Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak 2013ko Txostena eman dio Nafarroako Legebiltzarrari

2014 maiatza 09

Javier Enériz Olaecheak, Nafarroako Arartekoak, Nafarroako Parlamentuko presidenteari, Alberto Cataláni, zuzentzen duen erakundearen urteko txostena eman zion atzo, 2013an burututako jarduketen gainekoa.

Arartekoak azaldu zuen kexa, kontsulta eta erakundeak izapidetzen dituen gainontzeko jarduera-kopurua, 2013ko ekitaldian, 2.446koa izan zela.

2013an egindako lan azpimarragarriari esker, 2010. eta 2012. urteen atzetik jarduera gehien burutu den urtea, Nafarroako Herri Administrazioei 176 iradokizun, 325 gomendio eta 192 legezko betebeharren gogorarazpen bidali dizkiete. Hori guztia 4.114 herritarrek erakunde horretara jo dutelako, besteak beste, 1.217 kontsulta egiteko eta 954 kexa aurkezteko, horietako % 57 oinarridunak izanik. Horren guztiaren ondorio gisa 736 ikerketa egin dira.

Kexa gehien jaso dituzten hamar gaiak honako hauek izan dira, hurrenez hurren: gizarte-ongizatea, hezkuntza, enplegu publikorako sarbidea, funtzio publikoa, herritarren bermeak herri administrazioekiko harremanetan, osasuna, ogasuna, barne saila, etxebizitza eta ingurumena.

Kexen kopuru handiena (% 56) Foru Erkidegoko Administrazioaren aurka aurkeztu da, batez ere Hezkuntza eta Gizarte Politikako departamentuen kontra, horien atzetik egon dira Lehendakaritza, Justizia eta Barne Saila, Osasuna eta Sustapena. Toki Erakundeek kexen % 21,5 pilatzen dituzte eta, bereziki, Iruñea, Tutera, Egues eta Cintruenigoko udaletan biltzen dira.

Lehendabiziko alorrari dagokionez (Ongizatea, Gizarte Arazoak edota Gizarte Politikak), herritarren kexek lotura zuzena dute krisialdi ekonomikoarekin, aurreko bi urteetan gertatu legez.

Kexarik gehienak Familiaren babesarekin dute zerikusia; nagusiki, seme-alabak zaintzeko lan-eszedentzia hartzeagatik diru-laguntzen ordainketa ukatzearekin. Horrez gain, areagotu egin dira adingabekoen babes eta zainketarekin lotutakoak, eta jaitsi egin dira gizarteratze-errentari dagozkionak, nahiz eta oraindik ere mantentzen diren errenta hori ematerako garaian izaten den atzerapenari eta berori aitortzeko baldintzak interpretatzerakoan izaten den gehiegizko zorroztasunari buruzko kexak. Horien ostean, pertsona ezgaituak babestu eta integratzearen inguruko kexak daude, eta gora egin dute adineko pertsonek abegi-zentroetan izaten dituzten baldintzekin erlazionatutakoak.

Bigarren postuan Hezkuntza arloko kexak daude. Nabarmentzekoak dira ikastetxe publikoetan eskola-jardunaldi jarraitua ezartzearekin zerikusia dutenak. Aldi berean, haur-eskoletako tarifen eta ikasketetarako laguntza eta beken inguruko kexak ere aurkeztu dira. Asko izaten jarraitzen dute gurasoen lehendabiziko aukera gisa hautatutako ikastetxean onartu ez izatearekin lotutakoak. Hizkuntza-eskola ofizialekin erlazionatutako kexak ere aurkeztu dira, baita Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroak (CREENA) ezgaitasunen bat duten haurrei emandako zerbitzuren bat kentzearekin harremana dutenak ere.

Hirugarren arloa Enplegu Publikoa lortzearena da. Aurten, enplegu publikoaren eskaintza murriztu denez, alor honetako kexarik gehienak aldi baterako kontratazio-zerrenden kudeaketaren ingurukoak dira. Kasu batzuetan gardentasun eza salatzen da, eta beste batzuetan lehentasun-ordena ez betetzea. Erizain posturako lehiaketa-oposaketa batean egindako merezimenduen baremazioak ere izan ditu kexak.

Laugarren postuan Funtzio Publikoari buruzko kexak daude. Funtsean, ordaindutako lizentzien edo baimenen baldintza jakinekin lotutakoak dira, baita osagarri edo laguntza zehatz batzuk ez aitortu eta ordaintzearekin ere. Kexarik gehienak irakasle funtzionarioei eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko (Osasunbidea) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) langileei dagozkie.

Bosgarren arloa Herritarren Segurtasuna da. Alor honetan, honako hauekin egon dira lotuta aurkeztutako kexak: poliziaren jarduera zehatz batzuekin, ordena publikoko bi arazorekin (gomazko piloten erabilera eta haurdunaldia eteteko klinika batera doazen emakumeek jasandako jazarpena), espetxe-administrazioarekiko arazoekin (nabaritzen da martxan jarri dela Iruñeko espetxe berria), jokoarekin eta ikuskizun publikoekin. Azpimarratzekoak dira zezen-ikuskizunek animalienganako dakarten tratu txarra agerian uzteko asmoz jasotakoak. Garrantzitsua da nabarmentzea Herritarren Segurtasun gaietan kexak hirukoiztu egin direla.

Herri Administrazioekin harremanak izateko orduan herritarrek dituzten bermeekin zerikusia duten kexek osatzen dute seigarren arloa. Jarraitu egiten du herritarrek bidaltzen dizkieten idazkiak ez erantzuteko Administrazio batzuek duten jarrera, ezinbesteko betebeharra dela bazterrera utzita. Antzematen da ere Administrazio batzuek badutela informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arrazoi gabe murrizteko joera, nahiz eta botere publikoek gardentasunaren aldeko deiak egiten dituzten behin eta berriz.

Zazpigarren lekuan Osasunarekin lotutako kexak daude. Bertan itxarote-zerrendak dira, 2012an gertatu legez, arazo kolektibo garrantzitsuena, batez ere traumatologian. Aldi berean, agerikoa da pazienteen desadostasuna jasotako arreta klinikoarekin eta berehalako osasun-laguntzaren gabeziarekin (larrialdi-zerbitzuak, bereziki zenbait landa-zerbitzu). Kexa anitz jasotzen dituen beste gai bat farmazia-prestazioen koordainketa da. Halaber, informatizatutako historia eta errezeta klinikoaren funtzionamendu eskasari buruzko kexak detektatu dira, baita izaera pertsonaleko datuen babeserako Lege Organikoari buruzkoak ere, mediku-datu pertsonaletara baimendu gabe sartzeagatik.

Hobekuntza behar duen beste alderdi bat osasun-administrazioaren ondare-erantzukizuna zehaztea da. Normalean auzibidera igortzen da, eta horrek herritarrarentzat atzerapena dakar eta bere ondarearentzat gastua. Administrazioaren aurkako hainbat epai ikusi dira, ekidin ahal izan zitezkeenak.

Zortzigarren tokian Ogasuna dago, toki-ogasunen zergei buruzko kexak dira nagusi hemen, baita zailtasun-ekonomikoak direla-eta ordaindu ezin diren zerga-zorrei dagozkien beste zenbait ere.

Etxebizitzari dagokionez, kexen arrazoia aldatu egin da: babes ofizialeko etxebizitza erosteko baremazioarekin zerikusia izatetik babestutako etxebizitzaren alokairuarekin lotura izatera pasatu da, errenta altuak izateagatik, diru-laguntza urriagatik, eratorritako egoera sozioekonomikoek eragindako ordainketa ezengatik, eta abarrengatik. Era berean, utzarazteekin erlazionatutako kexak jaso dira, bai hipoteka exekutatzeagatik, bai alokairua ez ordaintzeagatik, azken hau areagotuz doan arazoa da.

Ingurumenaren arloan, zarata da arazo nagusiena: gazteek aisialdirako erabiltzen dituzten etxabeetatik, fabriketatik, tabernetatik edota beste jardueraren batetatik eratorritakoak. Ingurumenari buruzko informaziora sarbidea izateko eskubidearekin lotutako kexak agertzen dira oraindik ere. Eskubide hori herritar orok dauka, eta ez du zertan interes bereziren bat duela frogatu behar.

Kexak aztertu eta gero, 404 ebazpen eman dira. Arartekoaren erabakien onarpen-maila gutxi gorabehera % 68,10ekoa da. Horren arrazoietako bat baliabide publikoetan izandako murrizketak dira, baina herritarren eskubideekiko jarrera zehatzetan gogortasun gehiagoren isla ere bada.

Kontsultei dagokienez, gizarte-gaiei buruzkoak gailendu dira, batez ere, baliabiderik ez duten pertsonentzako laguntzen emakidaren gainekoak eta, bereziki, gizarteratze-errentaren ukatze, atzerapen edo berriztatzeari dagozkionak, baita bigarren eta hirugarren seme-alaba izategatik eszedentzia-laguntzak errefusatzearen ingurukoak ere. Izan dira beste batzuk ere: mendekotasunari, pertsona ezgaituen irisgarritasunari eta abegi-zentroetako egonaldien baldintzei buruzkoak, besteak beste.

Bestalde, 19 hobekuntza proposamen jaso dira herritarrengandik, gehienak ogasuna, enplegu publikoa eta hezkuntzarekin zerikusia dutenak. Azken horiek Lanbide Heziketan urrutiko ikastaroen edo erdipresentzialak diren ikastaroen eskaintza areagotu dadila eskatzen dute, baita pertsona ezgaituek gutxiago ordain dezatela ere.

Azkenik, iaz garatutako jarduera multzoari dagokionez, kexak, kontsultak, ofiziozko jarduerak, hobetzeko proposamenak eta txosten bereziak abiapuntutzat hartuta, zera ondoriozta dezakegu: herritarrek gero eta gehiago eskatzen dutela arreta eta euren eskubideen babesa, batez ere, gizarte- eta ekonomia-eskubideen kasuan.

Partekatu edukia