Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen eta apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen azterketa teoriko praktikoa idazten parte hartu du. Hain zuzen ere, izenburu hau daraman kapitulua idatzi du: “Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea. Mugak. Datu pertsonalen babesa”.
Liburuaren koordinatzaile-lanak Juan Luís Beltrán Aguirre Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakariak egin ditu. Nafarroako Arartekoak liburua egiten parte hartu du hauekin guztiekin batera: Itziar Ayerdi Fernández de Barrena, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendaria eta Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kide eta idazkaria; Martín María Razquin Lizarraga, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateko Zuzenbide Departamentuko zuzendaria; eta Gemma Angélica Sánchez Lerma, Kontuen Ganberako abokatua eta Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kidea.
Argitalpen horrekin gaiaren hurbilketa egiten lagundu nahi da, gardentasuna publizitate aktiboaren bi alderdietatik jorratzen baitu; foru-legeari atxikitako erakundeek herritarren eta entitateen eskura libreki uzteko argitaratu beharrekoa batetik, eta pertsonek eskuratu dezaketen informazio publikoa bestetik.
Eskuliburua Pro Libertate bilduman kaleratu da. Bilduma hori 2003an sortu zen, foru-araubidearen ezagutzak eta botere publiko demokratikoen ekintzaren goi-balioak herritarren eta administrazioko langileen artean zabaltzeko.
Liburuaren aurkezpenean, Arartekoak –Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kide ere bada– azpimarratu zuen Foru Komunitateak gardentasunari buruzko lege aurreratuenetarikoa duela eta, bere ustetan, egin daitezkeen hobekuntza batzuk zehaztu zituen. Horien artean, nabarmendu behar da datu pertsonalak babesteko araubidea argitzeko beharra, datu horien disoziazioa bultzatuz eta Kontseiluari eskumen berriak aitortuz zehapenen gaian arlo horretako ez-betetzeen aurrean.
Partekatu edukia