Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak 2.446 jarduketa burutu zituen joan zen urtean, eta 954 kexa helarazi zizkioten herritarrek. Horietako gehienak arazo ekonomiko eta sozialekin lotuta zeuden: gizarteratze-errenta kobratzea, bekak lortzea edota zergak ordaintzea.
Horrela eman du jakitera Javier Enériz Nafarroako Arartekoak hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Alberto Catalán Foru Legebiltzarreko presidenteari 2013. urteari dagokion jarduketa-txostena eman aurretik, asteazken honetan.
Javier Enérizek kazetariei azaldu dienez, 2012arekin alderatuta, Arartekoaren jarduera murriztu egin da eta kexa gutxiago jaso dituzte, 2012an izugarri igo baitziren "funtzionarioen aparteko ordainsaria kentzeagatik".
Dena dela, nahiz eta jasotako kexak gutxitu, Enérizek azpimarratu du egoera larriagotu egin dela. Bere ustetan, "objektiboki 2012an baino okerragoa da egoera, ez bakarrik herritarrek helarazten dituzten arazo eta beharrizanengatik, baizik eta baita administrazioak daukan erantzuteko ahalmenarengatik ere, giza eta ekonomia-baliabide gutxiago baititu".
Enérizek adierazitakoaren arabera, 2013an Nafarroako Arartekoak 2.446 jarduketa egin zituen, 954 kexa eta 1.217 kontsulta jaso zituen, 28 aldiz jardun zuen ofizioz eta herritarrek 19 proposamen helarazi zizkioten.
Aldi berean, administrazioetara bideratutako 736 ikerketa burutu zituen, datu "esanguratsua". Ondorio gisa "437 ebazpen atera ziren, eta horien bidez administrazioei zuzendu gatzaizkie iradokizunak eta gomendioak proposatzeko". Azaldu duenez, "jaitsi egin da esaten ditugun gauzekiko onespen-maila".
Hiritarrek bidalitako kexei eta kontsultei dagokienez, Enérizek azaldu du bi talde handitan banatzen direla; batetik, arazo sozialak eta ekonomikoak daude, gehiengoa direna, eta, bestetik, ekonomiarekin zerikusirik ez dutenak daude, hots, izaera ekonomikorik ez duten eskubideen urraketei buruzkoak.
Zentzu horretan, Arartekoak azpimarratu du erakundearengana jotzen duen jendea behar gorrian eta oso gaizki pasatzen dagoena dela. Ondorioz, jakinarazi duenez, arazo "nagusienak" giza ongizatearekin, gizarteratze-errentaren kobrantzarekin eta "errenta horiek ere ez dituzten jendearekin" daude lotuta.
Aipatutako arazo horien ostean, honako hauekin erlazionatutakoak daude: hezkuntzarekin, "beken arazoengatik eta beroriek lortzeko baldintzengatik"; funtzio publikoarekin, "batez ere osasun- eta hezkuntza-arloko gizataldeak, bizi duten egoerarengatik kexu azaltzen baitira"; eta Ogasunarekin, "zergak ordaintzeko jendeak dituen arazoengatik eta ordainketak zatikatzeko administrazioak egin behar duen esfortzuarengatik".
Horiei guztiei etxebizitzaren arazoa gehitu behar zaie, "batez ere alokairuko etxebizitzari dagokiona"; Enérizen hitzetan, "lehengo kexen oinarrian bazeuden jabetzan hartzeko etxebizitza bat esleitzerako garaian erabilitako baremo edo irizpideak, egungo kexa nagusiena da jendeak alokairua ere ordaindu ezin duela".
ALDERDI EZ EKONOMIKOAK
Alderdi ez ekonomikoekin zerikusia duten gaiei dagokienez, hau da, izaera ekonomikorik ez duten eskubideen urraketei dagozkienak, Nafarroako Arratekoak itxarote-zerrenden egoera aipatu du, "funtsezko arazoa da, batez ere traumatologia-sailean ematen dena".
Aurreko urtetik hona agertutako beste alderdi "berri" bat kontsumitzaileen arazoak areagotu egin direla da, "ez interes orokorreko enpresa handiekin bakarrik (telefonia edo elektrizitatea), nahiz eta gehiengoak izan, baizik administrazioarekin ere, ikusi baita ez duela kontsumitzaileen eskubideak defendatuko dituen antolaketa-sistema eraginkorrik".
Arartekoak azaldutakoaren arabera, joan zen urtean kexak egon ziren ere "enplegu publikoa lortzeko arazoen inguruan, jendeak funtzio publikora heltzeko prozesuan berdintasuna bermatuta egon dadila nahi duelako". Herritarren segurtasunarekin lotutako arazoek ere gora egin zuten, "igartzen baita isunak ugaritu egin direla, diru gehiago biltzeko".
Horri guztiari gardentasunarekin zerikusia duten beste berme batzuei buruz aurkeztutako kexak gehitu behar zaizkio; izan ere, Enérizen aburuz, "gardentasuna predikatzen badugu ere, ez dugu ezertxo ere lortzen jendea informazio-eske datorrenean ez bazaio ematen".
Ingurumenari buruzko kexak eta kontsultak ere egon ziren, bai informazioa izateko eskubidearen ingurukoak, bai zarataren ingurukoak. "Zarata asko sortzen duen erkidegoa izaten jarraitzen dugu, jendea euren etxebizitzetan gogaitzen duena", azpimarratu du Enérizek.
Bukatzeko, oihartzun handiko beste arlo bat ondare-erantzukizunarekin lotutako kontuak izan dira. "Horietan argi eta garbi ikusten dira hainbat egoera zeinetan administrazioak norbaiten eskubideak kaltetu dituela hasieratik onartu beharko lukeen, baina, hori egin beharrean, kalteak ordaintzera ere ukatu egiten da". "Ez da ondare-erantzukizuna onartzen epailearengana jo, auzibideko tasak ordaindu eta arrazoia izateko zortea izan ezean", azaldu du Arartekoak.
ARARTEKOA KENTZEA
Bestalde, Javier Enérizek hizpide izan du Nafarroako Arartekoa kentzeari buruz aurreko urtean sortutako eztabaida. Azpimarratu du Foru Legebiltzarrak erabaki zuela "erakunde honek bere funtzioa erregulartasun osoz betetzen jarrai dezala". Enérizek adierazi du Hobekuntza legean jasotzen den erakundea dela; hortaz, nekezagoa dela Hobekuntza legetik kentzea mantentzea baino. Berak defendatu duenez, Arartekoaren ardura zera da: "boterearen erabilera kontrolatzea, herritarrek dituzten eskubideak errespetatuz erabil dadin".
Partekatu edukia