Partekatu edukia
Iruñea, 2023ko azaroaren 9a
Nafarroako Arartekoak Iruñeko Udalari gomendatu dio alternatibak eman ditzala eta zenbait neurri har ditzala bazterkeria-egoeran dauden eta etxebizitzarik ez duten edo infraetxeetan bizi diren, edo etxebizitzen jabeen edo logelen errentatzaileen aldetik betoak edo baldintza desegokiak dituzten pertsonak erroldatzeari dagokionez.
Iruñeko Udalaren erantzun ofiziala ebazpenaren hiru puntuak onartzea izan da, gizarte-egoera ahulean edo gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsona babesgabeen erroldatzea errazteko ezarri beharreko neurriak zehaztuz.
Ebazpen honen jatorria Nafarroako Arartekoaren bulegoak urte hasieran hasitako ofiziozko jarduketa bat da, elkarte eta entitate sozialekin dozenaka bilera egin ondoren.
Denek adierazi zioten Arartekoari kezkatuta zeudela kolektibo babesgabeek Nafarroako hiriburuan erroldatzeko egunero izaten dituzten eragozpenengatik, ezin izan baitzuten beren bizilekua agiriekin frogatu.
Egoera hori larriagotu egiten da, gainera, erroldatzeko gaur egungo bide batzuek erraztu egiten dutelako eskrupulurik gabeko jabeek edo errentatzaileek pertsona horiekiko xantaia eta estortsioa egitea, ahulenen premia-egoeraz baliatzen baitira, gizarte-erakundeetako ordezkariek adierazi zutenez.
Horri dagokionez, Nafarroako Arartekoa Patxi Verak azpimarratu duenez, "erroldatzeko eskubidea oinarrizko eta funtsezko eskubidea da, oinarrizko beste eskubide batzuk eta gizarte-prestazioak eskuratzeko atea baita. Horregatik, ezin dugu onartu hainbeste oztopo jartzea administrazio-izapide huts bat egiteko, eta gaizkile batzuk behartsuenak aprobetxatzen aritzea ".
Gogoratu behar da, erroldatzerik gabe, ezin dela eskatu bizileku- edo lan-baimenik, osasun-txartelik, seme-alabentzako ikastetxe bateko matrikularik, ezkontidearen edo seme-alaben familia berrelkartzerik, gizarte-laguntzarik edo kultura- eta kirol-zerbitzuetarako sarbiderik, ezta legezko bizileku-paperak eskatzeko errotuta dagoela frogatzerik ere, besteak beste.
Horregatik guztiagatik, Arartekoak honako hau gomendatu zion Udalari:
a. Jabe horiek pertsonak erroldatzea bidegabe eragozten edo baldintzatzen duten kasuetarako alternatibak bilatzea, erroldatze horri mesede egiteko eta bizilekuaren errealitatea islatzeko, "ofiziozko alta" deritzonaren erabileran proaktiboa izanik, dagokion udal-egiaztapena alde batera utzi gabe.
b. Barne-esparruan, eta beste erakunde batzuekiko koordinazioa bilatzeari kalterik egin gabe, egoera berezietan erroldatzeko irizpide edo parametro orokor batzuk lantzen lan egitea, etxebizitzarik ez duten edo infraetxeetan bizi diren pertsonen kasuan, erabakiak hartzerakoan koherentzia eta diskriminaziorik eza bilatuz; horretarako, bazterketa-egoeran dauden pertsonak artatzen dituzten gizarte-erakundeen partaidetza izango dute. Eta, zalantzazko kasuetan, interesdunen erroldatzearen alde ebaztea, haien eskubideak bermatzen saiatzeko.
c. Aipatutako egoerak (erroldatze-eskaerak, ukatzeak, jabeen eragozpenak jasota egotea, erroldatzearen ordezko bideak erabiltzea, horretarako baimena izanda, eta abar) ahalik eta dokumentazio eta erregistro gehien izateko neurriak hartzea, eta, nolanahi ere, ukatzeak, gertatzen badira, berariaz formalizatzea, idatziz eta interesdunei dagozkien aurkaratze-bideak adierazita.
Erantzun ofizial baten bidez, Iruñeko Udalak berretsi du hiru gomendioak onartzen dituela, eta ildo horretan sartzea aurreikusten dituen neurri batzuk aurreratu ditu.
Era berean, lehen gomendioari dagokionez, aurreratzen da udalaren egiaztapena jakinarazpen ziurtatu bat bidalita ere egin ahal izanen dela, edo Udaltzaingoak bizilekura egindako bisitaren bidez.
Bigarrena betetzeko, lantalde bat sortu da, Gizarte Zerbitzuen eta Pertsonen Kudeaketaren (Errolda) arloetako profesionalek osatua, egoera berezietan erroldatzeko irizpide edo parametro orokorrak ezartzeko. Proposamen hori Udaleko organo erabakitzaileari helaraziko zaio.
Azkenik, hirugarren gomendioa aplikatzeko, aurreko lantaldeak eraginpeko arloen arteko zirkuitu bat egiteko lan eginen duela iragarri da, erroldatze-eskaerak erregistratzea eta interesdunei jakinaraztea lortzeko, dagozkien aurkaratze-bideak adierazita, baldin eta eskaera horiek ukatzen badira.
Nafarroako Arartekoak, Patxi Verak, bere ebazpenaren eta Udalaren aldeko erantzunaren berri eman die pertsona babesgabeei laguntzen dieten gizarte-erakundeei, lan humanitarioa erraztu ahal izan dezaten.
O23/2 ebazpenaren eduki osoa ikusteko, esteka hau erabil daiteke.
Partekatu edukia