Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak gardentasunaren eta gobernu irekiaren foru legea aztertu du Nafarroako Gobernuarekin batera antolatutako jardunaldi batean.

2012 abendua 18

Gaur goizean Nafarroako Arartekoak eta Foru Komunitateko Gobernuak jardunaldi bat antolatu dute Iruñean Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legearen inguruan, hurrengo abenduaren 28an indarrean sartuko dena.

Irekiera ekitaldia gaur izan da, 9:30ean, Javier Morrás Iturmendi Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Herrizaingo Departamentuko kontseilariaren eskutik. Gutxi gorabehera ehun pertsonek parte hartu dute Iruñeko Navarreria kaleko 39. zenbakian kokatuta dagoen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) Pío Baroja aretoan egindako ekitaldian.

Bere esku-hartzean zehar, Javier Morrásek adierazi du lege hori aitzindaria dela Espainian eta horrek esan nahi du arautzen dituen zenbait arlotan inflexio puntu bat dela, hala nola, legegilearen kalitatean edo herritarren parte hartzean. Horrez gain, Morrásek herri-administrazioaren modernizazioa ere aipatu du; izan ere, hobekuntza etengabea eta aurkezten diren erronkei egokitzea eskatzen du, herritarrak, administrazioarekin duen harremanean, bere bizitza demokratikoaren kalitatea aldatu dela antzeman dezala eta horrek guztiak langile publikoei lan-karga gehigarria eragin ez diezaien.

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea

Jarraian, Francisco Javier Enériz Olaecheak, Nafarroako Arartekoak, honako gai hau azaldu zuen: Gardentasunari eta gobernu irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea. Helburuak eta printzipioak. Bereziki, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: legezko forma eta gauzatzeko prozedurak. Haren bermeak.

Haren esku-hartzean, Enérizek zera azaldu zuen: nola aplikatu behar duten foru legea Foru Komunitateko Administrazioak, haren erakunde publikoek, sozietateek, fundazioek, Zuzenbide Publikoko erakundeek, haren menpe zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek eta Nafarroako Foru Komunitateko erakundeek. Administrazioek, oro har, herritarrekiko dituzten informazio publikoaren eginbeharrak garatuko ditu, bereziki, kontratazio publikoa, zerbitzuen emakida, lankidetza hitzarmenak, diru-laguntzak, lurraldearen antolamendua eta hirigintza bezalako arloetan.

Azalpenaren zati nagusia edozein herritarrek gauzatu ahalko duen informazio publikoa eskuratzeko eskubideari eta eskubide hori modu eraginkorrean gauzatzeko prozedurari buruzkoa izan zen. Eskubidea administrazioaren esku dauden edo haiek egin dituzten datuak, txostenak, agiriak eta espedienteak eskatuz gauzatu ahalko da. Halabeharrez arretaz jorratu beharreko puntu bat hauxe izango da: intimitateari, ohoreari, irudiari, datu pertsonalei, adingabeen eskubideei eta hirugarrenen beste eskubide batzuei lotutako arrazoien ondorioz, legeak eskubidearen gainean ezarri dituen mugak. Horrez gain, eskubide hori erreala dela bermatzeko egokitutako baliabideen berri eman zuen, hala nola, Herriaren Defendatzailearen aurrean kexa bat aurkeztea edo sozietate eta fundazio publikoen eta beste erakunde batzuen jardueren aurkako erreklamazioak. Esku-hartzea amaitzeko, estatuak etorkizunean onetsiko duen gardentasunaren gaineko legeak arlo horretan eduki dezakeen inpaktua aipatu zuen. Une honetan lege hori izapidetze fasean dago Gorte Nagusietan.

Herritarren parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko eskubidea

Ondoren, Juan Luis Beltrán Aguirre, Nafarroako Arartekoko aholkulari burua, Herritarrek parte hartzeko eta lankidetzarako duten eskubidea foru legeangaiari buruz aritu zen. Horretarako, Nafarroan orain arte araututako herritarren parte-hartzerako modalitateak jorratu zituen, bai eta herritarren parte-hartzea sustatzeko arrazoiak eta gardentasunari eta gobernu irekiari buruzko foru legeak barne hartzen duen herritarren parte-hartzerako eskubidearen irismena zein den ere. Bereziki, administrazioaren planei, programei, politika publikoei eta xedapenei dagokienez. Halaber, lege berriak herritarrek parte hartu dezaten ezarri dituen zenbait mekanismo aztertu zituen: telematikoak, herritarren parte-hartzearen erregistroa, informazio publikoa, kontsulta foroak, herritarrentzako panelak, herritarrez osatutako epaimahaiak, proposamenak eta iradokizunak.

Horren ostean, bertaratutakoekin batera mahai-inguru bat egin zen eta euren galderei eta zalantzei erantzuna eman zitzaien.

Partekatu edukia