Partekatu edukia
2014ko maiatzaren 9an, […] andrearen idazki bat jaso zen erakunde honetan. Horren bidez, kexa bat adierazi zuen Burlatako Udalaren aurka, […] plazan dauden etxebizitza-eraikinetako jabeei ([…] zenbakiko […] etxebizitzak eta […] zenbakiko […] etxebizitzak) estalpeak, itxiturak eta zeramika bat erabat kentzea eskatzeko orduan udalaren jarduerarik eza dela eta.
Azaltzen zuenez, aipatutako obrak ez daude baimenduta udal arautegiaren arabera eta ez dute jabeen elkartearen baimenik, eta lan horiek gauzatzeak zikinkeria eta usoen zirinen kiratsa ekarri ditu, baita pertsonen osasunerako arriskua ere, Osasun Departamentuan salatu dena.
Idazkian, Burlatako Udalari zera eskatzen zion: jabeei baimenik gabe jarritako estalpeak, itxiturak eta zeramika kentzea errekeritzeko, eta, jabeek errekerimendua bete ezean, aipatutako estalpeak eta zeramika kentzeko lana udalak gauzatzeko. Halaber, aurretik azaldutako arazoa -usoek eragindakoa- konpontzeko eskatzen zion.
Erakunde honek lau aldiz idatziz eskatu zuen nahitaezko txostena, alegia, 2014ko ekainaren 19ko, 2014ko irailaren 11ko, eta 2014ko urriaren 9ko idatzien bitartez (azken data horretan, idatzi bi).
Eskakizuna behin eta berriro egin arren, Burlatako Udalak ez dio erakunde honi informaziorik helarazi.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 26.1 artikuluaren arabera, erakunde hau ikuskatzen ari den Nafarroako Administrazio Publiko guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari, lehentasunez eta presaz, haren ikerketa eta ikusketetan.
Foru Lege beraren 24.2 artikuluak dioenez, hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek edo haien nagusiek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izango du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi egingo du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian, halakorik bada, kalifikazio hori nabarmendu egingo du. Gainera, 24.3 artikuluak dio gauza bera gertatuko dela Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren jarduna eragotzi edo oztopatzen duen edozein jokabiderekin.
Kexa ebaztearren Burlatako Udalari txostena eskatu eta eskaera lau aldiz errepikatu arren, Burlatako Udalak, hainbestetan eskatutako informazioa igorri ez zuela ikusirik, gogorarazi behar zaio bere legezko eginbeharra dela Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz laguntza ematea, legeak ezarritako epeen barruan. Era berean, Burlatako Alkatetza, Udalaren ordezkari gorena den aldetik, entitate ez-kolaboratzaileen erregistroan sartu behar du Nafarroako Arartekoak. Horren berri emango du eta 2014. urteko txostenean kalifikazio hori nabarmenduko du, jakinarazteko beste bide batzuk alde batera utzi gabe.
Auziaren mamiari dagokionez, kexak planteatzen du etxebizitza-jabe batzuek obrak egin dituztela, izan ere, itxitura, estalpe eta zeramika bat jarri dute. Obra horiek ez dute arautegia betetzen, eta gainera, osasun arazoak sortzen dituzte, zikinkeria eta usoen zirinen kiratsa direla medio.
Udalak kexan agertzen diren alegazioak indargabe ditzan informaziorik eman ezean, kexagileak aurkeztutako dokumentazioa eta salatutako gertaeren garrantzia kontuan hartuta, egia dela baieztatuz gero, hirigintza arloko ilegaltasuna izango litzatekeela eta pertsonen osasunerako arriskua sortuko lukeela ikusi da. Hortaz, erakunde honek Burlatako Udalari gomendatu behar dio urratu ahal izan den hirigintzaren legezkotasuna babesteko neurriak lehenbailehen har ditzan, eta jabe eta erantzule direnei kexan aipatutako eraikina bete beharreko segurtasun, osasun eta apaintasun egoeran mantentzeko legezko eginbeharrak betearaz diezazkien.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 2002ko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 197. artikuluak ezarri duenez, hirigintza-ikuskapena hirigintzaren legezkotasuna babestea bermatzeko eta urratutako ordena lehengoratzeko neurrietako bat da eta Burlatako Udalari dagokio. Foru Lege beraren 200. artikuluak udalari agintzen dionez, ikuskapenaren bidez obrak hirigintzako araudiaren kontra egin direla egiaztatzen bada, ondoko erabakietako bat hartu beharko du udalak, aurretiaz horretarako bidezkoa den espedientearen izapideak eginda: a) obrak indarrean dagoen araudiarekin bat ez badatoz, bateraezina den zatia eraistea aginduko da, betiere, interesdunaren kontura; edo bestela, b) obrak indarrean dagoen araudiarekin bat datozenean, interesdunei (kasu honetan, jabeei) errekeritu beharko zaie nahitaezko lizentzia edo obran aldaketak egiteko eska dezatela. Hori, errekerimenduan zehaztutako epean edo, halakorik ezean, bi hilabetetako epean egin beharko dute. Obrak legeztatu ezean, obraren zati egokia eraistea agindu beharko da, interesdunaren kontura.
Bestalde, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 2002ko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak, 87.1 b) artikuluan, ezarri du lursail eta eraikin mota guztien jabeek segurtasun, osasungarritasun, apaintasun publiko eta bizigarritasun baldintza egokietan, kasuan kasuko xedearen arabera, mantendu behar dituztela eraikin horiek, eta baldintza horiek kontserbatzeko edo berrezartzeko beharrezkoak diren lanak gauzatu. Hori betetzeko beharrezkoak diren lanen kostua ordaintzea jabeei dagokie, 87.3 artikuluaren arabera.
2002ko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Lege beraren 195. artikuluak ahalmena ematen dio Burlatako Udalari, ofizioz nahiz edozein interesdunek hala eskaturik, behar diren exekuzio-aginduak eman ditzan, Foru Legearen 87. artikuluan xedatutako kontserbazio eta birgaitzeari lotutako eginbeharrak, higiezinen jabeei dagozkienak, betetzeko behar diren lanak eginarazteko. Egikaritze-aginduren bat bete ezean, udalak gauzatze subsidiarioa abian jarri ahal izango du edo isun hertsatzaileak ezarri ahalko ditu, kontserbazio-eginbeharra betetzearen balioa duen mugaraino. Egikaritze-agindua azken hertsapen-isunaren datatik ondorioztatutako epean borondatez betetzen ez bada, agindutako lanak modu subsidiarioan gauzatu beharko ditu udalak, behartuaren kontura.
Aurreko horri guztiari gehitu behar zaio 2002ko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 204. artikuluak dioena: hautsitako hirigintza-ordena lehengoratzearekin batera, kaltetutako errealitate fisikoa ere konpondu beharko da legez kontrako obra edo erabilerak hirigintza antolamenduarekin bateraezinak direnean, edo legeztatzea eskatuta ere, ukatzen zaionean. Orduan, 195. artikulura jo beharko da, hain zuzen, hirigintzaren legezkotasuna babesteko prozedurara edo, halakorik ez bada, zigortzeko prozedurara. Aldatutako errealitate fisikoa zegoen moduan uzteko beharrezkoak diren egintzak egikaritzea erabakiko da, hasteko epea eta egikaritzeko gehienezko epea zehazturik. Epe horietako bat betetzen ez bada edo hasitako lanak bertan behera uzten badira, udalak modu subsidiarioan egikaritu beharko ditu lan horiek, eginbeharra duenaren kontura. Gainera, hertsapen-isunak jar ditzake edo ezarritako neurrien eraginkortasuna bermatzen duen fidantza eskatu.
Edozein kasutan ere, hirigintza-legezkotasunaren aurkako egoera batean, edo pertsonen segurtasun edo osasunerako arriskua dagoenean Burlatako Udalak neurririk hartzen ez badu, horrek esan nahi du gertaera larrien salaketa baten aurrean antolamendu juridikoak debekatu duen pasibotasunez jokatzen duela, eta lurzoruari buruzko legearen 4. artikuluak, besteak beste, onartzen dituen herritar-eskubideak urratzen dituela (2008ko ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurzoruari buruzko Legearen Testu Bategina).
Burlatako Udalari gogoraraztea, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lehentasunez eta presaz laguntzeko legezko betebeharra duela, 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritako epeen barruan.
Burlatako Alkatetza, Udalaren ordezkari gorena den aldetik, Nafarroako Arartekoaren entitate ez-kolaboratzaileen erregistroan sartzea, erakundearen webgunean horren berri ematea eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean aurkeztuko den 2014. urteko txostenean kalifikazio hau berariaz nabarmentzea, jakinarazteko beste bide batzuk -egokitzat jotzen direnak- alde batera utzi gabe.
Nafarroako Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluarekin bat etorriz, Burlatako Udalak gomendioa onartzen duen ala ez jakinarazi behar dio erakunde honi, nahitaez, bi hilabeteko epean. Halakorik bada, gomendioa betetzeko hartu diren neurriak ere jakinarazi beharko dira.
Aipaturiko lege-manuan ezarritakoaren arabera, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuaren aurrean aurkeztuko den 2014. urteko txostenean sartzea ekarriko du, arartekoaren iritziz konponbidea aurkitzea posible zenean, horren aldeko jarrerarik erakutsi ez duen Administrazioaren berariazko aipamenarekin.
Zure erantzunaren zain geratzen naiz. Har ezazu nire agurra,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia