Partekatu edukia
Osasun mentaleko sare publikoan ludopatia duten pertsonen arreta bermatzea eta adingabeak eta autodebekatutako pertsonak joko-lokaletara sartzeko kontrola bermatzea dira Aralar elkarteak administrazioei egindako eskaera nagusietako bi, Patxi Verari erakunde horretako arduradunek asteazkenean elkarte horren egoitzan (Errotxapea) egindako bilera batean jakinarazi zioten bezala. Bileran parte hartu zuten, Aralarren aldetik, Teresa Burguik, koordinatzaileak; Saioa Yereguik, psikologo klinikoak; Inmaculada Amadozek, diruzainak; Nieves Estabolitek, boluntarioak eta begiraleak; eta Manuel Buzonek, idazkariak. Arartekoaren aldetik, bulegoko titularra, Patxi Vera, eta kabineteburua, Susana Galilea, bertaratu ziren.
Aralarrek, halaber, ikastetxeetan prebentzio-programa bat sortzeko eskatu du, Jokoari buruzko 21/2022 Foru Legean jasotzen den bezala; eskatu du jokoari buruzko publizitatea debekatzea, bai eta ostalaritzako lokaletan apustu-makinak eta txanpon-makinak ere; eskatu du Nafarroan jokoa prebenitzeko eta tratatzeko estrategia bat egiteko, Osasun, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako Departamentuen artean koordinatua; eta laguntza eskatu du ludopatiaren prebentzioan lan egiten duten entitateentzat, itxarote-zerrendak amaitzeko.
Aralar elkartea duela 27 urte sortu zuen ludopatia duten pertsonen familia talde batek, jokoarekiko mendekotasuna duten pertsonak artatzeko. Zuzeneko esku-hartze eta arretarekin batera, prebentzioa lantzen du ikastetxeetan ikasleekin, familiekin eta irakasleekin, sentsibilizazio-kanpaina publikoak garatzen ditu eta politikoki eragiten saiatzen da, alor horretan neurriak har daitezen. Ildo horretan, azpimarratzekoa da Jokoaren Foru Legea egitean eta joko-aretoetara sartzea debekatuta duten ludopaten erregistroan parte hartu izana.
2022an, Aralarrek 290 pertsonari eman zien arreta; horietatik 122 kaltetuak ziren, eta gainerakoak senideak. Arduradunek Arartekoari azaldu ziotenez, gero eta gazteagoa da ludopataren profila, eta batez beste 30 urte ditu. Adikzio mota ere aldatu egin da; izan ere, kirol-apustuek eta online jokoak beste joko-modu batzuei lekua irabazi diete. Emakume ludopaten ehunekoa gizonena baino txikiagoa bada ere, jokoarekiko mendekotasuna duten emakumeak daude, baina ia ez dira eskatzera joaten.
Partekatu edukia