Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak etxebizitza gaietan hautemandako hainbat arazo azaldu ditu.

2015 iraila 17

Herriaren Defendatzaileak Koordinaziorako XXX Jardunaldietan

Nafarroako Arartekoak, Francisco Javier Enériz Olaecheak, etxebizitza gaietan hautemandako hainbat arazo azaldu ditu, herritarrei eta herri-administrazioei eragiten dietenak, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXX Jardunaldien baitan, Santanderren.

Horrela, hogeita bi arazo arteko zerrenda luzea erakutsi du, Herriaren Defendatzaileen hamar erakunde espainiarretako aholkulariek osatutako lantaldeak antzemandakoak horiek.

Enérizek adierazi duenez, krisi ekonomikoarengatik diru-sarrerak galdu izanak hipoteka eta alokairuak ezin ordaindu izatera eraman ditu milaka jabe eta maizter, eta etxebizitza galtzea eragin die horrek. Botere Judizialeko Kontseilu Orokorraren datuak aipatu ditu. Datu horiek 500.000 desjabetze zenbatu dituzte Espainian 2008tik hona, mota guztietako eraikinetan (ez etxebizitzetan bakarrik). Horietatik, % 53 izan dira errentamenduarengatik, eta % 42 hipoteka betearazteagatik.

Nafarroako Arartekoaren iritziz, botere publikoen jarduera ez da behar bestekoa izan etxebizitza duin eta egokia edukitzeko guztiok dugun konstituzio-eskubidea eraginkorki babestea bermatzeko.

Krisiak, gainera, etxebizitzara jabetzan edo alokairuan sartzeko diru-laguntza publikoen ezabapenarekin eta murrizketarekin egin du bat, bai eta herri-administrazio guztien aurrekontu-baliabideak gutxitzearekin ere. Horren ondorioz, botere publikoek gainezkatuta eta herritarren eskaerei arreta emateko bitartekorik gabe ikusi dute euren burua.

Emaitza honakoa da: familiaren etxera itzuli dira edo etxebizitza partekatu dute etxea ordaintzeko ezintasunarengatik emantzipatuta bizitzen jarraitu ezin duten pertsonak. Talde zaurgarrienei modu larriagoan eragin diete etxebizitzara sartzeko arazoek (urritasunen bat duten pertsonei, guraso bakarreko familiei, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei, 65 urtetik gorakoei, 35 urtetik beherakoei, gizarte bazterketarako arriskuan dauden pertsonei, familia ugariei, terrorismoaren biktimei, itzuli egin diren migratzaileei, etxetik bidali dituztenei eta egoera larrietan dauden pertsonei).

Bestalde, Arartekoak agerian utzi du Espainian ez dagoela etxebizitza eskuragarririk, babestutako etxebizitzak zehazki, eta babestutako etxebizitzetara Espainiako gastu publikoaren % 26 bakarrik bideratu dela nabarmendu du, eta etxebizitza libreak eskuratzeko bideratzen den % 74rekin alderatu du. Era berean, Espainiako etxebizitza-kultura jabetzan oinarritu dela nabarmendu du, eta higiezinen alorra ekonomiaren motorretako bat bezala eta merkatuaren mendeko negoziotzat jo izan dela.

Honakoa da azaldu duen beste arazoetako bat: likidezia lortzeko xedez, administrazioek finantza funtsei lotutako enpresa pribatuei saldu dizkietela babestutako etxebizitzen parke publikoaren zatiak. Eskaria handitzen ari den unean babestutako etxebizitzen eskaintza murrizteaz gain, lehen babestutakoak ziren etxebizitzen jabe diren enpresa pribatuek alokairuen eta zerbitzuen prezioak igo dizkiete maizterrei, eta gehiago kezkatzen ditu arrisku-kapitalaren inbertsiotik gainbalioa eskuratzeak, errentariek baino.

Etxebizitzak alokatzeko, eraikinak birgaitzeko eta hiriak birsortzeko eta berritzeko sustapen egitasmo estatalaren (2013-2016) aktibazioa atzeratu izana izan da azaldutako beste arazoetako bat.

Adierazi duenaren arabera, desjabetzeek eragindako edo hipoteka exekuzioaren mendeko, adibidez, martxoaren 9ko 6/2012 Errege Dekretuaren mendeko pertsonak babesteko xedez, hau da, hipoteka zorra duten pertsonak babesteko xedez estatuak hartutako premiazko neurriek ez dute etxerik gabeko edo, hainbat arrazoi direla medio, lehen zuten etxebizitzatik bidalitako pertsonen giza drama zuzentzea lortu.

Berriro ostaturik eman gabe edo logelarik eman gabe bidali dira milaka pertsona eta familia zuten etxebizitza bakarretik, eta, beraz, kasu asko-askotan, etxetik botatakoek euren kabuz bilatu behar izan dituzte haien arazoentzako irtenbideak.

Enérizek adierazi du milaka pertsonek galdu dutela etxebizitza, eta, horrekin kontraesanean, hutsik dauden etxebizitza parke zabal-zabala dugula: saldu gabeko 500.000 etxebizitza berri daudela kalkulatu da, eta 2012an balioetsi zen ia 3,7 milioi etxebizitza egon zitezkeela hutsik. Finantza entitateen eskuetan daude etxebizitza huts horietako asko, hipoteka betearazteko prozesuen bidez eskuratu dituztenak.

Hondatutako etxebizitzak eta bertan bizitzeko moduan ez dauden etxebizitzak izan dira azaldutako beste arazo batzuk, eta gutxi gorabehera 1,5 milioi pertsona bizi direla infraetxeetan. Hain zuzen ere, auzo andeatuenak dira birgaitzeko aukera gutxien dutenak, izan ere, bertan bizi direnek ez daukate baliabiderik eta laguntza publikoak asko murriztu dira edo kendu egin dira.

Bankua Berregituratzetik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea ez da etxebizitza politikaren zerbitzurako tresnatzat jotzen, ekonomia politikarako elementutzat baizik. Eta etxebizitzen gizarte funtsak, 2013an bi urterako sortu arren 2017ko urtarrilera arte luzatu denak, ez du behar bezala funtzionatzen. Bi urte eta erdi jardunean egin ondoren, bere 6.000 pisuetatik % 30ean baino ez da jendea bizi, eta 9.866 pisutara bakarrik zabaldu zen kopurua pasa den irailaren 15ean, 29 finantza entitaterekin akordioa egin ostean. Oso zenbaki baxua da azken urteotan gertatu diren milaka desjabetzeekin alderatuz gero.

Honakoa da zerikusia duen beste arazo bat: hiri-lurren balio-gehikuntzaren (gainbalioen) gaineko zergaren zergapekoek jarki behar duten arazoa. Euren etxebizitza saltzen duten herritarrek harridura adierazten dute zerga bat ordaindu behar izatearekin, inolako ondare irabazirik eskuratu ez dutenean. Hala ere, udalek ez dute balioa gutxitu izana onartzen.

Etxebizitzarako eskubidea konstituzioan oso ikuspegi eskasarekin ageri dela gaitzetsi du Enérizek, eta egungo garaiek gainditu egin dutela ikuspegi hori. Adierazi duenez, "konstituzioan ez da benetako eskubidea ere, horrelaxe izendatzen den arren; izan ere, gizarte eta ekonomia politikaren printzipio gidari bat da, botere publikoen eta justizia auzitegien aurrean eskatu ahal den eskubide egoerara irits daitekeena, legediak, kasu honetan autonomikoak, hala jasotzen eta garatzen duenean". Eta, argudiatu duenaren arabera, etxebizitzarako konstituzio eskubideak ez du eduki zehatzik, eta lege autonomiko gutxi batzuek baino ez dute berau zehaztu eta eskagarri bihurtu botere publikoen aurrean, Eusko Jaurlaritzako lege egin berriak egin bezala; baina, edonola ere, legegile autonomikoaren borondatearen eta horren ekonomia baliabideen, gaur nahikoak ez diren horien, araberakoak

Partekatu edukia