Partekatu edukia
Nafarroako Ararteko Francisco Enériz Olaecheak ebaluatu du zein izan diren 2009ko urrira arte bere erakundearekin hobekien lan egin duen administrazio publikoak, eginiko gomendio, iradokizun eta legezko betebeharren gogorarazpenak onartu dituztelako.
Gomendioen onarpen maila % 80koa da; hau da, % 5 egin du behera, 2008ko datuekin alderatuta, Nafarroako administrazio publikoek Arartekoarekin lan egitearen mailak. Behera egite hori gorabehera, oraindik ere esan daiteke “altua” dela erakundearen eta Nafarroako administrazio publikoen arteko lankidetzaren ehunekoa.
Besteak beste, lankidetzak behera egitea lotuta dago aurten, aurreko urtearekin alderatuta, kexetan eta emandako ebazpenetan izan den gorakada handiarekin. Izan ere, 749 kexa aurkeztu dira aurtengo urriaren amaierara arte; hau da, % 44 gehiago (aurreko urteko garai berean 502 kexa aurkeztuak ziren).
2009. urteari dagokionez, lankidetza maila ebaluatzeko, hiru edo kexa gehiago dituzten eta egindako gomendio edo iradokizuna onartzeko edo ez onartzeko erabaki administratibo bat –behar bezala justifikatuta– egon den administrazioak hartu ditugu kontuan.
Nabarmendu beharreko lehenengo alderdia da bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde eta sozietate publikoek, bai Nafarroako toki entitateek onarpen maila oso antzekoa eduki dutela. Lehenbizikoek Arartekoaren proposamenen % 79,7 (153tik 122) onartu dituzten bitartean, bigarrenek proposamenen % 79,4 (63tik 50) onartu dituzte.
Urriaren 31n, Foru Administrazioan, honakoak dira Arartekoarekin gehien kolaboratu duten departamentuak: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua (14 espedientetan, 14 gomendioak onartu ditu); Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua (7 espedientetan, 7 gomendio onartu ditu); Ekonomia eta Ogasun Departamentua (6tik 6 onartu ditu), eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua (4tik 4 onartu ditu).
Aitzitik, Nafarroako Arartekoarekin gutxien kolaboratu dutenak (eta, horrenbestez, herritarren itxaropenak direla-eta neurri handiago batean huts egin dutenak) honakoak dira: Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua, zeinak % 63ko onarpena ageri baitu, 27 gomendiotatik 17 onartu dituelako eta 10 ez dituelako onartu, batez ere langileria arloko eta funtzionario publikoen araubidearen arloko gaietan. Ondoren, Hezkuntza Departamentua dator, zeinak 22 kexa onartu dituen eta 8 ez dituen onartu (% 73); Osasun Departamentuak 31 onartu eta 8 baztertu dituena (% 79,5), eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua (11 onartu eta 3 baztertu dituena).
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren kasuan, lankidetza % 83raino iristen da. Hala eta guztiz ere, Arartekoak nabarmendu nahi du zeinen mantsoa den departamentu horrekiko lankidetza.
Toki Administrazioaren esparruan, gehien kolaboratu duten udalak Lizarrakoa, Antsoaingoa eta Fiterokoa izan dira. Horiek guztiek orain arte Nafarroako Arartekoak eginiko gomendio guztiak onartu dituzte (% 100eko onarpena; kasu aipagarriena Lizarrakoa da, non egindako 5 gomendioak onartu dituzten). Bestalde, Tuterak, Burlatak eta Arlegiko kontzejuak egindako gomendioen bi heren baizik ez dituzte onartu. Bai Tuterak, bai Burlatak 4 gomendio onartu eta 2 baztertu dituzte. Arlegik berriz, 3tik bat baztertu du. Etxarri-Aranazko eta Iruñeko udalak % 79ko batez bestekotik hurbil daude: lehenengoak % 75eko onarpen maila izan du (3 kexa onartu eta bat baztertu du), eta bigarrenak egin dizkiogun 28 gomendioetatik 22 onartu ditu eta 6 baztertu ditu (% 78,5). Iruñerriko Mankomunitatearen onarpen maila % 80koa da: egindako 5 gomendioetatik 4 oanrtu ditu eta bat baztertu du.
Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako lau gomendioak onartu ditu (% 100eko onarpen maila).
Egindako ebaluazioa oro har positiboa bada ere eta Nafarroako administrazio publikoek Nafarroako Arartekoarekin nahiko ongi kolaboratzen dutela erakusten badu ere, erakunde honek uste du oraindik ere administrazioek hobera egiteko eta egiten zaizkien gomendio eta iradokizunak onartzeko tarte zabala dutela, herritarren eskubideak hobeki babesteko, eragiten dizkieten kalteak lehengoratzeko edo ordaintzeko eta zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko.
2009an 3 kexa-espediente edo gehiago itxita dauzkaten administrazioak. | Administrazioak onartu dituen ala ez oraindik ere erabaki gabe dauden kexak. | Onartutako kexak. | Onartu gabeko kexak. | Onarpena (%) |
---|---|---|---|---|
NAFARROAKO GOBERNUA (Departamentuak) | ||||
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua | 27 | 17 | 10 | % 62,96 |
Hezkuntza Departamentua | 30 | 22 | 8 | % 73,33 |
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua | 14 | 11 | 3 | % 78,57 |
Osasun Departamentua | 39 | 31 | 8 | % 79,49 |
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua | 12 | 10 | 2 | % 83,33 |
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua. | 4 | 4 | 0 | % 100,00 |
Ekonomi eta Ogasun Departamentua | 6 | 6 | 0 | % 100,00 |
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua | 7 | 7 | 0 | % 100,00 |
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua | 14 | 14 | 0 | % 100,00 |
153 | 122 | 31 | % 79,74 | |
TOKI ADMINISTRAZIOA | ||||
Tutera | 6 | 4 | 2 | % 66,67 |
Burlada | 6 | 4 | 2 | % 66,67 |
Arlegiko Kontzejua | 3 | 2 | 1 | % 66,67 |
Etxarri Aranatz | 4 | 3 | 1 | % 75,00 |
Iruña | 28 | 22 | 6 | % 78,57 |
Iruñerriko Mankomunitatea | 5 | 4 | 1 | % 80,00 |
Antsoain | 3 | 3 | 0 | % 100,00 |
Fitero | 3 | 3 | 0 | % 100,00 |
Lizarra | 5 | 5 | 0 | % 100,00 |
63 | 50 | 13 | % 79,37 | |
BESTERIK | ||||
Nafarroako Unibertsitate Publikoa | 4 | 4 | 0 | % 100,00 |
Partekatu edukia