Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak iradoki du atzerritarrei ikastaroak emateko, gizarteratzea sustatzeko.

2010 ekaina 03

Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaechea jaunak iradokizun bat egin dio Nafarroako Gobernuko Erakunde Harremanetarako Departamentuari, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, zuzenean nahiz udalekin, unibertsitateekin, institutuekin eta beste entitate publiko, pribatu nahiz gizarte ekimenekoekin batera, Nafarroan bizi diren atzerritarrentzat ikastaroak antolatu eta eman ditzan, hain zuzen ere Europar Batasunak “orientazio zibikoko ikastaroak” deitzen dituenak.

 

Ikastaro horien helburua da lotzea pertsona horiek, beren eskubide eta interesetarako komenigarritzat jotzen baldin badute, ikastaro horietara joan ahal daitezela eta haietan oinarrizko ezagutza batzuk lor ditzatela Nafarroako gizarteari buruz: alderdi sozialak, kulturalak, demografikoak, lan arlokoak, instituzionalak eta linguistikoak; balioak, ohiturak, sinesmen eta bizikidetasuneko jarraibide komunak, demokrazia bati dagozkionak; Konstituzioaren eta legeen arabera, atzerritar gisa dauzkaten eskubide, askatasun eta betebeharrak; lortzeko eskubidea dituzten zerbitzu publikoak, prestazioak eta laguntza publikoak eta erabiltzaile eta balizko onuradun gisa dauzkaten eskubideak eta betebeharrak; Foru Komunitatearen erakunde-funtzionamendua eta funtzionamendu administratiboa eta haren oinarria, politikan eta gizarte zibilean parte hartzeko aukerak ere jasoz eta indartuz.

 

Horren guztiaren helburua da pertsona horiek hobeki eta sakontasun gehiagoz ezagut dezaten haiek hartu dituen gizartea, eta hura ulertu eta errespeta dezaten; haren garapen sozial, ekonomiko eta kulturala lagun dezaten; haien eta gizartearen artean harremanak izan ditzaten, eta, azkenik, Nafarroako gizartean integratu eta hura osa dezaten, antolamendu juridikoak aitortzen dizkien eskubide guztiekin.

 

Gizarteratzea

 

Javier Enérizen ustez, gizarte modernoek, batez ere europarrek, erakusten duten kezka nagusietako bat da, hain zuzen ere, etorkinen integrazioa eta gizarte-kohesioa lortzea bizitzeko eta, kasua bada, lan egiteko eta bizikidetasunean jarduteko hautatu duten gizartean. Hain zuzen ere, Espainiako atzerritarren eskubideei eta libertateei buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoari “gizarteratzeari” buruzko legea ere esaten zaio.

 

Atzerritarren gizarteratzea modu askotara lor daiteke –gehitzen du Enérizek–, ia beti botere publikoek politika desberdinak formulatuz eta sustatuz, hain zuzen ere botere horien eta, oso modu erabakigarrian, autonomia erkidegoetako administrazioen eta toki entitateen artean. Botere publikoek, izan ere, ikuspegi integratzailea eduki beharko dute. Gizarteratzea lortzeko bide egokienetako bat da etorkinei eta atzerritarrei prestakuntza eta informazio egokia ematea, haiei laguntza eman eta harreman pertsonal, laboral eta sozialetan hobeki jardun dezaten, bai gainerako herritarrekin, bai ente publikoekin ere. Horrek, gutxienez ere, aukera eman ahal dio iritsitakoari edo egoiliarrari ezagutza zabalagoa eta azkarragoa edukitzeko “harrerako gizarteari” buruz: hau da, gizarte hori nolakoa den; zein populazio duen; nolako kultura, nolako antolaketa, zein zerbitzu publiko dituen, eta nola erabili behar dituen bere onurarako; zein balio, ohitura, sinesmen eta bizikidetasuneko arau dauzkan, eta abar; azken batean, lagungarri gerta daiteke gizarte berria hobeki ezagutzeko eta integratzeko, beren onura, familiarena eta orain osatzera datozen gizartearen beraren onura ere bilatuz.

 

Autonomia erkidego batzuek urratsak egin dituzte etorkinak eta atzerritarrak beren gizartean modu aktiboan integratzeko. Horrela, maiatzaren 7ko 10/2010 Legea aipa daiteke, berriki aldarrikatutakoa, Kataluniara immigratutako eta itzulitako pertsonak hartzeari buruzkoa. Lege horren xedea da Kataluniara immigratu eta itzuli diren eta bertan modu egonkorrean egoteko borondatea duten pertsonentzako lehen harrerako zerbitzu publiko bat sortzea.

 

Integrazioa Nafarroan

 

Nafarroako Foru Komunitateak ere urrats batzuk egin ditu immigranteen gizarteratzea errazteko.

 

Abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren bidez, Etorkinak Artatzeko Bulegoa sortu zen. Bulego hori tresna bat zen etorkinak babes sozialeko eta herritarren arteko bizikidetasuneko sistema normalizatuetarako sarbidea izatera bideratutako politika publikoak sustatu eta koordinatzeko, etorkinekin lan egiten duten entitate eta profesionalei laguntzeko eta eskura dauden berariazko arretako gainerako tresnekin koordinatzeko, betiere erantzuna emanez kolektibo horretako premiei, gizarte-arloan, lan arloan, arlo juridikoan, hezkuntzan, osasunean, kulturan, lurraldeko bizikidetasunean eta herritarren parte-hartzean. Gaur egun, bulego hori Erakunde Harremanetarako Departamentuko dagokion zuzendaritzan dago.

 

Foru dekretu horretan bertan, Immigraziorako Departamentuarteko Batzordea sortu zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek immigrazioari buruz egiten dituzten politika publikoak, planak eta programak egoki koordinatzeko.

 

Gero, abuztuaren 10eko 63/2009 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako Immigrazio Kontseilua sortu zen, Nafarroako Foru Komunitateko immigrazioaren arloko parte-hartzerako eta kontsultarako organo kolegiatu gisa. Kontseilua Nafarroako Gobernuko Erakunde Harremanetarako Departamentuari atxikita dago, eta Nafarroak dituen administrazio publikoetako zein Nafarroan dauden gainerako administrazio publikoetako, unibertsitateetako, abokatuen elkargoetako, erakunde sindikaletako nahiz enpresa erakundeetako, gizarte ekimeneko entitateetako eta immigranteen elkarteetako ordezkariek osatzen dute. Nafarroako Immigrazio Kontseiluaren eginkizunen artean, honakoa dago: neurriak, kanpainak, azterlanak edo ikerketak egitea immigrazioaren fenomenoari buruz, eta haien bidez sustatzea immigranteen eta harrerako gizartearen prestakuntza eta orientazioa.

 

Bestalde, Europar Batzordeak, 2004an, integrazioari buruzko eskuliburu bat aurkeztu zuen, politikak egiteko ardura dutenentzat eta profesionalentzat; eskuliburu horretan, besteak beste, harreraren arloari buruzko jokabide zuzenen eta gomendioen sail bat jasotzen du. Eskuliburu honetan adierazten den bezala, Europar Batasuneko kideak diren estatuetako administrazioen harrera-programetan, orokorrean, hiru osagai nagusi egonen dira: hizkuntzaren irakaskuntza, orientazio zibikoko ikastaroak eta lanerako lanbide-heziketa.

 

Europar Batasunean immigranteak integratzeko politikarako oinarrizko printzipio komunetan –Europar Batasuneko Justizia eta Barne Gaietarako Ministroen Kontseiluak 2004ko abenduaren 19an onetsitakoak eta Europar Kontseiluak urte bereko abenduaren 16an eta 17an bere egindakoetan–, hain zuzen ere laugarrenean, baieztatzen da harrerako gizartearen hizkuntzari, historiari eta erakundeei buruzko oinarrizko ezagutza bat izatea ezinbestekoa dela gizarteratzeko, eta funtsezkoa dela immigranteei gaikuntza ematea ezagutza horiek izan ditzaten, hain zuzen ere gizarteratzeak arrakasta izateko; eta gehitzen du oinarrizko ezagutza horren garrantziaren erakusgarri, estatu kideek sarrerako programetan gero eta azpimarra handiagoa jartzen dutela.

 

Esperientzia eta adierazpen horien ondorioz, bai eta Nafarroan bizi diren atzerritarren jatorri geografiko eta kultural desberdinen ondorioz ere (71.000 pertsona erroldatuta, herrialde desberdinetatik etorriak –Maroko, Ekuador, Errumania, Bulgaria, Portugal, Kolonbia eta beste asko–, 2010eko urtarrilaren 1ean Nafarroan bizi direnen % 11,2 egiten dutenak), Javier Enérizek egokitzat jo du iradokizun hau egitea Nafarroako Gobernuari, Foru Komunitatean bizi diren atzerritarren gizarteratzea sustatzeko ikastaro horien antolamendua eta gauzatzea bultza dezan.

Partekatu edukia