Partekatu edukia
Francisco Javier Enériz Olaecheak, Nafarroako arartekoak, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria den María Kutz Peyroncel eta Gizarte Gaietako kontseilaria den María Isabel García Malor andreei zuzendu zaie droga-mendekoentzako eta horien senitartekoentzako gizarte eta osasun arloko laguntza plan edo programa bat egitea proposatuta. Horretaz gain, plan horren edukiak aipaturiko kaltetuen arazoei heldu diezaien eta, behar izanez gero, Droga Mendekotasunak Kaltetutakoen Senitartekoen Elkarteak (ADEFAD) aldarrikatzen dituen eskaerak ere barne har ditzan nahi du arartekoak.
Arartekoa aipaturiko Nafarroako elkarte horretako ordezkari batzuekin bildu zen, droga-mendekoen zenbait amarekin, hain zuzen ere. Amek adierazi ziotenez, droga-mendekoak diren seme-alabak edukita bizi duten egoera pertsonal eta familiar zailaren aurrean, bakarrik eta erakunde publikoen aldetik inongo babesik gabe sentitzen dira.
Bilerak aurrera egin ahala, amek hainbat eskaera aurkeztu zizkioten.
Besteak beste, beharrezkotzat jo zuten, gizarteak eta botere publikoek senitarteko droga-mendekoak gaixotzat jotzea, beste ezer baino gehiago, eta, gaixo dauden heinean, administrazio publikoaren babesa eta laguntza behar dutela kontutan hartzea.
Ildo beretik jarraituta, amek beharrezkotzat jotzen dute droga-mendekoak gaixo mentalen maila berean jar ditzaten, zuzenbideari dagokionez, gehienbat, ezarri diren edo ezarriko diren mendekotasunari zuzendutako laguntzak direla eta. Betiere, aipaturiko bi gaixo mota horien tratamendua desberdina izan beharko dela kontutan hartu behar da.
Amek adierazi zutenez, aspaldidanik aldarrikatzen ari dira Europako beste herrialde batzuetan bezala (Holanda, Suitza, ...), hemen ere, metadona ez den beste tratamendu bat preskribitzeko hala behar duten droga-mendekoei. Izan ere, askotan metadonak ez baitie jada efekturik egiten eta ordezko tratamendu hori baita bide bakarra lasai egoteko eta ohiko bizitza egin ahal izateko. Zehazki, beste neurri batzuen artean, honako hau proposatu zuten: tratamendu desberdinekin porrot egindako droga-mendekoei mediku batek modu kontrolatu eta zentzuzkoan heroina dosiak preskribitzea. Modu horretan, metadonaren ordezko tratamendurik ez dagoen bitartean eta horrek dituen efektu murritzei aurre egiteko, gaixoa egoera egonkor batean mantentzea ahalbidetuko duen botikatzat jotzea heroina nahi dute.
Era berean, arartekoari eskatu zioten, osasun administrazioari exijitzeko tratamendua jarraitzen duen droga-mendekoaren izenean osasun ziurtagiri bat egin dezan, zein tratamendu mota jarraitzen duen zehaztuta bertan. Modu horretan, trafiko kontrol batean gelditu, estupefazienteak antzemateko proba egin eta emaitza positiboa emanez gero, drogazaleak zigorrik ez jasotzeko. Kontutan hartu behar baita metadonaren efektuak berrogeita zortzi orduko iraupena duela eta aipaturiko kontroletan positiboa ematen duela.
Bestalde, aldarrikatu zuten beharrezkoa zela egungo sistema publikoa nabarmen hobetzea droga-mendekoen osasun jarraipena eta jarraipen psikiatrikoari dagokionez. Jarraipen berria egungoa baino jarraiagoa, zuzenagoa eta eraginkorragoa izatea eskatu zuten. Horri loturik, beharrezkotzat jo zuten osasun sistema publikoan droga-mendekotasuna tratatzen adituak diren psikiatra eta psikologo espezializatuentzako lanpostuen sorrera.
Droga-mendekoen senitartekoentzako laguntza publiko handiago baten beharra aldarrikatu zuten. Izan ere, maite dituztenek pairatzen duten droga-mendekotasunaren eta horrek dakartzan ondorioen zuzeneko kaltetuak baitira. Aipaturiko laguntza horrek, batetik, psikologikoa izan behar du, gai horretan jantzitako administrazioko langileek eman beharrekoa. Eta, bestetik, ekonomikoa ere izan behar du. Elkarteari laguntza ekonomikoa emanez gero, elkarteak dituen gastuei aurre egiteaz gain (funtzionamendua, jardueren hedapena), droga-mendekotasunak kaltetutako familiei eragiten dien egoera ekonomiko latzari aurre egin ahalko baitzaio.
Proposaturiko beste neurri bat izan zen Gizarte Gaietako Departamentuak kudeatzen duen gizarte zerbitzuen zorroan droga-mendekoen eta horien senitartekoen kolektiboari aplikagarriak diren prestazio tekniko eta ekonomikoak gehitzea. Eta, bereziki, droga-mendekoek oinarrizko errentari, minusbaliotasun errentari eta abarrei dagozkien laguntzak eskatzeko aukera izatea Izan ere, azken puntu horren inguruan senitartekoak biziki larritu egiten baitira. Zalantzak dituzte eta beldur dira beraien seme-alabak izan dezaketen etorkizunaz, zaindu eta mantenduko dituen gurasorik ondoan izango ez dutenean.
Azkenik, aldarrikatu zuten estatuko administrazioari eskatzeko atxilotutako droga-mendeko eta preso dauden droga-mendeko guztiak espetxeak ez diren zentro espezializatuetan biltzea. Horren helburua, droga-mendekoek tratamendua hasi eta berriz gizarteratzeko prozesua gizarte eta osasun parametroei jarraiki egitea da eta ez zigor parametroei jarraiki. Hala ere, zentro espezializatu horien ezean, espetxeetan droga-mendekoen kolektiboari zuzenduriko modulu bereziak sustatzea eskatu zuten. Era berean, modulu horiek droga-mendekotasunarekin loturik ez dauden delituengatik atxilotutako presoengandik eta gaixo psikiatrikoetatik bereizita egotea.
Nafarroako arartekoak, gizarte ikuspegi batetik, ADEFAD elkarteak egindako eskaerak arrazoizkoak eta zuzenak direla uste du. Beraz, ahal den neurrian, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren azterketa eta arreta merezi dute.
Hori dela eta, arartekoa osasun eta gizarte arloko kontseilariei zuzendu zaie, aipaturiko neurri posibleak azter ditzaten eta horiek ezartzeko aukera ere ebaluatu dezaten. Betiere, droga-mendekoek eta horien senitartekoek bizi duten egoera latza hobetzeko asmoarekin.
Partekatu edukia