Bilaketa aurreratua

Albisteak

Agerraldia Nafarroako Parlamentuko Foru Erregimenaren Batzordean, PFEZaren erreformari buruzko informazio-bileran, Nafarroako Alderdi Popularreko Foru Parlamentarien Elkarteak eskatuta.

2017 iraila 20

Lehendakari jauna, jaun-andreak:Señor Presidente, señorías: Egun on,buenos días; eskerrik asko, muchas gracias:

  1. Nafarroako Alderdi Popularreko foru-parlamentarien elkarteak eskatuta nago hemen, Nafarroako Arartekoak PFEZaren erreformaz emandako ebazpena azaltzeko. Ebazpen hori uztailaren 13koa da, eta haren bidez iradokizun bat egiten zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari, 17/436 espedientea abiarazi zuen kexari buruz. Ebazpena uztailaren 17an, astelehenarekin, bidali zitzaion Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari.

    Ebazpen horretan esaten da Nafarroako Arartekoak herritar baten idazki bat jaso zuela 2017ko ekainaren 5ean, eta herritar hori bere idazkian kexatzen zela 2016ko Pertsona Fisikoen Errentari buruzko Zergaren aitorpenean izandako emaitzaz, bai eta zerga-araudiaren oraindik oraingo aldaketak jasotzaile bakarreko familia-unitateetan bi jasotzaile edo gehiago dituztenen aldean eragiten duen zerga-bidegabekeriaz ere. Laburki, herritarrak honako hau adierazten bere idazkian:

    1. Bere familia-unitateak lau kide ditu. Kide batek besteren kontura lan egiten du; beste bat langabezian dago; beste bat 16 urtekoa da; eta azkena, berriz, 13koa. Gainera, hipoteka bat daukate formalizatuta ohiko etxebizitzarako.
    2. 2016. urteari dagokion PFEZaren aitorpenean ikusi du ezen, aurreko ekitaldiko aitorpenean jasotako diru-sarreren kopurua baino 1.000 euro gutxiago lortu arren, ordaindu beharreko zenbatekoak gora egin duela, 213,59 eurotik (2015eko ekitaldia) 1.992,62 eurora (2016ko ekitaldia).
    3. Kasu berean (kideen adina, hipotekaren zenbatekoa eta diru-sarrera guztiak), baina jasotzaileak bi izanda, zerga-zama askoz txikiagoa litzateke. Bere kasuan, aitorpenaren emaitza itzultzeko 2.400 eurokoa izango zatekeen. Hau da, 4.500 euro inguruko aldea dago bi egoeren artean, familiek ezaugarri eta diru-sarrera berak izanda ere. Horregatik guztiagatik, bere PFEZaren aitorpena berrikusteko eskatu zuen.
  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
  3. Jasotako txostenean, departamentuak honako hau dio:

    “Zergapekoak adierazten du 2016ko PFEZaren aitorpenean aurreko urtean baino gehiago ordaintzea egokitu zaiola.

    Kexan jasotako lehen kontu horri dagokionez, jakinarazi behar da egia dela zerga horren araudian egin diren eta 2016ko ekitaldian eragina duten aldaketek zergaren barruko zenbait elementuri eragin dietela (tarifak, norbanakoen eta familien gutxienekoak, kenketak eta abar), eta, horren ondorioz, aitorpenaren emaitza aurreko urtekoa ez bezalakoa izan daitekeela, 2015ekoa baino hobea zergadun batzuentzat, eta txarragoa bestetzuentzat; adibidez, kexaren sustatzailearentzat.

    Ondoren dio bere ustez konparaziozko bidegabekeria gertatzen dela errenta-jasotzaile bakarra duten familia-unitateen eta zenbait jasotzaile dituztenen artean, eta bere kasuan aldea 4.500 euro ingurukoa dela.

    Bigarren kontu horri dagokionez ere, oso litekeena da kexaren sustatzaileak simulazioa 2015. urteko eta aurreko urteetako aitorpenean egin balu egiaztatuko zukeela ekitaldi horietan ere gertatzen zela neurri handiagoan edo txikiagoan alde hori. Eta litekeena da, halaber, diru-sarreren maila jakin batetik aurrera eta antzeko familia-egoeretan bi jasotzaileko familia-unitate baten zerga-zama ere handiagoa izatea 2016an 2015ean baino.

    Hizpide dugun zergadunari dagokionez, esan behar da ezen, neurtu ahal izateko egindako aldaketek zergan, zergapekoak egindako eskaera egiteko arrazoi izandako alderdi zehatz horretan, zer neurritan izan duten eragina eta, era berean, horri dagokionez ondorioren bat ateratzeko, alderaketa egitean betiere aztertu behar zirela, alde batetik, diru-sarreren kopuru eta egoera bera zuen bi jasotzaileko familia-unitate baten 2015eko zerga-aitorpenean izandako emaitza eta, bestetik, berak izandakoa, eta gauza bera egin behar zela 2016ko ekitaldiari dagokionez.

    Hori gorabehera, interes berezia du kexaren sustatzaileak uste izateak PFEZ zergak subjektu pasibo bakoitzak lortutako errentak zergapetzen dituela, eta hori progresibitate-printzipioaren arabera egiten duela. Horrek esan nahi du zerga bana-banakoa dela, eta zergaren tarifa progresiboa familia-unitateko kide bakoitzaren banako errentei aplikatzen zaiela. Eta, horregatik, arraroa ez izateaz gain, zergaren izaeraren beraren ondorio da alde nabarmenak izan ahal izatea errenten jasotzaile baten edo batzuen kasuetan. Jasotzailea bakarra bada, eta jasotako diru-sarreren zenbatekoaren arabera, zerga-ordainketa nabarmen handiagoa izan liteke. Eta hala gertatzen zen jadanik 2015ean zergapeko horri dagokionez, haren familia-unitateak, zegokion errenta-tartea eta errenten jasotzailea bakarra zela kontuan hartuta, zerga-zama nabarmen handiagoa jasan behar izan zuelako diru-sarreren kopuru bera izan zuten eta kopuru hori bi jasotzaileren artean berdin banatuta jaso zuten familia-unitateetan baino.

    Nafarroan bezala gure inguruko ezein zerga-administraziotan ere ez da aukeratu errentak familia-unitateko kideen artean banatzen dituen sistema. Izan ere, berdintasun-printzipioa zerga-esparrura zabaltzearen ikuspegitik, eta itxuraz ondoriozta litekeena gorabehera, egoera desberdinak dira, eta bidezki izan daitezke zerga-tratamendu desberdinak izateko modukoak, familia-unitateen osaerari, unitateen barruan zergape daitezkeen errentak jasotzen dituztenen kopuruari eta unitateen izaerari dagozkienak. Eta, normalean, familia-unitate batean sartutako subjektuen laneko errentei bereziki aplika dakiekeen erregimenak tarifaren progresibitateak berak bereiztutako emaitzak ekarriko ditu, zergadunak 2016ko. ekitaldiaz den bezainbatean egiaztatu duen bezala.

    Arrazoibide horren ildotik, kontuan hartu behar da ezen PFEZ zergaren kasuan, konplexutasun teknikoa izan arren, askatasun handia dagoela araua taxutzeari dagokionez, eta Nafarroako Parlamentua horretaz baliatzen ari dela urtez urte, zerga hori aplikatzen den errealitate sozio-ekonomikora eta bitarteko publikoak lortzeko beharretara egokitzeko. Zerga horretan egindako aldaketen ondorioz, aldaketek 2016ko ekitaldiari eragin baitiote, beste aldi, tarte eta egoera batzuekin alderatuta errenta-tarte eta familia-egoera jakin batzuetan zerga handiagoa ordaindu behar izateak ez du esan nahi ezinbestean zuzendu behar den lege-irregulartasunik edo -akatsik dagoenik, ez eta aldaketa horiek bidegabeak direnik ere: legegileak, zerbitzuei publikoei eusteko eta zergaren bidez bete daitezkeen interes orokorreko gainerako xedeak betetzeko, beharrezkotzat eta egokitzat jotakoak dira.

    Azaldutako kontuetan oinarrituta aitorpena berrikusteko egiten duen eskaerari dagokionez, ez da bidezkoa eskaera horri erantzutea, aipatu kontu horietatik ez delako ondorioztatzen berrikuspena egitera behartzen duen inolako irregulartasunik. Hitz batean, ez da zerga-bidegabekeriarik ikusten 2016ko ekitaldiari aplika dakiokeen zergari buruzko araudi berrian, araudiak, aurreko urteetan aplikatzen zenak bezala, trataera desberdina ematen dielako kexa-idazkian alderatutako egoerei eta antzekoei, egoerok ere desberdinak baitira zerga-ikuspuntutik.

    Azkenik, interesekoa da kexaren sustatzaileari jakinaraztea Nafarroako Zerga Ogasunak beti oso egokitzat jotzen dituela zergadunek PFEZari eragiten dion edozein alderdiri buruz egindako ekarpenak, eta kasu honetan ere arretaz aztertuko da herritarrak aipatutako kontua, eta zer aukera dagoen hurrengo ekitaldietarako doitze edo zuzenketa teknikoren bat aplikatzeko, familia-unitateen artean errenten jasotzaileen kopuruaren arabera gertatzen den zerga-alde hori txikiagoa izan dadin, aldea handiegitzat jotzen den kasu eta errenta-tarteetan. ”

  4. Ikus daitekeenez, kexa interesdunaren 2016ko PFEZaren aitorpenean izandako emaitzaz aurkeztu zen.

    Kexaren egileak adierazten du 2016ko aitorpenean ordaintzea egokitu zaiola, eta ordaindu beharrekoa 2015eko errentaren aitorpenean egokitu zitzaiona baino 1.700 eurotik gora gehiago dela, aldatu den gauza bakarra izanik ere 2016an lortutako diru-sarreren kopurua 2015ean lortutakoena baino mila euro txikiagoa izatea.

    Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak, bestalde, izan duen jokabidea justifikatzen duten arrazoiak azaltzen ditu bere txostenean, eta adierazten zerga horren araudian egin diren eta 2016ko ekitaldian eragina duten aldaketek zergaren barruko zenbait elementuri eragin dietela (tarifak, norbanakoen eta familien gutxienekoak, kenketak eta abar), eta, horren ondorioz, aitorpenaren emaitza aurreko urtekoa ez bezalakoa izan daitekeela, 2015ekoa baino hobea zergadun batzuentzat, eta txarragoa bestetzuentzat; adibidez, kexaren egilearentzat.

    Era berean, departamentuak jakinarazi du prest dagoela zergadunek PFEZaren edozein alderdiri buruz egiten dituzten ekarpenak kontuan hartzeko, eta hurrengo ekitaldietan familia-unitateen arteko zerga-aldeak txikituko dituzten doitze edo zuzenketa teknikoak egiteko.

  5. Ebazpenean, Nafarroako Arartekoak dio zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2015 Foru Legearen bidez aldatu zela ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina, eta lege-aldaketa hori aplikatzearen ondorio dela kexaren egilearen errentaren aitorpenean izandako emaitza.

    Adierazten da ezen, komunikabideek jakinarazitako Nafarroako Zerga Ogasunaren datuen arabera, emaitza itzultzea izan duten PFEZaren aitorpenak %2,7 gutxiago izan direla 2015eko ekitaldian baino, eta emaitza ordaintzea izan dutenak %10,6 gehiago. Era berean, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak emandako datuen arabera, 2016an PFEZaren bidez bildutakoa handiagoa izan da ondoz ondoko aurreko urteetan bildutakoa baino.

  6. Ebazpenean, halaber, esaten da erakundeak zenbait kexa eta kontsulta jaso dituela, zerikusia dutenak 2015ean onetsitako PFEZari buruzko Foru Legearen aldaketarekin eta, bereziki, interesdunak aipatutako kontuarekin.

    Ebazpenean adierazitakoa zabaltzeko, jakinaraz diezazueket errentaren aitorpen-kanpainarekin zerikusia zuten bost kexa eta hiru kontsulta jaso zirela PFEZa aldatzearen ondorioz.

    Hartara, kexa batean (17/296 espedientea) adierazten zen ezen, aldaketa horren ondorioz, aitorpenaren emaitzan 1.000 euro inguruko aldea zegoela 2016ko aitorpenaren emaitzarekin alderatuta, lortutako diru-sarreren zenbatekoa aurreko zerga-ekitaldikoa baino txikiagoa izan arren.

    Beste kexa batean (17/306 espedientea), azaltzen zen aldaketan doitze edo zuzenketa teknikoren bat aplikatzea falta zela jasotzaile bakarreko familia-unitateak eta bat baino gehiago dituztenak parekatzeko, errenta-jasotzaileen kopuruaren arabera gaur egun egiten den bereizketa oso zerga-bidegabekeria nabarmena delako aurrenekoek aitorpenean daukaten emaitzari dagokionez.

    Beste batean (17/424 espedientea), herritar batek esaten zuen diru-sarreren zenbatekoa aurreko kanpainakoa baino 1.000 euro txikiagoa izan zuela, eta egin zitzaion konturako atxikipena 500 euro handiagoa izan zela kanpaina horretako aitorpenean, baina ordaindu beharreko zenbatekoa 1. 405,20 eurotik (2015) 2. 850,99 eurora (2016) handitu dela. Gehitzen zen ezen, bi jasotzaileren kasuan, aitorpenaren emaitza itzultzeko 300 eurokoa izanen zela, eta, horrenbestez, bi egoeren arteko aldea hiru mila eurorena baino handiagoa dela.

    Kexa horri emandako erantzunean, Ogasuneko Departamentuak hau erantzun zuen: «… arretaz aztertuko da herritarrak aipatutako kontua, eta zer aukera dagoen hurrengo ekitaldietarako doitze edo zuzenketa teknikoren bat aplikatzeko, familia-unitateen artean errenten jasotzaileen kopuruaren arabera gertatzen den zerga-alde hori txikiagoa izan dadin, aldea handiegitzat jotzen den kasu eta errenta-tarteetan.»

    Ikus daitekeenez, departamentuak berak onartzen du arretaz aztertu behar dela kontu hori, eta ikusi PFEZari buruzko Foru Legea aldatu behar den ala ez, doitze edo zuzenketa teknikoren bat aplikatzeko, familia-unitateen artean errenten jasotzaileen kopuruaren arabera zerga-trataeran gertatzen den aldea txiki dezan, aldea handiegitzat jotzen den kasu eta errenta-tarteetan.

    Laugarren kexa agerraldi honi lotutakoa da (17/436 espedientea).

    Bosgarrenean (17/510 espedientea), herritar batek dio bai berak bai emazteak baliaezintasun handiagoa dutela, eta etengabe kotizatu dutela 38 urtez, baina aurreko urtean baino 1.862 euro gehiago ordaindu behar dutela.

    Hiru kontsultei dagokienez, gaiak hauek dira: konparaziozko bidegabekeria-egoera errenta-aitorpenetan, jasotzaileen kopurua parekatzean (C 17/599); errenta handirik ez badu ere, lege-aldaketak kontsultaren egileari eragin dio (C 17/628); aitorpena egitean, ordaindu beharrekoa iazkoa baino askoz handiagoa da (C 17/740).

  7. Agertzeko arrazoi izandako kasuari berriz helduta, erakunde honen ebazpenean honako hau adierazten zen:
    “Aipatu lege-erreforma lehendabiziko aldiz aplikatuta, lortutako datuek eta ondorioek aukera eman diezaiokete Nafarroako Zerga Ogasunari erreformaren norainokoa aztertzeko eta, hala egokituz gero, ondorioztatzeko erreformaren alderdi batzuk aldatu egin behar direla. Era berean, litekeena da zerga-erreforma onartzeko oinarria izandako testuinguru sozio-ekonomikoa aldatu edo modulatu izana, ikusirik Nafarroako egoera ekonomikoak hobera egin duela eta, alde horretatik, ulergarria dela onartu zena berriz aztertzea.
    Horregatik guztiagatik, erakunde honen ustez egokia da Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari iradokitzea azter dezala sakon berrikusi behar duen ala ez Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea, ikusita 2016ko ekitaldian, indarraldiko lehen urtean, legea aplikatzearen ondorioz lortutako datuak eta ondorioak, bai eta zergadunek egindako ekarpenak ere, inola ere alde batera utzi gabe foru-lege proiektua egitean parte-hartze publikoa izateko prozesua.
    Bereziki, adierazten da kexan aipatutako kontua berraztertu behar dela; hau da, zer eragin duen lege-aldaketak familia-unitateen kasuan, baldin eta haietan laneko errentak jasotzaile batengandik soilik edo gehien-gehienbat iristen badira”.

    Adierazi dudan bezala, Ogasuneko Departamentuak jakin du PFEZari buruzko Foru Legeak zerga-bereizketa egiten duela familia-unitateen artean, errenta jasotzen dutenen kopuruaren eta errenta-tarteen arabera, eta bereizketa hori gehiegizkotzat jo daitekeela, aldea txikitu behar dela eta balitekeela, hala erabakiz gero, Foru Legea aldatu behar izatea, hurrengo ekitaldietan doitze edo zuzenketa teknikoren bat aplikatzeko.

  8. Horrenbestez. eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak ematen dizkion ahalmenak baliatuz, Nafarroako Arartekoak bi iradokizun egin zizkion Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari; bata, irizpide zabalago batekin, eta bestea, berriz, kasu zehatzari gehiago lotzen zaion irizpide batekin:

    Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari iradokitzea azter dezala sakon berrikusi behar duen ala ez Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea, ikusita 2016ko ekitaldian, indarraldiko lehen urtean, legea aplikatzearen ondorioz lortutako datuak eta ondorioak, bai eta zergadunek egindako ekarpenak ere, inola ere alde batera utzi gabe foru-lege proiektua egitean parte-hartze publikoa izateko prozesua.

    Bereziki, adierazten da kexan aipatutako kontua berraztertu behar dela; hau da, zer eragin duen lege-aldaketak familia-unitateen kasuan, baldin eta haietan laneko errenta jasotzaile batengandik soilik edo gehien-gehienbat iristen bada.

  9. Uztailaren 17an, iradokizuna igorri zitzaion Ogasuneko eta Zerga Politikako kontseilariari, gehienez ere bi hileko epean (Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluari jarraikiz) jakinaraz zezan onartzen zuen ala ez ebazpen hau, bai eta, hala egokituz gero, ebazpena betetzeko erabakitako neurriak ere, eta atzo, irailaren 19a, erantzuna jaso zen.

Kontseilariak Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendariaren txosten batera jotzen du, zeinean zuzendariak, aurrekariak aipatu ondoren, honako hau baitio gaiaren mamiari dagokionez:

“Arrazoiz dio Arartekoak PFEZan egindako lege-aldaketen lehen aplikazio-urtea igaro den honetan bidezkoa dela aztertzea zer eragin izan duten eta tributu hori aldatu ondoren lortutako datuetan oinarrituta ondorioak ateratzea. Nafarroako Zerga Ogasunak aldian behin egiten ditu horrelako azterketak, eta, horregatik, gogotikago egin beharko dira zerga-aldaketa garrantzitsuak indarrean jarri ondoren. Azterketa honetan arreta berezia jarriko da iradokizuna egiteko arrazoia izandako gai zehatzean, zeinean adierazten baita zer ondorio izan ahal izan dituen zerga-araudiaren aldaketak zenbait kidetako familia-unitate jakin batzuetan, errenta handiak jasotzen dituen pertsona bakarra dutenetan.

2016rako zerga-erreformaren ondoren, aurreko urteekin alderatuta honako hau da desberdintasun nagusia errenta-jasotzaile bakarra duen familia-unitate baten eta errenta-maila hori bera bi bikotekideen diru-sarrerak batuta lortzen duen familia-unitate baten artean: eragin desberdina dauka banako eta familiako (aztertutako kasuan ondorengoak direla eta) gutxienekoak kenketa moduan jartzeak kuotan, eta ez murrizketa moduan oinarrian. Tarifaren progresibitatearen ondorioz, aurreko urteetan gutxieneko horiek baliatuta oinarrian egiten ziren murrizketek mesede egiten zieten aritmetikoki errenta handia jasotzen zuen pertsona bakarra zuten familiei, eta ez bi pertsonaren artean guztira errenta-maila bera jasotzen zuten familiei. Adierazi den bezala, egungo egoera nolabait zuzendu edo egokitu behar den aztertuko da, baina ez da ahaztu behar ezen kexaren arrazoi den zerga-ondorioa, kexari ez baitzaio egiazkotasuna ukatzen, eta subjektu pasiboaren zerga-oinarria zenbat eta handiagoa izan orduan eta neurri handiagoan gertatzen baita aipatu ondorioa, Foru Parlamentuak nahita bilatutako zerbait izan zela araudia (23/2015 Foru Legea) onartzean. Hartara, zioen azalpenean, aldaketa garrantzitsu eta hain aipatu hori justifikatzean, honako hau esaten da: gutxieneko pertsonalak eta familiarrak zerga-oinarrian kokatzeko sistemak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren progresibitatea itxuragabetzen du(ela) eta zergadunen arteko berdintasun printzipioa kaltetzen, egoera pertsonalak eta familiarrak zerga-oinarrian murriztapenaz eginez kontatzea onuragarria delako errenta hartzaile handientzat, subjektu pasiboei aplikatu beharreko karga-tasa marjinala murrizten baitu.

Eta gogoeta-prozesu horretan, halaber, garrantzitsua izan daiteke kontuan hartzea aldaketak gertatu ahal izan direla Foru Komunitatearen egoera ekonomikoan, iradokizunean ere adierazi bezala, testuinguru sozio-ekonomikoak eragina izan baitezake tributu jakin batzuei eragiten dieten erabakietan, dela zerga-bilketa handitzeko, dela, hala egokituz gero, txikitzeko, azken kasu horretan baliabide publikoak lortzeko beharra egiazki txikiagoa bada, edo beste bide batzuk erabiliz bete badaiteke. Hala ere, badirudi Nafarroako eta herrialdeko gainerako lekuetan egoera ekonomikoan izandako bilakaera onaren eragina oraindik ere oso desorekatua dela, gastu publikoa jaistea ezinezkoa dela emateaz gain, beharrezkoa delako gastua maila handi batean mantentzea, bai krisi ekonomikoak eragindako herritar asko eta askoren oinarrizko beharrei erantzuteko, bai jardun publikoaren beste sektore batzuei dagokienez, hala nola osasunari, hezkuntzari, inbertsioei eta abarri, krisi ekonomiko luzearen ondoriozko eragin kaltegarria oraindik ere jasaten ari baitira.

Egun, Nafarroako Gobernuaren jarduna babesten duten talde politikoekin hitz egiteko eta egoera aztertzeko fasean gaude, eta prozesu horren barruan gauzatu behar da organo legegileak egin dezakeen tributu guztien berrikuspena, PFEZarena barne. Horregatik, erraz uler daitekeen bezala, Ogasuneko eta Zerga Politikako Departamentuak, Nafarroako Zerga Ogasuna bertan sartuta baitago, jasotako iradokizunari dagokionez, soil-soilik erantzun dezake beharrezkotzat jotzen diren PFEZaren lege-aldaketak bultzatuko dituela, baina orain ezin zehaztu daiteke aldaketa horiek zer alderdi zehatzetan izanen duten eragina, edo zein izanen den aldaketen sakontasun- eta garrantzi-maila.”

Ohorea da niretzat hori guztia zuei jakinarazi izana, eta zuen esanetara jartzen naiz egin nahi dituzuen ohar guztiak egin ditzazuen eta behar dituzuen argibide guztiak eska ditzazuen, nire esku dagoen heinean erantzungo baitiet.

Eskerrik asko zuen arretagatik, muchas gracias.

Iruñea, 2017ko irailaren 20a.

Nafarroako Arartekoa

El Defensor del Pueblo de Navarra

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia