Partekatu edukia
Herriaren Defendatzailea, Andaluziako Herriaren Defendatzailea, Kataluniako Síndic de Greuges-a, Galiziako Valedor do Pobo-a, Kanarietako Diputado del Común-a, Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoa, Aragoiko Justicia, Valentziako Komunitateko Síndic de Greuges-a, Gaztela eta Leongo Procurador del Común-a eta Nafarroako Arartekoa Santanderren elkartu dira Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXX. Jardunaldietan. "Etxebizitza publikoa Espainian" izan da aipatu jardunaldien xedea, eta hurrengo adierazpena zabaldu nahi dute:
Beharrezkoa da botere publikoek gure herrialdeko herritarrak jotzen dituen arazo nagusitako bati erantzutea, hau da, etxebizitza duin eta egokia eduki ezin dutenen egoerari erantzutea. Gure herrialdeak izan duen ekonomia-krisiaren egoerarekin ikusgarriagoa egin da arazo hori.
Herriaren Defendatzaileok gogorarazten dugu konstituzioak konstituzio-eskubidetzat jotzen duela etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko aukera, herritarren eskubideei eta betebeharrei buruzko I. izenburuan (47. artikuluan), eta gizarte estatuko botere publikoei dagokiela (1. artikulua) legedia positiboaren bidez (bai estatukoaren, bai autonomikoaren bidez) ziurtatzea eskubide hori, bai eta administrazioaren eta justizia auzitegien aurrean eska daitekeen eduki zehatzaz hornitzea ere, eta herritarren eskubide hori eragingarri egiteko behar besteko baliabideak edukitzea, horien zirkunstantzia familiar, pertsonal eta ekonomikoei erreparatuta (konstituzioaren 53. artikulua).
Horregatik, Estatuari eta autonomia erkidegoei eskatzen diegu susta dezatela behar besteko legedia konstituzio-eskubide hori bermatzeko, eta, dagozkien aurrekontuen bidez, baliabideak eman diezazkiela eskudun administrazioei, berau behar duten herritarren alde gauzatu dadin.
Etxebizitzarako laguntzei dagokienez, berrikusi daitezela eta horien kudeaketa hobetu dadila proposatzen dugu, deitutakoen ebazpenean eta jada aitortutakoen ordainketan atzerapena egotea saihesteko.
Eraginkorra bihurtu behar da alokairua sustatzeko, eraikinak birgaitzeko eta hiriak birsortzeko eta berritzeko laguntzen sistema.
Etxebizitzaren fiskalitatea hobetu behar da, eta etxebizitzetan bizi direnei egotz ezin zaizkien bat-bateko zirkunstantziengatik euren betebeharrei aurre egin ezin dieten pertsonek etxebizitzan irauteko egiten duten ahalegina arindu behar da.
Etxebizitzaren merkatuko aktore gaituak dira Bankua Berregituratzetik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea eta Etxebizitzen Gizarte Funtsa. Gure ustean, etxebizitza politikan kontuan hartu behar dira etxebizitzen poltsak, eta horien artean, Bankua Berregituratzetik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearenak, finantza entitateenak eta Etxebizitzen Gizarte Funtsarenak.
Kasuak zabaldu eta betekizunak malgutu behar dira, euren etxebizitzak galdu dituzten pertsonak eta familiak Etxebizitzen Gizarte Funtsak hornitutakoetara sartu ahal izan daitezen.
Partekatu edukia