieneko adina, hots, 66 urte eta 6 hilabete.

Bigarren kexan ere antzeko zerbait gertatu zen. Langilea 2008tik ibili zen Hezkuntza Departamentuan lanean, hainbat administrazio-kontraturen bidez. Ondoren, legeak ezarritako adina betetzean, nahitaez erretiratu behar izan zuen, baina Gizarte Segurantzak 66 urte eta 8 hilabete eskatzen zizkion pentsioa eskuratzeko.

Egoera horren aurrean, Verak informazioa eskatu zien Hezkuntza Departamentuari eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari. Departamentu horiek, beren aldetik, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legea aldarrikatu zuten. Foru Lege horren 31. artikuluaren arabera, “oro har”, Foru Administrazioan nahitaezko gehieneko erretiro-adina, bai funtzionarioentzat, bai administrazio-araubidean kontratatutakoentzat, 65 urtekoa da.

Arartekoak igorritako ebazpenaren arabera, aipatu Foru Legeak zerbitzu aktiboa 70 urtera arte luzatzeko aukera aurreikusten du, baina aukera hori etenda egon da 2012. urtetik eta halaxe jarraitzen du gaur egun ere. 

65 urteko adin-mugak eta horrek gizarte-segurantzaren araudiaren bilakaeraren zioz eragiten dituen arazoak ez dira berriak. 2023an, langileak Foru Administrazioan egonkortzeko prozesu baten baitan, pertsona batek, lanpostua eskuratu zuen arren, ezin izan zuen izendapena formalizatu, 65 urteak beteak zituelako; halaber, ezin izan zuen erretiro-pentsioa eskuratu, oraindik ez zituelako 66 urte eta 8 hilabete. Orduan igorritako ebazpenean, Q23/767 espedientea hizpide (esteka honetan eskuragarrie), Arartekoak honako hau nabarmendu zuen: alderdi honetan 10/2003 Foru Legea zorrotz betez gero, bidegabekotzat jo daitezkeen emaitzak sor daitezke, pentsioa eskuratu ezin duen pertsona bati lanean jarraitzea eragozten zaiolako.

Beraz, orduan azaldu zuen postura berretsi du oraingoan ere, nahitaezko erretiro-adinaren foru-araudia erretiro-pentsioaren arauarekin bat etorri beharko litzatekeela defendatuz. Izan ere, korrelazio-falta horren eragina jasaten duten pertsonek ondorio bidegabeak jasan ditzakete prestazioa eskuratzea oraindik ere posible ez den kasuetan.

Q24/618 eta Q24/669 kexetan emandako ebazpenaren eduki osoa esteka honetan eskuratu daiteke.

Partekatu edukia