Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak eta NAPIk gardentasunari eta gobernu irekiari buruzko foru legearen gaineko jardunaldi bat antolatuko dute.

2012 azaroa 26

Abenduaren 18an Nafarroako Arartekoak eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (NAPI) informazio publikoa eskuratzeko eta herritarren parte hartzeko eta lankidetzarako eskubideari buruzko jardunaldia antolatuko dute batera. Eskubide horiek hurrengo 2012ko abenduaren 28an indarrean jarriko den gardentasunaren eta gobernu irekiaren foru legean jaso dira. Jardunaldiak lege horren helburuak eta printzipioak ere jorratuko ditu.

Javier Morrás Iturmendik, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Herrizaingoko kontseilariak, 9:30ean, irekiera ekitaldiari hasiera emango dio Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) Pío Baroja aretoan, Iruñeko Navarreria kaleko 39. zenbakian kokatuta dagoen horretan.

Jarraian, Francisco Javier Enériz Olaecheak, Nafarroako Arartekoak, honako gai hau azalduko du: Gardentasunari eta gobernu irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea. Helburuak eta printzipioak. Bereziki, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: legezko forma eta gauzatzeko prozedurak. Haren bermeak.

Esku-hartzean, Enérizek zera azalduko du: nola aplikatu behar duten foru legea Foru Komunitateko Administrazioak, haren erakunde publikoek, sozietateek, fundazioek, Zuzenbide Publikoko erakundeek, haren menpe zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek eta Nafarroako Foru Komunitateko erakundeek. Administrazioek, oro har, herritarrekiko dituzten informazio publikoaren eginbeharrak garatuko ditu, bereziki, kontratazio publikoa, zerbitzuen emakida, lankidetza hitzarmenak, diru-laguntzak, lurraldearen antolamendua eta hirigintza bezalako arloetan. Azalpenaren zati nagusia edozein herritarrek gauzatu ahalko duen informazio publikoa eskuratzeko eskubideari eta eskubide hori modu eraginkorrean gauzatzeko prozedurari buruzkoa izango da. Eskubidea administrazioaren esku dauden edo haiek egin dituzten datuak, txostenak, agiriak eta espedienteak eskatuz gauzatu ahalko da. Halabeharrez arretaz jorratu beharreko puntu bat hauxe izango da: intimitateari, ohoreari, irudiari, datu pertsonalei, adingabeen eskubideei eta hirugarrenen beste eskubide batzuei lotutako arrazoien ondorioz, legeak eskubidearen gainean ezarri dituen mugak. Horrez gain, eskubide hori erreala dela bermatzeko egokitutako baliabideen berri emango du, hala nola, Herriaren Defendatzailearen aurrean kexa bat aurkeztea edo sozietate eta fundazio publikoen eta beste erakunde batzuen jardueren aurkako erreklamazioak. Esku-hartzea amaitzeko, estatuak etorkizunean onetsiko duen gardentasunaren gaineko legeak arlo horretan eduki dezakeen inpaktua aipatuko du. Une honetan lege hori izapidetze fasean dago Gorte Nagusietan.

Ondoren, Juan Luis Beltrán Aguirre, Nafarroako Arartekoko aholkulari burua, Herritarrek parte hartzeko eta lankidetzarako duten eskubidea foru legeangaiari buruz arituko da.

Horretarako, Nafarroan orain arte araututako herritarren parte-hartzerako modalitateak jorratuko ditu, bai eta herritarren parte-hartzea sustatzeko arrazoiak eta gardentasunari eta gobernu irekiari buruzko foru legeak barne hartzen duen herritarren parte-hartzerako eskubidearen irismena zein den ere. Bereziki, administrazioaren planei, programei, politika publikoei eta xedapenei dagokienez. Halaber, lege berriak herritarrek parte hartu dezaten ezarri dituen zenbait mekanismo aztertu ditu: telematikoak, herritarren parte-hartzearen erregistroa, informazio publikoa, kontsulta foroak, herritarrentzako panelak, herritarrez osatutako epaimahaiak, proposamenak eta iradokizunak.

Horren ostean, bertaratutakoekin batera mahai-inguru bat egingo da eta mahai gainean jartzen diren galderei eta zalantzei erantzuna emango zaie.

Jardunaldia irekia izango da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren organismo autonomoetako langileentzat, bai eta interesatuak egon daitezkeen sozietate eta fundazio publikoetako eta foru komunitatearen erakundeetako langileentzat ere. Izena emateko 948 20 35 74 telefonora deitu ahal da edo ondorengo helbidera posta elektroniko bat bidali ahal da: jornadas@defensornavarra.com

Informazio gehiago lortu daiteke Nafarroako Arartekoaren webguneko nabarmendutako berriak atalean.

Partekatu edukia