Partekatu edukia
Aurkeztutako kexak
Nafarroako Arartekoak 423 kexa jaso ditu 2010eko lehenengo bost hilabeteetan. Kopuru horrek % 11ko igoera bat erakusten du aurreko urteko epe berean aurkeztutako kexekin alderatuta. Izan ere, orduan, 382 izan ziren aurkeztutakoak.
Jasotako kexa gehienak funtzio publikoari buruzkoak dira: lau kexatatik bat, hain zuzen ere. Gehienak ordainsariei buruzkoak dira; batez ere, destinoko osagarriaren ordainketan gertaturiko atzerapenei buruzkoak –hain zuzen ere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizainek jasotzen dituzten erradiazio ionizatzaileengatik– eta Nafarroako Gobernuko eta zenbait toki entitatetako funtzio publikoan sartzeari buruzkoak.
Handitik txikirako hurrenkeran, kexen bigarren blokea hezkuntzari buruzkoa da, guztien % 15 egiten baitute. Horien zatirik handiena heldu da gurasoak ados ez egoteagatik seme-alabak zentro publiko eta itunduetan onartzeko aplikatzen diren irizpideekin eta haur hezkuntzako (0-3 urte) zentroek exijitzen dituzten tarifekin. Halaber, kexa batzuk aurkeztu dira eskola-garraioko eta jantokiko zerbitzuetarako laguntza publikoak ukatzeagatik.
Kexen hirugarren blokea euskararekin eta hizkuntza eskubideekin lotutakoek osatzen dute; izan ere, kexa guztien % 9 egiten dute. Kexak aurkeztu dira administrazio publikoek dokumentuak, argitalpenak eta izapideak gaztelania hutsez egiteagatik, bati eta gaztelania hutsez jarritako errotulazioarengatik ere, batez ere eremu mistoan.
Laugarren multzoa, gizarte ongizateari buruzko kexek osatzen dute: % 8 dira. Kasu honetan, kexak aurkeztu dira bai oinarrizko errentarekin, familiarentzako laguntzarekin, mendetasunarekin edo larritasun egoerekin lotutako laguntzak eta prestazio sozialak ukatzeagatik, bai haiek emateko atzerapenengatik.
Bosgarren multzoa, handitik txikira, administrazioek herritarrekiko harremanetan erakutsitako deskortesiagatik, atzerapenengatik eta axolagabekeriengatik aurkeztutako kexek osatzen dute: kexen % 7 dira. Funtsean, kexen arrazoia da eskabideei, errekurtsoei edo informazio eskaerei ez erantzutea, edo espediente administratiboak ezin eskuratzea edo ezarritako epean ez ebaztea.
Gainerako kexak ez dira guztizkoaren % 5era iristen. Hurrenkeran jarrita, honakoei buruzkoak dira: trafikoa, osasuna, hirigintza, poliziaren jokabideak, ogasuna eta zergak, justizia, ingurumena, etxebizitza, herrilanak, gizarte segurantza...
Kexa gehien hartu dituzten administrazioak honakoak izan dira: Osasun, Hezkuntza, Lehendakaritza eta Gizarte Gaietako departamentuak; Iruñeko Udala, eta Estatuko Administrazioa. Kexen % 58 Nafarroako Gobernuaren aurka aurkeztu dira; % 29, berriz, toki entitateen aurka; % 8 Estatuko Administrazioaren aurka, eta % 2 organo judizialen aurka.
Ebatzitako kexak eta onarpenak
Adierazitako epean, Nafarroako Arartekoaren bulegoak 497 kexa ebatzi ditu: joan den urteko epe berean baino % 43 gehiago, hain zuzen ere. Kexak ebazteko batez besteko epea 76 egunekoa izan da.
Onartutako kexen hiru kasutatik bitan, herritarrari guztiz edo partzialki eman zaio arrazoia.
Nafarroako Arartekoak, bost hilabetetan, 129 ebazpen eman ditu: joan den urteko zenbatekoaren oso antzekoa da hori.
Administrazio publikoek Arartekoaren hamar erabakitatik ia bederatzi onartu dituzte.
Erabiltzaileen % 77,6 pozik daude emandako zerbitzuarekin; joan den urteko garai hauetan % 69,6 ziren pozik zeudenak.
Kontsultak
Herritarrek eginiko kontsulten kopuruak ere gora egin du joan den urtekoaren aldean. 2010eko lehenengo bost hilabetetan 529 izan da; joan den urteko epe berean, berriz, 499 izan ziren; hau da, % 6 gutxiago orain baino. Atzeman da gora egin duela internet bidez eginiko kontsulten kopuruak.
Honakoak izan dira kontsultetako gaiak, handitik txikirako hurrenkeran: funtzio publikoa (bereziki, Administrazioan sartzearekin lotutakoak); gizarte ongizatea (hirugarren adina eta adingabeak); hezkuntza (zentroetan onartzea, eskola-garraioa eta jantokia); hirigintza; osasuna (itxaronzerrendak eta laguntza medikoa); trafikoa; justizia (abokatuen jokabideak eta prozesu judizialen geroratzeak); etxebizitza; administrazioaren jardueretan gertaturiko arduragabekeriak (ez erantzutea edo arreta egokia ez ematea)...
Herritarren proposamenak
Aurtengo lehenengo bost hilabetetan, herritarrek 19 proposamen aurkeztu dituzte zerbitzu publikoak hobetzeko. 2009an, data berean, 17 ziren herritarrek aurkeztutako proposamenak.
Proposamen esanguratsuenen artean, honako hauek ageri dira: eskaera bat ikastetxeetan ikasleak onartzerakoan berdinketak ebazteko egiten diren zozketak ikuskatzeko tresnak ezartzea; urte berean jaiotako anai-arrebak ikastetxe berean eskolatzea; ezgaitasuna duten pertsonei laguntza emateko plan integrala aldatzea, pertsona horiek ez daitezen zuzenean zentro arrunt batera pasa 65 urte betetzen dituztenean. irakaskuntza arautua ezartzea Zanduetako adingabeentzako zentro terapeutikoan; Iruñeko gazteentzako etxabeak arautu eta kontrolatzea: gaixotasun eta etxebizitza aseguruetako kontratuetan desagerraraztea hiesa duten pertsonen aurkako jokabide baztertzaileak; udaleko kirol instalazioetako prezioetan ezgaitasuna duten pertsonen zaintzaileentzako prezio merkeagoak jartzea...
Ofiziozko jarduerak
Urteko lehenengo bost hilabetetan, ofiziozko jarduerak 35 izan dira; joan den urtean, berriz, 11 izan ziren.
Jarduerak honakoetara zuzendu dira: egiaztatzea poliziaren egoitzetan atxilotutako pertsonen osotasun fisikoa bermatuko duten neurriak badaudela; aurri egoeran deklaratutako eraikinetan bizi direnak haietara itzultzeko eta etxez aldarazteko eskubideak bermatzea; oinarrizko errentari buruzko foru dekretuan iradokizunak sartzea; kaleratzeengatiko kalte-ordainak ez hartzea laneko errentatzat, PFEZaren eraginetarako; Administrazio Elektronikoari buruzko Foru Legearen aplikazioa egiaztatzea; egiaztatzea adingabeentzako ingurune irekiko neurri judizial penalak bete egiten direla; Inguruneko Prestakuntza Planean zarata gutxitzeari buruzko modulu bat sartzea...
Webguneko sarrerak
Nafarroako Arartekoaren webguneko sarrerak 80.385 izan dira bost hilabetetan; horrek % 68ko igoera suposatzen du aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Gehien bisitatutako tokiak honakoak dira, hurrenkeran: ebazpenak, urteko txostenak, txosten bereziak eta gaurkotasuneko albisteak. Bisiten % 27 euskarazko webgunean egiten dira.
Nafarroako Arartekoaren Antolamenduari buruzko Erregelamendua aldatzea
Bestalde, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak maiatzaren 31n erabaki zuen, Nafarroako Arartekoak proposatuta, Nafarroako Arartekoaren Koordinazioko eta Barne Araubideko Batzarra kentzea, erakunde horren egitura organikoa sinpletzeko asmoz.
Partekatu edukia