Bilaketa aurreratua

Albisteak

Arartekoen Koordinazio Jardunaldiak prestatzeko tailerra

2022 apirila 27

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Arartekoen Koordinaziorako Jardunaldiak prestatzeko tailerrari hasiera eman dio gaur, bertaratutakoei ongi etorria emanez. Landa-eremuan osasun-zerbitzu publikoaren prestazioa aztertzeko jardunaldiak Leonen egingo dira datorren udazkenean.

Hasierako hitzaldian, Unai Hualdek Arartekoaren erakundeak “kalitate demokratikoa kontrolatzeko eta indartzeko” duen garrantzia azpimarratu du, bere ustez “ezinbestekoa baita gobernantzak hobeto funtziona dezan”, eta bulegoen arteko harremana estutzearen alde egin du, besteak beste, “herritarren konfiantza bereganatzeko”.

Testuinguru horretan, eta Arartekoaren figura “duela urte batzuk Estatuko hainbat eremutan zalantzan jarri zela” gogorarazi ondoren, lehendakariak berretsi du beharrezkoa dela haien lana baloratzea, “duten zeregina funtsezkoa delako. Gure kasuan, Patxi Vera buru duen aro berri bati ekin berri diogu. Bulego honek, Nafarroako Parlamentuaren menpe dagoen Kontuen Ganberarekin gertatzen den bezala, Foru Administrazioaren jarduera gainbegiratzen du, eskubide eta askatasun publikoak babesteko”.

Amaitzeko, eta Leonen urteko hirugarren lauhilekoan egingo diren jardunaldien gaitegiari dagokionez, lehendakariak gogorarazi du landa-eremuko osasun-zerbitzuaren egoera “errepikatzen den gai bat” dela, “lurralde-kohesioarekin eta, beraz, berdintasunarekin lotuta dagoena, kasu honetan despopulazioaren problematikak nolabait baldintzatuta. Eztabaidaren ondorioak arretaz jarraituko ditugu. Eskerrik asko etortzeagatik eta gure hirian egonaldi ona opa dizuegu”.

Arartekoak Koordinatzeko Jardunaldiak prestatzeko tailerrean Arartekoen bederatzi bulego autonomikoetako teknikariek parte hartu dute. Zehazki, bulego hauetako teknikariak: Gorte Nagusietako Arartekoa, Andaluziakoa, Aragoikoa, Valentziakoa, Euskal Autonomi Erkidegokoa, Galiziakoa, Kanarietakoa, Gaztela eta Leongoa eta Nafarroakoa.

 

Partekatu edukia