Bilaketa aurreratua

Albisteak

“Konstituzioan ezarritako etxebizitza edukitzeko eskubidea modu eraginkorrean babesteko neurriak krisi ekonomikoaren testuinguruan” jardunaldiaren ondorioak.

2012 abendua 17

2012ko abenduaren 14an Herriaren Defendatzaileak Oviedon bildu ziren konstituzioan ezarritako etxebizitza edukitzeko eskubidea modu eraginkorrean babesteko neurriak proposatzeko helburuarekin; izan ere, kezkatuta daude krisi ekonomikoak herritarren hainbat sektoretan dituen ondorioengatik. Hala, honako ONDORIO hauek atera ditugu:

  1. Gaur egungo krisi ekonomikoak ondorio oso negatiboak ditu biztanleen sektore handi batean. Hori dela-eta, konstituzioan ezarritako etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea gauzatzeko itxaropenak zapuztuta ikusteaz gain, kasu askotan, euren bizitokia zen etxebizitza utzi behar izan dutela ikusi dute, familiek zorra gehiegi pilatzen baitituzte eta horren ondoriozko hipoteka betearazpenak gauzatzen baitira.
  2. Errealitate hunkigarri horrek hainbat pertsonengan eragina dauka, bereziki urrakorrak diren kolektiboak barne, hala nola, adinekoen, adingabeen, guraso bakarreko familien, etorkinen eta abarren kolektiboak. Horrenbestez, konstituzioan ezarritako 47. artikuluan jasotako aginduarekin bat eginez, botere publikoek albait lasterren burutu behar dituzte beharrezkoak diren araudien aldaketak –erakunde publiko zein pribatuek, hipoteken gaineko legeriari buruzko elkarte eta foroek eta Prozedura Zibilari eta Kode Zibilari lotutakoek hala eskatu dute- modu eraginkorrean bermatu dadila etxebizitza edukitzeko eskubidea gauzatzen dela.
  3. Kasu batzuetan saihesteko asmoz eta, beste batzuetan, hipoteka betearazpenen ondorioz familiek eta egoera ekonomiko eta sozial latzean dauden pertsonek pairatu behar izaten dituzten ondorioak arintzeko asmoz, zenbait arau onetsi dira. Hala ere, helburua aipatutako eskubide konstituzionala babestea bada ere, ez dira nahikoak izan botere publikoengandik espero dena asebetetzeko; izan ere, konstituzioari jarraiki, euren esku dago merkatuan eskubide hori gauzatzeko aukerarik ez duten pertsonen eskubidea betetzen dela bermatzea. Zentzu horretan, burututako hipoteka betearazpenen gaineko berri etengabeek eta finantza-erakundeek aplikatzen duten Praktika Onen Kodea izenekoaren emaitzen inguruan eman diren datuek erakusten dute ez direla batere eraginkorrak izan.
  4. Arau horiek ez dituzte egoera jakin batzuk barne hartu, adibidez, kredituen abal-emaileen kasua; izan ere, hainbatetan zorraren ordainketari aurre egiteko euren etxebizitza edo beste berme batzuk eman behar izaten dituzte, beraz, zor nagusiak ondorioak zabaltzen ditu eta bazterkeria egoeran jartzen ditu.
  5. Une honetan hipoteka-maileguen kuotak ordaindu ezin dituzten pertsona askok mailegu horiek sinatu zituztenean ondorengo krisi egoera hau pentsaezina zen eta, funtsean, ez ordaintzeen arrazoiak hipoteka maileguaren kontratua sinatu ostean bat-batean gertatu diren inguruabarrak izan ohi dira, hala nola, langabezia, heriotza, gaixotasuna, banantzea, etab. Hau da, maileguak sinatu ziren unean aurreikusi ezin zitezkeen gertakariak. Gainera, horiei gehitu behar zaie finantza-erakundeek egindako higiezinen balorazio desegokia eta mailegatzaileen kaudimen egoera. Horrek esan nahi du, inguruabar horietan pertsona horiei hipoteka maileguak eman zizkietenez, pertsona horiek dituzten gehiegizko zorren ko-arduradunak direla.
  6. Erreskatatu dituzten finantza-erakundeei dagokienez, gure ustez gobernuak neurriak hartu beharko lituzke laguntza publiko horiek herritarrengan berriro inbertitu daitezen, bai herritarrek erakundeekin dituzten hipoteka maileguak berriro negoziatuz, bai modu horretan erosi diren higiezinen zati bat gizarte etxebizitza bihurtuz.

Ondorio horiekin bat eginez, Herriaren Defendatzaileek botere publikoei dei egin diete ahalik eta azkarren eta Espainiako gizarteak eskatzen duen adostasuna eta ardura oinarritzat hartuta, beharrezkoak diren neurri legegile, sozial eta ekonomiko guztiak har ditzaten konstituzioan ezarritako etxebizitza edukitzeko eskubidea modu errealean eta eraginkorrean betetzen dela ziurtatzeko. Halaber, herrialde honetan jazotzen ari diren hipoteka betearazpen kopuru handiak eragin duen gizarte alarmak egoera hori arintzen saiatzeko zenbait neurri hartzeko beharra agerian utzi du. Izan ere, kasu gehienetan hauxe da pertsona horiei geratzen zaien aukera bakarra: etxebizitza edo hipoteka zordunaren jarduera nagusia zen lokala galtzea, mailegu-hartzailea behin betiko zorpetzea eta hipoteka maileguaren abal gisa euren burua eskaini zuten pertsonen galbidea.

Horretarako, egokitzat jo da botere publikoei honako aukera hauek baloratu ditzaten eskatzea:

  1. Orain dela gutxi onetsi diren arauen onuradunak zabaltzea, hipoteka betearazpena jasateko arriskuan dauden zordunak babesteko.
  2. Etxebizitzen gizarte alokairua sustatzea kaleratzeak ordezkatzeko modu gisa.
  3. Hipoteka zorren berregituratze neurriei heltzeko aukerak zabaltzea.
  4. Hipoteka zorra kitatzeko aukera posibleetako bat zordunek ordainean ematea denez, aukera hori nork baliatu ahalko duen zehaztea.
  5. Zordunaren lanbidea den jarduera garatzen den tokia, hau da, negozio-lokalak babesteko neurriak zabaltzea.
  6. Zorrak berregituratzeko sistema bat arautzea, fede onez gehiegizko zorrak pilatzen direnean konponbideak bilatzeko zenbait mekanismo artikulatuz.
  7. SAREB izenekoari (Bankuen berregituratzetik datozen aktiboak kudeatzeko elkartea) beharrezkoak diren neurriak har ditzan eskatzea finantza erakundeek, gutxienez, euren titulartasunekoak diren babestutako etxebizitza guztiak eraikitzerakoan zuten xedea betetzeko erabil ditzaten, neurri alternatiboak aurreikusiz (desjabetzea barne), balorazioa amortizazioaren, saltzeko zailtasunaren, finantza erakundeak jaso dituen laguntza publikoen eta balorazioaren arabera haztatuz SAREB izenekoan sartze aldera. Modu berean, baloratu behar da gizarte alokairurako erakunde onuradunen titulartasunekoak diren higiezinak sozialki haztatu diren prezioetan erosteko aukera, etxebizitza eta lurzoruari buruzko plan publikoetan babestutako etxebizitzak eraiki beharrean.
  8. Gobernuak orain dela gutxi onetsi dituen eta hipoteka betearazpena jasateko arriskuan dauden zordunak babestea xede duten arauetan ezarritako etenaldiak baliatu ditzaketen familien eta pertsonen kaleratzeak saiheste aldera esku hartzeko protokolo bat zehaztea
  9. Ahalik eta azkarren Etxebizitzen Gizarte Funtsa abian jartzea eta higiezin nahikorekin osatzea fede ona zuten eta bat-batean jazo diren inguruabarren ondorioz kaleratuak izan diren eskuratzaileei erantzuna eman ahal izateko.
  10. Zerga-araudia aldatzea fede oneko zordunek euren egoera pertsonala zerga-kargen ondorioz okertzen ikusi ez dezaten, hala nola, eskualdaketen gaineko zerga edo gainbalioen zerga eta beste zerga mota batzuk.
  11. Aholkularitza, orientabide eta finantza-erakundeen eta ordaintzeko zailtasunak dituzten jabeen arteko bitartekotza eskaintzen duten zerbitzu publikoak sortzea edo sendotzea.
  12. Prezioaren edo, hala badagokio, alokairuaren ordainketaren atzerapena iradokitzea finantza erakundearen aurrean kasu eta baldintza jakin batzuk errespetatuz.

Partekatu edukia