Partekatu edukia
Legezkoa da ahots-postontzia aktibatzen deneko deiengatik kobratzea, mezua uzten den ala ez alde batera utzita. Horixe jakinarazi dio Gorte Nagusietako jarduneko Ararteko María Luisa Cava de Llano andreak Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaecheari.
Nafarroako Arartekoak Gorte Nagusietako Arartekoari helarazi zion Nafarroako herritar batek telefonia mugikorreko zerbitzuak emateari buruz aurkeztutako kexa.
Herritar horren esanetan, bere telefono-operatzaileak koberturarik gabe dauden edo komunikatzen dauden sakelako telefonoetara eginiko deiak kobratzen dizkio, ahots-postontzia aktibatzen denean, mezua uzten duen ala ez alde batera utzita. Herritar horrek uste du soilik fakturatu behar zaizkiola ahots-mezua grabatzeko denborari dagozkion zenbatekoak, eta ez zaiola ezer ere fakturatu behar mezurik uzten ez duenean. Kexa hori ez da baietsi.
Kexa horren harira, Gorte Nagusietako Arartekoak Telekomunikazioetako estatu idazkariari eskatu zion planteatutako arazoari buruzko txosten bat egin zezan, ikusteko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesari buruzko arauak betetzen ziren.
Erantzunean, Telekomunikazioetako estatu idazkariak zioen arau horrek ez diela telefoniako enpresei debekatzen ahots-postontzia aktibatzen deneko dei batengatik kobratzea, postontzi horretan mezua uzten den ala ez alde batera utzita. Telekomunikazioetako estatu idazkariak iradoki zuen, halaber, kontsumoaren arloko estatu-agintariek ere kexa aztertu beharko luketela, salatutako praktika abusuzkoa jotzen ote zuten.
Kontsumoko Institutu Nazionalak gaiari buruzko bere iritzia eman zuen: lehenengo adierazi zuen “dei-ezarpenarengatik” (hau da, ahots-postontzia aktibatzeagatik edo deiari erantzuteagatik) telefoniako operatzaileek jaso beharreko prezioek zerbitzuaren kostu efektiboen araberakoak izan behar dutela; eta bigarrenik, soilik fakturatu behar direla ahots-mezua grabatzeari dagozkion segundoak, behin postontzia aktibatu eta ondorengoan alegia.
Hori dela eta; ahots postontziaren kasuan, bi kontzepturengatik kobra daiteke: hura aktibatzeagatik eta mezua grabatzeari dagokion aldiarengatik.
Halaber, Nafarroako Gorte Nagusietako Arartekoak jakinarazi du abusuzko praktika bat dela, jada zuzendu dena, itzalitako edo koberturarik gabeko telefonoetara eginiko deiengatik fakturatzea, ahots-postontzia aktibatuta ez egon arren.
Partekatu edukia